Konfinamendu

Konfinamendua da leku itxi edo ireki jakin batean ohiko askatasunik gabe egon eta mugitu ahal izatea, pertsona bakar bati edo talde bati nahitaez hala ezarrita, erakunde eskudun batek agindu duelako, gobernu edo epaile batek gehienetan. Konfinamendua zigor batek eragin ohi du, baina legez, konfinamendua osasun eta estatu segurtasunerako ere ezar daiteke.

Estatu segurtasunerako ezartzen denean, etxeratze agindu deitzen zaio ordu jakin batzuetarako ezartzen denean; zuzenbide estatuaren ohiko bermeen gainetik estatuko segurtasun indarrek eskumen gehiago eskuratzen dituztenean, setio egoera eta salbuespen egoera deitzen zaio. Zigorraren zentzuan, konfinamenduak ohiko bizilekutik edo pertsonetatik banandua izatea esan nahi du, adibidez, lurralde edo uharte batean. Alde horretatik, deportazioaren oso antzekoa da.

Estatu edo epaile batek gizatalde edo gizabanako bat sorburuko lurraldetik beste lurralde edo herrialde batera indarrez igortzen duenean deportazio deitzen zaio, eta askotarikoak izan daitezke. 1984. urtetik aurrera, Frantziako estatuak lurralde konfinamendua edo deportazioa ezarri zien Ipar Euskal Herrian babesa bilatu zuten Hego Euskal Herriko iheslariei, Amerika edo Afrikako lurraldeetara haiek kanporatuz. Espetxeen testuinguruan, konfinamenduari bakartzea deitzen zaio, gizabanako bati aplikatuta. 1987tik aurrera, motibazio politikoko euskal presoak sorterritik urruneko espetxeetara bidali, banandu eta eduki dituztenean, sakabanaketa edo dispertsioa deitu zaio.

2020ko otsailetik aurrera, Txinan, Europako estatu askotan, tartean zirela Espainia zein Frantzia, konfinamendua agindu zen, Espainian martxoaren 14an Pedro Sanchezek alarma-egoera orokorra agindu zuenean (15etik aurrera); Emmanuel Macronek martxoaren 24an agindu zuen ofizialki osasuneko larrialdi egoera. Euskal Herriari bete-betean eragin zioten bi neurriok. Apirilaren amaieran, Espainiako eta Frantziako Gobernuak deskonfinamendua iragarri zuten, pixkanaka salbuespen neurriak kentzen joateko prozesua.

Bereiztekoak diren bi kontzeptu: berrogeialdi eta konfinamendu

Konfinamendua: alarma egoera ebazten duen Gobernuaren dekretuak ezartzen du herritar guztientzat. Konfinamenduak irauten duen bitartean baimendutako kasuetarako soilik etxetik atera ahal izango da, hala nola erosketak egiteko, medikuarengana joateko, farmaziara joateko, zaborra ateratzeko, kutxazain automatikora joateko, txakurra paseatzera ateratzeko, eta abar.[1]

Berrogeialdia, aldiz, osasun langileek ezartzen diete pertsona jakin batzuei, gaixotasunen bat (adibidez, COVID-19a dutelako) edo gaixotasun hori dutenekin kontaktu estuan egon direlako. Berrogeialdian diren pertsonek ezingo dute etxetik irten gaixotasunak —edo gaixotasun susmoak— irauten duen bitartean.[1]

Erreferentziak

  1. «ZERTAN BEREIZTEN DIRA KONFINAMENDUA ETA BERROGEIALDIA (BAKARTZEA)?» Sasieta mankomunitatea (Noiz kontsultatua: 2021-10-07).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.