Kontzeptu mapa
Kontzeptu mapak, buru mapak edo mapa mentalak informazioa aurkezteko diagramak dira[1], eta gai bati buruzko ikuspuntu zehatza irudikatzeko erabiltzen dira, kontzeptuak erlazionatuz eta hierarkikoki antolatuz. Hiru elementuk osatzen dituzte kontzeptu-mapak: kontzeptu nagusiak, horiek lotzeko geziek, eta lotura-hitzak. Azkeneko horiek kontzeptuen arteko erlazioak azaltzen dituzte. Hiru oinarrizko elementu horiekin proposizioak sortzen dira, eta horiexek dira benetan kontzeptu mapa osatzen dutenak.
Kontzeptu mapak Joseph Novakek landu zituen, 1970eko hamarkadan, Cornell Unibertsitatean, gaur egungo kontzeptu-mapak garatzeko balio izan zuten oinarri formalak, ikaskuntza esanguratsua kontuan hartuta.
Kontzeptu mapak informazioa azaltzea errazten du eta horrela kontzeptuak ulertzea eta memorizatzea bideratzen du. Ideiak garatzeko eta sormena bultzatzeko erabiltzen diren adimen-mapetan ez bezala, zehaztasuna bilatzen da kontzeptu-mapen bitartez.
Kontzeptu mapak osatzeko elementuak
Kontzeptua
Kontzeptu bat izen edo etiketa batez izendatzen den objektua da (Novak eta Gowin, 1988). Adibidez, etxea, ura, aulkia, hodeia. Kontzeptua gizakiaren gogoan objektu edo gertakari baten irudiaren adierazpen gisa uler daiteke (Segovia 2001). Hauetako batzuk elementu konkretuak adierazten dituzte (etxea, mahaia), beste batzuek, aldiz, nozio abstraktuak, errealitatean existitzen badira ere, ukitu ezin direnak (demokrazia, estatua).
Lotura hitzak
Aurrizkiak, atzizkiak, juntagailuak, aditzak dira. Kontzeptuak erlazionatzeko erabiltzen dira. Lotura hitzen nahiz kontzeptuen bidez, kontzeptuen arteko harremana era sinplean deskribatzen duen esaldi bakunak eraiki daitezke.
Lotura lerroak eta geziak
Lerroak erabiltzen dira kontzeptuen arteko loturak irudikatzeko. Lerroaren erdiko aldean lotura hitzak ezartzen dira eta geziak erabil daitezke esaldien norabidea zehazteko.
Geziak
Novak eta Gowinen arabera, kontzeptuen arteko menderakuntza gertatzen ez den kasuetan bakarrik erabil daitezke geziak. Hortaz, erlazio gurutzatuak adierazteko erabil daitezke, maparen atal batean eta bestean dauden kontzeptuak lotzeko, hain zuzen. Geziek, menderakuntza harremanik ez dagoela adierazten digu. Adibidez, ura, zuhaitza, etxea.
Lotura gurutzatuak
Kontzeptu maparen atal ezberdinetan aurkitzen diren kontzeptuen arteko harreman esanguratsu bat dagoenean erabiltzen dira. Lotura gurutzatuen adierazpen grafikoak geziak dira.
Elipsea edo laukizuzena
Kontzeptuak elipse edo laukizuzen baten barruan jartzen dira eta lotura hitzak kontzeptuak lotzen dituzten lerroen ondoan idazten dira. Autore askok kontzeptu eta proposizioez gain beste informazio mota bat sartzeko ere erabiltzen dituzte, hala nola, ekintzak, iruzkinak, zalantzak, teoriak... Adierazpen bisualean, forma eta kolore ezberdinak hartzen dituzte kontzeptu bakoitza adierazteko.
Egileak elipseari, laukizuzenari, edo testua inguratzen duen beste forma geometrikoari balio sinboliko bat-edo erantsi ahal dio. Bide beretik erabiltzen diren koloreei.
Kontzeptu maparen ezaugarriak
- Kontzeptu mapa informazioa adierazteko modu labur bat da.
- Sinpleak izan behar dira eta argi adierazi behar dituzte kontzeptu eta proposizioen arteko harremanak.
- Orokorrenetik espezifikora egituratua egon behar du. Hau da, ideia orokorrak egituraren goiko aldean azaldu behar dira, espezifikoak eta adibideak aldiz, beheko aldean.
- Ikusgarriak izan behar. Izan ere, mapa ikusgarria bada, errazagoa da bertan azaltzen den informazioa buruz ikastea, baita buruz ikasitakoa iraunkorragoa izatea ere. Modu honetan, arreta arazoak dituzten ikasleen hautematea errazten da.
- Inoiz errepikatzen ez diren kontzeptuak obaloen barruan daude eta lotura hitzak harreman lerroetatik gertu.
- Gomendagarria da kontzeptuak letra larriz idaztea, lotura hitzak aldiz, minuskulaz. Hauek testuan erabili ez diren hitzak izan daitezke, beti ere, proposizioaren esanahia mantentzen den bitartean.
- Lotura hitzetarako aditzak, juntagailuak edo bestelako lotura kontzeptualak erabil daitezke. Hauek, mapari zentzua ematen diote, baita gaiari buruz ezer ez dakien pertsona bati ere.
- Ideia nagusia kontzeptu berdin ugaritan bana baldin badaiteke, altuera edo lerro berean agertu behar dira.
Nola egin kontzeptu mapak
- Irakurtzen den heinean, identifikatu ideia edo kontzeptu nagusi eta bigarren mailakoak, hauekin zerrenda bat sortuz.
- Zerrenda horrek irakurgaian agertzen diren kontzeptuak islatzen ditu, hauen arteko loturak eta ordena aldiz, ez.
- Menpeko kontzeptuak aukeratu.
- Menpeko harremanak izan ez arren, harreman gurutzatuak dituzten kontzeptuak aukeratu.
- Garrantzia berdina duten kontzeptua bi edo gehiago izanez gero, hauek, lerro edo altuera berdinean azaldu behar dira, hau da, maila berdinean, ondoren, ideia garrantzitsuekin erlazionatuz.
- Kontzeptuak lotzen dituzten lerroak erabili, eta [Lerro (geometria)|lerro]] bakoitzaren gainean kontzeptu hauek argituko dituen hitz edo esaldi bat idatzi.
- Kontzeptu edo proposizioei esanahi handiagoa emango dioten irudiak ezarri.
- Kontzeptu edo proposizioak zehaztea ahalbideratzen duten adibideak diseinatu.
- Kolore ezberdinak aukeratu, harremanak dituzten kontzeptuak eta menpekoak direnak ezberdindu (lotura gurutzatuak).
- Irudiak aukeratu (obaloak, laukizuzenak, elipseak...) erabiliko dugun informazioaren arabera.
- Azken pausoa, maparen eraikuntza izango da, kontzeptuak antolatuz. Kontzeptuak, orokorrenetik zehatzenera adierazita egon behar dira, beheranzko ordenari jarraituz eta lerro gurutzatuak erabili behar dira, elkarrekin harremana duten kontzeptu edo proposizioak lotzeko.
Erabilpenak
- Ideiak sortzeko (brain storming etab.).
- Estruktura konplexuak diseinatzeko (testu luzeak, hipermedia, web orrialde handiak, etab.).
- Ideia konplexuen adierazpena egiteko, azaltzeko.
- Ikaskuntzan eta irakaskuntzan laguntzeko ezagutza berri eta zaharrak esplizituki integratuz.
- Ulermen eza aurreikusteko eta aurre egiteko.
- Aurre-ezagutzak eta kontzeptu akatsak arakatzeko.
- Ikaskuntza esanguratsua bultzatzeko eta ikasleen arrakasta hobetzeko.
- Kontzeptuen ulermena neurtzeko, ebaluatzeko.
Kontzeptu mapak egiteko softwarea
Etengabe sortzen dituzte kontzeptu mapak egiteko eta partekatzeko aplikazioak[2]. Hona hemen bakar batzuk.
- (Ingelesez) Conzilla GNU GPL lizentzia duen software librea. Javaz idatzia.
- FreeMind. Software librea da. Javaz idatzia. Euskaraz lokalizatuta.[3]
- Freeplane. Software librea da. Javaz idatzia. Euskaraz lokalizatuta.[4][5]
- OpenOffice Draw, OpenOffice.org bulegoko paketekoa. Programa pakete hau ez zen berariaz sortu kontzeptu mapak egiteko, baina horretarako ere erabiltzen zen.
- LibreOffice Draw, LibreOffice bulegoko paketekoa. Programa pakete hau ez da berariaz sortu kontzeptu mapak egiteko, baina horretarako ere erabil daiteke.
- LibreOffice Draw LibreOffice bulegoko paketekoa. Programa pakete hau ez da berariaz sortu kontzeptu mapak egiteko.
- (Ingelesez) Freeplane Freemind-en fork bat da. Java gainean funtzionatzen du Windows, Mac eta Linuxen. Software librea da.
- (Ingelesez) Heimer[6]
- (Ingelesez) yEd – Java Graph Editor Doaneko softwarea.
- (Ingelesez) IHMC CmapTools, Windows XP, Windows Vista, Mac OS X, Linux, Solaris, kontzeptu mapak sortzeko softwarea. Eskolen arteko komunikazioa hobetzeko aukerak. Doakoa.
- (Ingelesez) Minder – mind-mapping tool Linuxekin buru mapak sortzeko software librea.
- (Ingelesez) OmniGraffle Bakarrik Mac OSX.
- (Ingelesez) MyMind Bakarrik Mac OSX sistema eragilearekin. Kontzeptu mapak baino, giltza diagramak eta eskemak egiteko.
- (Ingelesez) VUE Software librea (Education Community v2 lizentzia). Oracle Java-rekin irekitzen da. Sistema nagusi guztietan ibiltzen da. Kontzeptuen arteko loturak editatzeko aukera.
- (Ingelesez) Xmind Software librea. Librea ez den Pro bertsioa du. Sistema nagusi guztietan ibiltzen da. Estetika zaindua eta egiturak aldatzeko aukera.
Online aplikazioak
- (Ingelesez) app.mindmapmaker.org online.
- (Ingelesez) Bubbl.us online.
- (Ingelesez) Cacoo.com online.
- (Ingelesez) Coggle online.
- (Ingelesez) Docear online.
- (Ingelesez) Draw.io online.
- (Ingelesez) Gliffy online. Doaneko sistema.
- Mindomo.com online.
- (Ingelesez) Mindmup.com online.
- (Ingelesez) WiseMapping online eta Framindmap.org online
- (Ingelesez)(Gaztelaniaz)(Frantsesez) (eta, denborarekin, beste hainbat hizkuntzatan): www.wiki2map.org Online aplikazioa kontzeptu mapak modu automatikoan sortzeko, Wikipediako artikuluetatik abiatuta[7].
- (Ingelesez) yEd online.
Erreferentziak
- (Ingelesez) «What is mind mapping? - Basics - Mindomo Help» help.mindomo.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
- (Ingelesez) «The best mind mapping software in 2020 | Zapier» zapier.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- «FreeMind - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-11).
- «Luberri: Freeplane: buru-mapak egiteko aplikazio libre eta euskalduna» Luberri 2023-07-26 (Noiz kontsultatua: 2023-08-11).
- «Freeplane - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-11).
- (Ingelesez) «Create mind maps on Linux with Heimer» dnetc.net (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
- gorkaazk. (2019-04-10). «Wikipedia – Buru-mapa automatikoak» Bihar da berandu (Noiz kontsultatua: 2019-05-02).
Ikus, gainera
- Adimen-mapa
- Kontzeptu mapa edo mapa mentalak egiteko software zerrenda