Kriptokokosi
Kriptokokosia Cryptococcus neoformans onddo patogenoak eragiten duen gaixotasuna da, mikosi mota bat dena. Onddo mikroskopikoa (legamia) da aipatutakoa, eta oportunista; horrek esan nahi du infekzio larriak sortzen dituela immunitate-sistema ahula duten pertsonengan, batez ere (HIESa dutenengan, adibidez).
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.Ohar medikoa
Kriptokokosi | |
---|---|
![]() | |
Deskribapena | |
Mota | opportunistic mycosis (en) ![]() eritasuna |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | Cryptococcus neoformans Cryptococcus gattii |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | itraconazole (en) ![]() ![]() ![]() |
Identifikatzaileak | |
DiseasesDB | 3213 |
MedlinePlus | 001328 |
eMedicine | 001328 |
MeSH | D003453 |
Disease Ontology ID | DOID:12053 |
Infekzioa
Onddoa arnas-bidetik sartu ohi da gorputzean, inhalatzen denean. Legamia hori ugaria da lurrean, batez ere hegaztien gorotzez kutsatutako lurzoruetan [1]. Mikrobioa biriketara iristen da, eta bertan gizabanako osasuntsuengan infekzio azpi-klinikoa (hots, sintomarik gabekoa) garatzen du. Immunitate-sistema gailentzen zaio onddo oportunista horri eta, egoera normalean, gaixotasuna ez da garatzen.
Gizabanako immunogutxituengan, ordea (HIESa dutenak, botika immunosupresoreak hartzen dituztenak...) Cryptococcus neoformansek bizirik dirau eta arnas-bidean bronkitisaren antzeko koadro klinikoa eragiten du. Horretaz gain, onddoa odolera irits daiteke eta hortik gorputzeko atal ezberdinetara hedatu.
Sintoma klinikoak
Infekzioak, odolaren bidez hedatua, gorputzeko hainbat atal kaltetu ditzake:
- biriketako kriptokokosia: gaixoek bronkitisaren antzeko sintomak dituzte [1].
- nerbio-sistemaren kriptokokosia: meningitisa sortzen du. HIESaren gaixoen artean meningitis mota honek 600.000 hildako eragin zituen mundu osoan 2009an soilik [2]. Meningitisaren ohiko sintomak (sukarra, zefaleak, buru-nahasmendua, garondo-zurruntasuna...) dira gaitzaren zantzuak. Meningitis horren eboluzioa meningitis birikoaren baino askoz motelagoa da.
- larruazaleko kriptokokosia: larruazaleko ultzerak agertzen dira legamia gaiztoa larruazalera iristen denean.
Diagnostikoa eta tratamendua
Meningitis dagoenean likido zefalorrakideoaren azterketak (txinatar tinta erabiliz) legamia patogenoaren zelulak agerian jarriko ditu, diagnostikoa egiaztatzeko balio duena. Arnas-aparatutik hartutako laginen (karkaxak, esaterako) azterketa mikroskopikoak ere berdin balio du. Hemokultiboa ere batzuetan positiboa izango da, baina ez beti.
Tratamenduari dagokionez, B anfoterizina 5-fluorozitosinarekin konbinatu ohi da (zain barneko bidetik aplikatuz). Flukonazola aukerako botika da.
Erreferentziak
- Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 306-307 orr.
- Park BJ, Wannemuehler KA, Marston BJ, Govender N, Pappas PG, Chiller TM Estimation of the current global burden of cryptococcal meningitis among persons living with HIV/AIDS AIDS, 2009;23:525-530