Klima aldaketa Artikoan

Lurraren klimak historian zehar aldaketak jasan ditu. Hala ere, aldaketa horiek emateko denbora luzea behar izan da, astiro egin baitira[1].

Azken urteetan, berotegi efektua dela eta, giza jatorriko gasen kontzentrazioa handitzen joan da. Ondorioz, klima aldatzen joan da. Horrek planeta berotzea ekarri du modu globalean.

Zer da baina berotegi efektua? Alde batetik, berotegi efektua modu naturalean ematen den zerbait da. Efektu hau Lurrean bizia egon dadin ezinbestekoa da. Izan ere, atmosferan dauzkagun gasek (ur-lurruna, karbono dioxidoa eta metanoak), eguzki jatorriko argi-erradiazioari pasatzen uzten diote. Behin argi erradiazio horrek lurra jo duela, izpi infragorriak islatu egiten dira eta gas hauek izpiak xurgatu eta atmosferan mantentzen dituzte. Lurraren lurzoruaren tenperatura 15ºC-tan bataz beste mantenduz. Beste aldetik, ordea, gizakion jardueraren ondorioz, gas kantitate handia igorri da, eta ondorioz, berotegi efektua areagotu da. Hau da, atmosferarako gasen kontzentrazioa handitu da, batez ere, karbono dioxidoarena, Lurraren lurzoruan tenperaturaren igoera eraginez. Berotegi efektua gehiegi haztea arazo larria da. [2]

Honek guztiak eragin zuzena du Artikoarekin. Artikoa, eta baita Antartika ere, elur eta izotzez estalita daude. Honek beroa espaziorantz islatzea dakar, baina munduko beste leku batzuek bero hori xurgatzen dute, horrek oreka bat mantentzen laguntzen du. Beraz, izotz gutxiago izateak islatuko den bero gehiago izatea eragingo du. Eta gasen isurketak jarraitzen duen heinean, Artikoa izotz gabe gera daiteke.

Artikoa

Artikoa iparraldean kokatuta dagoen eskualdea da, Ipar Poloaren inguruan, hain zuzen ere. Eskualde hau, izoztutako ozeanoak eta permafrostak (udan izoztuta mantentzen den eskualdea) osatzen dute.

Eskualde honen ezaugarri nagusia, klima hotza da. Udako hilabeteetan ere 10ºC zero azpiko tenperatura izaten da bataz beste. Bi hilabete baino gehiagoz argitasuna modu iraunkorrean dagoen arren, lurrazpiak izoztuta jarraitzen du (permafrost). Era berean, neguko hilabeteetan izotza eta elurra egiten du modu iraunkorrean. Hilabete hauetan ez da argitasunik izaten. Horrez gain, prezipitazioak ere eskasak izaten dira eta gehienetan elur moduan gertatzen dira[3].

Landarediari dagokionez, batez ere eskualdearen hegoaldean aurkitzen da, klimaren indarra baxuagoa den lekuetan[4]. Likenak, goroldioak, landare herrestariak eta zuhaixkak dira nagusitzen den landaredia mota.

Faunari dagokionez, berriz, karraskariak, oreinak eta hauen harrapakariak aurki daitezke. Hala ere, neguko hilabeteetan eremu beroagoetara emigratzeko aukera izaten dute.

Populazioari dagokionez, ordea, Artikoko populazioa etnikoki konplexua da. Badaude arbasoak eskualdean milaka urte bizi izan dituzten populazio indigenak; indigenak ez diren biztanleak, eskualdeko ustiapen ekonomikoarekin edo administrazio publikoarekin lotutako hainbat arrazoirengatik iritsi zirenak; populazio mistoak eta, duela gutxi, Artikokoak ez diren herrialdeetatik Artikoko eskualdera migratutako populazioak. Biziraupena da Artikoko eskualdean, bertakoek egunero aurre egin  behar dioten erronketako bat,  muturreko baldintza klimatiko eta ingurumen-baldintzei aurre egin behar dietelako.[5]

Klima aldaketaren ondorioak artikoan[6][7]

Klima aldaketak Artikoko eskualdean ondorio zuzenak ditu

Tenperatura

Izotz gutxiago izateak, bero handiagoa izatea eragiten du. Hala ere, honek aldi berean, negu hotzagoak ere eragin ditzake. Artikoa inguratzen duen presio handiko haizea ezegonkortu eta hegoalderantz joan daitekeelako eta hotz handiagoak eragin

Garraioa

Izotza urtzen den heinean, nabigaziorako beste bide batzuk zabaltzen dira. Hala ere, honek ere, bere arriskuak ditu. Esate baterako, petrolio isuriren bat gertatuz gero, erreskaterako eta eremua garbitzeko zailak diren guneak izan daitezke

Bizitza basatia

Animaliek itsas izotzaren beharra dute bizi irauteko, eta izotz gutxiago dagoenez, egoera berri horretara egokitu beharra dute.

Izotz galerak eta permafrosta desizozteak eragin zuzena du hartz polarretan, mortsetan, oreinetan eta beste espezie askotan. Baita gizakietan ere. Animalien eta gizakien arteko orekan eragin dezake, bien arteko kontaktua handiagoa izango da, biak ala biak babes bila ibiliko direlako.

Permafrosta

Artiko eskualdeko izotzak eta permafrostak metano kantitate handiak biltzen ditu. Metanoa, aldaketa klimatikoan eragin zuzena duen gasa da. Izotza desizozten denean metanoa isurtzen da, berotasuna handituz. Honek era berean, izotza eta permafrosta desizoztea dakar eta metano gehiago isurtzea.

Artikoko landaretzaren hedapena gerta daiteke eta baso eremua %50an haz daitekeela aurreikusi da. Azken urteetan landaretzaren kopurua handitzen joan da eta tenperatura igoerekin bat egiten du.   

Artikoko kontseilua

Artikoko Kontseilua, Ottawako Adierazpenean 1996ko irailaren 19an sortu zen. Artikoko Estatuen arteko lankidetza sustatzeko gobernu arteko lankidetza-foro bat da, Artikoko komunitate indigenen artean eta ingurumena babesteko interesa duten beste erakunde batzuen artean.

Zirkulu Artikotik haratago kokatutako  zortzi estatuk (Kanada, Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak) eta sei erakunde indigenek osatzen dute.

Artikoko kontseiluak garapen iraunkorreko programak koordinatzen ditu eta iraunkortasunari, ikerketari, hezkuntzari eta Artikoarekin lotutako beste alderdi batzuei buruzko informazioa zabaltzen du, indigenekin eta Artikoan bizi diren biztanleekin elkarlanean. Sei hilean behin biltzen da gutxi gorabehera.

Artikoko Kontseiluak klima aldaketari, petrolioari eta gasari eta Artikoko itsas garraioari buruzko ikerketak egin ditu.[8]

Klima aldaketaren ondorioak munduan zehar[9][10]

Klima aldaketaren ondorioak, ordea, ez dira bakarrik Artikoan pairatuko,  munduko edozein lekutan ikusi eta pairatu ahal izango dira ondorio horiek. Hauek dira klima aldaketak eragin ditzakeen ondorio orokorrak

Tenperatura altuak

Klima larrialdiak munduko tenperaturaren bataz bestekoa handitu du. Honek muturreko tenperaturak erregistratzea eragin du, bero-boladetan gertatzen den bezala. Tenperatura igoerek heriotza tasa handi dezakete, produktibitatea jaitsi eta azpiegituretan kalteak eragin. Tenperatura igoeren ondorio larrienak pertsona zaurgarrienek pairatuko  dituzte (haurrek eta adinekoek, esate baterako)

Bestalde, tenperatu igoerak, klimaren banaketa geografikoa aldatuko duela aurreikusten da. Esate baterako, uda urtaroaren luzeera eragin dezake.

Era berean, fenologian eragina izatea ere espero da. Hau da, animalia eta landareen portaera eta bizi-zikloan eragina izatea. Honek era berean, izurri eta espezie inbaditzaileen kopurua handitzea ere eragin dezake. Baita gizakioi eragiten diguten gaixotasunen intzidentzian ere eragina izan dezake.

Nekazaritza eta  abeltzaintzako errendimenduan ere eragin dezake. Izan ere, geratzen diren lehorte eta uholdeek elikagaien hazkuntzaren produktibitatean eragiten dute. Lehen agertzen ez ziren eremuetan gaixotasun edo izurrite berriak agertzeak ere zuzenean eragiten die nekazaritzari.

Horrez gain, tenperatura altuek uraren lurrunketa errazten dute,. Ur lurruna atmosfera osatzen duen gasetako bat, baina uraren zikloa aldatzen bada, ur lurrunaren kantitatea ere balio normalen gainetik egongo da. Egoera honek, uholde urak eta uholdeak eragin ditzakete. Baita, lehorteen arriskua areagotu, prezipitazio baxua badago ere.

Lehorteak eta suteak

Lehortea, ur eskasiarekin ezberdindu behar da. Lehortea, eskuragarri dagoen uraren aldi bateko eta ezohiko falta da, prezipitazio faltak eta tenperatura altuek eragindakoa. Ur eskasia, berriz, urte osoan ematen den ur gezaren gabezia da gehiegizko kontsumoaren ondorioz. Munduko bataz besteko tenperatura 3ºC igotzen bada, lehorteak bi aldiz gehiago izango direla espero da

Uraren eskuragarritasuna

Klima berotzen den heinean, prezipitazio-ereduak aldatzen dira, lurrunketa handitu egiten da, glaziarrak urtu egiten dira eta itsasoaren maila igotzen da. Horiek guztiak ur gezaren erabilgarritasunean eragiten duten faktoreak dira.

Lehorteen larritasuna eta maiztasuna areagotzeak eta uraren tenperatura igotzeak uraren kalitatea gutxitzea eragin dezake

Uholdeak

Tenperaturak gora egin ahala, ekaitzak  maizago eta biziagoak izatea  espero da, eta uholdeak sarriago gertatuko dira.

Itsas mailaren igotzea

Igoera, batez ere, berotzearen ondorioz ozeanoen hedapen termikoaren ondorioz gertatzen da. Hala ere, glaziarretako izotza urtzeak ere eraginda du.

Klima-aldaketaren gainontzeko ondorioekin batera, itsas mailaren igoerak uholde eta higadura arriskua areagotuko du kostaldeen inguruan, eta horrek ondorio garrantzitsuak izango ditu eremu horietako pertsonetan, azpiegituretan, enpresetan eta naturan.

Biodibertsitatea

Klima-aldaketa hain abiadura handian doa, non landare eta animalia espezie askok egokitzeko arazoak izaten baitituzte.

Ekintzak eta konponbideak[11]

Klima aldaketari aurrea hartzeko edo bere eragina arintzeko, norbanako bakoitzak ekintza ezberdinak egin ditzake. Ekintzak txikiak badira ere, eragin handia izango dute. Hurrengoak dira egin daitezkeen ekintzak:

Etxean energia aurreztu

Gure elektrizitatearen eta berokuntzaren zati handi bat ikatz, petrolio eta gasez elikatzen da. Erabili energia gutxiago, berogailuaren eta aire girotuaren erabilera murriztu, LED bonbilla eta energetikoki eraginkorrak diren etxetresna elektrikoetara aldatu, arropa ur hotzetan garbitu edo lehorgailua erabili beharrean arropa bustia zintzilikatu.Ahal izanez gero, iturri berriztagarrietara aldatu, hala nola, haizea edo eguzkiaren bidez sortutako energia.

Mugitu oinez, bizikletaz edo garraio publikoz. Munduko errepideak ibilgailuz beteta daude, eta gehienek diesela edo gasolina erabiltzen dute. Oinez edo bizikletaz ibiltzeak, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizten ditu eta osasunari mesede egiten dio. Distantzia luzeagoetarako, kontuan hartu trenez edo autobusez bidaiatzea eta ahal den guztietan autoa partekatzea

Bidaiak birplanteatu

Hegazkinek erregai fosil kopuru handiak erabiltzen dituzte eta berotegi-efektuko gasen isuri garrantzitsuak sortzen dituzte. Gutxiago hegan egitea ingurumen-inpaktua murrizteko modurik azkarrenetakoa da. Ahal denean, birtualki elkartu, trenez bidaiatu edo ez egin ibilbide luzeko bidaiarik, beharrezkoa ez bada.

Gutxiago kontsumitu, berrerabili, konpondu eta birziklatu

Erosten ditugun elektronika, arropa eta bestelako elementuek karbono isuriak sortzen dituzte produkzio-katearen kate guztietan, lehengaiak ateratzen hasi eta produktuak fabrikatu eta merkatura garraiatu arte. Gure klima babesteko, erosi gauza gutxiago, erosi bigarren eskukoak, konpondu ahal dena eta birziklatu.

Bertako espezieak hazi

Lorategia edo kanpoko landare bat edo bi izanez gero, saiatu bertako espezieak aukeratzen. Era berean, pentsa bertokoak ez direnak ordezkatzea, batez ere inbaditzailetzat jotzen direnak. Landareak, animaliak eta intsektuak elkarren mende daude. Intsektu gehienek ez dituzte bertakoak ez diren landarerik jaten, hau da, hegaztiek eta beste espezie batzuek ere elikagai-iturri bat galtzen dute.

Erreferentziak

  1. klima-aldaketa, zer da?. , https://www.bizkaia.eus/eu/klima-aldaketa/zer-da or..
  2. Berotegi-efektua – Infogunea. 2012-05-18 (Noiz kontsultatua: 2024-03-09).
  3. (Gaztelaniaz) Suelos y Vegetación de la Región Biogeográfica Ártica de Europa (Bioma Tundra) - Un Universo invisible bajo nuestros pies. 2009-02-05 (Noiz kontsultatua: 2024-03-09).
  4. «2.2.1.1. Zona polar �rtica» www.iusc.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-09).
  5. Pérez, E.C. (2020). Las poblaciones indigenas del Ártico: Realizaciones de su derecho de libre determinacion. Anuario de los Cursos de Derechos Humanos de Donostia-San Sebastian: Donostiako Giza Eskubideei Buruzko Ikastaroen Urtekaria, 202, 157-186. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?cdigo=7962166
  6. (Gaztelaniaz) Nations, United. «Causas y efectos del cambio climático | Naciones Unidas» United Nations (Noiz kontsultatua: 2024-03-09).
  7. (Gaztelaniaz) «Consecuencias del cambio climático - Comisión Europea» climate.ec.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2024-03-09).
  8. Consejo Ártico. .
  9. Greenpeace. «Artikoa» Greenpeace España (Noiz kontsultatua: 2024-03-09).
  10. admin. (2013-04-17). «Artikoa baso bilaka liteke» Gazteberri Aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2024-03-09).
  11. (Gaztelaniaz) Nations, United. «Acciones por un planeta saludable | Naciones Unidas» United Nations (Noiz kontsultatua: 2024-03-09).

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.