Kubako historia

Kubako historia lehen gizakiak karibe itsasoko uharte handienera iritsi zirenean hasten da. Bertako historia jatorrizko Taino herria, Espainiar Inperioaren garaia, Afrikatik ekarritako esklaboak, Estatu Batuen eragina eta Iraultza ditu ardatz nagusi.

El Morro, 1598an eraikitako gotorlekua, Habana

Espainiar Inperioa

Kubako indiarrak grabatu batean (1558).

Espainiak XVI. mendean konkistatu zuen uhartea, Kristobal Kolonek 1492an deskubritu ostean. Espainiaren agintea 1898 arte iraun zuen, Parisko Ituna izenpetu zenean. Lau mendez hainbat hiri sortu zitusten espainiarrek Kuban, hala nola Santiago de Cuba (1514) eta Habana (1515). Baina bertako jatorrizko biztanleek, tainoek, garesti ordaindu zuten, ehun uretern buruan guztiz desagertu baitziren esklabotza eta europarren ekarritako gaixotasunak zirela-eta. Horregatik, lan-indar berria lortzeko esklabo afrikarrak erabiltzen hasi ziren, batez ere tabako, kafe eta azukre kanabera landaketak ustiatzeko. 1620an Kubak 550 tona azukre ekoitzi zituen. nahiz eta esklabotza debekatua egon, ez zen bertan behera utzi 1886ko azaroaren 7a arte.

Independentzia

Jose Marti, independentisten burua.

Independentzia lortzeko borrokak 1868an hasi ziren eta 1989ra arte iraun zuten, Espainia eta Estatu Batuen arteko gerra arte, alegia. Maine itsasontzi korazatu estatubatuarra lehertu zenean piztu zen gerra. AEBetako hedabideek presio handia egin zuten, leherketa espainiarrei leporatuz. Horrela, William McKinley presidenteak Espainiari gerra deklaratu eta armada bidali zuen uhartera, independentista kubatarrak laguntzeko asmoz. 1899ko urtarrilaren 1ean Espainiak Estatu Batuei eman zien lurraldea. Estatu Batuek uhartea okupatu zuten 1898-1902 artean eta, gero, 1905-1909 artean. Esku-sartzea zuzena 1934 arte iraun zuen. 1952an Fulgencio Batista militarrak estatu kolpe baten bidez herrialdeko agintari bilakatu zen bigarren aldiz, diktadura gogorra ezarriz.

Iraultza

Sakontzeko, irakurri: «Kubako Iraultza»

1956an Fidel Castro legelariak armada matxinoaren buru bihurtu zen, Kubako Iraultza hasiz. 1959ko urtarrilaren 2an Fulgencio batista agintetik bota eta agintea hartu zuen. Estatu Batuetako gobernua izan zen erregimen berria onesten lehenengoa, baina harremanak laster eten ziren atzerritarren ondasunak konfiskatzean (horien artean United Fruit Co estatubatuarra). Horrela, 1961eko apirilaren 19an, Estatu Batuek lehorreratze saio bat egin zuten Bahia de Cochinos delakoan (baita ere Playa Girón izenez ezaguna), 1.400 iheslariz osatua, CIAk bildu, hezi eta ordainduak. Operazioa desegigo handia izan zen. hori dela eta, AEBk ez zuen inbasio saio gehiago egin, baina enbargo zorrotza ezarri zion uharteari, batez ere Kubako misilen krisiaren ostean.

Kuba iraultzailea eta Epe Berezia

Iraultzaren aldeko margoa.

Urteetan zehar Sobiet Batasunak laguntza politiko eta ekonomikoa eskaini zion (1990 arte 4.000 eta 6.000 milioi dolar artean inguru), Kuba harekin lerrokatua egoteko (Amerikako mugimendu iraultzaileak laguntzen, Afrikara tropak bidaltzen). Baina SESB desegin zenean zailtasun ekonomiko larriak jasan behar izan zituen.

SESBen desegitearekin, horrela, Kubak bere hartu-eman ekonomiko ia guztiak galdu zituen bat-batean, inportazio nahiz esportazio nagusiak Sobietar Batasunarekin egiten baitzituen uharte karibetarrak, elkartruke sozialistaren ereduari jarraituz. Gainera, ez da ahaztu behar AEBek bultzatutako blokeo ekonomikoak bere horretan iraun zuela. Egoera horretan, Epe Berezia (gaztelaniaz: Periodo Especial) izenekoa hasi zen Kuban. Biztanleriak herrialdearen gainbehera ekonomikoa pairatu zuen; eta, besteak beste, jatekoak murriztu ziren. Egoera latzaren adibide gisa, kubatarrek pisua galdu zuten, batez beste. Halaber, petrolio eskasia nabaria zen, eta baita tresnen edo erreminten gabezia ere.

1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, turismoa bultzatzen hasi zen erregimen kubatarra, krisi ekonomikotik ateratzeko bide bakar gisa ikusten baitzen. Horrek nolabaiteko hobekuntza ekonomikoa eraman zuen irlara, batez ere turismoarekin hartu-emanak zituzten kubatarren egoera ekonomikoa hobetuz. Horrek, aldi berean, desberdintasun ekonomikoak bultzatu zituen Kubako gizartean, turistekin hartu-emanak (edo atzerrian senideak) zituztenak egoera "hobearen" eta biztanleriaren gainontzeko zatiaren artean.

Latinoamerikaren bira ezkertiarra eta Gobernu aldaketa

Egoera horretan, hala ere, Kubako Alderdi Komunistak agintea mantendu zuen. Zentzu horretan, 2000 urtetik aurrera Latinoamerikan nagusitzen joan ziren gobernu ezkertiarrak (Hugo Chavez Venezuelan, Evo Morales Bolivian, Daniel Ortega Nikaraguan, etab.) Kubako gobernuarentzat lagungarri izan ziren. Gobernu horien artean ALBA (Ameriketarako Alternatiba Bolivartarra) izeneko akordio estrategikoa ipini zuten abian, Kubako egoera ekonomikoa hobetuz.

Testuinguru horretan, 2006ko abuztuaren 1ean Fidel Castro presidenteak erregimeneko bigarren eta bere anaia Raul Castrori laga zion agintea, behin behinean, osasun arazoak zirela medio. 2008ko otsailaren 18an Fidelek presidente izateari uko egiten ziola jakinarazi zuen[1], eta hilaren 24an Kubako Herri Boterearen Asanblea Nazioanalak (herrialdeko parlamentuak) Raul Castro aukeratu zuen herrialdeko estatuburu gisa[2].

2014ko abenduaren 17an, AEBek eta Kubak harremanak normaltzeko hitzarmena egin zuten eta horrela bost hamarkadako bahimendua kentzeko neurriak hartzeko asmoa adierazi zuen Barack Obamak[3]. AEBk eta Kubak harreman diplomatikoak berriz hasiko zituztela esan zuen Castrok, baina azpimarratu zuen blokeoak indarrean zegoela eta berau ertan behera uzteko esan zion Obamari[4].

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.