Kontrapuntu

Kontrapuntua (latinetik punctus contra punctum, «nota notaren aurka») musika ontzeko teknika da, zenbait doinu-lerro independente (polifonia) koherentziaz eta harmoniaz konbinatzean datzana[1], nolabaiteko oreka lortzeko asmoz. Mendebaldeko musikan ia osotasunean erabili izan du prozesu kontrapuntistikoren bat. XV.mendean azaldutako praktika da, Pizkundean garapen itzela jasan zuena, Josquin Des Prez eta Giovanni Pierluigi da Palestrinarekin, eta bereziki Barrokoan ikus daiteke honen erabilpen errepikakorra, Johann Sebastian Bach musikagilea eredu gisa. Gaur egun arte mantendu izan da teknika hau.

Bach-en Ongi Tenperatutako Klabezinaren 1.liburutik ateratako laburpena, BMV 862, 17.Fugatik, La bemol maiorren.

Teknika kontrapuntistikoari buruz idatzi zuten teorialari garrantzitsuen artean nabarmendu zen Johann Fux. Honek 1725ean Gradus ad parnassum liburuan aurkeztutako 5 espezieak gaur egun arte luzaroan iraun dute, eta irakasbide gisa erabiltzen garraitzen da. Mendebaldeko musikaren barne sartzen ez diren beste lanetan kontrapuntua erabiltzen bada ere, hauetan polifonia hitza erabiltzea hobesten da.

Ezaugarriak

Kontrapuntua musika eraikitzen duten hainbat doinu-lerroen arteko independentzia bilatzen duen teknika da, independentzia hori erritmoak, harmoniak edota doinu-kurbak sorrarazita. Harmonia ahotsen arteko lotura bertikalean oinarritzen den ahala, kontrapuntuak ikuskera horizontal eta lineala dauka jomuga. Hala ere, lan musikal baten barnean bi tekniken erabilpena delakoan beharrezkoa, ezin da harmonia kontrapuntuaren aurkakotzat jo. Izan ere, kontrapuntuak dakarren polifoniaren aurkakoa litzateke homofonia, harmonian aurki dezakegun arren, harmoniaren sinonimoa ez dena.

Mendebaldeko musikaren historian aurki daitekeen idazkera kontruntistiko ohikoena litzateke lau ahotsekoa, beti horrela izan ez den arren. Pizkundearen hasierako mezetan, esate baterako, hiru ahotsetan idazten ohi zen, azpi-kantu finko batekin (tenor izendatua). Betegintzarre edo perfekzio harmonikoaren eredua eta aukera kadentzialak, haatik, oso mugatuak geratzen ziren, oinarri harmonikoaren kontrol nahikoa ez zegoelako, beheko kantu finkoa aurretik zehaztua baitzegoen. Horren ondorioz gehitu egin zen laugarren ahots bat, tenorraren azpian: contratenor bassusa (kontratenor baxua). Berrikuntza hau musikagile ezezagun ingelesaren lana izan zen, Missa Caput (1440) lanaren langilea. Geroago, contratenor bassusa soilik bassus deitzera igaro zen, gaur egungo baxua; tenor izena gaur egun ere halaxe erabiltzen da; contratenor altusa altusera laburtu eta oraingo kontraltoa litzateke; eta goiko ahotsa, superius edo discantus deitua, gaur egun soprano deitua da.

Erreferentziak

  1. .

Kanpo estekak

Musika Artikulu hau musikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.