Konstruktibismo (pedagogia)

Pedagogian, konstruktibismoa ikaskuntza-prozesuaren garapena azaltzen duen teoria bat da, euskaraz ikuspegi eraikitzailea ere deitua. Teoria honen arabera, ikaslea bera da bere ikaskuntza-prozesua eraikitzen duena, aurreko jakintza eta trebezietan oinarrituta, elementu berriak eskema orokorragoetan txertatuz. Horrela, konstruktibismoa hauek izanik ikaskuntza egoki baten gakoak: ikaskuntza adierazgarria, ikaslearentzat esanguratsuak diren edukiak, ikasgai berriak aurrekoekin modu egokian integratu behar baitira; ikasgaiaren erabilgarritasuna eta ulergarritasuna.

Jean Piaget, konstruktibismoaren erreferente nagusia.
Lev Vigotski konstruktibismoaren erreferentea.
Maria Montessori konstruktibismoan oinarritzen zen pedagogo klasikoetako bat.

Ikaskuntza prozesu aktibo eta indibidual moduan ere eratzen du, ikaslea baita bere ikaskuntzaren protagonista, ikasgaiak bere bizitza-esperientziarekin lotuz. Alde horretatik, ikastea barne-prozesu bat da, kanpotik baino ikasle bakoitzaren barnetik zuzendu beharrekoa. Horrela, irakaslearen eginkizun nagusia ikaslea bera ezagutzea da, ikasi beharrekoa ahalik eta egokien barnera dezan.

Konstruktibismoaren funtsezko irudi gisa Jean Piaget eta Lev Vigotski nabarmentzen dira. Jean Piagetek ezagutza nola eraikitzen den aztertu zuen, ingurunearekiko elkarreraginetik abiatuta. Aitzitik, Lev Vigotskik gizarte inguruneak barne berreraikuntza nola ahalbidetzen duen aztertu zuen.

Konstruktibisten ustez, ikaskuntzaren instrukzioa jokabide-psikologiaren aplikazioetatik sortzen da, non ezagutzaren irakaskuntza programatzeko jokabide-mekanismoak zehazten diren.

Jean Piaget filosofo eta psikologoa bere lanak, XX. mendearen erdialdean osatu zituen epistemologia genetikoaren teorian oinarrituz. Geroztik, hezkuntza ofizialaren paradigma bilakatu da. Egun bestelako ekarpenekin uztartu badira ere (ikaskuntza dialogikoarekin, esate baterako).

Ikuspegi eraikitzaile honen arabera ikasleak bere aurre-ezagutzak ingurukoei komunikatzeaz gainera, ezagutza horiek behin eta berriro alderatu ere alderatu egiten ditu. Partekatze lan horrek askotan gatazka kognitiboak sortuko ditu ikaslearengan, eta ikaslearen egitura kognitiboan piztuko diren desoreka horiek eramango dute ezagutza eraikitzera.

Ezagutza sortzeko, jarduera mentalak beharrezko izango du ingurune soziala. Inguru sozial horretan ezinbestekoa izango da aldamiatzea eraikitzeko prozesua. Aldamiatze horrek Lev Vigotskik sortu eta garatutako Garapen Hurbileko Eremuan eragingo du. Lev Vigotskiren GHEa pertsona batek bere kabuz egin dezakeenaren eta esperientzia gehiago duen norbaiten laguntzaz egin dezakeenaren arteko aldea da. Alde horretatik, edozein hezkuntza sistemaren helburu nagusia izan beharko luke laguntza hori ematea.

Konstruktibismoa eta IKTen erabilera hezkuntzan

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) eguneroko bizitzaren eremu guztietan (pertsonalean eta lanekoan) sartu dira XXI. mendean, eta aldaketak eragin dituzte interakzio-dinamiketan hainbat eremutan, besteak beste, hezkuntza-arloan.

IKTekin, besteak beste, Web 2.0 eta Web 3.0 aplikazioei egiten zaie erreferentzia. Haien ezaugarriek egoki egiten dituzte irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eskola eta unibertsitateetan eraldatzeko. IKTek aldaketa curricular, pedagogiko, didaktiko eta ebaluatzaile batzuk eragin ditzakete; izan ere, ikaskuntza-esperientziak sortzen eta zabaltzen lagundu dezakete, ikasleak ezagutza autonomiaz eta erantzukizunez eraikitzeko, eta irakasleak hezkuntza-materialak eta -esperientziak diseinatzeko aukera izan dezan.

Pedagogo batzuen ustez[1], IKTak hezkuntzaren helburu eta bitarteko gisa ikus daitezke: helburu bat dira IKTek jada lekua duten gizarte batean aktiboki parte hartzen lagundu ahal izango duten tresna teknologikoei buruzko ezagutzak eta trebetasunak eskaintzen dituztenean; eta bitarteko dira, irakaskuntza-lanak eta ikaskuntza-prozesua babesten dituzten heinean.

Konstruktibismoa eta IKTak. Tresna batzuk

Aldamio egituren metafora erabili ohi da pedagogian, ikasleei nolabaiteko laguntzak eman behar zaizkie adierazterakoan. Ikaslearen autonomia landu behar da, ikasleak gero eta pertsona independenteagoak izateko helburuarekin.

Irakaskuntza konstruktibistaren tresna gisa erabiltzen diren oinarrizko aplikazioak Sare sozialakl, Wikiak eta blogak dira, baina ikasleek euren ezagutza eraikitzeko beste hainbat tresna erabil ditzakete, aplikazio komertzialekin diseinatuak zein software librearekin garatuak[2]. Wikipedia bera multzo honetan sar liteke.

IKT tresnetan erabiltzaile aurreratuak diren irakasle batzuk, gainera, Ikaskuntza Kudeatzeko Sistemak eskaintzen dituzte, Moodle plataformak, esate baterako. Horiek guztiek komunikazioan, balioetan, ideietan, ikuspegietan eta trukeetan oinarritutako gizarte-egituraren eraketa sustatzeko ahalmena dute. Beraz, aplikazio horiek elkarrekintza soziala eta esperientziak sustatzen dituzte, ikasleari bere ezagutzak sortzen laguntzen diotenak, hau da, ikaskuntza prozesu aktibo, egiazko eta erreal gisa eramaten laguntzen diotenak, irakasleak lagunduta.

Irakasleek laguntzeko aldamio-egitura sistemak eraiki beharko lituzkete ikasleek euren ezagutza eta jakintza eraikitzen duten bitartean.

Aplikazio horien erabilera eraginkorra izan dadin, honako hauek hartu behar dira kontuan:

  1. . Ingurune birtual sortzailea sortzea, tresna eta material ugari jasateko gai izango dena.
  2. . Ikasgelako kide bakoitzaren konpromiso aktiboaren estimulazioa.
  3. . Ikaslearen eta irakaslearen arteko komunikazio eraginkorra.
  4. . Lankidetza-jarduerak egiteko aukera.

Konstruktibista ospetsuak

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) José Manuel Sáez López. «LA PRÁCTICA PEDAGÓGICA DE LAS TECNOLOGÍAS DE LA INFORMACIÓN Y LA COMUNICACIÓN Y SU RELACIÓN CON LOS ENFOQUES CONSTRUCTIVISTAS .:: REICE 2012 - Vol 10, Núm 1 ::.» www.rinace.net (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  2. «Hezkuntza - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).

Bibliografia

  • (Ingelesez) Ally M. (2019) The Digital Teacher in a Mobile and Always-on World. Hemen: Yu S., Niemi H., Mason J. (eds) Shaping Future Schools with Digital Technology. Perspectives on Rethinking and Reforming Education. Springer, Singapore.
  • (Gaztelaniaz) Coll, C. (eds.). El constructivismo en el aula. Bartzelona: Graó. 1993.
  • (Ingelesez) Hargreaves, A. (2003). Teaching in the Knowledge Society. New York: Teachers’College Press.
  • (Ingelesez) Karagiorgi, Y. eta Symeou, L. (2005). Translating Constructivism into Instructional Design: Potentials and limitations. Educational Technology & Society, 8 (1), 17-27.
  • (Gaztelaniaz) Mauri, T. eta Onrubia, J. (2008). “El profesor en entornos virtuales: condiciones, perfil y competencias”. Hemen: C. Coll eta C. Monereo (koord). Psicología de la educación virtual, Madrid, Ediciones Morata.
  • (Gaztelaniaz) Pozo, J.I. eta Pérez Echevarria, M.P. (2009). Psicología del aprendizaje universitario: la formación en competencias. Madrid: Morata.
  • (Gaztelaniaz) Ruiz, I.; Rubia, B.; Anguita, R. and Fernández, E. (2010). Formar al profesorado inicialmente en habilidades y competencias TIC: perfiles de una experiencia colaborativa. Revista de Educación, 352, 149-178.
  • (Ingelesez) Vygotski, Lev S. (1978). Mind in society. The development of higher psychological processes. Cambrige: Harvard University Press.
  • Mario Carretero (Lontxo Oihartzabalek euskaraz jarria): Konstruktibismoa eta hezkuntza Hik Hasi aldizkaria, 20. monografikoa. Donostia: 2007, 95 or.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.