Kliente (Antzinako Erroma)

Klientea (latinez: sing. cliens, pl. clientes, "esaneko, obediente, meneko, agindupeko" esan nahi du), antzinako Erromako gizartean, bere burua patronus (latinez: sing. patronus, pl. patroni, "babesle, defentsari") baten bapespean jartzen zuen gizon askea zen, klientela (clientela) edo patronatu (patrocinium) izeneko erakunde sozialearen baitan. Estatus desberdineko bi pertsona jartzen ziren harremanetan eta elkarri zerbitzuak trukatzen zizkioten[1].

Dioniso Halikarnasokoaren testuak[2], erromatarren konstituzio zaharrenean patrizio eta klienteen arteko harremanak deskribatzen zituenak, oso modu idealizatuan irudikatzen ditu: bi aldeen arteko onginahia hainbestekoa zen, non bakoitzak bestea ez gainditzeko ahalegina egiten baitzuen[1].

Klientearen betebeharrak

Kliente ugari talde oso baten aldarazketatik (deditio in fidem) eta patroiaren onarpenetik (susceptio in fidem) eratorritako zen[3]. Klientek hauek edozein unetan ezeztagarriak ziren lurrak (heredium) eta ganadua jasotzen zituen patroiarengandik, auzitegian patroiak egiten zuen bere defentsari lana[4].

Mendekotasun hau obsequium (begirunea, adeitasuna, leialtasuna, segizio militarrean parte hartzea eta zerbitu zehatz batzuk doan egitea) izeneko instituzioaren bidez adierazten zen; horren truke patronoaren babesa zuten[3].

Klienteak bere patroiaren hautagaitza babestu behar zuen hauteskundeetan, eta errespetua erakutsi behar zion goizero agurtuz (salutatio); batzuetan diruz ere lagundu behar zuen patroia. Legeak patroiaren eta klientearen arteko harremanak definitzen zituen, eta tradizioak haiek finkatzen zituen.

Klientea patroiaren gens barruan sartzen zen, pater familiasen agintepean; familiako gurtzetan parte hartzen zuen eta bere kuriako batzarretan ere bai[4].

Klienteen jatorria

Hasieran, klienteak maila ekonomiko eta sozial ahuletatik zetozen, atzerritarrak, libertoak, aitaren agintetik emantzipatutako semeak eta horrela babesa galdu zutenak, seme ez-legitimoak eta antzeko beste batzuk. Libertoa bere lehengo jabearen kliente zen automatikoki. Geroago, klientelaren erakundea aldatu zen, eta, oro har, libertoak eta pobrezia parasitoko kideak bakarrik egiten ziren kliente[4].

Kronografia

Erakunde horrek monarkia garaian eta errepublikaren hasieran funtzionatu zuen; klienteak gizarte-laguntzarako oinarri sendoa ziren patrizioentzat. Klaudiotarrak, jakinarazi digutenaren arabera, kliente-talde handi batekin iritsi ziren, eta Fabiotarrak, berriz, Cremeran goarnizio bat ezarri zuten, familiako klienteen artean hautatutako indar batek okupatua[5].

Hamabi Taulen kodean jasoa geratu zen klienteen estatusa: Patronus si clienti fraudem fecerit, sacer esto (Nagusiak magalpekoa iruzur badeza, gaitzetsia bedi)[6]; sacer izan bedi, hau da, madarikatua eta jainkoen haserrearen mende, baita legetik kanpo ere.

Geroago, plebeko familiek boterea eta ospea lortu zituztenean, kideek kliente-zirkulu batez inguratu nahi izaten zuten. Luzaroan, harreman horiek erlijio- eta familia-zentzua galdu zuten, eta izaera materiala besterik ez zuten izan.

Erromatarren bizitza sozial eta politikoan, kliente-harremana gutxitzen joan zen K.a. II. mendetik aurrera.

Erreferentziak

  1. Deniaux, Elizabeth. (1993). «Clientèles et pouvoir à l'époque de Cicéron» Publications de l'École Française de Rome 182 (1): 0–0. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  2. «Dionysius of Halicarnassus, Antiquitates Romanae, Books I-XX, book 2, chapter 9, section 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  3. Txurruka, Juan eta Mentxaka, Rosa (1994), Zuzenbide erromatarraren sarrera historikoa, Deustuko unibertsitatea, Bilbo, 34. or.
  4. KOVALIOV, S.I. (1985), Historia de Roma (I), SARPE, Madril, 77. OR.
  5. OGILVIE, R.M. (1981), Roma antigua y los etruscos, TAURUS, Madril, 59. or.
  6. Oregi, Eneko. «XII Taulen legea VIII, 21» Euskal legezalea (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.