Kizkitzako Ama Birjinaren baseliza

Kizkitzako Ama Birjinaren baseliza Gipuzkoako hego-erdialdean dagoen Itsasoko udalerrian kokaturiko baseliza bat da. Historiaz, hizkeraz eta ohituraz Goierri eskualdekoa izanagatik, administratiboki Urola Garaikoa da. Itsaso herrigunearen gain eta Kizkitza mendiaren tontorrean dago. Baselizaren aldamenean zelai bat, atsedenlekua, mahaiak eta erretegia daude. Kizkitza ohiko emakumezko euskal izena ere bada, batez ere Goierri aldean, Itsaso barne. Kostaldean ere Kizkitza deiturak usadio handia du, eta ontzi askok dute Kizkitzako Ama izena.

Kizkitza terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Kizkitza (argipena)»
Kizkitzako Ama Birjina
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Saiatzeko aldaera Saiatzeko aldaera
Kizkitzako baseliza, hego-ekialdetik ikusia
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaItsaso
Koordenatuak43°04′58″N 2°15′16″W
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXV. mendea -
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea5

    Ingurune hau Itsasoko biztanleek gestionatu dute historian zehar, gaur egunera arte mantendu diren hitzarmen, arau eta antzinako lan-moduen bitartez. Pagadia Itsasoko zenbait familiak landatu zuten, eta bertako zura ustiatzeko eskubidea familia horiek izan dute, jatorrizko baserriko jarduerari eusteko baldintzarekin.[1]

    Kizkitzako baseliza, hegoaldetik ikusia. Ezkerrean, baselizaren atzealdean dagoen itsasargia nabarmentzen da teilatuaren gainetik.

    Nola bertaratu

    Mandubiko Bentaren aurrealdean dagoen baserri aldameneko mendi-pista hartu behar da, larrea atzealdean utzi ondoren basoan barneratu eta bidea bitan banatzen da. Ezkerrekoa hartu eta txabola eskuinaldean utziko dugu (Elorri 1988). Bidea jarraitu ezkero, lau norabidetara hedatzen den bidegurutze batekin topatuko gara. Eskuinaldeko lehenbizikoa hautatuko dugu ("Kizkitza" kartelak adierazten du). Bide hau segituaz zuzenean baselizara ailegatuko gara. Azken 100 metroak malda handikoak dira, hortaz igoera patxadaz burutzea gomendatzen da. Denera, Bentatik hasita ibilbideak 20 minutu eskas ditu. Baselizatik inguruko eremuaren ikuspegia zoragarria da: Garin, Astigarreta, Ezkio, Gabiria, Mandubia, Txindoki eta Aralar...

    Historia

    Gipuzkoako barnealdean egonagatik, itsasoarekin lotura handia dute ermitak eta bertako ama birjinak. Izan ere, leku hau inguratzen duten basoek zurez hornitzen omen zituzten kostaldeko ontziolak. Gaur egun baselizak duen itsasargia Tarifako portutik ekarria da, eta 1962an ezarri zuten, sute baten ondoren ermita eraberritu zenean. Dirudienez, lehenago ere bazen itsasargi bat, zura ustiatzen zuten ontziolek oparitua, baina autore guztiak ez datoz bat horretan. Itsasoarekiko lotura hori ermitaren egiturari berari eta inguruko elementuen kokapenari ere antzematen zaie, itsasontzi baten itxura imitatzen baitute.[1]

    Diotenez, baseliza honetako lehenbiziko Andre Mariaren irudia ingurune horretan aurkitu eta herrira eraman zuten. Ikusirik irudia desagertu eta atzera hasieran aurkitutako tokian agertzen zela, hortxe baseliza bat eraikitzea erabaki zuten bizilagunek.[1]

    1818an Ezkioko Juan Jon Arantzadi parrokoak txosten bat egin zuen Kizkitzari buruz, Iruñeko gotzainak eskatuta. Ermitaren egoera kaxkarra azaltzeaz gain, aipatu zuen ermitak Alegiako Magdalena elizarekin duen zorra ez zuela ordaindu, eta ez zuela ordaintzeko aukerarik ere. Bestalde, erromeriako egunean dantza lizunak, borrokak eta eztabaidak izaten zirela salatzen zuen. Txosten hura kontuan hartuta, ermita eraisteko agindu zuen Iruñeko gotzaindegiak 1820an, haren materiala salduta eskuratutako diruarekin Magdalena elizarekiko zorra kitatzeko, eta ama birjinaren irudia parrokiara jaisteko.[1]

    Kizkitzako Amaren irudia, itsasontzi baten gainean, ermitaren barruko burualdean.

    Irudia jaitsi zuten elizara, baina handik gutxira Kizkitzarako bidean agertu zen, zuhaitz baten ondoan. Jendeak miraritzat hartu zuen, eta prozesioan Kizkitzara itzuli zuten. 30 urte geroago herriko bi gaztek aitortu zuten berek utzi zutela zuhaitzaren ondoan. Kizkitzaraino eramateko asmoa zuten, baina bidean beldurtu eta bertan utzi zuten.[1]

    Lehenengo irudi mirarigile hura Bigarren Karlistaldian galdu omen zen, eta haren ordez beste bat jarri zuten. Hura ere, zaharberritzera bidalita, ez zen gehiago azaldu.[1]

    Hirugarren irudia jantzitako ama birjina izan zen. 1959ko abenduaren 28ko suteak baseliza erabat hondatu zuen, baina inguruan bizi zen baserritar batek baseliza erortzen ari zela, barrura sartu eta ama birjinaren irudia erreskatatu zuen (gaur egun, Itsasoko elizan dago irudi hori).[1]

    Azkenik, 1962an baseliza berreraiki zenean, XVII. mendekoa den Arrosarioko ama birjinaren irudia jarri zen aldare nagusian, zurezko itsasontzi baten gainean. Dirudienez, ama birjinaren irudi hori Itsasoko parrokian zegoen prozesio irudia da.[1]

    Jaiegunak eta ospakizunak

    Kizkitzako Andre Mariaren jaieguna irailaren 8an da.[2] Egun horretan, erromeria herrikoia egin ohi da.

    XX. mende arte, Ostegun Santu egunean baselizarako gurutze bidea ohi zen.

    Gaur egun, urtean hiru meza egiten dira Kizkitzako baselizan: Pazko igandean, arratsaldeko seietan eta beste biak, irailaren 8koa, goizeko hamaiketan, eta ondorengo igandekoa, arratsaldeko seietan egiten dira, eta bertaratzen direnei San Andresen erlikia musukatzeko aukera ematen zaie.

    Erreferentziak

    1. «Kizkitza», Ezkio-Itsasoko Udalaren webgunea.
    2. «Nuestra Señora de Kizkitza», Euskomedia.

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.