Komite Militar Iraultzailea
Komite Militar Iraultzailea (errusieraz: вое́нно-революцио́нный комите́т), errusierazko Milrevkom akronimoaz ere ezagutua izan zena, 1917an existitu zen Sobieten menpeko erakunde politiko-militar bat izan zen, Urriko Iraultzan gidaritzako papera izan zuena, bai Behin-Behineko Gobernuaren kontrako matxinada zuzentzea, eta baita ere Iraultzaren osteko hurrengo ordu eta egunetan administrazio-antolaketa organu goren bezala funtzionatu zuen, de facto Gobernu bat izango bailitzan.
Komite Militar Iraultzailea | |
---|---|
Datuak | |
Mota | erakundea |
Agintea | |
Egoitza nagusi |
Sorrera
Urriaren 12an Petrogradeko Sobietak, batez ere honen Ispolkomek sortu zuen organo hau, boltxebikeek eta ezkerreko eseristek osatu zutelarik. Organo honen eta abuztu bukaeran Korniloven kolpearen kontra borrokatzeko komiteen artean, bazeuden antzekotasunak, adibidez Sobietek antolatutako organoak izatea eta alderdi ezberdinetako kideak egotea; baina baita ere ezberdintasunak, adibidez kasu honetan matxinadarako organoa izatea (eta ez matxinada kontrairaultzaile bati aurre egitekoa), eta alderdi sozialista denak ez biltzea, baizik eta sozialismoranzko berehalako trantsizioaren alde zeudenak soilik[1].
Leninek irail bukaeran eta urri hasieran jada esan zuen boltxebikeek berehalako matxinada prestatu behar zutela. Hala ere, Sobietez aparteko organo bereziak irailaren 25ean idatzitako Marxismoa eta matxinada idatzian agertu zuen: “iraultzaren koartel nagusi izango diren organo berriak sortu behar ditugu”: Paradoxikoki, urriaren 9an mentxebikeek (Mark Broido ordezkariak, zehazki) izan zuten lehen aldiz “Iraultzaren Defentsarako Komitea” sortzea. Honen arrazoiak, Gobernuak Petrograd ebakuatzeko asmoak omen zituenaren ingurukoak ziren (Korniloven antzerako beste Estatu-kolpe eskuindar bat saihestea zen antza mentxebikeek proposatutako “Komitearen” asmoa, zurrumurruen arabera Gobernuak Petrograd alemaniarrei eman nahi zien eta). Hala ere, azkenean, “Komite Militar Iraultzailea” izenez, urriaren 12an sortu zen, boltxebikeek eta ezkerreko eseristek baietza eman ziotelarik eta mentxebikeak kontra agertu zirelarik (mozio berri honen arabera, Petrograd Gobernuarengandik defendatu behar zela agertzen zen). Ebazpen hori, 283 bozka 1en kontra onartu zen. Sobietak urriaren 16an eman zion berrespena. Komite honen asmoa, mentxebikeek proposatu zutenaren ezberdina zen: matxinada iraultzailea prestatzea. Urriaren 20an Petrogradeko Milrevkomek bere lehen plenarioa egin zuen (Krivoxeievek zuzendutako Errusia Sobietarraren Historia lanean, 18tik 19rako gauean izan zela azaltzen da). Beraz, Petrogradeko Komite Militar Iraultzailea Petrogradeko Sobietaren eta honen Ispolkomen menpeko organo bat zen (gerora beste hirietan antzeko Milrevkomek sortu baziren ere). Stalinen arabera “Milrevkomek bazuen baita ere, erretolika defentsiboa erabiliz (….) iraultzara oraindik zalantzan zegoen jendea erakartzeko helburua (…) edo helburu horren arabera jokatzen zuen, horregatik, erretolika defentsiboa erabiltzen zuen askotan”. Adibidez, erretolika “defentsibo” hori ezkerreko eseristek bukaeraraino eraman zuten: urriaren 22an, euren ordezkari Balaxovek esan zuen ezkerreko eseristak soilik honen parte izango zirela “Milrevkomek lan defentsiboak egiten bazituen”[2].
Milrevkomen sorrera, 1917ko urrian, urriaren 10eko Komite Zentralaren bilera ikur izan zelarik, jarraitutako ildoaren emaitza zen, izan ere boltxebikeek matxinada berehala prestatzeko eta lehen bait lehen hasteko konpromezua erakutsi zuten[2].
Milrevkom osatzerakoan, alderdien, sindikatuen, Sobieten, fabzavkomien, unitate militarren eta abarren ordezkariak zeuden bertan. Petrogradeko Milrevkomen lehendakaria Pavel Lazimir ezkerreko eserista zen, eta lehendakariordea Mikola Podvoiski, Erakunde Militar Boltxebikeko burua. Urriaren 21ean egindako bileraren arabera, zuzendaritzaren nukleoan, Lazimir eta Podvoiskiz gain, Antonov-Ovseienko boltxebikea eta Sukharkov ezkerreko eserista ziren. Armamenturako arduran Fomin eta Sadovski boltxebikeak ziren, txostenen arduran Lazimir bera, autoen arduran Balaxov eta Judenovitx ezkerreko eseristak, horniketan Skripnik boltxebikea eta Jevseiev ezkerreko eserista, agitazioaren arduran Molotov boltxebikea eta komunikazioaren arduran Golostxiokin boltxebikea. Gerora beste ardura batzuk sortu ziren: Estatu Nagusia (Podvoiski, Antonov-Ovseienko eta Krilenko boltxebikeak), idazkaritza (Gusev) informazioa (Stucka boltxebikea), prentsa (Avanesov), komisarioekin harremana (Martin Latsis boltxebikea) eta abar. Erakunde horretako kide asko zeuden Komite Militar Iraultzailearen zuzendaritzan: Antonov-Ovseienko, Menokhoxin eta Daxkevitx esaterako. Bertan zeuden beste boltxebike batzuk, Komite Zentraleko kideak izan ziren: Bubnov, Dzerzhinski, Stalin, Sverdlov, Trotski eta Uritski izan ziren. Boltxebikeen artean, Joffe, Txudnovski, Xeinman eta Weinberg ere Milrevkomeko kide ziren; eta ezkerreko eseristen artean Antselovitx, Bleikhman, Burstein, Davidovitx eta Zaks, esaterako. Ez dago oso ondo jakiterik zein izan zen Milrevkomen konposizioa bere izaera bera nahiko behin-behinekoa eta aldakorra zen eta: Trotskik berak ere aitortu zuen urte batzuk pasata “pistola batez mehatxatuta ere gogoratzen saiatuko banintz, ez nintzateke Petrogradeko Komite Militar iraultzailearen osaketa zehatza gogoratzeko gai izango”. Trotski bera ez zen Milrevkomeko kide, baina Petrogradeko Sobieteko lehendakari gisa, eragin handia zuen bertan. Zenbaki batzuen arabera, 66 kide zituen Milrevkomek: 48 boltxebike, 14 ezkerreko eserista eta 4 anarkista. Milrevkomen egoitza Smolni Institutuan zegoen, Sobietarekin batera. Richard Pipes historiagileak ere badio “zaila da komite honetako kideak nortzuk ziren zehaztasunez definitzea, baina badirudi denak edo boltxebikeak edo ezkerreko eseristak zirela” (Pipesek ez ditu anarkistak aipatzen, nahiz eta izan baziren). Milrevkom alderdianitza zen, Lenin berak behin baino gehiagotan protestatu zuen hura organo alderdikoi bat egitearen kontra: “matxinadaren organoa langile eta soldaduen oinarri ahalik eta handiago bati lotua egon behar da”[2].
Beste hiri batzuetan ere Komite Militar Iraultzailek sortu ziren, adibidez Petrogradekoaren ostean, 12. armadan, Pskoven eta Estonian (Baltikoa zen boltxebike erradikalek indar gehien zuten tokia) sortu ziren. Moskun Milrevkom urriaren 25ean bertan sortu zen, honen lehendakaria Viktor Nogin boltxebikea zelarik. Egun berean Voronezh hiriko Milrevkom sortu zen, hurrengo egunean Samaran, eta urriaren 27an Minsken, Riazanen eta Tulan sortu ziren. Beste hirietara iraultza zabaltzeko lan handia egin zuten tokiko Komite Militar Iraultzaileek, hala ere, ikurra izan zena (jokatu zuen paperagatik) Petrogradekoa izan zen[2].
Urriko Iraultza: Matxinada zuzentzea eta Iraultza osteko lan administratiboa
Urriaren 25ean hasi ziren Urriko Iraultza Sozialistaren gertaerak Milrevkomen zuzendaritzaren pean zeuden. Lehenik eta behin, urriaren 21 eta 22 artean, Milrevkomen Petrogradeko goarnizioaren gaineko agintea hartu zuen, Polkovnikov jenerala kargugabetuz. Antza denez, mugimendu hori Kerenskik Petrogradeko goarnizioa hiriburutik ebakuatzeko planaren kontra egin zuten boltxebikeek. Milrevkomek, unitate militar guztietan bere komisarioak jarri zituen, unitate militarrek matxinada babestuko zutela edo behintzat neutralak izango zirela bermatuz. Beste alde batetik, armategietatik, langileak armatu zituen. Honek, hein batean otsail-martxoko “Lehen Zenbakidun Ordenaren” antza zuen (tropak Sobietaren agintearen pe geratzen baitziren), baina kasu honetan burgesiarekin akordio bidezko “botere bikoitzaren” markoaren pean baino, ordena burgesa uzkailtzeko asmoarekin. Urriaren 23an Peio eta Paulo gotorlekuaren jabe egin ziren. Urriaren 24an Milrevkomek hiritarrei zuzendutako proklama bat idatzi zuen “kontrairaultza kriminalaren kontra defendatzera deituz” (egun hartan Kerenskik Milrevkomeko kideak atxilotzeko agindu zuen), eta urriaren 25ean bertan Petrogradeko punturik garrantzitsuenak okupatu zituen. Urriaren 25ean Milrevkomek berak idatzi zuen Behin-behineko Gobernua uzkaili egin zela eta Langile eta Baserritarren Gobernu Sobietarra boterean zegoela aldarrikatzen zuen proklama[2].
Milrevkomek, Urriko Iraultzaren ostean, Petrograd kontrairaultzaren aurka defendatzeko beharra izan zuen (Kerenski-Krasnov matxinadaren aurka, junkerren matxinadaren aurka eta abar), neurri militar zein administratiboak hartuz. Zenbait egileren arabera (Adolf Joffe boltxebikearen arabera, adibidez), 1917ko urriaren 25etik urriaren 27an Gobernu Sobietarra (Herri-Komisarioen Biltzarra, edo Sovnarkom) eratu arte Milrevkom Errusia Sobietarreko de facto Gobernua izan zen (eta Sovnarkom sortu ondorengo lehen egunetan ere, Milrevkomek oraindik eskumen handiak zituen, egitura jada antolatu bat zuelako). Urriaren 29an, Petrogradeko Milrevkomek “Errusia Osoko Milrevkom” deitu zuen bere burua, hala formalki Errusiako Sobietar Gobernuaren pe ezarriz. Gobernu Sobietarra eratuta honen (eta honen oinarrian zegoen VTsIKen) instituzioak hedatu zirelarik, eta honek bere instituzioak eratu zituelarik, abenduaren 5ean Milrevkom desegin egin zen, lan administratiboa Gobernu Sobietarraren eta VTsIKen esku geratzen hasi zelarik (desagerpenerako azkenengo bultzada azaroaren 28an gertatutakoa izan zen: Asanblada Konstituziogilearen aldeko demokrata-burgesen manifestazioa baten aurrean, Milrevkomek kontramanifestazioa antolatu nahi izan zuen, Sovnarkomek debekatu egin zuelarik). 1918ko otsailean Petrograden Defentsarako Komite Iraultzailea sortu zen Vladimir Bontx-Bruievitxen zuzendaritzapean, komite hau Milrevkomen antzekoa da. Milrevkomen funtzio batzuek, gero Txekak hartu zituen[2].
Oharrak (antzeko erakundeak)
Milrevkom edo Komite Militar Iraultzailea ez da “Zentru Militar Iraultzailearekin” nahastu behar (historiagile batzuek nahastu egiten dituzte). Zentru Militar Iraultzaile hau urriaren 16an sortu zen, eta Alderdi Boltxebikearen erakunde bat zen, Bubnovek, Dzerzhinskik, Stalinek, Sverdlovek eta Uritskik osatua. Hala ere, gutxira Milrevkom Sobietak ofizialtzearekin batera (urriaren 16), “Zentru” honetako kideak Milrevkomera pasa ziren, eta ez dago argi ezta ere “Zentru” honek bere aldetik ekintza independenterik egin zuenik ere. E.H Carr historialariaren arabera “orduko testigantzetan “Zentru” honekiko beste aipurik (…) badirudi erakunde baino, zubi-lana egiteko talde bat zela”[2].
Sobietar Batasunean, Milrevkomen antzeko papera Sobiet Militar Iraultzaileak (Revvoensoviet) bete zuen; Sobiet Militar Iraultzailea Armada Gorriaren zuzendaritza organoa izan zen 1934 arte[2].
Erreferentziak
- «Komite MIlitar Irautlzailea (Milrevkom)» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-03).
- «Komite Militar Iraultzailea (Milrevkom)» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-03).