Kirenia
Kirenia[1] (grezieraz: Κερύνεια, t͡ʃeˈɾiɳˑa ahoskatua; turkieraz: Girne) Zipreko iparraldeko kostaldean kokaturik dago eta Kireniako barrutiaren hiriburua da.
Kirenia | |
---|---|
hiria | |
Administrazioa | |
Estatu burujabe | Zipre |
Zipreren banaketa administratiboa | Kireniako barrutia |
Izen ofiziala | Κερύνεια (gr) Girne (tr) |
Geografia | |
Koordenatuak | 35°20′25″N 33°19′09″E |
Altuera | 0 m |
Demografia | |
Biztanleria | 33.207 (2011ko abenduaren 31) Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragileaEspresio akatsa: Ez dago operadorerik -(r)entzat |
Informazio gehigarria | |
Ordu eremua | UTC+02:00 |
Hiri senidetuak | Güzelbahçe (en) eta Yalova (en) |
http://www.kyreniamunicipality.com/ |
1960. urtean independentzia lortu zenean Zipreko Errepublika eratzen zuten sei barrutietatik bat zen Kirenia baina 1974. urtean Turkiak uhartearen iparraldea inbaditu zuenetik Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako eremua da de facto.
Historia
Antzinako aroa
Indusketa arkeologikoek adierazten dutenez, biztanleak bazituen Neolitoan, k.a. 5800-3000 urteen artean.
Dirudienez, Kirenia ingurunean babestu ziren greziar etniako giza taldeak, indoeuropar inbaditzaileetatik ihesi. Ondorengo mendeetan, itsas merkataritzagatik hazi zen eskualdea, Asia Txikiarekiko gertutasunari esker. Hiriaren sorrera akaziarrei lotu zaie, mizenastar zibilizazioan, k.a. 1300etik aurrera. Kireniatik ekialdera luzatzen den kostaldeari "akaziarren kostaldea" esaten zaio gaur egun ere. Idatzizko aipamen zaharrena egiptoar testuetan aurkitu da, eta Ramses III.aren garaikoa da (K. a. 1125-1100).
Garai helenistikoan, oparotasun handia ezagutu zuen hiriak eta ez zuen garrantzia galdu Egiptoko ptolomeotar dinastiaren esku zegoenean, Alexandro Handia hil ondoren (k.a. 323) izandako lurraldearen banaketa osteko borroken ondorioak pairatu bazituen ere. Ildo beretik jarraitu zuen bertako ekonomiak erromatarren garaian. Gotorleku bat eraiki zuten, hartutako garrantziaren lekuko, eta horren ekialdean, lehenengo kristauek katakonbak eraiki zituzten.
Erdi Aroa
Bizantziar enperadoreek birmoldatu zuten erromatar gaztelua arabiarrei aurre egin ahal izateko, aldameneko Lambousa suntsitu zutenean, 806 urtean. Kirenia mendikatean hiru gaztelu eraiki zituzten (Buffavento, San Hilarion eta Kantara) pirata arabiarren erasoak aurrikusteko atalaiak izango zirenak[2] eta Kirenia eta Nikosia arteko pasabidea zainduko zutenak. 1191. urtean Rikardo I.a Ingalaterrakoak hegoaldetik Zipre inbaditu zuenean azken enperadore bizantziarra zen Isaac komnenosek familia eta altxorra Kireniako gazteluan gorde zituen, bera gerrara joan bitartean. Rikardo I.ak Zipre konkistatu bazuen ere ziprerekiko interes handirik ez zuen erakutsi eta Guy de Lusignan frantziarraren eskutan utzi zuen. Frankoen garaian, feudalismoa izan zen gizartearen antolakuntza sistema eta eskualdeko administrazio eta merkataritza gune garrantzitsua bilakatu zen Kirenia. 1208-1211 bitartean kaia eta gaztelua zabaldu ziren eta hiri-harresia eraiki zen.
1218an Hugo I.a Ziprekoa hil zenean John d'Ibelin bihurtu zen Zipreko eta Jerusalemgo erbesteko errege. Jerusalemgo erregetzaren lehian Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa sartu zen eta 1228. urtean Frederiko II.a Limasolen lehorreratu zenean bien arteko gerra sortu zen. 1229 eta 1233 artean bien arteko borroka hadiak izan ziren Kirenian, erregeen egoitza zen San Hilarion gaztelua eskuratu nahian bereziki[3].
Kirenia hiri barnera itzuliz, XIV. mendean genovarrek hainbatetan setiatu zuten kaia zaintzen zuen gaztelua baina ez zuten inoiz eskuratzerik lortu.
1489an Veneziako Errepublikaren eskutan gelditu zen Zipre. Hauek otomandarren mehatxua aintzat hartuta Kireniako gazteluaren babes egiturak modernizatu zituzten. Artilleria astunari aurre egin ahal izateko, dorre zaharrak eraitsi eta dorre biribil zabalek ordezkatu zituzten. Mendialdeko gazteluak bestalde bertan behera utzi zituzten eta hainbat zati eraitsi ere bai, gaztelu azpiegitura handiegia baitzen dena egoera onean mantentzeko[4]. Dena dela 1571. urtean otomandarrek Kireniako gaztelua setiatu zutenean errenditu beharra izan zuen.
Otomandarren aroa
Otomandarrek Zipre eskuratu zutenean lau barrutietako baten hiriburu izendatu zuten baina mendeek aurerra egin ahala garrantzia galduz joan zen. Hasieratik bertatik kristauak hiritik kanporatu zituzten eta harresien kanpoaldean eraiki zituzten auzo berriak. Auzo hauek ordea hondatuz joan ziren eta kristauek mendi aldera jo zuten[5].
XVIII. mendean agintari turkiarrek Asia Txiaren eta Egeoko uharteen arteko merkataritza bideak eratu zituzten berriz eta Kirenian egoera berri honi probetxua atera zion. Algarroboa landatzen zuten nekazariek eta algarrobo-leka esportatzen hasi zen Asia aldera. Honi esker kireniarrek bizitza maila oparoa lortu zuten eta hezkuntza eta kulturak ere garapena izan zuen.
Britainiarren aroa
1878 urtean Otomandar Inperioak eta Erresuma Batuak hitzarturik britainiarrek hartu zuten Zipreren kontrola eta Nikosia hiriburutik Kireniara errepidea eraiki zuten. Hirian berrikuntza handiak egin zituzten eta nabarmen modernizatuy zuten. 1893an ospitalea eraiki zuten eta 1900. hamarkadan hotelak eraiki zituzten Nikosiako familia aberatsen opor-leku bihurtzeko. Guzti hauek egiteko zerga handiak ezarri zituzten eta biztanle askok emigratu beharra izan zuten, hasieran Egiptora eta beranduago Estatu Batuetara eta Turkiara. Turkiar jatorriko zipretarrak ziren alde egin zuten gehienak eta greziar-zipretarren populazioak Kireniako biztanleriaren %67a osatu zuen[6]. 1922an Grezia eta turkiaren arteko gerra hasi zen eta Kireniaren merkatalbideak blokeatu zituen Turkiak. Honek zailtasun ekonomikoak eragin zituen berriz. Estatu batuetako Costas Catsellis negoziogizona itzuli zen eta hiriko hotelak erreskatatu zituen. Seaview eta Dome hotelak altxatu zituen eta Kirenia nazioarteko turismolekua bihurtzeko klima epela, kai tradizionala, eremu arkeologikoak mendialdea eta beste hainbat ezaugarriren inguruko propaganda zabala egin zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren britainiar ugarik bertan bizitzeko hautua egin zuten.
Independentzia eta uhartearen banaketa
1960 urtean britainiarrengandik independentzia lortu eta Zipreko Errepublika sortu zen. Udaletxe berria eraiki zen eta Folklore museoa ireki zen. Urperaturiko itsasontzi bateko objetuak erakusten diren museoa ere sortu zuten[7]. 1963 eta 1964 artean istilu gogorrak izan ziren greziar eta turkiar komunitateen artean eta 1974. urtean Turkiako gudarosteak uhartearen iparraldea hartu eta Ipar Zipreko Turkiar Errepublika eratu zuen, oraindik ere nazioarteko aitortza jaso ez duena. 1975ean hirian zeuden greziar-jatorriko biztanleak kanporatuak izan ziren eta hegoalderantz jo zuten.
Klima
Datu klimatikoak (Kirenia) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 16 | 17 | 19 | 22 | 26 | 30 | 33 | 33 | 31 | 27 | 23 | 18 | 24.6 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 9 | 9 | 10 | 12 | 16 | 20 | 22 | 23 | 21 | 17 | 14 | 11 | 15.3 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 117 | 79 | 60 | 20 | 13 | 2 | 0 | 0 | 5 | 37 | 68 | 133 | 534 |
Euri egunak (≥ 1 mm) | 13 | 10 | 7 | 4 | 2 | 0 | 0 | 0 | 1 | 3 | 7 | 11 | 58 |
Eguzki orduak | 179.8 | 173.6 | 220.1 | 252 | 316.2 | 360 | 375.1 | 365.8 | 300 | 251.1 | 186 | 155 | 3134.7 |
Iturria (1): BBC Weather | |||||||||||||
Iturria (2): K.K.T.C |
Ekonomia
Kirenia Ipar Zipreko turismoaren hiriburua kontsideratzen da[8]. Erosketa eremuak, jatetxeak eta gaugiro handia dauka, kai zaharrean eta 1987an eraikitako Kyrenia Touristic Port kai berrian. 2009an 93 hotel zituen, hauetatik bederatzi 5 izarretakoak ziren[9]. Kasinoak ere badaude eta hauek turista asko erakartzen dituzte[10]. 2001 eta 2003 artean auzo erresidentzial ugari eraiki ziren Ziprerako Annan planaren barnean[11].
Kultura
Urtero Kireniako Kultura eta Arte Jaialdia ospatzen da ekainean (turkieraz: Girne Festivali başlıyor). Hiriko anfiteatroan eta Ramadan Cemil Square enparantzan Turkiako talde eta abeslari ezagunek kontzertuak ematen dituzte eta musika latindarra eta reggaea ere ugari izaten da. Antzerkiak eta hitzaldiek ere lekua izaten dute programazioan[12]. 2012an esate abterako 500-600 artistak hartu zuten parte eta talde ezagunenak UB40 eta The Animals izan ziren.
2014an Golden Island International Film Festival zinema jaialdia ospatu zen, Ipar Zipren ospatu den aldi bakarra[13].
Bellapais musika jaialdia ere itzal handiko ospakizuna izaten da. Turkiako musikariak eta turkiar-zipretarrak izaten dira protagonista. Rüya Taner nazioarteko pianista turkiar-zipretarra bezalako maila handiko artistak izaten dira bertan[14].
Ondasun nabarmenak
- Kirenia hirian:
- Kireniako gaztelua (Barnean Kireniako ontzi urperatuaren museoa dago)
- Mikel Goiaingeruaren eliza
- Agha Cafer Pasha meskita[15]
- Bellapais abadetxearen hondarrak
- Hiritik kanpora:
Senidetutako hiriak
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. (2014-12-28). Munduko leku-izen nagusiak euskaraz eta Euskal Herriaren inguruko exonimia. .
- «St Hilarion Castle, North Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
- «St Hilarion Castle, North Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
- Petre, James. (2010). Crusader Castles of Cyprus: the Fortifications of Cyprus under the Lusignans 1191-1489. University of Cardiff.
- (Turkieraz) Girne Hakkında – Girne Üniversitesi. (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- «PRIO» www.prio-cyprus-displacement.net (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- «KYRENIA-CHRYSOCAVA» www.kyreniaship.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- (Ingelesez) Brebbia, C. A.; Clark, C.. (2014-09-17). Defence Sites II: Heritage and Future. WIT Press ISBN 978-1-84564-833-6. (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- Turizm İstatistikleri Yıllığı 2009. TRNC Department of Tourism and Planning, 17 or..
- (Turkieraz) «Girne esnafından ekonomi isyanı: "Yetkililer acil önlem almalı"» KIBRIS POSTASI (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- «Hürriyet Arama» www.hurriyet.com.tr (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- (Turkieraz) «Girne Festivali başlıyor: Müzik, tiyatro ve eğlenceye doyacağız» KIBRIS POSTASI (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- (Ingelesez) «Girne hosts Golden Island Film Festival» North Cyprus Online Magazine 2014-10-20 (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- (Turkieraz) «18. Uluslararası Bellapais Müzik Festivali başlıyor» KIBRIS POSTASI (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
- Bağışkan, Tuncer. (2005). Kıbrıs'ta Osmanlı Türk Eserleri. Turkish Cypriot Association of Museum Lovers, 136-138 or..