Kontsonante sudurkari
Kontsonante sudurkaria sudurkaritasun bereizgarria ahosmolde gisan duen kontsonante bat da, hots, kontsonante horien airea moldatzen duen mugimenduak sudurretik ateratzera bideratzen du. Sudurkari bat ebakitzean, airea sudurretik aske ateratzen da. Sudurkarien barnean bi talde nagusi bereiz daitezke: bokalak eta kontsonanteak.
Herskari sudurkari bat ahoskatzean, airea sudurretik bakarrik irteten da, ezpainek edo mihiak airearen pasabidea ahoan eragozten dute. Bestalde, euskarazko sudurkari guztiak ahostunak dira. Akustikoki, sudurkarien maiztasun banda 200 eta 2000 Hz artean dago.
Kontsonante sudurkariak[1] hurrengoak dira:
Ahostunak | Ahoskabeak | ||
Deskribapena | NAF | Deskribapena | NAF |
sudurkari biezpainkari ahostuna | [m] | sudurkari biezpainkari ahoskabea | [m̥] |
sudurkari ezpain-horzkari ahostuna | [ɱ] | sudurkari ezpain-horzkari ahoskabea | [ɱ̊] |
sudurkari horzkari ahostuna | [n̪] | sudurkari horzkari ahoskabea | [n̪̊] |
sudurkari hobikari ahostuna | [n] | sudurkari hobikari ahoskabea | [n̥] |
sudurkari erretroflexu ahostuna | [ɳ] | sudurkari erretroflexu ahoskabea | [ɳ̊] |
sudurkari sabaikari ahostuna | [ɲ] | sudurkari sabaikari ahoskabea | [ɲ̊] |
sudurkari belar ahostuna | [ŋ] | sudurkari belar ahoskabea | [ŋ̊] |
sudurkari ubular ahostuna | [ɴ] | sudurkari ubular ahoskabea | [ɴ̥] |
Euskaraz
Euskaraz, hiru kontsonante sudurkari daude: <n>, <m> eta <ñ> idatziak (euskara batuaz, azkena maizenik in digrafoaz ere irudikatzen da).[2] Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan <n> /n/-rekin adierazia da, <m> /m/-rekin; eta <ñ> /ɲ/-rekin. Euskarazko hitz anitzek hots horiek dituzte: jan /ʝan/, eman /eman/ eta Beñat /beɲat/, esaterako. Bestalde, erran dezakegu /n/ eta /m/ sudurkariak aski orokorrak direla edonon,[3] ahosmolde horiek hizkuntza anitzetan atzematen dira (ingelesean, esaterako). Aldiz, /ɲ/ hizkuntza gutxiagok dute, urria ez bada ere: gaztelaniak, frantsesak, katalanak, okzitanierak, portugesak, italierak... dute, urrunago joan gabe.
- /m/ sudurkari biezpainkaria da eta beti, ahostuna. Hitzen hastapenean (adibidez, mahaia) edo bokalen artean (amona) atzeman daiteke. Euskaraz, /m/ ez da hitz amaieran agertzen, maileguzko hitzetan salbu (Vietnam, totem, REM).
- /n/ sudurkari hobikaria da eta beti, ahostuna. Hitzen hastapenean (adibidez, nahasi), bukaeran (eman) edota bokalen artean (anafora) atzeman daiteke; halaber, kontsonante baten ondoren (barne) nahiz aurretik (emango, handik).
- /ɲ/ sudurkari sabaikaria da. Euskalkiaren arabera, ez dakigu beti zehazki fonema bat den. Testuinguru zenbaitetan, sabaikaritze afektiboa adierazteko baliatua da, hau da, efektu ttipigarria du (ñimiño). Alta, /ɲ/-k ez du beste hizkuntzetan halabeharrez horrelako baliorik.
- /ŋ/ sudurkari belar ahostuna asimilazio baten ondorioa besterik ez da, /n/ hobikariaren ondoren /k/ zein /g/ kontsonante herskariak badoaz: adibidez, egin > egingo (alegia, /eγin/ > /eγiŋgo/), Irun > Irungo (/irun/ > /iruŋgo/), tanke (/taŋke/). Euskaraz, hitzaren barnean baino ez dago, baina beste zenbait hizkuntzatan, hitzaren bukaeran ere ageri da (ingelesez, singing, "kantatzen") nahiz hasieran (maorieraz, ngā, "pluralezko artikulua").
Kontsonante sudurkariak entzuteko, ikus euskararen hotsak.
Silaba koda hitzaren barnean
- andre [ãn̪d̪ɾe]
- hanka [ãŋka] edo [hãŋka]
Silaba koda hitzaren bukaeran
Silaba topaketa murriztapenak (ahal direnak)
- Sudurkaria + herskaria: kanpo, landa
- Sudurkaria + afrikatua: entzun, intxaur
- /ɾ/ + sudurkaria: erne, barne, berme
Silaba topaketa murriztapenak (ezin direnak)
- Sudurkari taldeak: **nn, **mm, **nm
- Sudurkaria + urkaria: **nl, **nr
- Albokaria + sudurkaria: **ln, **llm
Euskalkietan
Batzuetan, /n/ > /ɲ/ bilaka daiteke, sabaikaritze deitzen den asimilazio baten bidez. Adibidez, nor eta iñor eta nola eta iñola hitzei i- aurrizkia gehitzen bazaie, /n/ > /ɲ/ bihurtzen da, hau da, inor > iñor, eta inola > iñola. Hori mendebaldeko eta erdialdeko euskalkietan gertatzen da (Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan), /i/ /n/ aurretik agertzen denean: fina ("fiña"), mina ("miña"), oina ("oña")... Halaber, oin ("oñ"), mindu ("miñdu"), Gipuzkoako zenbait tokitan.
Lapurdi eta Baxe-Nafarroan, ez dago sabaikaritzerik, aurkakoa baizik, bertako euskalkiek desabaikaritzeko joera baitute. Mainu /mainu/ erraten da, sabaikaritzerik gabe, /maɲu/ edo /maiɲu/ ahoskatu beharrean. <ñ> /ɲ/ efektu ttipigarria lortzeko baizik ez da baliatua: adibidez, <andereño> /ãn̪'d̪e're'ɲo/.
Zuberoan, /n/ eta /ɲ/ arteko oposaketa /h/ hasperenaren aurretik ere mantentzen da. Adibidez, unhétsi eta uñhú. Hizkera zenbaitetan, /n/ eta /ɲ/ arteko oposaketa hitz bukaeran aurki daiteke, baina ez guztietan.
Erreferentziak
- Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2002]
- Hualde, José Ignacio. (2003). A grammar of Basque. .
- Michelena, Luis. (1977). Fonética histórica vasca. Gipuzkoako Foru Aldundia.