Klaudio Harluxet
Klaudio Harluxet[1] (Duzunaritze, Nafarroa Beherea, 1939ko irailaren 11 – Baiona, Lapurdi, 1993ko abenduaren 16a) informatikaria, politikaria eta euskaltzalea izan zen, euskarazko informatikan aitzindaria. Parisen ingeniaritza ikasi zuen, eta irakasle izan zen Bordeleko Unibertsitatean (orduko Bordele II Unibertsitatean).[2]
Klaudio Harluxet | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Duzunaritze, 1939ko irailaren 11 |
Herrialdea | Nafarroa Beherea, Euskal Herria |
Bizilekua | Baiona |
Heriotza | Baiona, 1993ko abenduaren 16a (54 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | informatikaria, katedraduna, enpresaburua eta politikaria |
Lantokia(k) | Baiona Donostia eta Bordele |
Enplegatzailea(k) | Bordele II Unibertsitatea UZEI |
Kidetza | Euskal Herriko Alderdi Sozialista Euskal Batasuna Udako Euskal Unibertsitatea Seaska |
Bizialdia
Biarritzeko lizeoan ikasi ondoren, ingeniari informatikoaren ikasketak egin zituen Parisen. Frantziako hiriburuan lan egin zuen IBMrentzat, eta Montrealera (Kanada) joan zen 3 urtez gero.[3]
1972an, familiarekin batera, Baionara joan zen bizitzera, Lapurdin, eta Donostian lan egin zuen SETI S.A. sozietatean. Garai hartan eskolak ematen hasi zen Bordeleko Unibertsitatean. Baionan SEI enpresa kooperatiboa sortu zuen, informatikan eta robotikan lan egiteko. UZEI institutuan lan egin zuen Gipuzkoako hiriburuan, eta sistema informatiko bat jarri zuen abian hiztegiak hainbat hizkuntzatan argitaratu eta tratatzeko. Laburdina Herrikoa finantza-erakundearen sortzailea eta administratzailea zen, eta mundu abertzaleko kultura-jarduera askotan parte hartzen zuen, besteak beste, UEU, Eusko Ikaskuntza eta Pizkundea-rekin.[3]
Jeune Chambre Economique Bayonne-Pays Basque-ko zuzendaritzako kide hautatu zuten 1974an. Alderdi Sozialistako kide izan zen, baina utzi egin zuen gero, euskal gaiekin politika egokirik ez zuela aurpegiratuta.[3]
Baionako 1983ko udal-hauteskundeetan aurkeztu zen, Herritarki izeneko euskal mugimenduko militanteek ezkerreko zerrenda berri bat aurkeztu zuten Harluxet buru zela, ahalik eta zinegotzi abertzale gehien sartzeko, baina 95 boto baino ez zitzaien falta beharrezkoa zen %5a lortzeko. Euskal Batasuna (EB) sortzen parte hartu zuen 1986an.[3]
Baionako zinegotzi hautatu zuten 1989ko martxoaren 12ko udal hauteskundeetan, Bayonne Capitale / Baiona Hiriburu zerrenda abertzale-ekologistarekin. Hil ondoren, Piarres Xarritonek ordezkatu zuen.[3]
Informatikaria
Euskarazko informatikan aitzindaria izan zen. Berak idatzi zituen informatikari buruz euskaraz argitaratu ziren lehenengo artikuluak. 1975. urtean, Elhuyar aldizkarian argitaraturiko «Informatikaren hiztegi laburra» izeneko artikuluan,[4] 74 hitzeko bilduma proposatu zuen, informatikaren oinarrizko azalpenarekin batera. Lehenengo artikulu hartako azken esaldian argi geratu zen haren aitzindari papera:
« | Xehekiago ikertzeko eta esplikatzeko zer den ordenadore bat, askoz gehiago hitz behar dira. Gure lana huntan bukatu edo bururatu baitzen, hitz hauek bakarrik ditugu eskaintzen irakurleari, bera deitzen dugularik gurekin lan hau osatzera. | » |
—Klaudio Harluxet[4] |
Aldizkari berean bi urte geroago beste artikulu bat argitaratu zuen, René Harluxet lehengusuarekin. Han ekin zioten Claude E. Shannonen informazioaren teoriari (informatikaren oinarri den teoria), informatikarekiko euskararen balizko zailtasuna gezurtatuz. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean Harluxeten 14 ekarpen bildu dira, horietako 7 informatikari buruz.[5]. 1984an sarrera-hitzaldia eman zuen Udako Euskal Unibertsitatean, "Euskal Herri osorako Unibertsitatea noiz erdietsiko" tituluarekin. 2012ko Ibilaldian omenduetako bat izan zen Klaudio Harluxet "Teknologia eta euskara" arloan egindako ekarpenarengatik.[6]
Hizkuntza teknologiako aitzindaria
Euskararen tratamendu automatikoan ere izan zen aitzindaria. 1980an UZEIk bere hiztegiak sortzeko tresna informatikoak sortzeko aukera aztertu nahi zuen, Joseba Intxausti zuzendariak garaiko bost informatikari aditu bildu zituen gaia aztertzeko, eta denak bat etorri ziren zegoen problemaren zailtasun handiaz. Batetik fitxa kopurua handia erabili beharko zen, eta bestetik fitxa posibleen egitura oso heterogeneoa eta tamaina desberdin askotakoa zen. Baldintza haietan adituek ondorioztatu zuten 1980ko konputagailuetan, arrazoizko baldintza ekonomikoetan, ezin izango zela inolako aplikazio egokirik lortu; problemaren datuak ez baitziren garai hartako informatika komertzialak tratatzen zituen datu erregularrak. Baina handik bi hilabetera Klaudio Harluxet soluzio batekin itzuli zen UZEIra. Bere asmakizunaren giltza sinplea zen oso: zuhaitza datu-egitura erabiltzea. Datu-egitura hori erabiliz Klaudiok FORTRAN programazio-lengoaiaz inplementatu zuen gero hainbat urtetan UZEIren hiztegiak arrakastaz kudeatu zituen RTerm aplikazio informatikoa. Klaudio bera izan zen aplikazioaren kudeatzailea Donostian hainbat urtetan.[7][8]
Iruñean UEUn 1989an Hizkuntz Industriak eta Informatika izenburuko hitzaldia aurkeztu zuen, eta 1990ean hizkuntzaren prozesamenduari buruz Donostian egin zen VI SEPLN kongresuko mahai inguruan ere gai horretaz hitz egin zuen. Urte hartan bertan Hizkia enpresa sortu zen Baionako SEI taldearen babesean, Ixa Taldearekin batera 1993an XUXEN zuzentzaile ortografikoa plazaratu zuena.
Gizarte-ekintzailea: kooperatibismoa, euskaltzale eta zinegotzia
Ipar Euskal Herrian kooperatibismoaren alde lan egin zuen, eta SEI enpresa-taldeko sortzaileetako bat izan zen.
Euskararen aldeko hainbat elkartetan (Seaska, Herrikoia, UEU...) aktiboki parte hartu zuen.
EHAS alderdi politikoko kide izan zen, eta geroago Euskal Batasunekoa. Baionako udalean abertzale guztien botoak bilduz hautetsi bilakatzea lortu zuen 1989an.[7]
Errekonozimenduak
- Klaudio Harluxeten omenez sortu zen Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.[9][10]
- 2012: Ibilaldian omendua teknologia berrietan euskara sartzeko egindako lanengatik beste hauekin batera: Lapurdiko Harluxetar lehengusu ingeniariak: Klaudio Harluxet eta René Harluxet;[11] Aurki, Sustatu, Codesyntax: Luistxo Fernandez). UEUko Informatika saila: Olatz Arbelaitz; EHUko Donostiako Informatika Fakultatea: Iñaki Alegria eta Kepa Sarasola; EHUko Aholab Taldea: Inma Hernaez; puntueus: Iratxe Esnaola; kaixo.com: Aitor Lopez de Aberasturi; Erentzun ikastola: Fultxo Crespo; Hachtibista, sare sozialak: Gorka Julio; Euskal Jakintza: Maite Goñi.[12]
- 1989: Iruñean UEUko udako ikastaroen hasiera-ekitaldiko hitzaldia eman zuen izenburu honekin: "Hizkuntz Industriak eta Informatika".
- 1990: hizkuntzaren prozesamenduari buruz Donostian egin zen VI SEPLN kongresuko mahai inguruan ere hizlari inbitatua izan zen.
« | Informatika eta euskara lotzen aitzindaria izan zen Klaudio Harluxet gogoan. Joserra Etxebarria maisu handiari | » |
—Iñaki Alegria, Olatz Perez de Viñaspre eta Kepa Sarasola[13] |
Erreferentziak
- Artikulu honen iturrietako bat Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa da.
- Ofiziala frantsesezko idazkeran, Claude Harlouchet
- Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2020). Komunikazioa euskaraz ingeniaritzan (Bigarren argitalpena zuzendua). Udako Euskal Unibertsitatea, 12 or. PMC 1222923008. (Noiz kontsultatua: 2021-11-30).
- «Harlouchet, Claude - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-18).
- Klaudio Harluxet: «Informatikaren hiztegi laburra», Elhuyar zientzia eta teknologia, 1975.
- Klaudio Harluxeten produkzioa Inguma datu-basearen arabera (7 produktu)
- Ibilaldietan omenduak. Ikastolen Elkarteak gizarteko hainbat esparrutan euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean lanean ibili diren lagunei ondo merezitako gorazarrea egiteko
- "Klaudio Harluxet, informatikaria". K. Sarasola. Elhuyar aldizkaria 1994/04/01
- Sarasola, Kepa. (1994). «Klaudio Harluxet, informatikaria» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
- «Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2021-03-18).
- «Hiztegiak, banku terminologikoak eta entziklopediak» www.euskadi.eus 2017-02-08 (Noiz kontsultatua: 2021-03-18).
- Ikastolen Elkartea, Bizkaia. (2012-06-03). Euskara Teknologia Berrietan. Elkarrizketak 2012ko Ibilaldian omendukoekin.. Ikastolen Elkartea (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
- Ibilaldia 2012 omenaldia: Euskara teknologia berrietan sartzeko aintzindariak – Hizkuntza-teknologiak. (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
- «PYTHON programazio-lengoaia: oinarriak eta aplikazioak :: denda :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-08).
Kanpo estekak
- «Claude Harlouchet» Auñamendi Eusko Entziklopedia
- Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
- Claude Harlouchet 1993ko abenduaren 16an zendu zen Euskonews
- Euskara Teknologia Berrietan bideoa 2012ko Ibilaldian omendu guztien iritzi eta esperientziekin.
- Senez itzulpen-aldizkariko 1. alea, Harluxeten 'Termia 84' artikulua zekarrena.