Kristautasun
Kristautasuna abrahamdar erlijio monoteista bat da, Jesus Nazaretekoaren bizitza eta irakaspenetan oinarriturik dagoena. Kristauek Kristo izena ematen diote Jesusi. Munduko erlijiorik zabalduena da, 2.400 milioi jarraitzaile baino gehiago baititu, gizaki bizien % 33. Munduko herrialdeen bi herenetan erlijiorik hedatuena da. Haren jarraitzaileen ustez, Jesus Jainkoaren Semea, Logosa eta gizateriaren salbatzailea da; Bibliako Itun Zaharrean aipatzen zen Mesiasa dela uste dute, eta haren bizipenak Itun Berrian bildurik daude.
Kristautasunak eta bere etikak paper garrantzitsua izan dute Mendebaldeko zibilizazioaren sorrera eta egituraketan, bereziki Antzinaro Berantiarrean eta Erdi Aroan. Esplorazioen Aroan zehar kristautasuna Amerika, Ozeania, Saharaz hegoaldeko Afrika eta munduko beste hainbat lekutara heldu zen misiolari eta kolonialismoaren bidez, eta bere hedapena ziurtatu zuen erlijio gerrekin edo Inkisizioa bezalako erakundeekin.
Kristautasuna Bigarren Tenpluko Judaismoaren barruko sekta gisa hasi zen, I. mendean, Judea erromatar probintzian. Jesusen apostoluek eta haien ondorengoak diren aita apostolikoek euren sinismena hedatu zuten Siria, Europa, Anatolia, Mesopotamia, Transkaukasia, Egipto, Etiopia eta Asian zehar, nahiz eta hasieran jazarpena izan. Konstantino I.a Handia kristautu zenean, erlijioa deskriminalizatu zuen Milango ediktuaren bidez. 325ean Nizeako Lehen Kontzilioa deitu zuen, non Kristautasun goiztiarra kontsolidatu eta Erromako Inperioaren erlijio ofiziala izatera iritsi zen. Kontzilioak Nizeako Kredoa sortu zuen, eta Elizaren Gurasoek Biblia kristauaren kanonak konpilatu zituzten V. mendean. Lehen zazpi kontzilio ekumenikoen garaiari Eliza Handiaren garaia deitzen zaio, non Eliza Katolikoak, Eliza Ortodoxoak eta Ekialdeko eliza ortodoxoek komunio osoan bizi ziren zismaren aurretik. Ekialdeko eliza ortodoxoak bereizi ziren Kaltzedoniako kontzilioaren ondoren (451), Kristologian zituzten aldeen ondorioz; Eliza Ortodoxoa eta Eliza Katolikoa 1054an bereizi ziren Zisma Nagusian, bereziki aita santuaren primaziaren inguruan zuten desadostasunen ondorioz. Beranduago, Erreforma protestantearen ondorioz, protestantismoa hainbat denominaziotan bereizi zen Eliza Katolikotik, eztabaida eklesiologiko eta teologikoen ondorioz.
Gaur egun Kristautasunaren lau adarrik handienak Erromatar Eliza Katolikoa (1.300 milioi), Protestantismoa (920 milioi), Eliza ortodoxoa (260 milioi) eta Ekialdeko eliza ortodoxoak (86 milioi) dira, nahiz eta ekumenismorako saiakerak egon. Teologia kristauak eta fedearen profesioak Bibliaz gain babesten du Jesusek nekaldia jasan, gurutziltzatu, hilobiratu, infernuetara jaitsi, eta berpiztu zela hildakoen artean berarengan sinisten zutenentzat betirako bizitza emateko bekatuen barkamena emateko. Gainera, Jesusen Igokundea zeruetara igo zela sinisten dute, eta bertatik Jaungoiko Aitarekin zuzentzen duela mundua Espiritu Santuarekin batera Hirutasunean, eta itzuliko dela bizirik zein hilik daudenei azken auzia egiteko eta bere jarraitzaileei betiereko bizitza emateko. Bere gizakundea, hasierako ministerioa, gurutziltzatzea eta berpiztea askotan "Ebanjelio" gisa izendatzen da. Kristautasunaren Biblian Mateoren, Markoren, Lukasen eta Joanen Ebanjelioak onartzen dira, juduen Itun Zaharrarekin batera aurrekari gisa. Kristautasuna kulturalki anitza da bere Mendebalde eta Ekialdeko adarretan, bai eklesiologiari (eliza ikusgarri/eliza ikustezin), ordenazioari (ondorengotza apostoliko/aita santuaren primatutza) edo kristologiari (Kalzedonianismo/Ez-kalzedonianismo) dagokionez.
Historia
Apostoluen garaia
Kristautasuna I. mendean zehar garatu zen Judaismoaren Bigarren Tenpluko Judu kristau sekta gisa[1][2]. Jagoba Justua, Petri (apostolua) eta Joanen lidertzapean judu kristau komunitate goiztiar bat eratu zen Jerusalemen. Hiruek ezagutu zuten Jesus, eta Pauloren arabera Jesukristoren berraragiztatzearen ostean lehenengoz Jagoba eta Petriri agertu zitzaien.
Juduen kristautasunak laster erakarri zituen Jaungoikoaren-beldurti jentilak; hauek juduen erlijio ohiturak jarraitu zituzten, lehenengo arazoak ekarriz juduen mandamentuen ondorioz. Paulo Apostoluak egoera konpondu zuen Kristoren parte-hartzean salbazioa zegoela aipatuz, eta Bere heriotza eta berraragiztatzean sinistearekin nahikoa zela. Hasiera batean Paulok lehen kristauak jazarri zituen, baina konbertsio esperientzia bat izan ostean jentilei Kristautasuna predikatu zuen, Judaismoaren eta Kristautasunaren ezberdintzea sortuz. Uneren batean, Paulok juduen ohiturak alboratu zituen, Kristautasuna erlijio ezberdindu bezala eratuz.
Nizea-aurreko kristautasuna
II. mendean zehar kristautasuna osatzen joan zen, lehen apezpikuekin, kristauentzat apostoluen ondorengo zirenak. 150. urtetik aurrera kristau irakasleak lan teologikoak eta apologetikoak sortzen hasi ziren, euren fedea babesteko. Egile horiei Elizako Gurasoak izena ematen zaie, eta euren lanek ikerketari patrologia deritzo. Elizako Guraso izan ziren Ignazio Antiokiakoa, Polikarpo, Justino Martir, Ireneo, Tertuliano, Klemente Alexandriakoa eta Origen.
Itun Berriaren arabera, kristauek hasieratik jasan zuten judu eta Antzinako Erromako erlijioaren autoritateen jazarpena. Tartean zigorrak, baita heriotza-zigorra ere, gertatzen ziren; horren adibide dira Zebedeoren semeak ziren Eztebe[3] eta Done Jakue[4]. Erromako bederatzi enperadorek Eliza jazarri zuten, modu zabalean, baina batez ere Dezio[5] eta Dioklezianoren garaian[6].
Erromatar Inperiora zabaltzea eta onarpena
Kristautasuna aramera hitz egiten zuten herritarren artean hedatu zen Mediterraneoko kostaldean, eta barnealderantz Erromatar Inperioan lehenengo eta Partiar Inperioan eta Sasanidar Inperioan beranduago, Mesopotamia barne, bi inperio horiek kontrolpean izan baitzuten historiako une ezberdinetan[7]. I. mendean bertan Kristautasuna Afrikara heldu zen, lehenengo Egiptora eta II. mendea bukatu zenerako Kartagora. Marko Ebanjelaria hartzen da Alexandriako Elizaren sortzailetzat, 43. urtean; beranduago sortutako eliza batzuek aldarrikatzen dute Alexandriakoaren ondorengoak direla, tartean Alexandriako Eliza Ortodoxo Koptikoak[8][9]. Tertuliano, Klemente Alexandriakoaa, Origen, Zipriano, Atanasio eta Agustin Hiponakoa dira Afrikako kristautasun goiztiarrean eragina izan zuten idazleetako batzuk.
201. urtea baino lehenago Osroene bilakatu zen lehen estatu kristaua, Abgar Handia erregearen agintaldian[10]. 301 eta 314 urteen artean Trdat IV.ak Armenia estatu kristau izendatu zuen[11][12]. Ez zen erlijio berria Armenian, izan ere III. mendean jada herrialdean sartu zen erlijioa, agian lehenago ere[13].
Konstantino I.a Handiak harremana izan zuen kristautasunarekin txikitatik, eta bizitzan zehar babesa eman zion erlijioak haz zedin; hiltzear zegoela bataioa jaso zuen ohean[14]. Bere erregetzan 311ko Nikomediako Tolerantzia Ediktua eta 313ko Milango Ediktua sortu zituen, kristautasunaren pertsekuzioarekin amaituz. Garai horretan Kristautasuna oraindik erlijio txikia zen, erromatarren artean %5 inguruk jarraitzen zuen sinismena. Mardonio aholkulariaren gomendioz, Konstantinoren iloba zen Juliano Apostata saiatu zen Kristautasuna debekatzen. 380ko otsailaren 27an Teodosio I.ak, Grazianok eta Valentiniano II.ak Nizeako Kristautasuna Erromako Inperioaren eliza ofizial izendatu zuten[15]. Eliza eta estatua elkarri lotuta geratu bezain pronto, kristautasuna aberastu zen; Elizak aberatsen donazioak jaso zituen eta, hortik aurrera, lurra jabetzan izan zezakeen[16].
Konstantinok ere, albo eraginez, Nizeako Lehen Kontzilioa deitzearen ardura zatia izan zuen 325ean. Bertan arrianismoa kondenatu zuen eta Nizeako Kredoa ezarri zuen, oraindik ere Eliza Katolikoan, Ekialdeko Ortodoxian, Anglikar Komunioan eta Eliza Protestante askotan erabiltzen dena[17]. Nizeakoa izan zen kontzilio ekumeniko askotan lehenengoa, Elizaren teologiako elementu kritikoak definitzeko balio izan zuten bilerak, batez ere Kristologiaren eremuan[18]. Ekialdeko Elizak ez zuen onartu egindako hirugarren eta ondorengo kontzilio ekumenikoak, eta oraindik ere bereizitzako adarra da (Ekialdeko Eliza Asiriarra).
Oparotasun eta bizitza kulturalaren ikuspuntutik, Bizantziar Inperioa kristau historia eta zibilizazioaren une gorenetako bat izan zen, eta Konstantinopla izan zen tamainaren, aberastasunaren eta kulturaren ikuspegitik kristau munduko hiririk garrantzitsuena[19]. Garai horretan Antzinako Greziako filosofiaren gaineko interesa berpiztu zen ere, eta literatura oparoa ekoiztu zen grezieraz. Bizantziar artea eta bizantziar literatura Europan zehar nagusi izan ziren, eta Mendebalde osoan garai honetan Bizantziar arteak izandako zabalpen eta esanahia izugarria izan zen. Islamaren sorrerak, eta bereziki Ipar Afrikara zabaldu izanak kristau kongregazioak murriztu zituen eskualdean. Une horretatik aurrera Egiptoko Eliza Koptoa, Etiopiako Tewahedo Eliza Ortodoxoa eta Nobatia, Makuria eta Alodiako Nubiar Eliza baino ez ziren geratu talde egonkor gisa[20].
Goi Erdi Aroa
Mendebaldeko Erromatar Inperioaren gainbehera eta erorketarekin aita santua figura politiko garrantzitsuan bilakatu zen, lehen aldiz ikusgai Leon I.ak bandalo eta hunoekin izandako tratu diplomatikoetan[21]; baina baita lehengo probintziatan ezarritako apezpikuen botere berrian ere[22]. Garai honetan eliza misiolari ekintzaldi luzean hasi zen, eta hainbat leinuk erlijioa heuretzat hartu zuten. Arianismoak heriotza-zigorra ezarri zuen paganismoaren aurka (adibidez, Verdengo sarraskia) gerora katolizismo bilakatuko zena hungariar[23], germaniar[24], zelta[25], herri baltiko eta hainbat eslaviarren[26] artean hedatu zen. Garai honetarako euskaldunak jada kristauturik zeudela uste da.
500. urtearen inguruan Benediktok Monakotzaren arauak finkatu zituen, monasterioak sortzeko eta kudeatzeko arau sistema bat sortuz. Monakotza indar garrantzitsua izan zen Europa osoan zehar, lehenengo ikasketa zentroak sortuz[27]. Horietako batzuk, bereziki Galian kokaturik zeudenak, IX. mendeko Karolingiar Pizkundearen oinarrian daude.
VII. mendean musulmanel Siria, Jerusalen barne, Ipar Afrika eta Hispania konkistatu zuten, kristau populazioa Islamera ekarriz (nahiz eta prozesuak mende batzuk iraun zituen hiri batzuetan[22]) eta egoera legal ezberdina emanez musulman ez zirenei. Bizantziar Inperioa gainbeheran zegoen garai horretan, Persiarekin gatazka luzea izan ostean. VIII. mendearen hasieran karolingiar liderrak gailendu ziren, eta aita-santuak babes handia izan zuen Frankoen Erresumaren aldetik[28].
Hala ere, garai honetako kristautasunaren gune neuralgikoa Bizantziar Inperioan zegoen; bertan ematen ziren eztabaida teologiko eta kristologiko gehienak, Mendebaldeko Erromatar Inperioa izan zen eremuan hauek albotik iristen ziren bitartean[22]. VIII. mendean, adibidez, ikonoklasmoak erditik zatitu zuen kristautasuna, bizantziar enperadoreek babestu zutenean. Hieriako kontzilioak (754) ikonoak debekatu zituen, Laterango kontzilioak (769) Hieriakoa ukatu zuen eta, azkenik, Nizeako Bigarren Kontzilio Ekumenikoak (787) ikonoak erabiltzea babestu zuen[29][30], eztabaida (eta gerra) handien ostean[22].
Garai honetan ere elizak aldaketa nabarmenak izan zituen. Gregorio I.ak dramatikoki eraldatu zuen Elizaren egitura eta kudeaketa[27]. X. mendearen hasieran Mendebaldeko monasterio kristauek berraktibazio fase bat izan zuten Clunyko abadiaren gidaritzapean[27]. Europa osoan zehar erlikien inguruko merkatua sortu zen[22], erromesaldiak piztuz, tartean Donejakue bidea bezalakoak[31].
Behe Erdi Aroa
VII. mendetik XIII. mendera bitartea elizak barne gatazka handiak izan zituen. Ondorioz, Ekialde-Mendebalde arteko bereizketa eman zen, Zisma Nagusia izena ematen zaiona; Mendebaldeko edo Eliza Latinoaren (Eliza Katolikoa dena) eta, batez ere, greziarra zen Ekialdeko Eliza Ortodoxoaren arteko bereizketak gaurdaino iraun du. Bi aldeek ezberdintasun nabarmenak zituzten gai administratibo, liturgiko eta doktrinaletan, batez ere aita santuaren primiziaren inguruan[32][33]. Lyongo bigarren kontzilioak (1274) eta Firenzeko kontzilioak (1439) bi elizak batzeko saiakera egin zuten, baina bi kasuetan Ekialdeko ortodoxoek uko egin zioten erabakiak martxan jartzeari, eta bi elizen arteko zismak dirau. Hala ere, Eliza Katolikoak lortu du Ekialdeko eliza txikiago batzuekin batasuna.
Mendebaldean, XI. mendetik aurrera katedraletako eskola zahar batzuk unibertsitate bilakatu ziren, adibidez Oxfordeko Unibertsitatea, Parisko Unibertsitatea, Boloniako Unibertsitatea edo Salamancako Unibertsitatea. Lehenago, goi hezkuntza katedral-eskolen edo monasterioetako eskolen (Scholae monasticae) esku zegoen, fraide eta mojen esku. VI. mendean jada eskola mota horien ebidentziak aurki daitezke[34]. Laster, unibertsitate berri hauek euren curriculuma zabaldu zuten, kleroaz gain legelari, funtzionario eta medikuen formakuntzarako[35]. Unibertsitatea bera Erdi Aroko kristautasunetik abiatutako instituziotzat hartzen da[36].
Europa osoan hiribildu berriak sortu ziren garai hartan eta, horrekin batera, eskeko ordenak, monasterioetako bizitza konsakratua hirira eraman zutenak. Bi eskeko ordena nagusiak frantziskotarrak eta domingotarrak izan ziren, Frantzisko Asiskoak eta Domingo de Guzmánek sortutakoak, hurrenez hurren[37]. Bi ordena hauek eginkizun garrantzitsua izan zuten Europako unibertsitateen sorreran. Beste ordena berri batek, zisterkoak, gune basatietan monasterio berriak ireki eta lurralde horien kolonizazioa bultzatu zituen. Garai hartan, eliza berrien eraikuntzak eta arkitekturak altuera irabazi zuen, erromanikotik gotikora pasa ziren eta Europako katedralik handienak eraiki zituzten[37].
1095ean, Urbano II.aren aita-santutzarekin, Gurutzadak hasi ziren[38]. Lur Santuan eta beste eremu batzuetan egindako kanpaina militar sorta izan zen, Alexio I.a Komneno bizantziar enperadoreak luzatutako eskariari erantzunez, hasiera batean turkiarren hedapena gelditzeko. Gurutzadek ez zuten lortu Islamdar aurrerapena gelditzea, eta gainera Laugarren Gurutzadan Konstantinopla sakeatu zuten, kristautasunaren ospea okertuz[39].
XIII. mendetik aurrera, Jesusen pasioaren inguruko enfasi berria egon zen, batez ere frantziskotarren otoitzetan; ondorio gisa, fededunek euren arreta juduen gainean jarri zuten, kristauek juduen gainean jartzen zutelako Jesusen heriotzaren errua. Kristauek juduekiko zuten tolerantzia eza ez zen berria, hala ere -Agustin Hiponakoak esan zuen juduei ezin zitzaiela eman kristauek berez zuten hiritar izaera- baina juduen aurkako antipatia izan zen arrazoietako bat juduak herrialde ezberdinetatik botatzeko. Hori egiten lehena Ingalaterra izan zen, 1290. urtean[40][41]. Nafarroako Erresumak 1498an bota zituen juduak, Espainiako Errege Katolikoen presioaren ondorioz[42].
1184. urtearen inguruan, Kataroen heresiaren aurkako gurutzadarekin batera, hainbat instituzio sortu ziren, kolektiboki Inkisizioa izena hartzen dutenak. Instituzio hauen helburua heresien aurka jotzea zen, Kristautasunaren doktrina batasuna ziurtatzen jazarpen eta konbertsioaren bidez[27].
Erreforma protestantea eta kontra-erreforma
XV. mendeko Pizkundeak antzinaroko eta garai klasikoetako testuekiko interes berritua ekarri zuen. Erreformaren garaian, Martin Luterok indulgentzien salmentaren aurkako Laurogeita Hamabost Tesiak argitaratu zituen 1517an[43]. Inprimatutako kopiak laster zabaldu ziren Europa osoan zehar. 1521ean Wormseko ediktuak Lutero eta bere jarraitzaileak kondenatu eta estutu zituen[44]; ondorioz, Mendebaldeko kristautasunaren zisma gertatu zen, adar berri asko sortuz[45].
Pizkundearen osteko garaia
Dibergentzia Handia bezala ezagutzen zen garaian, mendebaldean, Ilustrazioaren aroa eta iraultza zientifikoak aldaketa sozial handiak ekarri zituztenean, kristautasunak eszeptizismo modu batzuei eta ideologia politiko moderno batzuei aurre egin behar izan zien, sozialismoaren eta liberalismoaren bertsioak kasu[46]. Gertaerak antiklerikalismo hutsetik hasi eta kristautasunaren aurkako eztanda bortitzetaraino zihoazen, hala nola Frantziaren deskristautasuna Frantziako Iraultzan, Espainiako Gerra Zibila eta mugimendu marxista batzuk, bereziki Errusiako Iraultza eta kristauen jazarpena Sobietar Batasunean Estatu ateismoaren pean[47][48].
Europan presio berezia egin zuen nazio-estatuen eraketak Aro Napoleonikoaren ondoren. Europako herrialde guztietan talde kristau ezberdinak, neurri handiagoan edo txikiagoan, elkarren artean eta Estatuarekin lehian zeuden. Aldagaiak izendapenen tamaina erlatiboa eta estatuen orientazio erlijioso, politiko eta ideologikoa izan ziren. Friburgoko Unibertsitateko Urs Altermattek, Europan dagoen katolizismoari espezifikoki begira, lau eredu identifikatzen ditu Europako nazioentzat. Belgika, Espainia eta Austria bezalako gehiengo katolikoa duten herrialdeetan, neurri bateraino, komunitate erlijioso eta nazionalak gutxi gorabehera berdinak dira. Sinbiosi kulturala eta bereizketa Polonian, Irlandako Errepublikan eta Suitzan daude, elkarren artean lehiatzen diren izendapenak dituzten herrialde guztiak. Lehia Alemanian dago, Herbehereetan, eta berriro Suitzan, gutxiengo diren populazio katolikoak dituzten herrialde guztiak, neurri handiagoan edo txikiagoan nazioarekin identifikatzen direnak. Azkenik, erlijioaren (berriro ere, katolizismoa) eta Estatuaren arteko banaketa neurri handi batean Frantzian eta Italian dago, non Estatua Eliza Katolikoaren autoritatearen aurka aktiboki agertu zen[49].
Estatu nazionalen eraketarekin batera ultramontanismoaren fenomenoa eman zen[50], batez ere Alemanian eta Herbehereetan, baina baita neurri txikiagoan Ingalaterran ere[51]. Elizak, bere inguruko erakundeek eta fededun katolikoek estatuaren eskaera nazionalen eta Elizaren autoritatearen artean aukeratu behar izan zuten, bereziki aita santuaren autoritateari dagokionez. Gatazka hau Vatikanoko I. Kontzilioan gailendu zen, eta Alemanian Kulturkampfera eramango zuen zuzenean[52], non Bismarcken buruzagitzapean zeuden liberalek eta protestanteek adierazpen eta antolaketa katolikoa zorrotz mugatzea lortu zuten.
Europan kristau fededun eta praktikanteen kopurua murriztu egin zen modernitatea eta sekularismoa errealitate bihurtu ziren heinean[53], bereziki Txekiar Errepublikan eta Estonian, Amerikan erlijio konpromisoak orokorrean altuak izan diren bitartean Europarekin alderatuta. XX. mendearen amaierak Hirugarren Munduarekiko eta Hegoaldeko Hemisferioarekiko atxikimendu kristauaren aldaketa erakutsi du oro har, eta Mendebaldea jada ez da kristautasunaren banderadun nagusia.
Kristau taldeak
Kristautasuna historian zehar hainbat taldetan banatu da, bai giro kulturalak hala aginduta, baita fede kontutan izan diren bereizketak direla eta. Kristautasunaren baitan, eta Erreforma Protestantetik aurrera, hiru adar nagusi egon dira:
- Katolizismoa: 1000 milioi bataiatu baino gehiago ditu. Bere baitan adar garrantzitsuena Eliza Katoliko Erromatarra da, baina badaude beste talde erlijioso batzuk, Ekialdeko Elizak deitzen direnak. Doktrinan Erromarekin bat egiten dute, baina ohitura eta liturgia kontuetan bereizten dira.
- Eliza ortodoxoa: 240 milioi bataiatu ditu. Bere baitan Ekialdeko Eliza Ortodoxoa, Ekialdeko Eliza Ortodoxoak eta Ekialdeko Asihriako Eliza daude.
- Protestantea: Erreforma protestantetik sortutako taldeak, gaur egun 600 milioi bataiatu baino gehiago dituzte. Bertan kokatzen dira luthertarrak, anglikarrak, baptistak, kalbindarrak, metodistak, adbentistak, ebanjelistak eta mendekostearrak, besteak beste.
- Bestelako taldeak: talde hauek Erreformaren ondoren banatu ziren Eliza Katolikotik: Eliza Katoliko Zaharra, Eliza Katoliko Apostoliko Brasildarra eta Lefevre artzapezpikuaren jarraitzaileak, esaterako. Euren buruak katolikotzat dituzte, baina ez dute egungo katolizismoaren doktrina ofizialarekin bat egiten, arrazoi desberdinak direla eta.
Banaketa hau ez dute talde guztiek onartzen: anglikano askok beren burua katoliko eta protestanteen arteko via media bezala ikusten dute eta, beraz, beste atal batean kokatzen dute beren burua. Beste batzuek (Jehovaren lekukoak, mormoiak, etab.) ez dute banaketa hori inola ere onartzen eta, gainera, beste taldeak ez dituzte kristautzat hartzen.
Erreferentziak
Artikulu honen iturri nagusia Auñamendi entzikloediak gaztelaniaz duen Religión artikulua da, kristautasunak Euskal Herriaren historian izan duen bilakaeran, batez ere.
- Christian theological tradition. (Third edition. argitaraldia) ISBN 9781317349587. PMC 918841316. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Benko, Stephen, 1924-. (1984). Pagan Rome and the early Christians. Indiana University Press ISBN 0253342864. PMC 10506610. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Eg 7:59
- Eg 12:2
- Potter, D. S. (David Stone), 1957-. (2004). The Roman Empire at bay : AD 180-395. Routledge ISBN 0415100577. PMC 52430927. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Barnes, Timothy David.. (1981). Constantine and Eusebius. Harvard University Press ISBN 0674165306. PMC 7459753. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- «Christian Persecution, Martyrdom, and Orthodoxy - 2006, Page iii by G. E. M. De Ste. Croix, Joseph Streeter, Michael Whitby. | Online Research Library: Questia» www.questia.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- «Western North African Christianity: A History of the Christian Church in Western North Africa» web.archive.org 2001-07-30 (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- «History of Christianity in Africa» web.archive.org 2010-11-16 (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Cheetham, Samuel. (1905). History of the Christian church during the first six centuries. London : Macmillan (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- «Middle East :: Armenia — The World Factbook - Central Intelligence Agency» www.cia.gov (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Time almanac, 2007 : with Information please. Time Home Entertainment 2006 ISBN 193340549X. PMC 70766085. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Van Lint, Theo Maarten. (2010-01-01). «The Formation Of Armenian Identity In The First Millenium» Religious Origins of Nations? (BRILL) ISBN 9789004173750. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Harris, Jonathan,. Constantinople : capital of Byzantium. (Second edition. argitaraldia) ISBN 9781474254656. PMC 956501998. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- «Internet History Sourcebooks Project» sourcebooks.fordham.edu (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Burbank, Jane.. (cop. 2010). Empires in world history : power and the politics of difference. Princeton University Press ISBN 9780691127088. PMC 780841056. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- «Our Common Heritage as Christians» web.archive.org 2006-01-14 (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- The Oxford illustrated history of Christianity. ISBN 0198229283. PMC 20992284. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
- Cameron, Averil.. (2010). The Byzantines. Wiley-Blackwell ISBN 9781405198332. PMC 429601392. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- Browning, Robert, 1914-1997.. (1992). The Byzantine Empire. (Rev. ed. argitaraldia) Catholic University of America Press ISBN 9780813220321. PMC 844260253. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- Gillett, Andrew.. (2003). Envoys and political communication in the late antique West, 411-533. Cambridge University Press ISBN 0511120451. PMC 252482632. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- Wickham, Chris.. (2014). El legado de Roma : una historia de Europa de 400 a 1000. Pasado & Presente ISBN 9788494289019. PMC 932809973. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- Engel, Pál, 1938-2001.. (2001). The realm of St. Stephen : a history of medieval Hungary, 895-1526. I.B. Tauris ISBN 1860640613. PMC 46570146. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- Padberg, Lutz von.. (2009). Die Christianisierung Europas im Mittelalter. (2., überarb. und aktualisierte Aufl. argitaraldia) Reclam ISBN 9783150186411. PMC 488673347. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- Koch John T.. (2006). Celtic culture : a historical encyclopedia. ABC-Clio ISBN 1851094458. PMC 727744405. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- (Ingelesez) Białous, Mirosław. (2016-12-01). «Religion of the Proto-Slavs» Elpis 0 (18): 145–152. doi: . ISSN 1508-7719. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- González, Justo L.. (2010). The story of Christianity. (Rev. and updated, 2nd ed. argitaraldia) HarperOne ISBN 006185588X. PMC 667271365. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- Mullin, Robert Bruce,. A short world history of Christianity. (Revised edition. argitaraldia) ISBN 9781611645514. PMC 903955856. (Noiz kontsultatua: 2019-09-16).
- Gibbon, Edward, 1737-1794.. (1995). The decline and fall of the Roman Empire. Modern Library ISBN 0679601481. PMC 28053413. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- «Internet History Sourcebooks Project» sourcebooks.fordham.edu (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- (Gaztelaniaz) La peregrinación a Santiago de Compostela. (Noiz kontsultatua: 2019-09-15).
- «The Great Schism: The Estrangement of Eastern and Western Christendom» orthodoxinfo.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-19).
- Duffy, Eamon.. (2009). Saints & sinners : a history of the popes. Folio Society PMC 370728213. (Noiz kontsultatua: 2019-09-19).
- Riché, Pierre.. (1976). Education and culture in the barbarian West, sixth through eighth centuries. (1st ed. argitaraldia) University of South Carolina Press ISBN 087249330X. PMC 2346221. (Noiz kontsultatua: 2019-09-16).
- Rudy, Willis. (1984). The universities of Europe, 1100-1914 : a history. Rutherford [N.J.] : Fairleigh Dickinson University Press ; London ; Cranbury, N.J. : Associated University Presses (Noiz kontsultatua: 2019-09-16).
- Verger, Jacques. (1999). Culture, enseignement et société en Occident aux XIIe et XIIIe siècles. Presses universitaires de Rennes ISBN 286847344X. PMC 421630716. (Noiz kontsultatua: 2019-09-16).
- Gonzalez, Justo L.. (1984). The Story of Christianity: The Early Church to the Dawn of the Reformation. Harper Collins Publishers, New York (Noiz kontsultatua: 2019-09-16).
- Asbridge, Thomas S.. (2010). The Crusades : the war for the Holy Land. Simon & Schuster ISBN 9780743268608. PMC 260207381. (Noiz kontsultatua: 2019-09-16).
- Riley-Smith, Jonathan, 1938-2016.. (2002). The Oxford history of the Crusades. Oxford University Press PMC 978062981. (Noiz kontsultatua: 2019-09-16).
- MacCulloch, Diarmaid.. (2010). Christianity : the first three thousand years. (1st American ed. argitaraldia) Viking ISBN 9781101189450. PMC 680284693. (Noiz kontsultatua: 2019-09-19).
- Telushkin, Joseph, 1948-. Jewish literacy : the most important things to know about the Jewish religion, its people, and its history. ISBN 0688085067. PMC 22703384. (Noiz kontsultatua: 2019-09-19).
- (Gaztelaniaz) Ruano, Eloy Benito. (2000). Tópicos y realidades de la Edad Media. Real Academia de la Historia ISBN 9788489512801. (Noiz kontsultatua: 2019-09-19).
- Armstrong, Alastair.. (2002). The European reformation 1500-1610. Heinemann Educational ISBN 0435327100. PMC 49651304. (Noiz kontsultatua: 2019-09-21).
- The encyclopedia of Christianity. Wm. B. Eerdmans 1999-2008 ISBN 0802824137. PMC 39914033. (Noiz kontsultatua: 2019-09-21).
- A Fun, Animated History of the Reformation and the Man Who Started It All | Short Film Showcase. (Noiz kontsultatua: 2019-09-21).
- Novak, Michael.. (1989). Catholic social thought and liberal institutions : Freedom with justice. (2nd ed. argitaraldia) Transaction ISBN 0887387632. PMC 18321470. (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).
- Religion and the State in Russia and China : Suppression, Survival, and Revival. Bloomsbury Academic 2011 ISBN 9781441102294. (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).
- Adappur, Abraham, 1926-. (2000). Religion and the cultural crisis in India and the West : an ecumenical inquiry. Intercultural Publications ISBN 8185574472. PMC 48517009. (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).
- Religion und Nation : Katholizismen im Europa des 19. und 20. Jahrhunderts. Kohlhammer 2007 ISBN 3170199773. PMC 185038732. (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).
- «CATHOLIC ENCYCLOPEDIA: Ultramontanism» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).
- Heimann, Mary.. (1995). Catholic devotion in Victorian England. Clarendon Press ISBN 019820597X. PMC 35657786. (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).
- Dittrich, Lisa.. (2014). Antiklerikalismus in Europa : Öffentlichkeit und Säkularisierung in Frankreich, Spanien und Deutschland (1848-1914).. Vandenhoeck & Ruprecht ISBN 9783647310237. PMC 890980994. (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).
- (Ingelesez) Palmer, Jason. (2011-03-22). 'Extinction threat' to religion. (Noiz kontsultatua: 2019-09-20).