Kriptobiosi
Kriptobiosia izaki bizidun batzuek muturreko baldintzetan prozesu metaboliko guztiak bertan behera utziz lortzen duten egoera da, horrela luzaroan iraun dezakete baldintza hobeak iristen diren arte. Adibide ezagunena tardigradoena da, "uretako hartz txiki" ezizenaz ezagutzen direnak.
Motak
Kriptobiosia burutzen duten bi izaki bizidun mota daude; garapen ongenetikoaren fase zehatz batean egiten dutenak (adibidez artropodoak eta onddo, bakteria eta landareen espora eta haziak) eta bizi zikloaren edozein fasetan egin dezaketenak (protozooak, errotiferoak, nematodoak, tardigradoak, ortopteroak, goroldioak, likenak eta algak.
Hainbat motatako kriptobiosi prozesuak ezagutzen dira:
- Anhidrobiosia: urik gabeko sasoi luzeei aurre egiteko prozesua da. Gorputzeko ur kopurua minimotara jaisten da eta "tun" izeneko estalki bat garatzen da. Ikerketek erakutsi dute hamarkadak edota mendean iraun dezaketela egoera horretan[1].
- Anoxibiosia: Oxigeno maila asko jaisten denean gertatzen da eta normalean baino ur kopuru handiagoa pilatzen du izakiak. Ez da kriptobiosi tradizionala kontsideratzen, ez baita "tun" estalkirik garatzen[2].
- Kimiobiosia: Ingurunean aurki daitekeen kutsatzaile baten kontzentrazio handiari aurre egiten dion prozesua da. Tardigradoetan ikusi da[3].
- Kriobiosia: Izozteak eragiten duen tenperatura jaitsiera bortitzari aurre egiteko prozesua da[4].
- Osmobiosia: Estres osmotiko baten aurrean babesteko eratzen da "tun" estalkia[3].
Prozesua
Kriptobiosi egoeran hainbat prozesu aktibatzen dira: DNA konpontzeko mekanismoak, fosfolipido zehatzez osaturiko mintz biologikoak, entzima antioxidatzaileak, zelulak eta ehunak babesten dituzten karbonohidrato eta proteina espezifikoak.
Tardigradoek esate baterako trehalosa disakaridoaren ekoizpena aktibatzen dute. Honek ura ordezkatu eta mintz biologikoekin hidrogeno zubiak eratzen ditu. Horrela kristalak eratzen dira eta mintza izugarri egonkortzen da, mugimendua asko murrizten baita[5]. Artemia salina krustazeoak ere trehalosa erabiltzen du, tardigradoek baino bost aldiz kopuru handiagoetan.
Baziloek endosporak eratzen dituzte nukleoidea gainerako zitoplasmatik banatuz eta inguruan hainbat horma eta oskol ezarriz.
Erreferentziak
- (Ingelesez) Shen-Miller, J.; Mudgett, Mary Beth; Schopf, J. William; Clarke, Steven; Berger, Rainer. (1995). «Exceptional seed longevity and robust growth: ancient Sacred Lotus from China» American Journal of Botany 82 (11): 1367–1380. doi: . ISSN 1537-2197. (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
- (Ingelesez) «Cryptobiosis — a peculiar state of biological organization» Comparative Biochemistry and Physiology Part B: Biochemistry and Molecular Biology 128 (4): 613–624. 2001-04-01 doi: . ISSN 1096-4959. (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
- (Ingelesez) Møbjerg, N.; Halberg, K. A.; Jørgensen, A.; Persson, D.; Bjørn, M.; Ramløv, H.; Kristensen, R. M.. (2011). «Survival in extreme environments – on the current knowledge of adaptations in tardigrades» Acta Physiologica 202 (3): 409–420. doi: . ISSN 1748-1716. (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
- (Ingelesez) Lindsay, Jay. (2004-03-18). «Frozen Lobsters Brought Back To Life» SFGATE (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
- Erkut, Cihan; Penkov, Sider; Fahmy, Karim; Kurzchalia, Teymuras V.. (2012-01-01). «How worms survive desiccation» Worm 1 (1): 61–65. doi: . PMID 24058825. PMC PMC3670174. (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).