Knut Hamsun
Knut Hamsun, Knut Pedersen jaioa, (Vågå, 1859ko abuztuaren 4a – Grimstad, 1952ko otsailaren 19a) norvegiar eleberrigilea izan zen. Haurtzaro latza izan ondoren, lanbide askotan aritu zen, Norvegia osoan zehar. Bi aldiz emigratu behar izan zuen Ameriketara. Kopenhagen bizi zela, Sult (1890, Gosea, J.M. Mendizabalek euskarara itzulia) eleberri autobiografikoa argitaratu zuen. Norvegiako literaturan benetako iraultza ekarri zuen eleberri arrakastatsu horrek; obra horretan Hamsunek bere poetika erakutsi zuen: gizartearen deskribatze-molde errealistaren gaitzespena eta arimaren bizitza, inkontzientearen, ametsaren eta misterioaren goresmena. Nietzsche, Strindberg, Byron eta Dostoievskiren eragina izan zuen, eta izadira itzultze erromantikoa eta menturazko bizitza laudatu zituen bere eleberrietan: Mysterier (1892, Misterioak), Pan (1894), Victoria (1898). 1904an Bihotz basatia izeneko poema-bilduma argitaratu zuen. Nekazari-zibilizazioaren suntsipenak sorturiko sentimena islatu zuen bere obra nagusian: Markens grøde (1917, Lurrak emandako uzta). Sentipen primitiboak mugitzen duen arlote librea gai hartuta, trilogia bat idatzi zuen: Arloteak (1927), Augusto (1930) eta Bizitza aurrera doa (1933). Bere ideiek nazionalsozialismoa onartzera eraman zuten, 1930etik aurrera, eta Quislingen gobernuaren eta Norvegian sartuak ziren alemaniarren alde egin zuen. Gerra amaiturik, traizioagatik epaitu zuten, eta, haren adina zela eta, hiru urtez (1945-1948) eritegi batean sartu. Bertan eguneroko bat idatzi zuen: Belarra hazten den bideetan zehar (1949).
Knut Hamsun | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Knut Pedersen Hamsun |
Jaiotza | Vågå eta Lom, 1859ko abuztuaren 4a |
Herrialdea | Norvegia |
Heriotza | Grimstad, 1952ko otsailaren 19a (92 urte) |
Hobiratze lekua | Nørholm (en) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Bergljot Bech (en) (1898ko maiatzaren 13a - 1906) Marie Hamsun (en) (1909 - 1952ko otsailaren 19a) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | norvegiera daniera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta, eleberrigilea, antzerkigilea, kritikaria eta idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Arthur Schopenhauer, Bjørnstjerne Bjørnson, Lord Byron, August Strindberg, Friedrich Nietzsche eta Fiodor Dostoievski |
Mugimendua | neo-romanticism (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Nasjonal Samling (en) |
hamsunsenteret.no… eta hamsunsenteret.no… | |
| |
1920an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak