Adigai
Kontzeptua[1], latineko conceptus[2](pentsatutako zerbait) hitzetik datorrena, edo adigaia pentsamenduan, gogamenean edo hizkeran agertzen den nozio orokor edo ideia abstraktu gisa defini dezakegu. Pentsamenduen zein sinismenen eraikuntzan zentraltasuna hartzen du, eta baita ezagutzari lotutako esparru guztietan ere.[3] Hala, kontzeptuak filosofia, psikologia edo hizkuntzalaritza bezalako disziplina ezberdinek aztertzen dituzte nagusiki, egitura logiko zein psikologikoan arreta jartzen dutelarik. Hizkuntzaritzan, kontzeptuak ezagutzaren osagai gisa aztertzen dira eta psikologian zein filosofian berriz, "Ezagutza oro kontzeptuen bidez gauzatu behar da?" bezalako galderak erantzuten dira. Aipatutako hiru disziplinak nagusiak izan arren, badira auzi hau jorratzen duten bestelako disziplinak ere, matematika esaterako. Esparru desberdinek kontzeptua aztertzeak, diziplinartekoa izatea ezaugarri duen zientzia kognitiboaren garapena ere ekarri du.
Filosofia garaikidean gutxienez hiru modu daude kontzeptua ulertzeko:
- Kontzeptuak irudikapen mental gisa
- Kontzeptuak gaitasun edo trebetasun gisa (Wittgenstein)
- Kontzeptuak entitate abstraktu eta objektibo gisa (Frege)
Kontzeptuak, errealitatea eta esanahia
Antzinatean
Zaharra da gauzen orokorra eta komuna nola antzematen ditugun jakiteko ardura; izan ere, egun bizirik dauden beste auzi filosofiko asko bezala, Platonen eta Aristotelesen obretan ikus dezakegu auzi hori ere lehen aldiz. Oro har, antzinateak metafisikan oinarrituz erantzungo dio galdera horri.
Erdi Aroan
Dena den, kontzeptuaren inguruko eztabaidaren aurrekari argienak Erdi Aroko filosofian kokatzen dira, bereziki unibertsalen arazoa deritzonean. Sinpleki azalduz, unibertsalen arazoak gauzen ezaugarri unibertsal gisa aditzera ematen ditugunak nola ezaugarritzean datza. Gauzak horrela, "Nemo arrain bat da" esaten dugunean Nemori emandako ezaugarria Nemo berean al dago?, Nemoren aurretik existitzen al da arraina izatearen ezaugarria?Nemo ez al da ezer "arrain bat da" adierazpenetik haratago? Arazoaren planteamendu horrek kontu metafisikoetan jartzen du arreta berriro ere, hots unibertsal horien existentziaren zein naturaren ingurukoetan. Horiei erantzuten saiatzean, Erdi Aroko filosofoek adimenaren naturaren inguruko hainbat teoria desberdin garatzen dituzte, pentsamenduak unibertsalekin erlazionatu ahal izateko nolakoak izan behar diren aztertuz. Testuinguru horretan garatzen da, hain zuzen, “kontzeptu” hitza: gogamenak sortutako eduki bat, gogamenak berak ezagutzen dituen objektuek komun dutena atzematen duena. Garai horretako filosofoek bereizketa logiko/linguistikoaren baitan garatzen dute beren proiektua.
Aro Modernoan
Unibertsalen arazoa agertoki filosofikotik desagertzen da eskolastikaren desagerpenarekin batera; aitzitik, kontzeptuaren ikerketak bizirik jarraitzen du. Izan ere, aro modernoarekin batera aspektu metafisikoen inguruko interesa subjektu ezagutzailera igarotzen da. Horrek subjektuak ezagutzaren prozesuari egiten dion ekarpena aztertzeko beharra azalarazten du. Hala, filosofo modernoek ezagutza posible egiten duten gure bizitza mentaleko ezaugarrietan jarriko dute begirada, Horren adibide da, esaterako, enpiristen eta arrazionalisten arteko sortzetiko ideien inguruko ezatabaida.
Immanuel Kant
Kantek eginiko enpirismoaren eta arrazionalismoaren sintesi edo gainditzea munduak edo gogamenak ezagutza lortzeko bidean duten lekua zehaztea helburu duen saiakera gisa ulertu behar da. Kanten aburuz, kontzeptuak errepresentazio orokorrak dira, eta intuizioak aldiz, errepresentazio berezi eta berehalakoak dira[4]. Sistema kantiarraren arabera, kontzeptuak ez dira esperientziatik eratortzen; izan ere, kontzeptuen bidez gogamenak zeregin aktiboa du eta, hala, esperientzia kontzeptuetara egokitzen da ezagutza posible izan dadin. Azaldutakoa autorearen esaldi famatu batean laburtzen da: "kontzepturik gabe, intuizioak itsuak dira". Bestalde, Kantek “kontzeptua” adierazteko erabiltzen duen alemaniar hitza (Begriff) norberak ulermenean atzematen duenari buruz hitz egiteko hitzik arruntena da, “termino” bezala ere itzul daitekeena. Adiera bikoitz horrekin soilik uler daiteke ondoren Fregek sortuko duen proiektua, zeinak filosofia iraultzea lortuko duen.
Gottlob Frege
Bere kontzeptugrafian, Fregek predikazioa aztertzea eta horren kalkulu logiko-matematikoa garatzea ahalbidetuko dion notazioa sortzen du. Dena den, Fregek duen kontzeptuaren ikuspegia Kantek duenaren bestelakoa da. Izan ere, jada aipatu den bezala, Kanten ustez kontzeptua errepresentazio mota bat da, baina Fregeren ustez aldiz, kontzeptuak entitate abstraktuak eta objektiboak dira, predikatuen erreferentzia direnak, hau da, funtzioak dira eta balioak hartzean zerbait egiazkoa edo faltsua bihurtzen dira. Laburbilduz, Fregek kontzeptuen ikerketa esparru psikologikotik ateratzen du, plano logiko-linguistikoan jarriz eta, hala, analisi kontzeptuala filosofiaren kontzepzioa izatea ahalbidetzen du.
Ludwig Wittgenstein
Haatik, Wittgensteinen “Ikerketa filosofikoak” izenburuko lanaren agerpenarekin batera, Fregeren teoria zalantzan jartzen hasten da. Wittegensteinen esanetan, hizkuntzari arretaz erreparatzen diogunean, ez dira hitzen aurrez ezarritako esanahiak ikusten ditugunak, baizik eta hitzen erabilera batzuk, familia-antzekotasun batez lotuak daudenak. Ikuspegi berri horrek Fregeren ikuspegiaren gainbehera ekartzen du, eta hala, kontzeptua gaitasun edo trebetasun gisa definitua izaten hasten da. [5][6][7]
Kontzeptuak irudikapen mental gisa
Kognitibismoak arrazoia baldin badu eta gogamena errepresentazioz josita badago, zer da kontzeptua ezaugarritzen duena? Hori bera erantzutea du helburu kontzeptuen ikerketa enpirikoak eta horretarako, subjektuen buruetan ohiko zeregin kontzeptualetan postulatu behar diren egitura-motak ondorioztatzen saiatzen da. Aipatutako zereginetan subjektuak duen papera azaltzeko hiru teoria nagusi sortzen dira:
- Kontzeptuak prototipo gisa: Honen arabera kontzeptua kategoria jakin bateko ale tipikoenaren ezaugarri esanguratsuenen abstrakzioa da. Hala, ibiligailu bat kotxea den edo ez erabakitzeko kotxearen errepresentazio prototipikora jotzen da.
- Kontzeptuak ale gisa: Honen arabera kontzeptua ez da errepresentazio abstraktu bat, baizik eta bere kategoriaren adierazle den ale konkretu bat.
- Kontzeptuak egitura teoriko gisa: Kontzeptuak egitura teorikotzat hartzen dituzten psikologoek arreta berezia jartzen dute egitura kontzeptuala gobernatzen duten antolaketa-printzipioetan.
Jerry Fodor
Autore honek aipatutako teorien aurka erabilitako argumentua hurrengoko hau da: kontzeptuaren gainean sortutako eraikuntza horiek ez dituzte kontzeptuen oinarrizko propietate jakin batzuk asetzeko beharrezkoak diren ezaugarriak, hala nola konposizionalitatea eta izaera publikoa.
- Konposizionalitatea: kontzeptuak elkarren artean era anitzetan batu daitezke kontzeptu berriak sortzeko, horien edukia kontzeptu eratzaileen edukiaren eta osaera-moduaren araberakoa delarik. Horrek, kontzeptu bera hamaika modu desberdinetan birkonbinatzeko aukerak, pentsamenduaren sistematikotasuna azaltzen du, hain zuzen.
- Izaera publikoa: edozein kontzeptu hainbat gizabanakok partekatzea. Fodorren ustez aurreko teoriek ez dute asetzen baldintza hori; izan ere, bakoitzaren prototipoa desberdina dein heinean, ez gatoz bat kontzepturekin.
Beraz, eta laburbilduz, autore honen ustez planteatutako hiru teoria nagusiak okerrak dira, kontzeptuek estruktura bat dutela baieztatzen baitute. Izan ere, konposizionalitateak eta izaera publikoak identitatea eskatuko lukete kontzeptuen artean, baina hori ezinezkoa da kontzeptuek egitura izanez gero, beti egongo baitira desberdintasunak norbanako bakoitzaren prototipo, ale edo teorien artean. Gauzak horrela, Fodorren ustez atomismoa da teoria posible bakarra, kontzeptuak egiturarik gabeko irudikapen mentalak direla baieztatzen duen teoria, hain zuzen. [8][9]
Edouard Machery
Bestalde, teoria psikologikoen aurkako beste ildoak proposatutako egituren heterogeneotasunarekin du zerikusia. Esaterako, Macheryk-en aburuz, kontzeptua ez da eraikuntza psikologiko bateratu bat, hau da, ez da klase natural bat, eta teorizazio psikologikoan duen erabilgarritasuna zalantzagarria izanik, posible da ontologia mentalean baztertzea.[10]
Kontzeptuak eta esperientzia
Zein da kontzeptuen eta esperientziaren arteko lotura? Arrazionalisten eta enpiristen sortzetiko ideien eztabaidan azken horiek gailentzen dira, gogamenak kontzeptuak esperientziatik abstraitzeko tresnak dituela ondorioztatuz. Haatik, hasiera batean zientzia kognitiboak orientazio innatista bat izan zuen, Chomsky-ren teorietan ikus daitekeena batik bat. Autore horren esanetan, hizkuntzak sortzetiko izaera du eta norbanako guztiek komun duten gramatika unibertsal bat existitzen da. Tesi horrek bat egin dezake nolabaiteko innatismo moderatu edo formal batekin, baina sortzetiko kontzeptuak daudela baieztatzeak bestelako dimentsio batzuk ditu. Izan ere, hori esatean aurrez ezarritako edukiak dituzten irudikapen mentalak daudela baieztatzen da. Dena den, badira tesi hori babesten dutenak ere.
Garapenaren psikologiaren ikerketak
Hilabete gutxiko haurrek erakusten dituzten trebetasunak nolabait justifikatzeko asmoz, Elizabeth Spelke[11] edo Susan Carey[12] bezalako psikologoek, funtsezko kontzeptu batzuen existentzia aldarrikatzen dute, horiek izanik haurraren gogamenari munduaren esperientzia antolatzea ahalbidetuko diotenak. Horien aburuz, sortzetiko kontzeptu horiek oso izaera sinplea dute, eta hala, xedearekin, kausarekin edo zenbakitasunarekin lotutakoak dira esaterako.
Fodor-en innatismo erradikala
Autore honen aburuz, kontzeptu guztiak dira sortzetikoak, hori defendatzeko erabilitako argumentu nagusia hau da: esperientziak ematen duen guztia kontzeptu jakin bat aktibatzeko aukera da. [13][14] Dena den, geroago autoreak bere tesia birmoldatuko du, eta sortzetikoak izan beharrean kontzeptu guztiak primitiboak direla esango du. Esan beharra dago, autore gehienek ez dutela muturreko innatismo hau ontzat jotzen.
Kontzeptuak eta esperientzia Aro Garaikidean
Aro garaikidearekin batera gorputzak kognizioarekin dituen loturen azterketa zentrala bilakatzen da. Horrek kontzeptuen eta esperientziaren arteko erlazioaren inguruko eztabaida birplanteatzea ekarriko du.
Kognitibismo tradizionala
Kognitibismo tradizionala konputazionalismoarekin lotuta dago, zeinak adimena informazioa prozesatzeko mekanismo gisa ikusten duen; horren helburua sinboloak erregela bidez manipulatzea da. Ikuspegi horren baitan, kontzeptua sinbolo interpretatu moduko bat da, hots, entitate bat, bere propietate formalen arabera manipulagarria dena, baina eduki jakin bat duena. Gauzak horrela, kognitibismo tradizionalaren ustez, gorputzaren zeregina pertzepzio-estimuluak ematera mugatzen da.
Gorpuzdun kognizioa
Haatik, gorpuzdun kognizioaren agerpenarekin zalantzan jarri da kognitibismo tradizionala. Izan ere, gorpuzdun kognizioaren arabera, gure mundu mentalak inguruarekiko ditugun gorputz-interakzioen ereduak islatzen ditu. Bestalde, teoria hori kontzeptuei ere aplikatzen zaie, izan modu moderatuan edo modu erradikalean.
- Modu moderatua: "Kontzeptuak irudikapen mental gisa" tesia mantentzen du, baina pertzepzioaren modalitateekiko duten independentzia zein pertzepziozkoaren eta kontzeptualaren arteko bereizketa zalantzan jartzen du.[15]
- Modu erradikala: kontzeptuaren nozioa kognizioaren batasun gisa alde batera uztea iradokitzen du, ingurunearekiko elkarrekintza akoplatuko patroietan oinarritutako beste objektu eta prozesu batzuekin ordezkatzeko asmoz. [16]
Dena den, bertsio guztiek dute arazo komun bat: kontzeptu abstraktuen berri nola eman.
Kontzeptuak eta hizkuntza
Kontzeptuen eta hizkuntzaren arteko erlazioa ebidentea da; izan ere, kontzeptuak predikatuetan adierazten dira, izen arrunten bidez. Baina zein da erlazio horren nolakotasuna?
Jerry Fodor
Egiari zor, kognitibismo klasikoak pentsamenduaren mundua hizkuntza-aldaera bat dela esaten du nolabait. Baina dena den, Jerry Fodor bera izango da beste behin pentsamenduaren hizkuntzaren tesia plazaratu zein gizarteratuko duena. Autorearen arabera, kontzeptuak propietate semantikoak dituzten oinarrizko piezak dira, beren formaz soilik arduratzen diren erregelen arabera konbinagarriak direnak. Bestalde, hizkuntza naturalaren perpausak pentsamenduaren lengoaia den horren perpausak adieraztera mugatzen dira, eta oro har, korrespondentzia bat existitzen da gure hizkuntzaren hitzen eta adierazitako kontzeptuen artean.
Fodorren teorien ondorengoak
Fodorren zurruntasun dogmatikoa autore askok gaitzetsi arren, asko dira oraindik egitura linguistikoan egitura kontzeptualaren gakoa bilatzen dutenak.
- Steven Pinker: autore honen aburuz hizkuntza pentsamendurako leihoa da.
- Georg Lakoff eta Mark Johnson[17]: metaforek moldatzen dituzte gure pentsamendua eta jokabidea.
- Saiakera neoenpiristak: honen helburua kontzeptuak pertzepzio-esperientziarekin lotzea da.
Gaitasun kontzeptualen espezifikotasuna gure espeziean
Gizakiak al gara kontzeptuak erabiltzen ditugun izaki bakarrak?
- Hans-Johann Glock [18]: kontzeptualizazioak dimentsio arautzailea du, eta hala, berekin dakar kategorizazioetan egindako akatsak aitortzeko gaitasuna. Hori animalia batzuengan ikus daiteke, tximino handietan esaterako.
- Elisabeth Camp [19]: Trebetasun kontzeptualek berehalako estimulutik bereizteko gaitasuna adierazten dute, eta, beraz, arrazoibide instrumentala izango litzateke gizakiei zein animalia batzuei aplika dakiekeen kontzeptuaren gutxieneko kontzepzio bat aurkitzeko eremua.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Conceptos | SEFA. (Noiz kontsultatua: 2021-04-24).
- (Gaztelaniaz) ASALE, RAE-; RAE. «concepto, concepta | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
- Concepts : core readings. MIT Press 1999 ISBN 0-262-13353-9. PMC 40256159. (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
- López Fernández, A.. (2000). Intuición y concepto en Kant. Diálogos, 143-188 or..
- Mota, S.. (2015). Wittgenstein en torno a los conceptos. Análisis.. Revista de investigación filosófica, 195–219 or..
- Aguilera, M.. (2008). Conceptos como habilidades: clasificar vs. identificar.. En Agüero et al., 45-52 or..
- Destéfano, M.. (2008). El requisito de generalidad y un análisis conceptual de las nociones de “habilidad” y “capacidad cognitiva”.. En Agüero et al., 195-200 or..
- Fodor, J.. (1984). El lenguaje del pensamiento. Alianza.
- A., Fodor, Jerry. (1998). Concepts : where cognitive science went wrong. Clarendon Press ISBN 0-19-823637-9. PMC 57666507. (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- Machery, Edouard. (2009-03-19). Doing without Concepts. Oxford University Press ISBN 978-0-19-530688-0. (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- Spelke, Elisabeth. (2000). Core knowledge. American Psychologist, 1233–1243 or..
- Carey, Susan. (2009-08-01). «Conclusion I: The Origins of Concepts» The Origin of Concepts (Oxford University Press): 447–486. ISBN 978-0-19-536763-8. (Noiz kontsultatua: 2021-04-24).
- Hernández Borges, R.. El innatismo de conceptos en la teoría de Fodor: Problemas y consecuencias.. Laguna: Revista de Filosofía, 4, 77-90 or..
- Gomila Benejam, A.. (1991). El innatismo de Fodor: Consideraciones críticas.. Estudios de Psicología, 45, 35-48 or..
- Barsalou, L.. (1999). Perceptual symbol systems.. Behavioral and Brain Sciences, 22, 577–660 or..
- Wilson, A. D. eta Golonka, S.. (2013). Embodied cognition is not what you think it is.. Frontiers in Psychology, 1–13 or..
- Lakoff, G. eta Johnson, M.. (1980). Metaphors We Live By.. Chicago: University of Chicago Press..
- (Ingelesez) «HANS-JOHANN GLOCK ANIMAL MINDS : CONCEPTUAL PROBLEMS» www.semanticscholar.org 2008 (Noiz kontsultatua: 2021-04-26).
- CAMP, ELISABETH. (2009-03). «Putting Thoughts to Work: Concepts, Systematicity, and Stimulus-Independence» Philosophy and Phenomenological Research 78 (2): 275–311. doi: . ISSN 0031-8205. (Noiz kontsultatua: 2021-04-26).