Corella
Corella[3] Nafarroa Garaiko hegoaldeko udalerri bat da, Iruñetik 92 kilometrora dagoena. 7.753 biztanle dituelarik, Nafarroako Erriberako eta Tuterako merindadeko herri jendetsuenetan bigarrena da (Tutera da lehena).
Corella Korella | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||||||||||
| |||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Herrialdea | Euskal Herria | ||||||||||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||||||||||
Merindadea | Tutera | ||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Nafarroa | ||||||||||
Izen ofiziala | Corella / Korella | ||||||||||
Alkatea | Gorka Garcia Izal (ACI) | ||||||||||
Posta kodea | 31591 | ||||||||||
INE kodea | 31077 | ||||||||||
Herritarra | corellar | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 42°06′53″N 1°47′12″W | ||||||||||
Azalera | 81,35 km² | ||||||||||
Garaiera | 371 metro | ||||||||||
Distantzia | 93 km (Iruñetik) | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 8.629 (2023: 293) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 106,4 biztanle/km² | ||||||||||
Zahartzea[1] | % 17,83 | ||||||||||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 36,34 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera[1] | % 78,6 (2011) | ||||||||||
Desberdintasuna[1] | % 10,84 (2011) | ||||||||||
Langabezia[1] | % 17,13 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1][2] | % 1,10 (2018: %0,68) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Webgunea | http://www.corella.es/ |
Izena
Euskaltzaindiaren arabera, Corella da udalerriaren euskal izena, eta corellar, berriz, bertako herritarra.
Izenaren ahoskera [koɾeʎa] da.
Geografia
Inguru naturala eta kokapena
Herria, Nafarroa hegoaldean dago kokatuta, Tuterako merindadearen hego-mendebaldean. Herrira heltzeko N-161 errepidea hartu behar da. Fitero, Cintruénigo, Tutera, Castejón eta Alfaroko udalerriekin du muga. Azken hau Errioxan dago kokaturik.
Udalerri estrategikoa izan da betidanik inguruko erreinuekiko mugan egoteagatik. Alhama ibaiak hego-mendebalde ipar-ekialdeko norabidean zeharkatzen du udalerria. Corellako punturik hegoaldean dago (612 metro) eta punturik baxuena Alfaroko mugatik gertu dago Alhama ibaian (320 metro).
Klima eta landaredia
Corellak Ebroko depresioaren berezko klima-kontinentala dauka. Klimaren ezaugarriak, prezipitazio eskasak, lehorte luze eta iraunkorra eta tenperatura aldaketa handiak dira. Urteko batez besteko tenperatura 14 gradukoa da, eta prezipitazioa 450mm ingurukoa. Urteko egun euritsuak 55 inguru dira. Haizerik ohikoena iparreko ziertzoa (neguan), eta hegoaldeko haize beroa (udan) dira.
Landarediari dagokionez, birlandaturiko pinuak, eta makalak dira nagusi. Jatorrizko zuhaitz eta landareditik ezer gutxi mantentzen da gaur egun gizakiaren eraginagatik. Horrez gain, larre lurrak ere ia erabat desagertu dira.
Estazio meteorologikoa
Herrigunearen kanpoaldean (Onbatilla izeneko gunean), itsasoaren mailatik 332 metrora, Nafarroako gobernuak jarritako estazio meteorologikoa dago.[4]
Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.
Ikusi edo aldatu datu gordinak.
Historia
Alfontso I.a erregeak Corella gaur egun dagoen gunea musulmanei konkistatzean, Rotrou de Perche, erregearen lehengusuak, eremua egonkortzeko eginkizuna izan zuen 1130ean. Dena den, Garcia Ramirez eta bere emazte Margaritak, erresumaren jabetzei erantsi zioten, Iruñeko tronura ailegatu eta berehala. Biztanleria Tuterako foruaren eskumenean zegoen, eta Erdi Aroan zehar, Tuterarekiko oso loturik zegoen nekazaritza herrixka izan zen. Corellarren artean, kristau nobleziako ehun bizitoki baino gehiago zeuden XIV. mendean. Horrez gain, nekazari musulman ugari geratu zen Corella eta inguruko lurretan bizitzen. Nekazariek garagar eta gari kantitate aldakorrak ordaintzen zituzten urteroko petxa moduan.
Pixkanaka, musulmanen kopurua gutxituz joan zen, XII. mendean 150 familia zeuden, eta 1353rako kopurua 37ra gutxitu zen, azkenik 1393an bost familia baino ez zeudelarik. Azken familia XV. mendean joan zen herritik. Judutarren kopurua ere asko gutxitu zen Erdi Aroak aurrera egin ahala. Juduek hamalau etxe zituzten Corellan 1353an, eta 1488an Catalina eta Joanes III.a erregeak Nafarroako juduak gainontzeko biztanleriatik at zeuden auzoetan bizitzera behartzen zituzten legea egin zutenean, baziren oraindik ere judu bakanen batzuk udalerrian.
Udalerriaren bilakaera demografikoa aldakorra izan zen Erdi Aroan zehar, hasierako hazkundearen aurrean XIV. mendetik aurrera, biztanleria jaisten hasi zen, Gaztelako ejertzitoaren erasoengatik (1335), eta Izurri Beltza bezalako gaixotasunen eraginagatik. Horrez gain, Errioxako Alfaro herriarekin hainbat eztabaida izan zituzten corellarrek 1356tik 1364ra. Biztanleria orokorrarekin batera, kapare eta biztanle frankoen kopurua 10 eta 47ra gutxitu zen hurrenez-hurren. 1429an Gaztelako ejertzitoak herriari su eman zion, eta hamarkada batzuk beranduago, 1461ean kalte gehiago eragin zituen udalerrian.
XV. mendetik aurrera
Herriaren berreraikuntza XVI. mendean hasi zen, eta 1537. urtean parrokia berria eraiki zen. Fededunen kopurua azkar hasi zen, denbora laburrean 150etik 500era igaroz. Muga-herria izateagatik, gatazkak ohikoak ziren inguruko herriekin, uztei su ematea, zuhaitz eta mahastien mozketa, abelburuen lapurreta, eta baita pertsonen bahiketa eta erailketa ere. Tartean, Alhama ibaia, eta Cañeteko uharkaren gaineko kontrola zeuden. Azkenik, 1433an Alfaroko herritarrek lortu zuten, ibai eta uharkaren jabetza.
Horrez gain, eztabaidak Cintruénigorekin ere izan zituen, lurren ureztatzea eta Zierzo mendietako erabilera eskubideengatik. 1369an kontzejuaren alkate propioa lortu zuen, Juana erreginak Karlos II.a bere senarraren ordezkari moduan, udalerriari emaniko pribilegio moduan. Ordura arte, legeak Tuterak ezartzen zituen. Karlos III.a erregeak, urteko 400 soldaten truke, Aracielgo gunea eman zion Corellari 1416an, eta hurrengo urtean, iraileko lehen sei egunetan merkatua ospatzeko eskubidea eman zion. Handik gutxira, jaurerriaren jabetza, erregearen iloba Carlosen eskuetan geratu zen, 1423an Vianako printze bihurtu zelarik. Dena den, Carlosek, Beaumonteko Juani saldu zion 6.000 liberaren truke. Dena den, Joanes II.a erregeak, koroan berrezarri zuen Corella 1449 eta 1450ean, bere alderako ezarriz.
Leonor printzesak, "hiribildu on" izendatu zuen Corella, eta Nafarroako gorteetan jarlekua eskaini zion (1471), horrez gain, Tuterako forua berretsi eta asteroko merkatua egiteko eskubidea eman zion. 1512ean Katalina I.a eta Joanes III.a erregeek, errotak eta udalerrian zituzten jabetzak 2.560 dukadoren truke saldu zituzten. 1527an, Corellak akordioa sinatu zuen Alfarorekin, Aracielgo uharka konpontzeko eta Alhama ibaiaren ohiko ur-emaria berrezartzeko. Hiribilduak, Zierzo eta Argenzongo mendien gaineko eskubidea zeukan.
1558an, bigarren eliza eraiki zen Errosarioko Ama Birjinari eskainia. Corellarrek eliza propioa nahi zuten, izan ere, XIV. mendetik San Migelgo eliza Tuterako San Martzial elizaren eskumenekoa zen. XIX. mendeko desamortizaziora arte, herrian lau komentu zeuden, horien artean Corellako ospitalea mantentzen zuten karmeldar oinutsen komentua.
XVII. mendetik aurrera
XVIII. mendean, herrian irina eta olioa ekoizteko errotak, pattar lantegi bi eta erregaliz lantegia zeuden herrian. Lantegi horretan ehun pertsonek egiten zuten lan gau eta egun. 1847an Corellak 250 haurrek ikasten zuten mutilen eskola zeukan (maisuak 6.000 erreal jasotzen zituen urtean, eta bere laguntzaileak 1.500 erreal). Nesken eskolan 120 neskek ikasten zuten eta maistrak 1.620 errealeko soldata irabazten zuen (soldata horri bi erreal gehitzen zitzaizkion eskolan zegoen neska bakoitzeko). Azpiegituren artean, 5.000 pertsonarentzako edukiera zuen zezen-plaza, harri harrobi batzuk, eta ospitalea zeuden.
Ureztatzea hobetzeko, udalerriaren iparraldean 180 errobadako urtegi berria eraiki zen. XIX. mendearen erdialdean bederatzi ziren jada herrian zeuden pattar lantegiak, eta zortzi irin eta olio errotak. Urteroko azoka irailaren 1etik irailaren 15era ospatzen zen. XX. mendearen hasieran, Corellan, hamabi olio-errota, bi pats errota, bi irin errota, oihaltegi bat, 47 upategi, barazkien bi kontserba lantegi, sopa egiteko pasten bi lantegi, zazpi pattar lantegi, bost abarketa lantegi, sei txokolate fabrika, lau ikastetxe pribatu, haurtzaindegia, eta lau eskola publiko zeuden.
1844tik 1898ra ospitalea karmeldar oinutsen komentuan egon bazen ere, mendearen amaieran, herritarren diru-laguntzari esker, eraikin berri bat eraiki zen. 1920ean urteko 5.000 egonaldi inguru izaten ziren ospitalean. 1822 eta 1840ko erreforma administratiboekin, Corella Nafarroatik banatu eta Logroñoko probintziari batu zitzaion. Dena den, 1823an Fernando VII.a erregeak, erabaki hori aldatu eta azkenik 1840an Corella Nafarroako udalerri izan zen berriz ere.
Gerra Zibila Corellan
1936ko uztailaren 18an, Corellako udal errepublikanoak bere azken bilera egin zuen. Hurrengo eguneko goizean, errekete ugari ailegatu zen herrira teniente baten gidaritzapean. Erreketeek udaletxea hartu zuten guardia zibilen talde baten laguntzarekin. Udaleko langileak eta langile talde batzuk altxamendu faxistari aurre egiten saiatu ziren arren, azkenik, udaletxea bereganatzea lortu zuten. Hasierako momentuan tiroek bi pertsona zauritu zituzten ( ospitalera zeramatzatela, bidean, hil egin zituzten). Udaleko langile guztiak euren karguetatik kendu, eta kartzelan sartu zituzten, euren aurka agertutako edonor. Presoak Corellan bertan zegoen kartzelara edo Tuterako kartzelara eraman zituzten.
Faxista talde batek udaleko bake-epaileari (Ricardo Camposi ) gasolina bota zion gainetik eta ondoren su eman zioten. Ondorengo egunean, Diario de Navarra egunkariak bere lastategiari su emanez bere buruaz beste egin zuela argitaratu zuen. Hurrengo egunean, alkatea eta udaleko langile batzuk fusilatu zituzten. Abuztuak aurrera egin ahala, kartzeletan zeuden presoetako batzuk fusilatzen hasi ziren. Abuztuaren 15ean, ama-birjinaren egunean, 27 corellar atera zituzten kartzelatik. Horietako bati, eskuak moztu zizkioten, kartzelatik irten nahi ez eta hormari etsi-etsian eusten saiatu zelako. Corellarrak eta Fiteroko beste hiru biztanle Milagroko kanposantura eraman zituzten. Bertan, Bernardo Catalán Estad abadeak lasai egoteko esan zien, laster jainkoarekin afaltzen egongo zirela esanez. Presoak kolpeka eta txantxa giroan hiltzen joan ziren.
Kartzeletan hil ez zituzten presoak, gerrako frontera joatera behartu zituzten. Iparreko frontean eskuin muturreko bi gazte hil ziren azaldu gabeko inguruabarretan. Herriko faxista talde bat "Markesaren gelara" joan ziren, bertan zeuden atxilotutako berrogei pertsonak fusilatzeko asmoarekin. Tuterako Guardia Zibilak eragotzi egin zuen kasu hartan hilketa. Guztira 87 corellar fusilatu zituzten Gerra Zibilean.
Ekonomia
Corellan 700 nekazaritza-ustiapen inguru daude, eta horietatik 550ek bost hektarea baino gutxiagoko azalera dute. Laborantza lurren %57 lur ureztagarriak dira eta %43 sekain-lurrak. Lur ureztagarrietan landaturiko landareen artean, zerealak (garagarra, garia, artoa), alpapa eta mota askotako barazkiak daude, eta sekain-lurretan mahastiak, olibondoak eta fruta-arbolak.
Mahastiek garrantzi handia izan dute beti. XX. mendearen hasieran 1.000 hektarea baino gehiago erabiltzen ziren mahatsa ekoizteko. Dena den, filoxera agertu izanak gogor kaltetu zituen mahastiak eta ondorengo hamarkadetan berreskuratzea motela izan zen.
Industria nekazaritzatik eratorritako produktuen ekoizpenarekin bat garatu zen, upategi, kontserba lantegi eta abarrekin. XX. mendetik aurrera gainera, zerbitzuak ere garatu dira. Herrian industrialde bat dago, eta oro har, bertako biztanleek Tutera eta inguruko enpresetan lan egiten badute ere, herriaren tamaina dela eta, manufaktura industria sendoa ezarri da bertan.
Bardearen aprobetxamendua
Erdi Aroan, Corellak, Fustiñana, Tutera, Cortes, Buñuel, Zarrakaztelu, Mélida, Caparroso, Alesbes, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Santakara, Martzilla, Faltzes, Azkoien, Funes, Milagro, Cabanillas, Olibako monasterioa, eta Erronkariko ibarra eta Zaraitzuko ibarrekin batera, Nafarroako Bardeako elkartea osatu zuen, Bardeako lur komunak nekazaritzarako erabiltzeko asmoarekin.
Demografia
1990eko hamarkadara arte, Corellak populazioa egonkor mantendu zuen. Hamarkada horretatik aurrera, berriz, hazkunde demografiko nabarmena gertatu zen eta 20 urtean biztanle kopurua % 27 inguru hazi zen.
Corellako biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 1.393 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %18,12 (Nafarroako batezbestekoaren gainetik).
Politika
Udal hauteskundeak
2007ko hauteskundeetan UPNko Jose Javier Navarro Arellano hautatu zuten alkate, bere alderdiak lortu zuen gehiengo osoari esker.
2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan UPNk berrio zinegotzi kopuru bera eskuratu zuen, zazpi hamahirutik, eta Navarro berri izan zen alkate. PSN alderdiak hiru zinegotzi eskuratu zituen eta Corellako Alternatiba Independenteak beste hiru.[5].
2015eko udal hauteskundeek aldaketa eragin zuten: UPNk bi zinegotzi galdu zituen (bostean geratu zen), eta ACI alderdiak bat irabazi zuen (lau zinegotzi guztira). PSNk hiru zinegotziak mantendu zituen eta Asamblea Municipal de Izquierdas - Corella Decide Erabaki (AMI-CDE) herri plataformak bat lortu zuen. Emaitza horien ondorioz, UPNk alkatetza galdu zuen eta ACIko Gorka García hautatu zuten alkate, PSNren eta AMIren zinegotzien botoen laguntzarekin.
Corellako udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24a |
2011ko maiatzaren 22a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) | 5 / 13 |
7 / 13 |
|||
Korellako Alternatiba Independentea (ACI) | 4 / 13 |
3 / 13 |
|||
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN-PSOE)) | 3 / 13 |
3 / 13 |
|||
Corella Decide Erabaki | 1 / 13 |
||||
Datuen iturria: 2015eko hauteskundeen emaitzak interior.es webgunean, 2011ko hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean |
Aurreko hauteskundeak
Alderdi politikoa | 2019 | 2015 | 2011 | 2007 | ||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Botoak | Zinegotziak | Botoak | Zinegotziak | Botoak | Zinegotziak | Botoak | Zinegotziak | |
Korellako Alternatiba Independentea (ACI) | %38,51 | 6 | %28,91 | 4 | %20,99 | 3 | %13,88 | 2 |
Navarra Suma (NA+) | %35,69 | 5 | ||||||
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN) | %13,91 | 2 | %19,44 | 3 | %23,59 | 3 | %33,93 | 4 |
Asamblea Municipal de Izquierdas - Corella Decide Erabaki (AMI-CDE) | %4,44 | 0 | %7,12 | 1 | ||||
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) | %37,09 | 5 | %47,51 | 7 | %49,64 | 7 |
Alkateen zerrenda
2015-2023 | Gorka García Izal (ACI) |
2007-2015 | Javier Navarro Arellano (UPN) |
2003-2007 | Ramón M. Jiménez González (PSN) |
1991-2003 | José Matías Jiménez Lázaro (UPN) |
1983-`1991 | Miguel Sanz Sesma (UPN) |
1979-1983 | Javier Guinea Catalán Indep. |
Udaletxea
Corellako udaletxea Espainia plazan dago. Eraikina XVII. mendean altxatu zen, eta harriz eta adreiluz egina dago. Eraikinaren lehen zatia harrizkoa da, eta zutabeen gainean oinarrituriko gainontzekoa adreiluzkoa. Udaletxearen gaur egungo kokapena aipatzen duen lehen dokumentu idatzia 1576koa da. Dokumentu horretan Arrosarioko Ama Birjinaren plazan zeuden orube batzuen tasazioa ageri da, eta bertan udaletxea non dagoen esaten da.
Udala alkateak eta hamabi zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Espainia Plaza, 1
Garraioa
Nafarroako Hiriarteko Garraioa sareko 300 lineak zerbitzua ematen dio herri honi:
|
Gainera, Automoviles Rio Alhama autobus konpainiak Corella Tuterarekin batzen du. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:
- Aguilar del Río Alhama - Fitero - Cintruenigo - Corella eta Tutera
Kultura
Euskara
Nafarroako Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Corella eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %0,42k zekien euskaraz hitz egiten.
Jaiak eta ospakizunak
- Corellako jaiak San Migelen omenez ospatzen dira irailaren 23tik irailaren 30era. Horrez gain, Villarreko jaiak Aste Santuko igandetik hamabost egunera ospatzen dira.
- Corellako Aste Santua.
Ondasun nabarmenak
Erlijio arlokoak
- San Migel parrokia, estilo barrokoko eliza. Herriko elizarik zaharrena da, antzinako eliza zahar baten arrastoen gainean eraiki zen XV. mendean. Erretaula nagusia XVIII. mendekoa da.
- Arrosarioko Andre Mariaren eliza, estilo barrokoko eliza. XVI. mendean eraikitzen hasi zela uste da, baina dokumentu ofizialek diotenez, 1656. urtean hasi zen eraikuntza. 1953an dorrea eta merkatuari begira dagoen fatxada eraiki ziren.
- Carmen eta Araceli Ama Birjinen komentuak.
- Gizakundearen komentua.
- Nuestra Señora del Villar baseliza.
Zibilak
- Udaletxea.
- Arrese etxe-museoa.
- Sesmatarren (Kateen Etxea) eta Aguadotarren jauregiak.
- Berako Virtotarren, Nafarroako Beaumontarren, Bajamarreko Markesen eta Lasquetty Etxeko Kondeen, Escuderotarren, San Juandarren eta Sopranistarren etxea.
- Mariano Jose de Larra idazlea bizi izan zen etxea.
- Kateen etxea.
- Aguadotarren jauregia.
Arkitektura barrokoa Corellan
- Kateen etxea
- Verako Virtotarren etxea
- Bajamarko Markesen etxea eta Corellako udaletxea
- Aguadotarren Jauregia (Eraitsia)
- Escuderotarren etxea
- Sopranistarren etxea
Museoak
- Arte erlijioso museoa, Gizakundearen komentuan dago. Bertan, margolan, eskultura eta aro desberdinetako artelanak daude ikusgai. Lan guztietatik aipagarri Santa Gertrudis eta San Plazidoren ezkontza mistikoaren margolana da 1680 eta 1683 bitartean Claudio Coellok margoturikoa.
- Arrese museo-etxea.
Corellar ospetsuak
- Antonio González Ruiz (1711-1788), margolaria.
- Blas de Laserna (1751-1816), musikagilea.
- Juan José Tafalla (1755-1811), farmazialari eta botanikaria.
- Francisco de Paula Escudero (1764-1831), militar eta politikaria.
- José Alonso Ruiz de Conejares (1781-1855), epaile eta politikaria.
- Fermin Arteta (1796-1880), politikaria.
- Eduardo Alonso Colmenares (1820-1888), abokatu eta politikaria.
- José María Arellano (1885-1963), legelari eta politikaria.
- Diego Pascual Eraso (1891-1974), kulturgilea.
- Jesús Serrano (1902-1997), Hypselisko apezpikua.
- Eugenio Arellano (1944-), Cellae in Proconsulariko apezpikua.
- Antonio Catalán (1948-), politikaria.
- Miguel Sanz Sesma (1952-), Nafarroako Foru Erkidegoko presidentea (1996-).
- Ignacio Arellano (1956-), filologo eta historialaria.
- Alberto Catalán (1962-), politikaria.
- Mario García Segura (1968-), futbolaria.
- Luis Jiménez (2001-), futbolaria.
- Elijah Gift (2006-), futbolaria.
Bibliografia
- García Gainza, María Concepción (Dir.) (1985...): Nafarroako Monumentuen Katalogoa, Iruñea: Nafarroako gobernua.
- Jimeno Jurío, José Mª (Dir.) (1990-1994). Nafarroako Toponimia eta Mapagintza. Iruñea, Nafarroako gobernua.
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 50-55 or..
- Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
- UPN revalida la mayoría absoluta con un descenso del PSN y subida de ACI, Diario de Noticias, 2011ko maiatzaren 28a.
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- (Gaztelaniaz) Corellako udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Corellari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Mesedeetako plaza eta biribilgunearen ikuspegia Google Street View-n.