Koaderno handia

Koaderno handia (jatorrizko frantsesez "Le Grand Cahier") (1986), Agota Kristofen eleberria da. Egilea bere bizitzan oinarritu zen eleberri hau idazteko. Hungarian Bigarren Mundu Gerrak, naziek , sobietarrek, eta Gerra Hotzak eragindako gerra, heriotza, gosea eta txirotasuna ezagutu zituen. Ahizpa bikia jaioterrian utzita erbesteratu behar izan zuen. Gertaera guzti hauek islatzen ditu liburuak.

Koaderno handia
Datuak
IdazleaAgota Kristof
Argitaratze-data1986
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaLe Grand Cahier
Hizkuntzafrantsesa
HerrialdeaSuitza
Euskaraz
IzenburuaKoaderno handia
ItzultzaileaEskarne Mujika
Argitaratze-data1997
Orrialdeak219
ISBN978-84-88669-49-0

Ezaugarriak

Eleberriaren narratzailea bi anaia biki dira, idazteko gaitasuna hobetzeko idazten dute Koaderno Handian, bertan egia bakarrik idazteko baldintza ezartzen diote haien buruei. Gertaerak besterik ez dituzte idazten, hauek eragiten dizkien sentimenduak ez dituzte aipatzen, honek pertsonaiak urrun eta hotzak direla pentsarazi dezake.

Agota Kristofen beste eleberrietan bezala esaldiak laburrak dira, kapituluak motzak dira (3 edo 4 orrialdekoak gehienak), lekuek eta pertsonek ez dute izenik eta gertaera gogorrak gordinki deskribatzen dira.

Laburpena

Gerra garaian Amak bi anaia biki Hiri Handiko arriskuetatik aldentzeko Hiri Txikira eramaten ditu Amonarekin bizitzera. Bertan ez dute ez erosotasunik (ez dute ez oherik ez bainugelarik), ez eta maitasunik jasotzen (Amonak eta herritar gehienek gorroto dituztela dirudi); egunero egin behar dute lan baratzean eta animaliekin jan nahi badute. Eskolara joaterik ez dutenez, haiek sortutako ariketen bidez ikasten dute dena: idazten, atzerritarren hizkuntzak, mina jasaten, krudelak izaten, eskean ibiltzen, zirkinik egin gabe egoten eta gorrarena edo itsuarena egiten. Haien ikasteko gaitasuna harrigarria eta beldurgarria da. Gerraren bukaera gertu denean Ama bila datorkie, baina nahiago dute Amonaren etxean geratu. Une horretan obus batek Ama hiltzen du. Gerran eta gerra ondorenean ere egoera latzak eta ankerrak bizi dituzte, baina haien ariketei esker beti jakingo dute moldatzen, askotan ankerkeriaren aurrean beraiek ere ankerkeriaz jokatzen. Handik urte batzuetara, gaixo dagoen Amonari hiltzen lagundu ondoren, maite ez duten Aita etorriko da muga zeharkatzeko laguntza eskatzera. Aita mugako minak lehertarazteko erabili ondoren, bietako bat erbestera joango da eta bestea Amonaren etxean geratuko da.

Pertsonaiak

  • Anaia bikiak: protagonistak.
  • Ama: Amonaren eskuetan uzten ditu umeak, Hiri Handian gertatzen diren bonbardaketatik salbatzeko. Obus batek hiltzen du, baita ofizial atzerritar batekin izandako alaba txikia ere.
  • Amona: bakarrik bizi den atsoa. Sorgina deitzen diote Hiri Txikian.
  • Aita: gerran dago. Gerra amaitu eta urte batzuetara agertzen da. Berriro agertzen da eleberriaren amaieran umeei muga zeharkatzeko laguntza eskatzeko .
  • Erbiezpain: auzoko neska basatia. Bere ama itsuarekin bizi da. Bikiek babesten dituzte.
  • Lehengusina: Amonaren eskuetan uzten duten neska, hori babesteko. Lehengusina deitzen diote bikiek susmoak ez sortzeko.
  • Jenerala: Amonaren etxean bizi den jeneral bat, bikiei laguntzen die.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.