Kotromanić
Kotromanić (serbieraz: Котроманић) errege-dinastia izan zen, XIII-XV. mendeetan Bosnian nagusitu zena. Eztebe Kotromanić-ek (1287-1314) sortu zuen dinastia, Hungariako erregeen mende, eta Eztebe semeak sortu zuen Bosniako Erresuma independentea 1322an. 1325ean hartu zuen Hum edo Herzegovinako lurraldea. Hungariaren aurkako gudu askoren ondoan, Eztebe Tvurtko I.ak (Bosniako errege 1351-1391 bitartean) Adriatiko aldera zabaldu zituen bere lurrak, eta 1390. urtean Serbia, Bosnia, Dalmazia eta Kroaziako errege izendatu eta hegoaldeko eslaviarren buruzagi nagusi bihurtu zen. Tvurtko I.aren ondoren ordea, guztiz txikitu zen Bosniako Erresuma, barne gatazken eta Hungariako eta Turkiako erresumen erasoen ondorioz. 1463an hil zuten turkiarrek Eztebe Tomašević, Kotromanic dinastiako azken erregea.[1]
Erreferentziak
- Kotromanic. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-27).