Kukubiltxo

Kukubiltxo Bizkaiko antzerki taldea da, 1977an sortua. Lehenengo kideen artean Josu Camara eta Toti Martinez de Lezea ditugu. Larrabetzun daukate egoitza nagusia.

Kukubiltxo
Datuak
Motaantzerki konpainia eta Txotxongilo Taldea
Erabilitako hizkuntzaeuskara
Osatuta

1983an ekin zioten ibilbide profesionalari, eta ordutik ikuskizun ugari egin dituzte, tartean "Oskorri" musika taldearekin burututakoak.

Historia

Hasiera

1977 urteko abuztuan Larrabetzuko jaietan izan zen Kukubiltxo antzerki taldearen lehenengo emanaldia. Toti Martinez de Lezeak eta Alberto Albaizarrek trapu batzuekin txotxongiloak sortu zituzten, plazan tenderetea jarri eta Lourdes Iriondoren kasete batean grabatuta zegoen Txanogorritxo ipuina oinarri hartuz eskaini zuten.

Azkue eta Barandiaranen euskal tradizioko ipuinetan bilatu zuten Pulgarcito-ren ordezko bat bazela Kukubiltxo izena zuena eta sortu berria zen taldeari izen hori eman zioten.

Kukubiltxo taldearen ikuskizunek izan zuten oihartzunik. Herrietara, eskoletara eta jaietara joateko gonbidapenak jaso zituzten, maiz gasolina eta afariaren truke. Dirua lortzen zutenean, aldiz, ekipoa eta materiala hobetzeko erabiltzen zen eta laister ia bi ordutako ikuskizunak egiten hasi ziren.

Filosofia

Arrosako zubia, Ligiko zubia, eta beste batzuk, iratxoek, laminek, deabrutxoek eraiki omen zituzten ahozko tradizio batzuen arabera.

Hasierako garai hartan ezarri ziren gaurdaino iraun duten zutabeak: umeak + euskara + txotxongiloak. Kukubiltxoren kezketako bat Euskal Herrian antzezterakoan euskara hutsez aritzea izan da, erbestean beste hizkuntzatan ere aritu izan diren arren; gazteleraz, katalanez edo frantsesez kasu.

Honetaz gain euskal tradizioaren katebegia izatea ere helburu izan du taldeak. Ahozko tradizioan oinarritu dituzte lanak, etenik egon ez dadin sasoi bateko ahozko tradizioaren eta gaur egungo umeen artean. Finean konturatu ziren euskaraz bazegoela umeek jolas egiteko modu bat, kantatzeko modu bat eta ipuinak entzuteko era bat. Bazen behin (1996) antzezlana izan zen ildo horretan emandako lehen urratsa. Resurreccion Maria Azkue lekeitiarraren Euskalerriaren yakintza lan bilduman oinarritu ziren horretarako. Bertatik jaso zituzten bi ipuin, “Arrosako zubia” eta “Martintxo eta basajaunak”. Kukubel (1998) antzezlanean hiru ipuin bateratu zituzten eta kontakizun berri bat sortu. Hau da askorentzat Kukubiltxoren ibilbidea markatu duen oinarri sendoetariko bat. Txirrikiz (2000) antzezlanak tradizioa eta modernitatea batu zituzten, ahozko tradizioaren atenporalitate hori gaur egunera ekarriz.

Txotxongiloak

Kukubiltxok txotxongiloa bera bihurtu zuen aktore eta pertsonaia, pertsona bera bigarren plano batean ezarriz eta ikusezin bihurtuz. Erabiltzailea txotxongiloari bizitza ematen dion arima besterik ez da.

Poliespanezko bolak, plastilina, galtzerdiak eta mache-papera izan ziren hastapenetako lehengaiak. Geroztik buztina, egur-pasta, beira-zuntza, latexa, esponja eta beste hainbat material erabili dituzte. Azken aldian teknologiak ere aurrera egin du eta poliolisozianato eta bestelako material kimikoen bidez emaitza estetiko eta erabilgarriagoak lortu dituzte.

Kalea antzoki

1980. hamarkadaren hasieran antzerkia aretoetatik kalera ateratzeko korrontea zabaldu zen eta Kukubiltxok erronka horri eutsi zion bi eratara lan eginez: kale animazioa alde batetik, hanka palu eta bestelakoekin, eta bestetik kalea eszena-toki bihurtu eta antzezlanak eginez.

1988ko abuztuaren 16an Euskal Herriko txoko guztietatik 16 talde iritsi ziren Larrabetzura Kukubiltxok deitutako lehen batzar-festa deialdiari erantzunez. Anaitasun bazkariaren ostean hankapaludun nagusi eta gaztetxoek kalejira luzea egin zuten herrian. Aipatzekoak dira era berean Kalea 2002 Expedizioa (1986), robot futuristekin egindakoa, Tarzania Olinpik Elefantaldea (1998), elefante turista aldradekin egindakoa eta Mamutxak (2003) kalejira antzeztua.

Kale antzerkiari dagokionez Kukubiltxo begiluze (1986), Zokozorrimorria (1987) eta Umeak Gara! Eta zer? (1989) dira ezagunenak.

Kale animazioarekin egindako lanik biribilena Jalgi hadi dantzara! (1990) ikuskizuna izan zen, dantza eta musika uztartu zituena. Euskal folklorearen ikonografiatik ateratako pertsonaia fantasiazkoak erabili zituzten, arbasoen leinua osatuz. Zulatzailea eta Anderea gortearen bideratzaileak ziren. Ttuntturroa eta Zanpantzarra, zalapartatsu eta mugikor, zaindariak ziren. Bobo, Katximorro, Kotilungorri eta Pittu dantzari zoroak, bufoi antzera dantza zein era guztietako txilipurdi, akrobazia eta jolas alai eta mugituak egiten zituztenak. Eta inguruan hankapaluak dantzan.

Aretoak

1989an Beñat Lefever antzezlea ezagutu zuten eta taldeak norabide berria hartu zuen, kale antzerkiaz gain aretoetako ikuskizunak ere sortu baitzituen handik aurrera. Lefever Pabeko Episodes taldearekin etorri zen Bilboko Txotxongilo Jaialdira eta Orreaga ikuskizuna zuzendu zuen. Bertan Orreagan Karlomagnok jasandako porrotaren bertsio satirikoa antzeztu zuten. Kukubiltxoko kideei izugarri gustatu zitzaien eta lanaren eskubideak negoziatu eta hiru hilabetez txotxongilo teknika berriak ikasten egon ondoren 1990an Orreaga ikuskizuna aurkeztu zuten Bilboko Campos Eliseos antzokian. Astebetez egon ziren bertan antzezlana aurkezten. Gerora komikia ere atera zen, antzezlan horretarako hainbat diseinu egindako Marko komikilariaren eskutik eta Beñat Lefeveren gidoiarekin.

Orreaga-k zabaldutako bideari beste lan batzuek jarraitu zioten, Mundua salba dezagun (1993), Bazen behin (1996), Arrosako zubia (1999)...

Oskorrirekin elkarlana

Oskorrik 15 urte betetzen zituela-eta, bi emanaldi berezi egin zituen Bilboko Arriaga antzokian 1987ko martxoaren 21 eta 22an. Emanaldi hauetan Kukubiltxok abestiak antzerki esketxez ilustratu zituen eta orduan hasi zen talde bien arteko elkarlana.

1993an Oskorri eta Labayruk desagertzear zeuden umeen Bizkaiko kantu zaharren bilduma egin zuten eta berriz ere Kukubiltxori eskatu zioten kantuekin ikuskizun bat prestatzeko, kontzertua ikuslego gaztetxoari egokitzeko asmoz. Horrela jaio zen Katuen testamentua (1993) egitasmoa. Ondoren etorriko ziren Oskorri, 25 urte (1996), Marijane kanta zan (1997) eta Doktor Do-Re-Mi (2005-06) ikuskizunak ere.

Harremanak bi noranzko izan zituen eta Oskorri taldeko Bixente Martinezek hainbat antzezlanetarako musika egin zien larrabetzuarrei, aurrez aipaturiko Behin bazen, Kukubel eta Txirrikiz lanetarako besteak beste.

Beste elkarlan batzuk

Bilboko Karraka antzerki taldearekin Oraindik Gernika (1987) lana koproduzitu zuten. Ramón Bareak Gernikak jasandako bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta antzezlana zuzendu zuen Mikel Laboaren "Lekeitio" kantua abiapuntu hartuz.

1999 urtean Euskal Mendi Federazioko Jairako ikuskizun berezia antolatu zuen Sketxak izenekoa.

Telebistarako hainbat kolaborazio ere egin dituzte. ETBko Gezurrak konta ditzagun saioan Txorromorro eta Gezurrik handiena atalez arduratu ziren. Near ekoiztetxearentzat hainbat animalia sortu zituzten Denak bizi gara hemen telesail pedagogiko eta ekologikoan erabiltzeko.

Azken urteak

2008an Mala Yerba Ekuadorreko taldearekin elkarlanean Arístides Vargas idazle argentinarrarren La exacta supeficie del roble lana hartu eta Vargas berak eta Charo Francesek zuzenduta helduentzako antzezlan bat egin zuen Kukubiltxok bere 30. urteurrena ospatzeko.[1] Uxue Alberdik euskaratu zuen testua eta Kukubiltxok Almagroko antzerki azokan estreinatu zuen antzezlana. Saioak itsutasunaren barrena bidaiatuko du kultur mundua antzemateko. VMala Yerbarekin bigarren elkarlan bat iritsi zen 2011n, Inorako bidaia, bertan 1950ean diktaduratik ihesi bederatzi lagunek belaontzi batean egindako bidaia izan dute inspirazio iturri, oroimen historikoaren gaian murgiltzeko xedez.

2012an Grezian izan zen Kukubiltxo "International Puppet & Mimme festival of Kilkis" jaialdian. Bertan Argitxo eta Dir-Dir eta Oilo hilak lanak aurkeztu zituen, lehenengoa led argiekin egindako txotxongiloen antzerkia eta bigarrena helduentzako maskara lana, Familie Foz eta Thomas Racherrek zuzendua. 2014an Oreka Tx taldearekin batera Aupa Maurizia! kalejira antolatu zuten Euskal Herriko herri askotan.

Lanen zerrenda

  • Hauxe lana zikiña garbitu beharra (1983)
  • Nere klaseko zenbakiak dantzan (1984)
  • Euskara klasean (1984)
  • Oficio de tinieblas (1984)
  • Arrantzarik gabeko mamua (1985)
  • Mittoa (1985)
  • Kukubiltxo begiluze (1986)
  • Kalea 2002 espedizioa (1986)
  • Zokozorrimorria (1987)
  • Hamabost urte eta gero hau (1987), Oskorrirekin batera
  • Oraindik Gernika (1987), Ramón Bareak zuzendua
  • Tarzania Olinpik Elefantaldea (1988)
  • Umeak Gara! Eta zer? (1989)
  • Orreaga (1990)
  • Jalgi hadi dantzara! (1990)
  • Malinche madarikazioa (1992)
  • Errieta (1993)
  • Mundua salba dezagun (1993)
  • Katuen testamentua (1993), Oskorrirekin batera
  • Jaiotza (1994)
  • Behin Bazen (1996)
  • Ihauterien garaitia (1996)
  • Oskorri, 25 urte (1996), Oskorrirekin batera
  • Marijane kanta zan (1997), Oskorrirekin batera
  • Kukubel (1998)
  • Sketxak (1999)
  • Arrosako Zubia (1999)
  • Txirrikiz (2000)
  • Ekidazu. Lehoiek ez dakite biolina jotzen (2002), Oskorrirekin batera eta Kirmen Uriberen gidoiarekin.[2][3][2][4]
  • Top Sekret-Mamutxak (2003)
  • Doktor Do Re Mi eta Benedizebra (2005), Oskorrirekin batera
  • Doktor Do Re Mi Euskal Herrian (2006), Oskorrirekin batera[5]
  • Argitxo eta Dir-Dir (2006)[6]
  • Kukubel 2.0 (2007)[7]
  • Haritzaren azalera zehatza (2008), Arístides Vargas eta Charo Francesek zuzendua
  • Mortimer (2009)[8]
  • Inorako bidaia (2011), Arístides Vargas eta Charo Francesek zuzendua[9]
  • Leihotik mundura (2011)[10]
  • Oilo hilak (2012), Familie Foz eta Thomas Racherrek zuzendua[11]
  • Aupa Maurizia! (2014), Oreka Tx-rekin batera[12]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Zamora, Carlos Gil. La exacta superficie del roble/Arístides Vargas/Kukubiltxo | Críticas de espectáculos. (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  2. Berria.eus. «Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  3. Berria.eus. «Ekidazu-ko astoen istorioa Bermeon.» Berria (Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.) (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  4. Berria.eus. «Abereta planetako astoen gorabeherak» Berria (Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.) (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  5. Doktor Do Re Mi Euskal Herrian. (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  6. Berria.eus | Inprimatzeko bertsioa. (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  7. Kukubel 2.0 | Kontaizu. (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  8. Kukubiltxo - Mortimer | Donostiako Kafe Antzokia. (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  9. «Inorako bidaia arriskuen itsasoan» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  10. KUKUBILTXO ANTZERKI TALDEA “Leihotik mundura” | Ikusi eta Ikasi. (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  11. Amaya, Nagore Ares. «Oilo hilen askatasuna» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  12. (Ingelesez) «Les Grandes Personnes Tailerra» aupa maurizia 2013-10-09 (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).

Bibliografia

  • Kukubiltxo, 25 urteko historia Euskal Herrian (Txirlora Elkartea, 2002), Bilboko XXI. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia (Omenaldia Kukubiltxo-ri)

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.