Koldo Arriola Arriola
Koldo Arriola (Ondarroa, 1956ko otsailaren 12a -ib., 1975eko maiatzaren 24a) Ondarroako Guardia Zibilen kuartelean eraila tiroz. Institutuko kideen afari baten ostean, bi lagunekin kuartelaren paretik pasatzen ari zela, bertan zegoen guardiako Guardia Zibilak hurbiltzeko eskatu zion eta kuartelaren barrura sartu zen. Handik segundo gutxitara entzun zuten bere lagunek tiro hotsa.
Koldo Arriola Arriola | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ondarroa, 1956ko otsailaren 12a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Ondarroa, 1975eko maiatzaren 24a (19 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: bala zauria |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktibista |
Garaiko gazte baten bizitza
Koldo Arriola Berriatuko Orubixe Nagusixe baserrian jaio zen 1956ko Otsailaren 2an. Berriatuan eman zituen umezaroko lehen urteak. Ume zenean oiraino, 1960 hamarkadako lehen urteetan, baserritik Ondarroako Iturribarri kalera leku aldatu ziren. Hain zuzen ere kale honetako 2en zenbakian bizi izan zen Koldo, Luis Arriola Kaltzakorta aita eta Zelestina Arriola Arriola amarekin batera.
1963ko Abuztuan ireki zuten Orubixe izena jarri zioten taberna etxe azpian. Familiako ogibidea izango zen taberna. Luis eta Zelestinak, bien artean eramaten zuten taberna xumea zen. Herritar xehe eta adinekoen biltzeko gune gehien bat. Gerora, jantoki ere bikatu zen 1975erako.
Koldoren gaztaroa erabat lotua egon zen herriak eta lagun arteak eskaintzen zion aukerei. Udaberri sasoian, Goimendi inguruetan ibiltzen ziren. Arriolak berak sakon ezagutzen zituen inguruko mendiak eta, batez ere, txoriak. Zaletasun handi zuen. Koldok berak Burugorriak (Txoka arruntak) zituen
Uda garaian aldiz, Lekeitio eta Ondarroa arteko kostaldean dauden haitzetan ibiltzen ziren.Koldok, txirrindularitzan ere egiten zuen. Izan ere, ume zenetik bizikleta bat izan zuen eta, honek, aukera eman zion kirola ezagutu eta maitatzeko. Horrez gain, garaiko gazte batzuk bezala, arrain garraiorako erabiltzen ziren egurrezko kaxak jostera joaten zen iluntzetan Eusebio Bilbao eta Andoni Lertxundi Porruk zuten biltegira. Kaxak josteaz aparte, biltegi hartan bertan biltzen ziren gazte asko, karta jokoan eta hitz aspertuan egoteko. Giro hori izan zen Koldo gaztearen bizitza.
“Beti haitzetara, igerira, mendira beti… gure gazte denbora, hamabost-hamasei urterekin, dantzalekuetara be joaten ginan. Orubixe bera be bai. Sarri kontaten ebazan dantzalekuetako pasadizoak… Baina naturarekin asko be hartu-emon estuagoa geunkan. Mendira urteten genduan ba ia urte osoan”. Gotzon Gartzia Gojenolaren testigantza[1] .
1975 urtea, salbuespen legedia
1975 urtean Maiatzak kostaldeko herrietan izan ohi duen bizitasunetik harago, nahasia eta ezegonkorra zen kaleko giroa. Hilabete lehenago, apirilaren 25ean hain zuzen, Salbuespen Egoera jarri zuen Francoren erregimenak Bizkaian eta Gipuzkoan, agindu-legez:
“La necesidad de proteger la paz ciudadana contra intento perturbadores de carácter subversivo y terrorista, aconsejan utilizar los medios que brinda la legislación para combatir estos brotes antisociales.
En su virtud…
Dispongo:
Artículo primero: Durante el plazo de tres meses a partir de la entrada en vigor de este decreto-ley se declara el estado de excepción en las provincias de Vizcaya y Guipuzcoa, quedando en suspendo los artículos doce, catorce, quince, diez, seis y diez y ocho del Fuero de los Españoles” [2]
Indargabe geratutako artikuluak hauek izan ziren:
- Artículo 12: Todo español podrá expresar libremente sus ideas, mientras no atenten a los principios fundamentales del Estado.
- Artículo 14: Los españoles tienen derecho a fijas libremente su residencia dentro del territorio nacional.
- Artículo 15: Nadie podrá entrar ene l domicilio de un español ni efectuar registros en él sin su consentimiento, a no ser con mandato de la autoridad competente y en los casos y en la forma que establecen las leyes.
- Artículo 16: Los españoles podrán reunirse asociarse libremente para fines lícitos y de acuerdo con lo establecido por las leyes. El Estado podrá crear y mantener organizaciones que estime necesarias para el cumplimiento de sus fines. Las normas fundacionales, que revestirán forma de ley, condenarán el ejercicio de este derecho con el reconocido en el párrafo anterior.
- Artículo 18: Ningún español podrá ser detenido sin oen los casos y en la forma que prescriban las leyes. En el plazo de 72 horas todo detenido será puesto en libertad o entregado a la autoridad judicial. [2]
Fuero de los Españoles delakoa egonik ere, salbuespen egoera aurretik, kartzelatik pasatuak izan ziren jada “gora euzkadi askatuta!” oihu egin zutenak, ofizialtasuna lortu ezin izan zuten aisialdi taldeak, jazarpena eta galdeketak pairatu zituztenak, etxe miaketak eta atxiloketak. Izan ere, garai biziak ziren Euskal Herrian eta baita Ondarroan ere.
“Mendian egiten ziran politika giroko batzar baten edo bestean izan ginan. (….) Baina gu geu honelako batzarretara oso gitxitan joan izan ginan. Eta, jakina, ez gengozan ezelako mugimendu politikoetan sartuta. Ez geu, ezta Koldo bera be!” J. Artetxe eta A. eta J.L Egaña anaien adierazpenak testigantzan jasoak[1].
Institutuko lagunarteko afaria
1975eko Maiatzaren 23an, ostirala, Ondarroako Institutuko irakasle eta ikasle talde batek afari bat egin zuten Ametza jantokian. Lagun talde horren parte zen Koldo Arriola. Afal ostean, orduan modan zegoen Klub 34an dantzalekura joatekoak ziren.
“Como también era tradicional, después de la cena los alumnos y algunos de los profesores mas jóvenes fuimos a rematar la osa al Club 34.
Íbamos en pequeños grupos, alegres, algunos algo achispados; pero, estoy seguro de que ninguno con deseos de provocar disturbios; eso sí, la mayoría íbamos cantando canciones más o menos folklóricas, más o menos permitidas en aquel entonces. Yo iba con otra profesora del centro” Jose Luis San Emeterio, Ondarroako Institutuko irakaslea 1975 urtean[1].
Koldo Arriola gaztea, Joseba Koldo Basterretxea Altzalei eta Estanis Sarasketa ikaskideekin batera zihoan San Inazio kalean zehar, aipaturiko dantzalekura bidean. Garai hartan Guardia Zibilaren kuartela zenaren parera iritsi ziren arte.
1975eko Maiatzaren 24 goizaldea, erailketa
Joseba Koldo Barrenetxea Altzalei eta Estanis Sarasketa kideen testigantzak jaso zituen Imanol Oruemazagak liburuan. Lehen pertsonan kontatzen dute Koldoren bi lagunek gertatutakoa:
“Ametza jatetxean afaldu eta gero, Klub 34 delako dantza tokira abatu ginan lagun guztiok. Bidean taberna batzuetan be sartu ginan. Oraindino be gogoan daukat nun sartu ginan: Mariñela, Gaztedi, Ondarrera, Arrantzale… Azkenekoa Irrintzi taberna izan zan.
Hemendik irten, eta Klub 34rako bidea hartu genduan. Hiru edo lau laguneko talde txikietan abiatu ginan. Batzuk kantaten. Beste batzuk kontu kontari… Salbuespen legepean gegozan ba.
Gauerdi ostea zan. Goizaldeko ordu bata t’erdiak inguru, Guardia Zibilen kuartelaren aurretik pasa ginanean. Gu geu, kaleraren eskuma aldetik ginoazan. Kuartelaren aldeko espaloitik barik, beste aldetik. Idiakezeneko liburu dendaren albotik. Hiru lagun besterik ez ginan: eskuma aldetik, etxeen aldetik, Estanis Sarasketa mutrikuarra; ezkerretara errepide aldetik, Koldo Orubixe bera; eta ni neu erdian.
Geure atzetik, beste honek be kalearen eskuma aldetik, beste hiru edo lau lagun. Ikaskideen afaritik honek be Klub 34ra bidean.
Kontu kontari ginoazan hirurok: kotxea gidatzeko karneta aitatu genduan, pinu apeak egiteaz be jardun gendula uste dot eta antzeko beste gairen bat.
Kuartel aurrean zaintza lanetan egoan guardia zibil batek kuartelera urreratzeko keinu egin euskun eskuaz. Hiru lagunok, gegozan moduan jira egin, eta iladan, Koldo aurretik eta beste biok atzetik, errepidea igaro eta kalearen beste aldera aldatu ginan. Kuartel aurreko espaloira“ Koldo Basterretxea Gojenola Altzaleiren testigantza[1]
“Ez dot esango trankil gengozanik, ze nahiko arraori egiten jakun guardia zibilaren deia. Baina tira…
Kuarteleko ate txikiraino be iritsi ginan, eta Arriola bera barrura sartzen ikusi genduanean, Altzaileik eta biok be atzetik jarraitu geuntsan, normal normal. Gainera, zelan itxiko genduan ba gure laguna bakarrik guardia zibilen kuartelean? Noren eta guardia zibilaren eskuetan? Goizaldeko orduetan gainera…
Kuarteleko ateraino iritsi… Eta hantxe, atean bertan, guardia zibilak esan euskun“a VDS. Quién les ha llamado? Garratz esan be.” Estanis Sarasketa Maiztegiren testigantza[1].
“Estanisek eta biok amua ezpaineatan geunkala alde egin genduan kuartelaren aurretik. Kontua da, bost edo sei pauso baino ez genduazala egin.. tiroa entzun genduan. Oraindino errepidearen erdian gengozala entzun genduan tiroa. Kalearen beste aldera heldu baino lehenago.
Aho zabalik gelditu ginan Estanis eta biok. Harrituta. Berehala burua jira eta kuartel aldera begiratu genduan. Bulegoko kristal gardenetatik mugimendua ikusi genduan kuartelaren barruan.
Guk geuk, egia esateko, ez genduan ezer besterik ikusi Koldoren hilketaren inguruan. Ze, geure atzetik atzetik etozan lagunek be guregana urre- ratu ziran. Velez debarrak handik alde egiteko bultza egiten eustan «Hil dute! Hil dute!» esaten eustala.'Geure atzetik etozan lagun honeek ikusi ei eben ba Koldo bera kuarteleko ate parean jausten.
Guardia zibil batek -geuri deitu euskuna hain zuzen be- tximistea bera baino arinago urten eban kuarteletik. Eta han joan zan San Inazio kalean barrena, bere kapa berdea airean ebala. Presaka. Mediku bila, kontuxu”. Koldo Basterretxea Gojenola Altzaleiren testigantza[1].
Altzaleik eta Estanisek ikusi ez zutena, hain zuzen, hauen atzetik zetozen beste hiru lagunei egokitu zitzaien ikustea halabeharrez. Luis Fernando Olazabal Txufas, Gregorio Iparragirre eta Armando Velez ziren hiru hauek. Mutrikukoak lehen biak, debarra Velez. Ondarroako Institutuko ikasleak hauek ere Ametzanean eginiko afarian elkarrekin afaldu zuten.
“Ametza jatetxean afaria egin eta gero, Klub 34ra joateko goizegi zala- eta, betiko lau lagunok eta Altzalei eta Arriola gelditu ginen tragotxo batzuk hartzen. Azkenengo tragoa Irrintzi tabernan hartu genuen. Oraindik gogoan daukat Arriolak berak hartu zuena: «Bitter-Kas» zeritzon edaria.
Taberna hartatik geure aurretik irten zuten Arriola, Altzalei eta Estanisek, beste hirurok ordaintzen-edo gelditu ginan eta. Baina guk ere, laster urten genduen euren atzetik. 34rako bidean denok.
Guardia zibilen kuartelera urreratzen ginoazala, zarata siku bat entzun genduan. «Hori tiroa izan dek!» komentatu genduan geure artean. Eta segundo batean, Arriola ikusi genduan kuarteletik urteten. «Ene! Arriola! Zer egiten du Arriolak kuartelean?» esan genduan geure artean, harrituta. Guk ez genkian ba ezertxo ere aurretik gerta- tu zitzaienaz gure lagunei...
Arriola bera, bakarrik, kuarteleko ate txikitik urteten. Aurrera begira. Tente. Horrela egin zituen pare bat metro edo. Eta, bat-batean, punba!, lurrera jausi zen.
«Eman diote! Eman diote!» esan genduan. Orduantxe konturatu ginan aurrera entzundako tiro hotsaz. Orduan lotu genduzan tiroa eta Arriola... Berehala aurrera jo genduan kuartel aurreruntz, arineke- tan... Harik eta Altzalei eta Estanisekin topo egin arte. «Arriola hil dute! Hil dute!» esanaz, bultzaka eroan genduzan 34raino.” Gregorio Iparragirre Aranbarriren testigantza[1].
Goizaldeko ordu luzeak eta plastiko beltza
Klub 34an aurkitzen ziren irakasleak ohartarazi zituzten Altzalei eta Sarasketak. Eta bi hauek, berehala hurbildu ziren kuartelera zer gertatzen zen jakin asmoz. Baina ezer gutxi esan zieten momentu hartan.
“Nos identificamos al centinela que nos dijo que nos marcháramos, que no tenía nada que decirnos y que no nos buscáramos líos. Llamó a un cabo.
El cabo nos dijo, amablemente pero con rotundidad, que no podía informarnos de nada hasta que llegara el capitán desde Guernica, que volviéramos en una hora. Ni aun insistiendo logramos que nos dijera si nuestro alumno estaba herido.” Jose Luis San Emeterio[1].
Hala, bi irakasleak, institutuko zuzendariaren etxera joan ziren,gertatutakoaren berri emateko. Zuzendariak bere horretan, Hezkuntza Ministerioko Probintzia Ordezkariari deitu zion eta, gauzak zeuden horretan utzi eta bazterrak ez nahasteko aholkatu zien. Hala ere bi irakasleak lasai geratu ez eta kuartelera hurbildu ziren berriz:
“Allí nos recibió el capitán Hidalgo, que nos comunicó la muerte de Luis y nos dió su versión oficial: El centinela había detenido al chico porque iba alborotando, sin educación.
Después de entrar, según la versión policial, Arriola habría empujado al guardia civil y, como consecuencia del empujón, el arma se habría disparado. Sólo había sido un tiro, pero había matado al chico instantáneamente.
Le preguntamos entonces que cómo era posible que se quitara el seguro, se montara y se disparara un subfusil con un simple empujón, a lo que nos dijo que había sido «mala suerte». Cuando insistimos en que era mucha casualidad que un disparo al azar le diera a Arriola en un sitio vital, nos volvió a insistir en la «mala suerte».
Recuerdo que nos dijo: «Ya ven, vamos detrás de delincuentes y no les acertamos, y aquí, se nos escapa un tiro y muere un buen chico». También nos advirtió de que eso era lo que había sucedido realmente y que tuviéramos mucho cuidado de no propagar otras versiones. Salimos los dos con lágrimas en los ojos y tartamudeando de indignación. “ Jose Luis San Emeterio[1].
Goizaldeko bostak eta erdiak aldera, oraindik gaua zelarik, zabor biltzaileek erabili ohi zuten zabor-kamioia hurbildu zen kuartelera Udal serenoaren aginduz. Zabor-kamioi hartara igo zuten poltsa beltz batean bildurik gorpua eta agindu zioten langileari eraman zezan Antiguako hilerrira.
“Gure eguneroko lana, gauez herriko zamarrak batu, eta Gorozikarako bide ondoan egoan labara eroatea izaten zan. Goizaldean, bostak edo seiak aldera geure lana amaitzerakoan, eta etxera joan baino lehen, zamarrrak batzeko kamioia Antiguako Ama kaleko garajean gordetea izaten zan nire azken eginbeharra.
Gau haretan, ostera, Fernandez udal serenoak agindu arraro bat emon eustan. Zamarbatze lanak amaitu eta gero, kamioia garbi-garbi egin, eta guardia zibilen kuartelera joateko agindu eustan.
Kuartelean mugimendu handia egoan. Guardia zibil asko hara eta hona. Paisano jantzita be ez gitxi.
Han egoan Orubixen semearen gorpua. Plastiko bategaz ondo tapauta. Guardia zibilek eurek, angaila kamioitik hartu, gorpua angailan ipini eta kamiora be eurek kargatu eben. Eta Antiguara, kanposantura eroateko agindu eusten.
Bakarrik nentorren kamioian Orubixen semearen gorpuarekin. Mila pentsamendu buruan... Antiguara igoteko udaletxe ondotik pasa behar izan neban. Eta musika plaza aurrera heldu nintzanean, musika plazan bertan kamioia itxi eta udaletxera, serenoen gelara, hurre- ratu nintzan. «Zu, Fernandez, - esan neutsan -, ni ez noa neu bakarrik kanposantura hildako bat kamioian daukadala. Bateren batek lagundu deidala niri...».
Halako batean agertu ziran guardia zibil bi. Biok paisano jantzita. Bata Zezilio bera zan. Bakoitzak bere pistola eskuetan ebala, kamioiaren aurrean jarri, eta honelaxe lagundu eusten Antiguaraino. Kanposantuan gure zain egoan Altamire enterradorea. Honek eta guardia zibilek angaila jatsi eta gorpua han itxi eben gela batean, lurperatu baino lehen gorpuak gordeten ziran gela“ Juan Txurruka Osaren testigantza[1].
Goizarekin batera
Berria laster zabaldu zen eta, bertaratu ziren lagun eta hurbilekoak Orubixe familiaren etxera. Koldoren ama Zelestina bera izan zen guardia zibilen kuartelera hurbildu zen lehena Pilar Beitia Ibazeta lagun eta bizilagunak lagundurik. Irakasleei gauean eman zieten ustezko bertsio ofizial bera eta zehaztasun gutxi besterik ez zuten jaso.
Kuartelera joan zen beste senideetariko bat Iñaki Arriola Arriola Harrixa izan zen Koldoren lehengusua:
“Goizeko 9:00ak aldera-edo joan nintzan ni kuartelera, Koldoren gorpua non egoan galdezka. Ordurako bi bidar edo joanda egoan kuartelera izeko Zelestina, ezer garbirik atara barik... «Bai, hilda dago, baina ezin da ikusi». Hauxe izan zan emon eusten erantzuna. Ezin dala ikusi, eta ezin dala ikusi. Hortik ez eben urteten... Sartu nintzan moduan urten neban kuarteletik. Ezer garbirik jakin barik.
Gero, herritar emakume batengandik jakin genduan, goizalde guztian joan-etorri handia egon zala kuartelean, eta egunsentia aurretxoan kalegarbitzaileen furgonetan eroan ete eben-edo Koldoren gorpua Antiguako kanposantura.
Igo genduan Antiguara. Kanposantuko ateak irekita egoazan. Ezelako lorratsik ez genduan aurkitu. Burumakur eta triste, hartu genduan barriro herrirako bidea Geroago be beste bi edo hiru bidar joan behar izan neban kuartelera. Azkenengoan eurek, guardia zibilek deituta.
Familiakoa nintzala ziurtatu eta gero, Koldoren giltzak eta beste gauza batzuk emon eustezan. Baita dokumentu bat be aurrean ipini eusten, neuk firmatu neian. Irakurri neban, eta nik ez nebala firmatuko. Zelan firmatuko neban, ba, Koldoren heriotza zelan izan zan euren erara kontaten eben-eta. Presioa be egin eusten. Ez zan presio gogorra izan, egia esateko, baina une larri haretan... Azkenean, ezer firmatu barik urten neban kuarteletik.” Iñaki Arriola Arriola Harrixa, Koldo Arriolaren lehengusu propioa[1].
Goiz hartan, Ondarroako kuartelera deituak izan ziren ere gauean gertakariaren testigu izan ziren J. K. Basterretxea Altzalei eta Estanis Sarasketa, Koldoren ikaskideak. Ia lorik egin gabe iritsi ziren biak.
“Goizean goiz, Jose Luis San Emeterio eta Maria Jesus «Susina» irakasleak etorri ziran nire etxera. Ondarroako kuartelera joateko agin- dua ei neukan. Orduan jakin neban benetan Koldo Arriola hilda egoala.
Ondarroako kuartelean teniente bat egoan. (Lekeitioko tenientea zala uste dot). Estanis eta biok batera sartu ginduezan teniente horren aurrera. «Según la ley, deberían declarar cada uno por separado, - esan euskun berak- pero el asunto está tan claro, que les vamos a tomar la declaración en común». Hori hasiera besterik ez zan izan.
Gero, teniente beraren ahotik lehen aldiz entzun genduan handik aurrera hainbeste bidar entzun behar izango neban bertsioa: «Se abalanzó sobre el guardia civil». Bestalde, salbuespen egoeran aurkitzen ginanez, guardia zibilek eurek be euren armak aurrearretazko eran eukiezala, hau da, badaezpada be, segurtagailua kenduta eukie- zala eta... Arma eskuetan hartu eta zenbait erakustaldi be egin euskuzan.” Koldo Basterretxea Gojenola Altzaleiren testigantza[1].
Paper edo agiri hartan jasotako gertaeren azalpena espainiar estatu osoko komunikabideetan agertu zen hurrengo egunean. Bertsio bat eta bakarra, ofiziala. Zalantzagabea eta ukaezina garaian antza.
Gorpuaren etxeratzea
Bitartean, Koldoren gorpua Antiguako hilerrian zegoen oraindik. Giltzapean, inork ikus ez zezan. Azkenean, eta On Andoni Basterretxea apaizaren bitartekaritzari esker, hilerrian bertan ikusi ahal izan zuten senitartekoek. Ageri-agerian zeukan bular gainean jarrita eskua eta ezker aldeko bularrean zuen tiroaren zuloa[1].
Koldoren gorpua etxera itzultzeko garaian, guardia zibilen buruek agindu zorrotzak eman zizkieten etxekoei. Zigor mehatxuak tarteko, inola ere ezin zela hilkutxa ireki. Hala ere, izan bazen norbait, kutxa ireki eta Koldoren gorputzari argazkia atera ziona.
Argazkiarekin oroigarria inprimatzerako orduan zailtasunak izan ziren bidean. Inguruetako eta urrunagoko hainbat inprimategietatik ezetza jaso ondoren, Bidasoa aldean den muga pasa eta Ipar Euskal Herrian inprimatu zen gero Euskal Herri osora zabaldu zen oroigarria.
Orubixe tabernaren erdian jarri zuten Koldoren gorpua familiakoek. Hurrengo orduetan, herritar asko bertaratu ziren gurasoei elkartasuna adierazi nahirik.
Une gogorrak ere bizi izan ziren gorpua tabernan zen artean:
Recuerdo una escena: En primer lugar, en el velatorio, el sargento de la guardia civil, que era amigo de la familia, vestido de paisano y diciendo al padre de Luis: «Tú sabes que si yo hubiera estado allí esto no hubiera sucedido»; mientras el padre del difunto le decía: «¡Vete! ¡No quiero verte más a ti ni a ningún otro guardia” Jose Luis San Emeterio[1].
Herritarren dolua
Herriko janari-dendek goizeko lehen orduetan ateak ireki arren, berehala itxi zituzten. Taberna eta kafetegiek,aterik ireki ere ez zituzten egin egun osoan, nahiz eta larunbata izan. Kaleak hutsik zeuden, isilik.
Gertakariaren ostean, berehala, oraindik gaua zelarik guardia zibilen presentzia nabarmendu zen kaleetan. Baina era berean, isilean, salaketa eta babes mugimendu bat hasi zen herrian Koldoren lagunen eta garaiko mugimendu politikoen aldetik.
Aldi haretan zapatuetan be biharra egiten zan, goiz partean behintzat. Gu geu, kajajostegiako lagunok, talde haundi bat behintzat, bodega baten batu ginan, bazkal ostean. Bodega honetan prest egozan telak, eta pintura mordo bat be bai. Hementxe egin genduan hainbat pan- karta. Gero, Kanttoipean bertan eta herriko beste leku batzuetan be jarri genduzanak. Juan Artetxe Lizaso eta Agustin eta Juan Luis Egaña Urresti anai bikiak, Kamiñazpiko gazteak eta Koldoren koadrilako lagun minak[1].
Pankarta haietan ozen salatzen zuten Koldoren hilketa eta, mobilizatzera dei egiten zieten herritarrei.
Biharamunean hiletak, Maiatzaren 25a
Biharamunean, maiatzak 25ean, igandea, erabat geldirik jarraitzen zuen herriak. Hutsik kaleak eta ireki gabe taberna eta kafetegiak. Aurrera Futbol taldeak jokatu behar zuen futbol partida ere bertan behera geratu zen.
Egunkarietako berriekin eta Guardia Zibilen joan etorriekin ere esnatu ziren herritarrak. Koldoren heriotzak oihartzun zabala izan zuen espainiar estatu osoan. Bertsio ofizial bakarra, pentsamendu bakarraren garaietan.
- «Incidente en Ondarroa. Joven muerto. A un guardia civil se le disparó el arma en un forcejeo con la víctima, que le agredió»[3].
- «Joven muerto en Ondarroa, al disparársele el arma a un guardia civil»[4] [5]. .
- «Uno de los tres, inesperadamente, se abalanzó sobre el centinela, agrediéndole» [6] [7]
Bertsio ofizial bakarra, pentsamendu bakarraren garaietan. Francoren erregimenaren garaian, egunkari eta komunikabide ofizialak lotura estua zuten erregimenarekin. Iturri ofizialetatik (Guardia Zibilarenetik) edan zuten euren informazioa eta sinesgarritasun osoa ematen zieten iturri horiei.
Guardia Zibilen mugimendu handia izaten jarraitu zuen biharamunak ere. Goizean bi autobus eta hainbat jeep iritsi ziren Ondarroako kuartelera. Eta goiz-goizetik, kontrolak jarriak zituzten herriko sarrera guztietan. Hilobiratze momenturako, herriko kale kantoi guztiak hartu zituzten guardia zibilek metrailetak eskuetan.
Arratsaldeko bostak izan zen hileta. Bat-batean, herritarrez bete zen Koldoren etxekoen etxebizitza aurreko inguru guztia.
“Koldoren gorpua eroan genduanon artean bat neu izan nintzan. Sei lagunen artean lepoan hartu genduan. Berriatuarrak, familiakoak bat edo bi, Koldoren koadrilakoak beste batzuk, nire moduan...
Gorpua etxetik atara genduanean, a zelako isiltasuna etxe aurreko plazatxoan! Isil-isilik, alkarri berbarik esateko adore barik, enterrurako zain egozan guztiak”. Juan Artetxe Lizasoren testigantza[1].
Oinez egin zuten Santa Maria parrokiarainoko ibilbide osoa. Kilometro bat baino gehiago. Ehundaka herritarrek osatzen zuten segizio isila. Hileta elizkizunen ondoren, berriz lepoan hartu eta jendetza izugarri batek lagundu zion Koldoren gorpuari Antiguako hilerriraino[1].
Garai hartan Madrilen argitaratzen ziren aldizkariek eman zuten ehorzketen berri. Hori bai, bi hilabete beranduago. Salbuespen egoera bera bukatzear zelarik.
«Este suceso causó una profunda emoción en el pueblo, hecho que se demostró al día siguiente en los funerales. El suceso reunió a gentes de todas las tendencias políticas, desde falangistas a nacionalistas.
En principio, se sugirió que el cortejo fúnebre no recorriera las calles, pero no se atendió esta insinuación. El templo se llenó totalmente y más de tres mil personas tuvieron que seguir la ceremonia en la calle.
El desfile del cortejo fue estremecedor. Silenciosamente, circulaba entre la Guardia Civil -que vigilaba preventivamente las calles- y únicamente se escuchaba el ruido rítmico de las pisadas. Diecisiete coronas -de todos los colores y pensamientos- dijeron el último adiós»[1].
Maiatzaren 26, Institututik kale eta lantegietara
Astelehenean, maiatzak 26an, Institutuan hutsik zegoen Koldoren ikasmahaia eta erabat suminduta ikaskide eta irakasleak.
Astelehen hartan Zuzendaritzarekin izan genituen arazoak. Orduko zuzendaria Mari Paz Villalba anderea izan zen. Lehen unetik ere izugarrizko tirabirak eduki genituen berarekin. Hasiera-hasieratik nahi izan baitzuen irakasleok egoera hartatik kanpo geratzea. Beraz, eskolak normaltasun osoan ematea nahi zuen Zuzendaritzak. Guk, ostera, ezetz eta ezetz. Ezina zela, gure ikaslea baitzen hildako gaztea. Azkenean, Institutua itxita geratu zen egun osoan” Pedro M. Peña Arrausiren testigantza[1].
Normaltasunera itzultzeko ahalegin haien atzean Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritza zegoen. Agintari frankistak, alegia. Institutuko ikasle eta irakasleek hainbat egunetako greba deia egin zuten beraz.
Herritarrak ere haserre zeuden, han eta hemengo egunkarietan argitaratzen zen bertsio ofizialarekin. Goiz erdian, pankarta baten atzean bildu eta kalera atera zen gazte talde bat. Herria zeharkatu zuten manifestariek, urduri eta erdi presaka, etor zitekeena kontutan izanik. Tabernariei, dendariei... grebara dei egiten zieten eta porturaino ere iritsi ziren.
Maiatzaren 26an, eguerdirako, herriko denda eta tabernak itxita zeuden eta greba egin zen.
Maiatzaren 29an manifestazioa
Egun haietan, herritar talde bat bildu zen herritik hurbil, mendi batean. Frankismoaren garaian egiten ziren isilpeko bileren antzera. Bildu ziren, isileko mugimenduen herriko ordezkariak baina baita beste zenbait herritar ere. Aurreko astelehenean grebarako deiak lortutako arrakastak indarrak eman zizkieten. Manifestazio bat egiteko nahiak ziren nagusi baina, nola herritarrak kalera atera, herri osoa guardia zibilez beteta zegoen bitartean?
Hau honela, herritarrek kalera irten ahal izateko estrategia zehatza prestatu zuten. Baten batzuk, guardia zibilek herritik alde egitea eragiteko zerbait deigarria egingo zuten, kalera irteteko deia izango zen hori. Bitartean, beste batzuek herriko sarrerak zainduko zituzten guardia zibilen itzuleraz manifestariei ohartarazteko eta azkenak manisfestazioa bera antolatzen arituko ziren.
Hala, Maiatzak 29an, sute txiki bat agertu zen Ondarroa aurreko mendi magal batean. Hor zen deia. Hori zen kalera irtetzeko momentua. Guardia zibilak, espero bezala, sua itzaltzera abiatu ziren eta, herritarrak kalera atera ziren. Kalerik kale aritu zen manisfestazio jendetsu bat, ikurrinak eta bandera gorriez jantzita. Koldoren hilketa salatzeko eta, oro har, errepresioaren kontrako oihuak entzun ziren. Salbuespen garaia bera salatzen eta Ekainaren 11rako antolatzen ari ziren greba orokor bat egitera deitzen zuten orriak ere jaurti zituzten manifestariek kaleetan.
Abokatuen lana argipen asmoz
1975eko maiatzaren 24an, Koldoren hilketaren egun berean, Miguel Castells Artetxe, Ignacio Usandizaga Aranzadi eta Enrique Villa Sanchez abokatu donostiarrek gertaera haiek salatzen zuten agiria prestatu zuten.
Guardia Zibilek euren bertsioa espainiar estatuko albiste agentzietara zabaltzen zuten momentu berean ari ziren 3 abokatu euskaldunak gertakizunaren kontakizunak eta testigantzak bildu eta dokumentatzen. Seigarren Barruti Militarreko Kapitain Jeneralari, Bizkaiko Entzutegi Probintzialeko Lehendakariari eta Bilboko Elizbarrutiko Gotzainari jakinarazi eta helarazi zieten txostenean, testigantza eta gertakizunak. Hiru arduradunek Maiatzaren 27an jaso zuten abokatuen txostena, postetxeko agiriek baieztatzen dutenez.
Lan honen ondorioz, Bilboko 3. Auzitegi Militarrak 131/75eko aldez aurretiko diligentziak ireki zituen. «Koldo Arriolaren heriotzaren zioak eta inguruabarrak arakatzeko asmoz», salaketa jarri zuten hiru abokatuei ere Auzitegi Militarrean aurkezteko deia egin zien Ekainaren 10erako. Francoren Gobernuaren aginduz Euskal Herriko arazoak gordean izan behar ziren garai hartan, agintariek eskainitako informazioa zalantzan jartzeko edo berrikusteko aukera ireki zen.
Madrileko egunkarietan, honako berri hau irakur zitekeen ekainaren 19an, "Bilbao: Tres abogados declaran sobre la muerte de un estudiante en Ondarroa"[8] Informaciones egunkarian; edo beste hau, "Declaran en la instrucción sobre la muerte de un estudiante en Ondarroa" [9]Ya egunkarian.
Argi bide eta aitortza errealik lortzeko itxaropen handirik ez bazegoen ere, gutxienez, Koldoren hilketaren inguruan beste informazio bat ere egon bazegoela aldarrikatzeko baliatu zen salbuespen garai ilunetan.
Komunikabideekin egia kontatu nahian
Auzitegi militarraren ebazpena iristen zen bitartean, haatik, asko izan zuten egiteko Koldo Arriolaren gurasoek. Gertatutakoa argitzeaz gain, egun haietan zabaldutako bertsio ofizialek eta egunkarietan emandako zabalpenak kaltea egin zien.
Uztailaren 5ean Francoren erregimenak berak, Madriletik, indargabe utzi zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait gairi jarritako zentsura. Gertaera honek bide berriak eta erosoagoak zabaltzen zizkieten familia, abokatu eta prokuradoreei. Uztailean bertan Koldo Arriolaren familiak izendaturiko prokuradore eta abokatuek adiskidetza-ekitaldiak eskatu zituzten zenbait auzitegitan.
Madrilen, adibidez, adiskidetza-ekitaldira deitu zituzten Cifra, Europa Press, Logos albiste-agentzietako eta El Alcazar, Nuevo Diario eta Pueblo egunkarietako zuzendariak, Uztailaren 14an. Donostian ere El Diario Vasco eta La Voz de España egunkarietako zuzendariak deitu zituzten Uztailaren 22rako. Eta uztailaren 28an El Correo Español-El Pueblo Vasco, Hierro eta La Gaceta del Norte egunkarietako zuzendariei Bilboko auzitegi baterako deia helarazi zitzaien.
Adiskidetza-ekitaldirako eskari guztietan eskakizun berbera egiten zitzaien aipatutako albiste-agentzia eta egunkarietako zuzendariei: Maiatzaren 25 edo 26an emaniko informazioa zuzendu, eta egunkariaren antzeko toki batean Koldoren familiak aurkezten zuen informazioa argitara zezatela.
Donostiako egunkarietako zuzendariek, esaterako, Koldoren etxekoek emaniko informazio berria kaleratzeko prest agertu ziren, baldintza batetik, garaian berria argitaratutako Cifra albiste agentziak lehenik zuzenketa egitea. Bilboko Udal Auzitegian ere El Correo Español - El Pueblo Vasco, Hierro eta La Gaceta del Norte egunkarietako zuzendariak bildu ziren eta aho batez adierazi zuten Bizkaiko Informazio eta Turismo Ordezkaritzak banatutako informazioa kaleratu besterik ez zutela egin, albistea bera hartu zuten moduan alegia, inolako aldaketarik egin gabe. Beraz, «... que no pueden responsabilizarse de la misma, por la ya expresada razón de emanar la noticia de un organismo estatal"[1].
Testuinguru horretan eta, abokatuen gomendioak aintzat hartuta, Arriolaren familiak alde batera utzi zuen kereila jartzeko bidea. Ez zuten argi ikusten auzitegietara jotzeko bidea bera, dirutza ikaragarriak xahutzeaz gain, auzitegiko bidea jarraituz lor zitzakeen emaitzak urriak zirelakoan.
Burgosko Kapitain Jeneralaren auzi-erabakiak, 1975eko Iraila-Abendua
Koldo Arriolaren erailketari dagokionez, bi auzi-erabaki eman behar izan zituen Burgosko Kapitain Jeneralak.
Batetik, aurretiaz aipatu bezala, Koldo hil bezain pronto Donostiako abokatuek salaketa igorri zuten Seigarren Barruti Militarreko Kapitain Jeneralari, Bizkaiko Entzutegi Probintzialeko Lehendakariari eta Bilboko Elizbarrutiko Gotzainari. Lan honen ondorioz, Bilboko 3. Auzitegi Militarrak 131/75eko aldez aurretiko diligentziak ireki zituen. Ekainaren 10ean aurkeztu ziren abokatuak Auzitegi militarrera eta Abenduaren 5ean izan zen auzi-erabakiaren epaia. Epai laburra eta erabatekoa. Pedro Gonzalez Garcia Guardia Zibilak ez zuen inolako erantzunkizunik Koldo Arriolaren heriotzean.
Paraleloan eta, aipaturiko auzi honen ebazpena jakin aurretik, Irailean, Bilbo Hiriko Behin-Behineko Auzitegi Militarreko 1 zenbakia duen bulegotik agiri batekin atera ziren abokatuak. Erailketa egunean, Guardia Zibilean prestatutako bertsio ofizialak bide propio bat hartu zuen. Agintari militarrek 71/75 zenbakiz izendatu zuten sumarioa ireki zuten hilda zegoen Koldoren kontra, “Indar Militarrak ekintzaz iraintze” delitua egotziz.
Sumarioan, probatutzat eta ziurtzat ematen zuen Auzitegi Militarrak gau hartan Koldo Arriola eta bere lagunak zarataka eta oihuka igaro zirela Guardia Zibilaren kuartelaren aurretik. Guardia zibilak Arriolari dei egitean ez omen zeukan beste helbururik Koldo bera identifikatu, eta salaketa egitea baizik. Baina, Koldo bera «bat-batean eta ezustean» oldartu omen zitzaion guardia zibilari «aurpegian zaplada batzuk emanaz». Koldoren eraso honi «buruz buru» erantzun omen zion guardia zibilak, subfusila erabili gabe. «Bion artean hasi zuten borrokaren ondorioz lurrera erori omen zen aipaturiko guardia zibila. Une honetan, eta erorketaren ondorioz, ustekabean deskargatu omen zen subfusila, tiroak Arriola herritarra jo zuelarik, hilda utziz»[1].
Kontakizuna idatziak
Koldoren heriotzeko gertaerak argitzeko asmoz bide ezberdinak ahalegindu zituzten bere senide herrikide eta abokatuek. Hala ere, ezer gutxi lortu zuten bide ofizialetatik. Asko lortu zuten aldiz herri kontakizunetik. Hurrengo belaunaldientzat idatzita utzi zuten herriko artista, idazle, historialari… eta noski senideek beraiek: Antiguako hilerrian, Orubixe izenburuaz seinalatutako panteoiaren gainean, marmolezko «liburu» batean, hauxe irakurri dezakegu egun:
KOLDO ARRIOLA ASKATASUNAREN BIDEAN GUARDIA ZIBILAK ERAHILDA 1975'KO MAIATZAK 24,
EZ ZAITUGU INOIZ AHAZTUKO. ZURE GURASOAK.
Koldo Arriolaren oroigarrian jarritako ondorengo bertso hau ere gertakizunen kontaketa izan zen:
LUIS ARRIOLA, hemeretzi urteko mutil ederra,
maiatzaren hogeitalauan
itzali zuten izarra.
Penagarri da bizitzen hasi
ta segidan hil beharra,
justiziaren huts egitea
familiaren negarra
Edo garai bateko tradizioari jarraituz, bertsopaperak banatu ziren Ondarroan eskutik eskura. Baita Euskal Herrian ere (ikusi irudia).
Erreferentziak
- Oruemazaga, Imanol. (2010). Koldo Arriola. Ondo lotutako hilketa baten istorio beltza bezain sakona. Trezak batzen bilduma. OHZ Ondarroako Historiazaleak.
- Boletin Oficial del Estado. .
- Incidente en Ondarroa. Joven muerto. A un guardia civil se le disparó el arma en un forcejeo con la víctima, que le agredió. Nuevo Diario.
- Joven muerto en Ondarroa, al disparársele el arma a un guardia civil. Ya.Madrid.
- Joven muerto en Ondarroa, al disparársele el arma a un guardia civil. La Voz de Asturias.
- Uno de los tres, inesperadamente, se abalanzó sobre el centinela, agrediéndole. La Voz de España.
- Uno de los tres, inesperadamente, se abalanzó sobre el centinela, agrediéndole. El Diario Vasco.
- Bilbao: Tres abogados declaran sobre la muerte de un estudiante en Ondarroa. Informaciones.
- Declaran en la instrucción sobre la muerte de un estudiante en Ondarroa. Ya.
Kanpo estekak
- 2010eko Maiatzaren 23an, Koldo Arriolaren erailketaren 35.urteurrenean, Ondarroako herritarrek egindako omenaldiaren bideo irudiak. Tartean, Joseba Koldo Basterretxea Altzaleik hartu zuen hitza.