Krisi
Krisia (grezierazko κρίσις, "krisis", hitzetik), pertsona, erakunde, gizarte eta orohar sistema batean, funtzionamendu egoki edo normalarekin bat ez datorren egoerari dagokio. Adiera zabalean, edonolako egoera larri bati ere krisi deritzo. Krisiak gertatzen diren arloak zein diren, krisi ekonomiko, krisi politikoak edo ingurumen krisiak izan daitezke, besteak beste. Pertsona baten bizitzaren kasuan krisi pertsonalak izan daitezke, familiarekiko harremanetan edo osasunari dagokionean esaterako. Krisia eragin dezakeen faktore edo krisia gertatzen den aldi eta egoerari kritikoa dela esaten zaio. Gehienetan aurreikusezinezko eta ustegabeko faktoreek eragiten dute gehienetan, sistema batzuetan krisiak aldiro gertatzen direla ezaguna bada ere. Krisiak berez egoera normaltasunera etorriz, erabaki egokiak hartu ondoren sistemaren funtzionamenduan edo bere antolamenduan aldaketak eraginez edo aurreko egoerarekiko erabateko haustura batez gerta daitezke. Horrela, sistema baten funtzionamenduari eragiten dioten krisiak bereizten dira alde batetik, egoera berrira egokituz gainditzen direnak; eta sistemaren egiturari berari eragiten diotenak bestetik, sistemaren mutazioz (iraultza batez, krisi politiko edo ekonomnikoen kasuan, adibidez) burutzen direnak.