Kroazia

Kroazia[1] (kroazieraz: Hrvatska, xř̩ʋaːtskaː ahoskatua), ofizialki Kroaziako Errepublika (kroazieraz: Republika Hrvatska, ˈrepǔblika ˈxř̩ʋaːtskaː ahoskatua), hegoaldeko Europako estatu burujabe bat da, Mediterraneoaren, Europa erdialdearen eta Balkanen arteko bidegurutzean kokatua. 2013ko uztailaren 1az geroztik Europar Batasuneko kidea da.[2] 2009ko apirilaren 1ean NATOn sartu zen.

Kroaziako Errepublika
Republika Hrvatska
Ereserkia: Lijepa naša domovino

Kroaziako bandera

Kroaziako armarria eta Kroaziako Estatuko armarria
Geografia
HiriburuaZagreb
45°48′47″N 15°58′38″E
Azalera56.594 km²
Punturik altuenaDinara (1.831 m)
Punturik sakonenaAdriatikoa (0 m)
KontinenteaEuropa
MugakideakEslovenia, Hungaria, Serbia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro eta Liberland (en) Itzuli
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika
Kroaziako presidenteaZoran Milanović
Kroaziako Lehen MinistroaAndrej Plenković (en) Itzuli
LegebiltzarraKroaziako Parlamentua
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria3.871.833 (2021)
−413.056 (2011)
Dentsitatea68,41 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa1,46 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak27.168 (2015)
Bizi-itxaropena78,02195 (2016)
Giniren koefizientea28,9 (2019)
Giza garapen indizea0,858 (2021)
Ekonomia
MonetaCroatian kuna (en) Itzuli (kn)
BPG nominala54.849.180.228,872 $ (2017)
3.510.655.397,8402 (2016)
BPG per capita13.386 $ (2017)
1.015 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa108.456.655.630 nazioarteko dolar (2017)
6.082.633.528 (2016)
BPG per capita EAPn26.295,512 nazioarteko dolar (2017)
1.770,964 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala2,9 % (2016)
Erreserbak18.818.215.998 $ (2017)
4.573.871.337 (2016)
Inflazioa0,2 % (2016)
0,8 (2015)
Historia
Sorrera data: 1991ko ekainaren 25a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+385
ISO 3166-1 alpha-2HR
ISO 3166-1 alpha-3HRV
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli eta Schuko (en) Itzuli
Internet domeinua.hr
vlada.hr

Hiriburua Zagreb da.

Geografia

Kroazia satelite irudian

Mugak

Kroaziak ilbehera edo ferra itxura duen estatua da, Itsaso Adriatikoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Serbia, Bosnia-Herzegovina ekialdean, Montenegro hegoaldean eta Eslovenia eta Hungaria iparraldean. Itsasoaren beste aldean Italia dago. Lurraldea bitan zatitua du hegoaldean, Bosnia-Herzegovina den Neum herriko inguruko tartak banatua. Lurraldea askotarikoa da: ordoki, aintzira eta mendixkak ipar eta ipar-ekialdean (Erdialdeko Kroazia eta Eslavonia), basoz estalitako mendi garaiak (Dinara 1.831m) eta Itsaso Adriatikoko kostalde menditsua (Istria, Ipar Kostaldea eta Dalmazia).

Eskualde naturalak

Askotariko lurraldeen bidegurutze izanda, askotariko klimak ere baditu. Ipar eta ekialdean kontinentala da, mediterraneokoa kostan eta mendiko klima hego-erdialdeko eskualdean.

Klima desberdin hauek paisaia aniztasun izugarria ematen diote Kroaziari:

  • Eslavonian Sava, Drava eta Danubio ibaien arteko lautadan hariztiak nagusitzen dira, berezko duten faunarekin. Urte-sasoiaren arabera uholdeak gertatzen dira eta aintziretako landaretza agertzen da.
  • Kroazia erdi eta iparraldean paisaia ondulatua da, nekazaritzarako ezin hobea. muinoen hegoaldean mahatsa ere landatu da.
  • Dinariar Alpeetan dagoen Gorski Kotar eremuan pagoak eta pinuak dira nagusi. Adriatikotik datozen haize hezeek prezipitazio ugari uzten dute bertan. Hartzak eta otsoak aurki daitezke baso hauetan.
  • Istrian lur gorri buztintsua daukagu. Zelaiek eta baso txikiek estaltzen dute penintsula.
  • Kostaldean uda luzea, beroa eta lehorra da eta negua berriz motza eta arina. Honek mediterranear basoa dakar. Artea ugari da, baita zuhaixkak ere.

Kostaldea

Sakontzeko, irakurri: «Kroaziako uharte nagusiak»

Kroaziaren ezaugarri turistiko nabarmenena bere kostaldeak osatzen du, Istrian hasi, Kvarneko golkoan eta Dalmazian jarraitu eta Dubrovnikeraino iristen dena. 1.778 kilometro luze den kosta dauka (5.790 uharteak kontutan hartuta) eta hondartza ugari daude, gehienak harrizkoak. Kostatik hurbil 1.185 uharte ditu hauetatik 66 daude populatuak. Handiena Cres uhartea da eta populatuenak Krk, Korčula, Brač eta Hvar.

Hidrografia

Danubio ibaiak Kroazia eta Hungaria artean muga egiten du eta beraz Kroaziak dituen ibai nagusiak, Sava eta Drava, Danubio beraren adarrak dira. Itsaso Adriatikora doazen ibaiak Dinariar Alpeetan jaiotzen dira eta ibilbide laburra dute. Handienak Neretva eta Cetina ibaiak dira.

Parke nazionalak

Zortzi parke nazional daude Kroazian.

Klima

Askotariko lurraldeen bidegurutze izanda, askotariko klimak ere baditu. Ipar eta ekialdean kontinentala da, mediterraneokoa kostan eta mendiko klima hego-erdialdeko eskualdean.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Kroaziako historia»
Kroaziarren etorrera Itsaso Adriatikora, Oton Iveković

Kroaziako historia Balkanetara VII. mendean kroaziarren etorrerarekin hasten bada ere, horren aurretik beste herri batzuek iragan ziren: Hallstatt kultura, La Tène kultura, iliriarrak, greziarrak kostaldean... Erromatarrek K. a. 168an konkistatu zuten lurralde hori, eta Mendebaldeko Inperioaren gainbeherarekin, hunoak eta ostrogodoak iragan ziren, Bizantziar Inperioak bereganatu baino lehen.

Esan bezala, kroaziarrak Balkanetan VII. mendearen hasieran finkatu ziren, eta bi printzerri, Dalmazia eta Panonia, osatu zituzten. Trpimirović leinuaren etorrerarekin, 850 inguruan, bi lurralde horiek hurbiltzen hasi ziren, eta, 925ean erresuma osatu zuten, Tomislav erregearen agindupean.

Hungariako Erresumarekin batasun pertsonalean sartu zen 1102an. Mohácseko batailaren ostean (1526), Habsburg leinuaren mendera igaro zen Kroazia. XVI. mendean zehar, Kroaziako lurraldeak Otomandar Inperioak azpiratu zituen. XVIII. menderako, Otomandar Inperioa Hungariatik eta Kroaziatik kanporatuta, Vienak lurralde horiek era zentralizatuagoan gobernatu zituen. XIX. mendean nazionalismo erromantikoa areagotu zen Kroazian, germanizazioari eta magiarizazioari aurre egin nahian. Kroazierazko literaturan eta kulturan aurrerapauso nabarmenak eman ziren 1830etik aurrera.

1848ko iraultzekin, Habsburgeko lurraldeetan Austria-Hungariako monarkia ezarri zen, baina hura ez zen bereziki ona izan herriaren autonomiarako. Lehen Mundu Gerraren amaierarekin, Habsburgeko Inperioa ere bukatu zen eta Kroazia 1918-1929 bitartean Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuman sartu zuten eta 1929tik 1941 arte, Jugoslaviako Erresuman.

Bigarren Mundu Gerran, 1941-1945 bitartean, Ardatzak estatu-txotxongiloa eratu zuen Kroazian. Aliatuen garaipenarekin, Kroazia Jugoslaviako Federazioko zati bihurtu zen. 1991n independentzia aldarrikatu zuen. Gerra latz baten ostean, 1995eko Daytongo akordioari esker, borroka amaitu zen, independentzia lortu zuela.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Kroazia sistema parlamentarioa duen estatua da, Jugoslaviatik banatu eta 1991eko urriaren 8an independentzia aldarrikatu ondoren 1992an Nazio Batuen Erakundeak onartu zuena. 2000 artean sistema erdi-presidentziala izan zuen.

Kroaziako Errepublikako presidentea bost urtean behi aukeratzen da eta bi agintaldi izan ditzake gehienez. Azkenengo hauteskundeak 2015eko urtarrilaren 11an izan ziren eta Kolinda Grabar-Kitarović izan zen garailea. Parlamentuak Sabor izena du eta ganbera legegilea da. 100 eta 160 eserleku artean ditu. Bigarren ganbera bat ere bazen, Konderrien Etxea, baina 2001ean desegin zen.

Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: «Kroaziaren banaketa administratiboa»

Lau eremu historiko eta geografiko handik osatzen dute Kroazia:

  • Kroazia erdialdea: Hasierako Kroaziako erresumaren lurrak hartzen dituen eremua.
  • Istria: Itsaso Adriatikoko penintsula handiena, Italiar kutsu handikoa.
  • Eslavonia: Kroaziaren ekialdeko lautada.
  • Dalmazia: Erdi eta hegoaldeko kostaldeko eremua.

Banaketa administratiboari dagokionez, Kroazia 20 konderri edo eskualdetan (županija, pl. županije) eta hiri baten (grad) antolatzen da. Eskualde bakoitzak demokratikoki hautatutako batzar bat du, lau urte balioa duena. Batzarrak eskualdeko urteko aurrekontua, gobernua eta abar aukeratzen ditu. Gobernu hauen burua župan bat da eta hamabi dožupan edo sailburu ditu agindupean.

Hauek dira eskualdeak:

Sakontzeko, irakurri: «Kroaziako eskualdeak»


1 Zagreb (Zagrebačka)
2 Krapina-Zagorje (Krapinsko-zagorska)
3 Sisak-Moslavina (Sisačko-moslavačka)
4 Karlovac (Karlovačka)
5 Varaždin (Varaždinska)
6 Koprivnica-Križevci (Koprivničko-križevačka)
7 Bjelovar-Bilogora (Bjelovarsko-bilogorska)
8 Primorje-Gorski Kotar (Primorsko-goranska)
9 Lika-Senj (Ličko-senjska županija)
10 Virovitica-Podravina (Virovitičko-podravska)
11 Požega-Eslavonia (Požeško-slavonska)
12 Brod-Posavina (Brodsko-posavska)
13 Zadar (Zadarska)
14 Osijek-Baranja (Osječko-baranjska)
15 Šibenik-Knin (Šibensko-kninska)
16 Vukovar-Syrmia (Vukovarsko-srijemska)
17 Split-Dalmazia (Splitsko-dalmatinska)
18 Istria (Istarska)
19 Dubrovnik-Neretva (Dubrovačko-neretvanska)
20 Međimurje (Međimurska)
21 Zagreb Hiria (Grad Zagreb)

Demografia

Biztanleria

2015ko erroldaren arabera 4,20 milioi biztanle ditu eta 75,9 biztanle kilometro koadroko. Jugoslavia ohiko herrialdeen artean gizarterik homogeneoena da, banaketa etniko, hizkuntza eta erlijioari dagokionez.

Banaketa etnikoa

Kroaziako biztanleen gehiengoa kroaziarra da (%90,4). Gutxiengoaren taldeak inguruko herrialdeetatik etorritakoak dira, serbiarrak bereziki (%4,4) eta bosniarrak, hungariarrak, italiarrak, esloveniarrak, alemaniarrak, txekiarrak eta errumaniarrak hurrenez hurren.

Hizkuntzak

2011eko erroldaren arabera kroaziarren %95,6ak kroaziera du ama hizkuntza. Serbokroazieraren hiru aldaera estandarretako bat da.

Erlijioa

Erlijio askatasuna duen herrialdea bada ere kroaziarren %91,36a kristauak dira, hauetatik %86,28a katoliko erromatarrak.

Hiri nagusiak

2011ko erroldaren arabera Kroaziako hiri nagusiak honako hauek dira:

  1. Zagreb: 1.288.000 biztanle
  2. Split: 349.314
  3. Rijeka: 213.842
  4. Osijek: 107.784
  5. Zadar: 75.082
  6. Pula: 57.191
  7. Karlovac: 55.981
  8. Sisak: 47.699
  9. Varaždin: 47.055
  10. Šibenik: 46.372
  11. Dubrovnik: 42.641

Ekonomia

Kroaziaren Barne Produktu Gordina 52 bilioi dolarretakoa da, 12.405 dolar per kapita. 2010an zerbitzuen sektorea zen nagusi, BPG-ren %66a hartuz, ondoren industria sektorea, BPG-ren %27.2a. Nekazaritzak %6,8a baino ez du hartzen.

Izan ere turismoa nabarmen hazi da Kroazian. Gizateriaren Ondare ugari ditu eta Parke Nazionalek ere turismo ugari erakartzen dute.

Azpiegiturak

Aireportuak

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Kultura

Gastronomia

Dalmazia eta Istria eskualdeek mediterraneo aldeko gastronomia dute, italiarren eragin nabarmenekoa, itsaskiak, barazki sukaldatuak eta pasta, oliba olioz eta baratxuriz ondo hornitua. Alde kontinentalean Hungariako, Austriako eta Turkiako sukaldaritzaren eragina du ordea, haragia eta ur gezatako arrainak dira aipatzekoak.

Ardoa ere ekoizten da Kroazian. Kalitate handikoak dira Esloveniarekiko mugan ekoizten direnak. Dalmaziakoak aldiz ardo italiarren antzekoak dira.

Artea

Kroaziako arkitekturak inguruko herrialdeen eragina jaso du, barnealdean Austria eta Hungariarena eta Dalmaziako kostaldean eta Istrian Italiaren eragina.

Literatura

Kroaziako literaturak pizkunde garaian izan zuen garapen handia. Marko Marulić idazlea, Marin Držić antzerkigilea, Ivan Gundulić, Kroaziako poeta nazionala eta Ivan Mažuranić eleberrigilea besteak beste.

Kirolak

Futbola

Kroaziako futbol selekzio nazionala 1990 urtearen ondoren sortu zen. Bere bizitza laburrean izandako emaitzarik aipagarriena 1998ko Munduko Futbol Txapelketan lorturiko hirugarren postua izan da. Txapelketa hartan Davor Šuker izan zen gainera goleatzaile nagusia.

Prva HNL da Kroaziako liga. Bertako talde nagusiak NK Dinamo Zagreb eta HNK Hajduk Split dira. Europako txapelketetan Dinamo izan da garaipena lortu duen bakarra, 1966-67 denboraldiko Feria Kopa (UEFAren aurrekaria zena) irabazi baitzuen.

Saskibaloia

1992ko Olinpiar Jokoetako zilarrezko medaila eta 1994ko Munduko Txapelketako brontzezkoa dira Kroaziako saskibaloi selekzioaren emaitzarik onenak.

Bi klub nagusi daude, eta bien artean Euroligako bost txapelketa irabazi dituzte, hiru KK Split taldeak eta beste bi Cibona Zagreb taldeak.

Txirrindularitza

CRO race (Kroaziako Tourra lehen), herrialdeko lasterketa garrantzitsuena da. 1994tik 1999ra ez zen lasterketa profesionala izan. Zenbait urtetan ez da egin, baina azken urteotan ospea izan du. Itzuli hau irabazi duten txirrindulari handienak, Vinzenzo Nibali eta Adam Yates izan dira. 2016. urteko ekitaldian, Victor de la Parte gazteiztarrak hirugarren poztua eskuratu zuen.

Eskubaloia

Kroaziako eskubaloi selekzioak garaipena eskuratu du bi Olinpiar jokoetan, 1996an eta 2004ean. Klubei dagokienez kroaziarrek hiru aldiz irabazi dute EHF Txapeldunen Liga (Europako txapelketa nagusia), RK Zagrebek bi aldiz eta RK Bjelovarrek behin.

Tenisa

Kroaziako tenis taldeak 2005eko Davis Kopa irabazi zuen.

Iruditegia

Hiriak eta herriak

Katedralak eta elizak

Erromatarren aztarnak

Gazteluak eta jauregiak

Uharteak

Parke Nazionalak

Kroaziar ezagunak

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.