Kontsonante hobikari

Fonetikan, kontsonante hobikaria[1] hobiosteko kontsonantea da, ia beti txistukaria. Apur bat sabaikarituak dira, mihia kakotuz ahoskatzen direla. Izan ere, artikulazio gunea gaineko matrailaren hobi eta sabaiaren artean den junturaren heinean kokatzen da. Kontsonante sabai-hobikariak soinu arruntak dira, esate baterako, ingelesez ship eta chip, edo frantsesez chat eta jus.

Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan kontsonante igurzkari hobikari ahoskabea ⟨ʃ⟩ ikurrarekin transkribatua da eta bere kide ahostuna ⟨ʒ⟩ ikurrarekin, eta kontsonante hobikari afrikatu ahoskabea ⟨tʃ⟩ ikurrarekin adierazia da eta bere kide ahostuna ⟨dʒ⟩ ikurrarekin. Afrikatuak ⟨t͡ʃ⟩ eta ⟨d͡ʒ⟩ sinboloekin transkribatuak agertzen ahal dira edo Unicode ikur hauekin ⟨ʧ⟩, ⟨ʤ⟩, bereziki afrikatua eta leherkari + igurzkari kontsonante multzoa bereizten dituzten hizkuntzetan.

Ezaugarriak

Hobikari igurzkaria
  • Kontsonante hobikaria ahoskatzeko mihia ganbila eta kakotua izan behar da, hau da, gako itxura ukan behar du. Alabaina, kontsonante hobi-sabaikariari konparatuz, mihia sabaitik doi bat urrunago izan behar da, beraz, sabaikaritzea maila apalago batean gertatzen da.
  • Kontsonante koroari gehienak bezala, sabai-hobikariak mihiaren puntarekin edo mihiaren lepoarekin ahoskatuak izaten ahal dira, hau da, apikariak edo bizkarkariak izan daitezke.

Euskaraz

Euskaraz bi hobikari ditugu, [ʃ] txistukari igurzkaria eta [t͡ʃ] txistukari afrikatu ahoskabea, besteak beste. Hauetaz gain, euskalki zenbaitetan (bizkaieraz edo zubereraz, esaterako) hauen kide ahostunetako bat ere aurkitzen dugu: [ʒ] edo [d͡ʒ]. Kontsonante horien ahoskunea goiko matrailaren hobi eta ahosabai gogorraren artean den juntaduraren heinean kokatzen da, erran nahi baita kontsonanteak hobiostekoak direla.

Kontsonante bakoitzaren ezaugarriak

  • [t͡ʃ]: afrikatu hobikari ahoskabea euskalki guztietan agertzen da. ⟨tx⟩ ikurraren bidez irudikatzen da (adibidez, etxe, atxo, txori).
  • [ʃ]: igurzkari hobikari ahoskabea euskalki guztietan agertzen da. ⟨x⟩ ikurraren bidez irudikatzen da (adibidez, xume, xehe).
  • [ʒ]: igurzkari hobikari ahostuna euskalki zenbaitetan agertzen da, gehien bat lehen [j] hurbilkari sabaikari ahostuna zenaren indartzearen ondorioz. ⟨j⟩ ikurraren bidez irudikatzen da (adibidez, bizkaieraz mendije, txikije eta zubereraz jin, jinko).

Berezitasun batzuk

/ʒ/, /ʃ/-ren kide ahostuna, *j zaharraren ondorengoa da. Zuberoaz gain Bizkaian ere aurkitzen dugu fonema hori (Lekeition, Bermeon, etab.): mendia [men̪d̪iʒa], harria [ariʒa]. Esaldi hastapenean afrikatzen da.

Mendebaldean, oro har [t͡s̺] zena [t͡s̻] bihurtu da, hizkera batzuetan horren ordez [t͡ʃ] aurki daitekeela.

 /ʃ/ eta /t͡ʃ/ -ren banaketa desberdina da euskalki batetik bestera.

Erreferentziak

  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2011]

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.