Kition
Kition (antzinako grezieraz: Κίτιον, Kítion; punikoeraz: 𐤊𐤕, KT[1] edo 𐤊𐤕𐤉, KTY; latinez, Citium[2]) antzinako hiria eta Zipreko antzinako errege hirietariko bat izan zen. Gaur egun Larnaka hiria kokaturik dagoen tokian zegoen, Zipreko hego-ekialdean.
Kition | |
---|---|
Kitiongo hondarrak | |
Datuak | |
Estatu burujabe | Zipre |
Zipreren banaketa administratiboa | Larnakako barrutia |
Koordenatuak | 34°55′24″N 33°37′50″E |
Historia | |
Garaia | K.a. XIII. mendea |
Uztea | K.o. 342 |
Kultura | Zipretarrak |
Greziako akaziarrek fundatu zuten K.a. XIII.mendean Troiako Gerraren ondoren. K.a. X mendean feniziarrek Zipren izan zuten kolonia handiena bihurtu zen. Kitiondar ezagunena Zenon izan zen, K.a. 334 urtean jaio eta Atenasen 300 urtearen inguruan estoizismo izeneko eskola filosofikoa sortu zuena[3].
Izena
Egiptoko Medinet Habu tenpluan Ramses III.a faraoiaren garaian (K.a. 1198-1116) Kathian izena idatzita aurkitzen da Zipreko beste hainbat hiriren artean eta Kition izan daitekela uste da[4]. Flavio Josefo judutarrak (K.o. I. mendea) esan zuen hebrearrek Zipre izendatzeko erabiltzen zuten Kittim izena ere Kition hiriaren izena zela[5].
Historia
Sorrera
Kitiongo hiri-estatua K.a. XIII. mendean ezarri zen. Mizenarrak saiatu ziren aurrez inguruko kobre meategiak ustiatzen baina jarraipenik ez zuten izan[6]. K.a. 1200 eta 1000 urteen artean elementu kultural berriak azaldu ziren indusketetan aurkitutakoaren arabera (objetu pertsonalak, keramika, arkitektura estilo berriak...) eta badirudi greziako akaziarrek ekarritako aldaketa kultural eta politikoen ondorioa izan zela. K.a. XII. mendearen hasieran hiria tamaina handiagoan berreraiki zen. Aurrez zegoen buztin egosiz egindako harresiaren lekuan harresi ziklopearra eraiki zen gainera.
K.a. 1000 urtearen inguruan hiriko zati erlijiosoa (Kathari) bertan behera utzi zen. Antzinako literaturaren arabera Tiroko merkatari feniziarrek Kition ingurua kolonizatu zuten eta Kitionen eragin politikoa nabarmen handitu zen[7]. K.a. 850 urtearen inguruan Kathari eremuan santutegiak berreraiki eta berrerabili zituzten feniziarrek.
Aro Klasikoa
K.a. VI. mendean Zipre Inperio handiagoen menpean egon zen. K.a. 570 eta 545 artean egipziarrak izan ziren uhartearen jabe eta ondoren pertsiarrak. Garai hartako erregeen izenak aurkitu dira feniziarrek idazkietan eta txanponetan[8]. Aro klasikoan Kition eta Salamina ziren uharteko hiri boteretsuenak eta K.a. 499 urtean Zipreko estatu guztiek bat egin zuten Ioniaren Pertsiaren aurkako matxinadan. Pertsiarren agintea K.a. 332 urtean amaitu zen[8].
K.a. 312 urtean Ptolomeo I.ak Zipre konkistatu zuen. Kitiongo Poumyathon errege feniziarra hil zuen eta hiriko tenplu guztiak erre zituen. Zipreko hiri-estatuak desegin zituen eta Kitiongo feniziarren dinastia kendu zuen horrela. Honen ondoren Kitionek inguruko erdigune erlijiosoa izateari utzi zion. Ez zen ordea kitiondarren amaiera izan, Greziako Pireo hirian kitiondarren merkataritza kolonia batek iraun baitzuen eta baita garapena izan ere. Jakina da K.a. 233 urtean Astarte jainkosaren omenezko tenplua altxatzeko baimena eskatu zutela[4].
Erromatarren aroa
Erromatarrek Zipre eskuratu zuten K.a. 58. urtean[4]. K.o. 76. urtean lurrikara handi bat jasan zuen baina badirudi erromatarren garaian hiri oparoa izan zela. Septimio Severoren garaian curator civitatis (finantza administraria) bidali zen Erromatik Kitionera[4].
322 eta 342 urteetan izandako lurrikara berriek erabat suntsitu zuten Kition, bai eta Salamina eta Pafos hiriak ere[4].
Indusketa arkeologikoak eta aurkikuntzak
Kitionen egindako aurreneko indusketa sistematikoak suediarren 1929ko espedizioan burutu ziren, Einar Gjerstad arkeologo suediarraren gidaritzapean[9]. Hurrengo hamarkadetan Kathari eremuan indusketek aurrera jarraitu zuten eta 20 metroko luzera duen mosaiko erromatar bikaina aurkitu zen 2016an. Bainuetan izan zen eta Herkulesen lanak azaltzen ditu. Kyriakou Matsi kalearen azpian aurkitu zen estolderia lanetan ari zirela[10].
Kathari eremua
Bamboula eremutik 500 metro iparraldera kokaturik dago eta "Kition Area II" izena ere hartzen du. 1959 eta 1981 artean induskatu zuen Antigualeko Departamentuak[11]. K.a. XII. mendeko harresia eta bost tenpluren hondarrak eta harresi ziklopearra aurkitu ziren.
Tenplu handienak 35 m x 22 m-ko dimentsioak zituen eta harlanduzko blokeak zituen. Tenplua K.a. 1200 inguruan bererraiki zen eta azpian zegoen tenpluaren hondarretako hegoaldeko horman Brontze Aro berantiarreko itsasontzien graffitiak aurkitu dira.
Bamboula eremua
Larnakako museotik 50 metro iparraldera dago, 1845ean Sargonen hilarria aurkitu zen tokian[12]. Gaur egun Louvre museoan aurkitzen da. 1913. urtean britainiarren espedizio batek egin zituen aurreneko indusketa lanak.
Bamboulako kaiaren inguruan dauden maldetan K.a. X. mendeko asentamenduaren oinarriak aurkitu zituen Lyongo Unibertsitateko arkeologo talde batek 1976an[8]. Astarteren eta Melkarten omenezko santutegiak aurkitu dira, lehena jainkosa semitikoa eta bigarrena feniziarra[11]. Santutegi zaharrena K.a. IX. mendekoa da.
1987an gerra ontzien itsas-portu feniziarra aurkitu zen, K.a. V. mendean eraikitakoa. Itsasontziak gordetzeko sei eraikinen aztarnak aurkitu dira, 6 metrojo zabalera eta 38-39 metrotako luzera dituztenak. Eraikin hauek teiladun teilatuak zituzten eta urteraratzeko arranpa ere bai[13].
Beste eremu batzuk
Bost hipogeo (eraikitako hilobiak) aurkitu dira Kitionen, Vangelis hilobia, Godham hilobia, Phaneromeni eta Turabi Tekke. Azken honetan K.a. IX. mendeko bi hilarri garrantzitsu aurkitu dira, feniziar idazkiak dituztenak.
"Kition Area I" mendebaldeko harresitik gertu dagoen eremua da. Feniziar garaikoa da eta auzo erresindentziala zela dirudi, arkitekturari dagokionez. Phaneromeniren hilobiaren inguruan "muinoko atea" aurkitu da. "Kition Area III" eta "Kition Area IV" ere badaude. Akropolis bat ere bazegoen.
Nekropolisa Zipreko hilerri aztertuena dela esan zuen Sophocles Hadjisavvas arkeologoak[7]. Hain zen handia Kitionen hilerria, K.o. XII. mendean sortu zen hiri berriari Larnaka izena jarri ziotela. Izena grezierazko larnax hitzetik dator eta "hilkutxa" esan nahi du.
Iruditegia
- tenplu handiaren hondarrak.
- Kitiongo ontzioletako maldak.
- K.a. XIII. mendeko ontzia.
- Txanpon pertsiarrak, Zipren egindakoak.
- Zeusen eskultura (K.a. 500-480).
Erreferentziak
- (Alemanez) Huss, Werner. (1985). Geschichte der Karthager. C.H.Beck ISBN 978-3-406-30654-9. (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
- Citium. (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
- (Ingelesez) Bevan, Edwyn. (1999-01-01). Stoics and Sceptics: Four Lectures Delivered in Oxford During Hilary Term 1913 for the Common University Fund. Adegi Graphics LLC ISBN 978-0-543-98288-9. (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
- Flourentzos, Paulos. (1996). A Guide to the Larnaca District Museum. Nicosia: Ministry of Communications and Works - Department of Antiquities., 6 or. ISBN 978-9963-36-425-1..
- «Flavius Josephus: Josephus: The Complete Works - Christian Classics Ethereal Library» www.ccel.org (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
- Orphanides, Andreas G. The Mycenaeans in Cyprus: Economic, Political and Ethnic Implications. Lines Between: Culture and Empire in the Eastern Mediterranean Conference, 3–6 June 2015, Nicosia, Cyprus. Retrieved 2017-09-11 – via ResearchGate.
- «The Shelby White & Leon Levy Program: Hadjisavvas» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
- Yon, Marguerite; William A. P.. (1997). Kition in the Tenth to Fourth Centuries B. C.. Bulletin of the American Schools of Oriental Research. 308:, 9 or..
- «Department of Antiquities - Archaeological Sites» www.mcw.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
- (Ingelesez) «Unique, Roman-era mosaic of Hercules’s Labors to go to Larnaca museum | Kathimerini» www.ekathimerini.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
- «Department of Antiquities - Archaeological Sites» www.mcw.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
- Eberhard Schrader,. (1882). Die Sargonsstele des Berliner Museums.. Abhandlungen der Königlichen Akademie der Wissenschaften zu Berlin 1881, Berlin 1882, Verlag der Königlichen Akademie der Wissenschaften, 4.
- (Ingelesez) Sourisseau, Jean-Christophe. Les neoria et le port militaire de Kition-Bamboula (Larnaca, Chypre).. (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).