Kontrapuntoak

Kontrapuntoak Luis Iriondo Etxaniz musikari, aktore eta ekoizleak 60ko hamarkadan gidaturiko taldea izan zen Kontrapuntoak. Pilar Forcada, Jesus Mari Larrañaga, Gonzalo Zubizarreta eta Miguel Mari Aspiazuk osatu zuten boskotea, eta disko bilduma oparoa kaleratu zuten, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez zein italieraz. Estilo anitz landu zituzten: komedia musikala, folklorea, kantagintza modernoa, ahots musika...

Kontrapuntoak
Datuak
JatorriaAzkoitia (Gipuzkoa)
Musika motakantagintza modernoa, folk
Urteak1960 eta 1970 hamarkadak
Produkzioa
Diskoetxea(k)Belter
Taldekideak
Luis Iriondo
Pilar Forcada
Jesus Mari Larrañaga
Gonzalo Zubizarreta
Miguel Mari Aspiazu

Taldea

1960an sortu zen Kontrapuntoak taldea, Luis Iriondo Etxanizek (Azkoitia, 1931) Londresera egindako bidaia baten ondoren. My Fair Lady antzezlan musikala ikusi zuen hiriburu hartan, eta euskaraz taularatzeko asmo sendoarekin itzuli zen. Abesturiko zatiak euskara eta gaztelaniara itzuli zituen, baina egitasmoak ez zuen aurrera egin. Hala ere, talde bat sortzea erabaki zuen, eta Azkoitiko lau abesbatzetako zuzendariak hartu zituen: Pilar Forcada, Jesus Mari Larrañaga, Gonzalo Zubizarreta eta Miguel Mari Azpiazu. Lehen urtean Juan Inazio Irureta fraide eta organista izan zen taldeko zuzendari artistikoa. Hura Venezuelara joan zenean Miguel Mari Azpiazuk hartu zuen taldearen lemazaintza. Lehen emanaldia 1960an egin zuen taldeak, artean izenik ez zuela, La Voz de España egunkariak antolatu zuen jaialdi batean. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian abestu zuten estreinako aldian hartu zuten Kontrapuntoak izena.

My Fair Lady izan zen taldeak kaleratu zuen lehen diskoa, komedia musikalaren zatiez osatua. Belter diskoetxe katalanak kaleratu zuen, 1961ean. Urte hartan, Los Xey taldeari agur esateko jaialdi bereziak antolatu ziren, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan lehenengo, eta hainbat herritan ondoren (Eibar, Azpeitia, Aretxabaleta...). Donostiako Artista Berrien Lehiaketan garaile izandako artistekin osatu zuten emanaldiotako egitaraua, eta horietako batean Kontrapuntoak-i egokitu zitzaion Los Xeyrekin aritzea. Hain zuzen, Los Xeyko taldekide Guillermo Lazkano eta Juan Urteagaren hainbat kantu grabatu zituzten azkoitiarrek 60ko hamarkadan.

1969ra bitartean hainbat disko kaleratu zituzten, 30 inguru. Horietako asko Belter diskoetxearen enkarguz egin zituzten. Denetariko estiloak jorratu zituzten: euskal folklorea (Jesus Guridi), gabon kantak, atzerriko egile garaikideen moldaketak (Charles Aznavour, Charles Trenet, Irving Berlin, Leo Ferre, Cole Porter, Gershwin...), ganbera musika klasikoa, ahots musika erlijiosoa (Luis Iruarrizaga)... Iriondoren hitzetan, "gure berritasuna izan zen polifonia modernoa ekartzea euskal musikara, eta baita ere mundu guztiko kantak abestea, euskaraz edo erdaraz, ingelesez, frantsesez, italieraz eta abar. Beldurrik gabe. Errepertorio aldetik oso pretentsio handia zuen gure taldeak, eta baita aberastasuna eta musika jakinduria ere". Taldeak abesturiko polifonia asko Tomas Garbizu, Jose Olaizola eta Xipri Larrañagak moldatutakoak ziren.

Diskoak Bartzelonan grabatzen zituzten, eta maiz Espainiako musikari eta ekoizleekin lan egin zuten. Horrela, "Mutilzarrak" 1967an grabaturiko kantuaren moldaketak Augusto Alguerók egin zituen. Hala ere, "La, la, la" 1968an Eurovision jaialdia irabazi zuen kantuaren euskarazko bertsioarekin lortu zuen arrakasta handiena Kontrapuntoak taldeak -jatorrizko bertsioa Massiel espainiar kantariak abestu zuen-. Kantu hura zela eta, Espainiako TVE telebistan agertu zen taldea, larunbat gaueko saio nagusian. "Beti deitzen ziguten larunbat gauerako programa handietarako... Sei kantu abesteko dirua pagatzen ziguten eta bakarra kantatzen genuen, euskaraz zelako. Euskarazko kantu bat abestea bonba txiki bat botatzea bezala zen", esana du Luis Iriondok.

"La, la, la"-ren euskarazko kantuaren arrakasta ikusita, Saloméren "Vivo cantando" abestiarekin gauza bera egitea proposatu zion Belter diskoetxeak Iriondori 1969an. Orduan, Salomek berak grabatu zuen kantua, Iriondok euskaratuta ("Kantari bizi naiz"), eta "Zu lagun, ni lagun" kantua ere biltzen zuen single batean atera zuten.

Taldea desegin eta gero, ekoizpenaren arloan aritu zen Luis Iriondo, hainbat artistarekin: Lourdes Iriondo, Xabier Madina (Akelarre), Patxi Andion -Jose Maria Iparragirreren kantuekin osaturiko diskoa kaleratu zuen 1973an-, Mocedades (Kantaldia), Enrique Zelaia... Halaber, Iparragirre. Zure oroiz (Xoxoa, 1981) zuzendu zuen, Iparragirreren omenez askoren artean egindako bilduma. Horrez gain, aktore lanak egin zituen zenbait filmetan: Companys, procés a Catalunya (Jose Maria Forné, 1979), Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986), Gran Sol (Ferrán Llagostera, 1988)...

Diskografia

  • Aquí Las Vascongadas (1962, Belter)
  • Navidad Vasca (1963, Belter)
  • Gabon abestiak (1963, Belter)
  • Cantos Vascos (1963, Belter)
  • Navidad Vasca (1967, Belter)
  • Belén Vasco (1967, Belter)
  • Agur Jaunak (1967, Belter)
  • Romería en el País Vasco (1967, Belter)
  • Los Contrapuntos (1968, Belter)
  • Kontrapuntoak euskaraz (1968, Belter)
  • Los Contrapuntos (1969, Belter)
  • Gu Kontrapuntoak (1977, Ediciones Fonograficas)

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.