Kirikiñausi

Kirikiñausi edo gaztain hespilak gaztainak bildu eta egoera onean kontserbatzeko erabiltzen ziren harrizko gordailuak dira[1].

Bertizko kirikiñausia (bertan izkiñu esaten zaio).

Izenak

Erakuntza hauek izen desberdin ugari hartzen dituzte euskaraz: kirikiñausie, kirikiñosie, kirikiñausia, kirikiñotokie, kirikiño-ezie, gaztaine-ezie (Gorbeialdea)[1], kirikiñusie (Zeberio)[1], kortina (Aiaraldea)[2], izkiñue (Malerreka)[2], gaztaindegie, gaztandeie, espille (Baztan)[3], gaztain espil (Sara)[1], kurtsila (Lapurdi)[1] eta eskorta[1].

Deskripzioa

Gaztain hespilak harrizko hesi biribil edo eliptikoak dira. Gorbeialdean biribilek 2 eta 8,6 metro arteko diametroa dute, eta eliptikoek 1,55 - 4,1 mko luzera eta 1,15 - 4,8 mko zabalera. Hesia 1,1 - 2,15 metro gora izaten da. Gehienek ate-zuloa dute, baina badira irekigunerik gabekoak ere[1].

Guregana harrizkoak iritsi diren arren, behinola hesola eta adarrekin ere egiten zituzten[1].

Erabilpena

Gaztainak morkots eta guzti pilatzen ziren kirikiñausiaren barnean. Ondoren, iratze, belar, gaztainondo-adar, elorri edota zakuekin estaltzen ziren. Era horretan, gaztainak egoera onean kontserbatzeaz gain, zerri edo basurdeek jatea eragozten zen. Gehienean, abenduan hasten ziren kirikiñausietan gordetako gaztainak jaten. Morkotsak arrasteluekin ateratzen ziren biltegitik eta, aletu ondoren, baserrira eramaten ziren. Aldi bakoitzean aste bateko behar zirenak ateratzen ziren[1].

Erreferentziak

  1. Enrike IBABE, Mª Juana LUJANBIO: Ericeras en el Macizo del Gorbeia Euskomedia.org
  2. Jose Angel Aramendi: Gaztaina pobreen ogia lez ezagutua izan da, dirudunek edo etxagunek, gari ogia izango eben Aiaraldea.com
  3. Mariano IZETA: Baztango Hiztegia. 1996, Gobierno de Navarra.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.