Kondoi
Kondoia[1] edo gizonezkoentzako preserbatiboa zakilera egokitzen den estalki irazgaitz mehe, leun eta arin bat da, koitoan haurdunaldia eragotzi eta sexu-transmisiozko gaixotasunak prebenitzeko, sexu harremanetan zein felazioetan. Metodo antisorgailu eraginkorrenetako bat da.
Kondoi | |
---|---|
male contraceptive (en) | |
Antisorgailu gisa, %98ko eraginkortasun tasa du (hau da, erabiltzen den kasu guztietatik %2etan bakarrik egiten du huts), betiere modu egokian erabiltzen bada. Modu desegokian erabiliz gero, eraginkortasun-tasa txikiagoa da.
Erabilpena
Kondoia behar bezala erabiltzeko, aholku hauek jarraitu behar dira:
- kondoia zorrotik ateratzen kontuz ibili behar da, urradurak ekiditeko;
- inoiz ez da kondoi bat bi aldiz erabili behar;
- isurtze gertatu bezain laster, zakila baginatik atera behar da kondoiarekin batera, kondoia haziarekin batera bagina barruan geratzeko arriskua baitago,;
- sexu-harremanean zehar, zakilak bere gogortasuna galtzen duenean ere, baliteke kondoia zakiletik atera eta bagina barruan geratzea; hori dela eta, zakila biguntzen den unean bertan, zakila baginatik ateratzea komeni da;
- kondoia urraturik badago, ez da erabili behar;
- kondoiek iraungipen-data dute, kondoiaren plastikozko zorroan agertzen dena, eta ez dira erabili behar data hori pasa ondoren;
- kondoiaren zorroa itxita ere, kondoiak leku fresko batean kontserbatzea gomendatzen da.
Gehien erabiltzen den antisorgailuetako bat da. Horrela, Espainian, gazteen %80ek kondoia erabiltzen dutela erakusten duten inkestak egin dira [2]. Gazteen artean eta harreman finkorik ez duten bikoteetarako gomendatzen bereziki, antisorgailua izateaz gainera, bikotekideak kutsa ditzakeen gaixotasunak ekiditeko.
Kondoiak sexu-harremanaren sentikortasun fisikoa eragozten duela eta, ustez sentikortasun handiagoa eskaintzen duten kondoi finagoak ere saltzen dira. Munduan zehar tamaina ezberdinetako kondoiak ere saltzen dira. Horrela, europar eta asiar tamainako kondoiak bereizten dira. Izan ere, arraza zuriko gizonezkoen zakila 14-16 cmkoa izaten den bitartean, ekialdeko gizonezkoetan tamaina 2.5 cm txikiagoa izaten da. Kolore ezberdinetan ere saltzen dira. Aldi berean, zaporedun kondoiak ere saltzen dira felazioak egiten direnerako.
Kondoiak lubrifikaturik saltzen dira gehienetan, sarpena errazagoa izan dadin. Ez da komeni, ordea, kondoiarekin batera oliozko sexu-lubrifikatzaile gehigarriak erabiltzea (baselina, esatreako), latex hondatu egin baitezakete.
Materialak
Antzinatean, kondoiak abereen tripakiez egiten ziren.
Gaiari dagokionez, kondoi gehienak latexezkoak badira ere, gai plastiko bat den poliuretanozkoak ere badaude, latex-alergia jasaten duten pertsonentzat egokiak. Poliuretanozko kondoiak gainera finagoak dira eta sexu harremanean zehar sentikortasuna gehitzen dute.
Euskal Herrian
Kondoiak plastikoko zorroetan sarturik saltzen dira banaka (kalean izaten diren vending makinetan batik bat), zein unitate batzuetako kaxetan. Botika zein supermerkatuetan saltzen dira, ez da medikuaren errezetarik behar eta ez da beharrezkoa adin nagusia izatea erosi ahal izateko.
Ramon Etxezarretaren Hiztegi Erotikoak zenbait modu jasotzen ditu euskaraz kondoiari esateko[3]: galtzetina, gomazko galtzetina, zakua, txanoa, txapela...
Erreferentziak
- Euskalterm: [Hiesa Hiztegia] [2016] eta [Ginekologia Hiztegia] [2015]
- (Gaztelaniaz) Sanidad y fabricantes se comprometen a vender condones a precios asequibles. Noticias de Gipuzkoa. 2009-01-16.
- «HABE Ikasbil» ikasbilberri.ikasbil.net (Noiz kontsultatua: 2018-06-07).