Giltzurruneko koliko
Giltzurruneko kolikoa harri bat (litiasia) edo harri-hondarra gernu-bideetatik barrena mugitzeak eragindako min-koadroari deitzen zaio; askotan, harria ureterretik (giltzurruna maskuriarekin lotzen duen hodia) igarotzean sortzen da min hori. Atsedenak ez du hobetzen eta harria bota ondoren mina desagertzen da.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Giltzurruneko koliko | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | kolikoa |
Espezialitatea | urologia |
Identifikatzaileak | |
GNS-10 | N23 |
GNS-9 | 788.0 |
DiseasesDB | 26026 |
MeSH | D056844 |
Sarrera anatomikoa
Giltzurrunak ornoen bi aldeetan kokatzen diren indaba itxurako organoak dira. Horiek, barrunbe abdominalean daude, peritoneo barrunbearen atzeko espazioan. Helduetan, 12. orno torazikoaren mailatik, 3. gerri ornora arte hedatzen dira, 11 zentimetroko luzera. Giltzurrunak gernu-aparatuaren organoak dira, beraz, giltzurrun arteria eta zainetatik datorren odola iragazi eta gernua ekoiztuko dute.
Kanpo morfologia [1], [2]
Giltzurrunek honako atalak dituzte:
- 2 mutur: goikoa eta behekoa
- 4 ikuspegi:
- Aurre alboko ikuspegia
- Ikuspegi mediala
- Kanpoko ikuspegia
- Erdialdeko ikuspegia edo sinua: Hemen giltzurrun hiloa kokatzen da. Horretan egitura ezberdina agertzen dira, hala nola, giltzurrun arteria eta zaina, pelbisa...
Giltzurrunak kapsula fibrotsu batez estalita daude eta horren inguruan giltzurrun inguruko gantza dago. Gantza horren kanpoko aldean, giltzurruneko faszia kokatzen da. Giltzurrun parenkiman bi atal nagusi bereizten dira:
- Muina: piramideetan antolatzen da. Piramide horiek oinalde bat dute kanporalderantz zuzenduta eta erpina giltzurrun sinura abiatzen da.
- Kortex edo zati kortikala: 2 lekutan agertzen da bereziki
- Piramideen oinaldeen eta kapsularen barnean arku kortikalak sortuz.
- Muineko piramideen artean Bertin zutabeak edo giltzurrun zutabeak sortuz.
Giltzurrunen unitate funtzionalak nefronak dira. Giltzurrun bakoitzean 1-3 milioi artean aurkituko ditugu eta horien atalak muinean eta kortexean agertuko dira. Nefronetan giltzurrunen sistema iraizlea eta biltzailea jarraiak dira. Sistema iraizlean, odola iragazi eta gernua ekoiztuko da, sistema biltzailean berriz, gernua bilduko da.
Etiologia [3], [4]
Giltzurrunetako kolikoen mina kristalezko harriak ureterrean sartzearen ondorioz sortzen da. Hau da, kristalezko harri horiek sortzen duten ureterraren buxadurak mina sorraziko du, nahiz eta buxadura hori ez osoa izan eta fluxu guztia ez eten. Buxadura horrek, ureterreko hobi barnean sortzen duen presioaren ondorioz, prostaglandinak sortu eta askatuko dira. Honek ureterreko muskulu lisoetan espasmoak sortuko ditu, mina sortuz. Harri horien jatorria odoletik etor daiteke, giltzurrunetatik iraiztean, gernuan prezipitatzen direnak harri horiek eratuz. Hau kasuen %90aren kausa izango da. Sustantzia hauek ondorengoak izan daitezke :
- Kaltzio oxolatoa (%75-%80): Honen kausak Hiperkaltziuria, deshidratazioa eta Heste narritakorraren sindromea izan daitezke.
- Estruvita (%10-%15): Kausa gernu bidearen infekzio bat izan daiteke.
- Azido urikoa (solidifikatua, %5-%8). Kausa hezueria izan daiteke (urato monosodikoa gorputzeko hainbat tokitan)
- Xantina (solidifikatua, <%1). Kausa: xantinuria.
- Beste kausa batzuk ere egon daitezke, hala nola, giltzurrunetako, gernu bideko edota inguruko tumore batetik, deribatutako koagulu bat. Patologia retroperineal bat ere izan daiteke kausa, hala nola, fibrosia, linfoma… Hauek kasuen %5-%10 izango dira.
Azkenik aipatu beharra dago, traumatismoek eta farmakoek ere kolikoak sor ditzaketela, baina hauek ez dira oso ohikoak.
Klinika edo sintomak
Giltzurrunetako kolikoen klinikari dagokionez, orokorrean osasun egoera egoki batean aurkitzen diren indibiduoetan, aldez aurreko inolako abisurik gabe, leku desberdinetan min bortitza (egun ezagutzen den min-eskalaren punturik goienetan aurkitzen den min mota) ager daiteke bat-batean:
- Area abdominalean edota bizkarraren behe-alboetan ager daiteke mina.
- Gainera, gerta daiteke min hori beherantz hedatzea, toki desberdinetara iritsiz:
- Iztai aldera jaitsi daiteke.
- Gainera, emakumezkoen kasuan ezpain nagusietara ere zabal daiteke, eta gizonezkoen kasua, aldiz, barrabiletara.
- Ureterretara ere hedatzen da mina [5], [6].
Giltzurrun kolikoetan seinale begetatibo desberdinak gertatzen dira, hala nola bihotz maiztasunaren igoera, presio arterialaren alterazioak, zurbiltasuna, okak, izerditze hotza, goragaleak, sukarra, gernuaren kolore anormala, beherakadak (hesteetara mina zabaltzearen ondorioz) , odola gernuan edota goragalea [7]. Sintoma horiek pairatzen dituzten indibiduoak bereziki gaizki sentitzen dira, ezin dira geldirik egon, askotan ahituta aurkitzen dira, eta ekintza arruntetan, adibidez, lo egitean, ohean posizio egokia lortzeko ezintasuna erakusten dute. Min horrek, duen intentsitatearen ondorioz, osagarri emozional altu bat aurkezten du, eta erreakzio desberdinak eragiten ditu indibiduoan; izan ere, ezinezkoa izago da lasai egotea, eta horrek medikazio intrabenosoaren admisitrazioa eragotziko du. Nauseak izatea eta oka egitea askotan giltzurrun koliko zorrotz baten ondorio dira eta gutxienez pazienteen %50ean betetzen da. Goragaleak ardatz zeliakoaren eta nerbio bagoaren (X. bikote kraneala) urdaileko, hesteetako eta pelbis errenaleko inerbazioaren ondorioz agertzen dira.
Diagnostikoa
Diagnostikoa egiterako orduan historia klinikoa eta pazienteari ikerketa fisiko bat egitea zeharo beharrezkoak dira, horrela, giltzurruneko koliko sinple edo konplexua den kalifikatu ahal izateko. Egin daitezkeen proba diagnostikoak ondorengoak dira:
- Odol analisia (urea, kreatinina eta ioiak aztertuz). Kreatinina eta filtrazio glomerularraren neurketaren bidez, giltzurrunaren funtzionamenduan egon izan daitezkeen arazoak baztertu daitezke.
- Gernu-analisia: Hematuria mikroskopikoaren agerpenaren ezaugarria da. Halaber, batzuetan mikroskopioaren bidez oxalazetato eta azido urikoaren kristalak ager daitezke. Gainera, gernuaren pH neurketaren bidez, kolikoaren sorburu diren hainbat sustantzien determinazioa egin daiteke.
- Gernu bidearen erradiografia sinplea: Giltzurruneko siluetak bereizten dira; psoas muskuluaren lerroa eta litiasi presentzia (litiasien %90a ikus daiteke erradiografia sinple bidez)
- Ekografia: Gernu bidearen dilatazioaren existentziaz, giltzurrunean egon daitekeen edozein masaz, xixkuko patologiaz eta abdomeneko beste errai batzuen asaldurez informatzen du.
- Ordenagailu bidezko tomografia axiala: Teknika horren bidez litiasiaren kokapena, neurria eta konplikazio posibleak jakin daitezke. Gainera, buxadura ez litiasikoa den ala ez determina dezake, zein materialez osaturik dagoen zehazteaz gain (koaguloa, estrintseko konpresioa…).
Aipaturiko diagnostiko guztiez gain, urografia (giltzurrunak baimenduz gero), giltzurruneko gammagrafia eta pielografia atzeratua zein aurreratua ere erabil daitezke[8].
Tratamendua [3], [9]
Tratamendua orokorrean, asko hidratatzea izaten da. Tradizionalki, pazientearen bizkarrean zapi epelak jartzen ziren, baina honen eraginkortasuna ez dago zientifikoki baieztatuta. Tratamendu farmakologikoari dagokionez, farmako espasmolitikoak gomendantzen dira:
- Butileskopolamina
- Analgesikoak: Metamizol esate baterako
Batzuetan, asko hidratatzeak kontrako efektuak izan ahal ditu, izan ere, obstrukzio baten aurrean diuresiaren igoerak gernu hodiaren apurketa eragin dezake. Bestalde, gaur egun jakina da, giltzurrun kolikoek eragiten duten mina ez dela soilik muskuluek jasaten duten distentsioagatik baizik eta obstrukziotik gertu gertatzen den distentzioa dela eta. Hori dela eta, tratamendu espasmolitikoak ez dira oso erabilgarriak izango eta gainera, giltzurrun-kalkuluak botatzeko gaitasuna gutxitu egingo dute (peristaltismoa).
Tratamendurik eraginkorrena, asko hidratatzeaz gain, minaren kontrola AINE bezalako analgesiko konbentzionalak erabiliz izaten da. Kasu larriagoetan ordea, indar handiko analgesikoak erabili ahal dira.Hala ere, tratamenduak harriaren kokapenaren araberakoak izaten dira:
- Gorputz kanpoko onda bidezko litotrizia: Ultrasoinu bidez, harria fragmentatu egiten da kanpotik.
- Endoskopio bidezko suntsipena
- Gernu-harriak handiagoak diren kasuetan, “koraliforme” deiturikoak, eta aurreko teknikek huts egin dutenean, kirurgia erabiltzen da.
Datu estatistikoak
Giltzurrunetako kolikoak patologia urinario ohikoenen artean hirugarren postua dauka, infekzio eta patologia prostatikoen jarraiki [10]. Espainiako prebalentzia %5,06koa da (Europako %10 eta AEBetako %8,8arekin alderatuta) [11], [12]. Egun, gizonezkoetan prebalenteagoa izanten jarraitzen du emakumezkoetan baino (1,6/1 ratioarekin), nahiz eta arriskua maila berdinera heltzen ari den, seguruenik bizimodu aldaketa eta poblazio obesoaren handitzea dela eta. Aldi berean, prebalentzia handiagoa da pertsona zurietan ez direnetan baino [13]. Bere intzidentzia 20 urteren ostean handitu egiten da eta 40 eta 60 urte bitartean lortzen ditu balio maximoak gizonezkoen kasuan, eta emakumezkoetan bimodala da, bigarren piko bat jasaten baitute 60 urte bete ostean (beharbada estrogenoen efektu babeslearen jaitsieragatik). Errekurrentzia-tasa %26 eta 53 artean kokatzen da 10 urterekin [13], eta %60 eta 80 artean bizitzan zehar, aurrekari familiar eta arrisku-faktoreekin erlazionatuta egoten da.
Galeria
- Gernu aparatua
- Nefronaren fisiologia
Kanpo estekak
- https://es.wikipedia.org/wiki/Ri%C3%B1%C3%B3n
- https://en.wikipedia.org/wiki/Kidney
- https://es.wikipedia.org/wiki/C%C3%B3lico_nefr%C3%ADtico
- https://www.medline.com/
- http://www.argia.eus/argia-astekaria/2320/giltzurruneko-kolikoak
- http://www.webconsultas.com/colico-nefritico/sintomas-de-un-colico-nefritico-476
- http://www.webconsultas.com/salud-al-dia/colico-nefritico/disgnostico-de-un-colico-nefritico%5B%5D
- http://www.webconsultas.com/salud-al-dia/colico-nefritico/diagnostico-de-un-colico-nefritico
- http://www.webconsultas.com/
- Ricard Riel. Litiasi renal. 3CLICS.
- Thomas M. Clinical diagnosis of kidney stones. Nephrology. 2007; 12:s34-s36.
- Sánchez-Martín FM, Millán Rodríguez F, Esquena Fernández S, Segarra Tomás J, Rousaud Barón F, Martínez-Rodríguez R, et al. Incidencia y prevalencia de la urolitiasis en España: Revisión de los datos originales disponibles hasta la actualidad. Servicio de Uro-logía. Fundación Puigvert. Barcelona. Actas Urol Esp. 2007;31(5): 511-20.
- Hughes P. Kidney stones epidemiology. Nephrology. 2007;12:s26-s30.