Kinsale
Kinsale (irlanderaz Cionn tSáile), Irlandako hego-mendebaldeko Corkeko konderrian dagoen udalerri bat da, hain zuzen ere West Cork eskualdea eta Bandon ibaiaren itsasadarran kokatua dago. 4.893 biztanle ditu (2011), herrian bertan 2.198 baino bizi ez badira ere, gainontzekoak inguruko landa eremuan. Irlandar nahiz atzerritarrentzako turismogune ohikoa da, bertan jatetxe, golf zelai eta itsas kirol instalakuntza ugari daudelarik.
Kinsale Cionn tSáile | |
---|---|
Irlanda | |
Administrazioa | |
Estatua | Irlandako Errepublika |
Probintzia | Munster |
Konderria | Cork konderria |
Geografia | |
Koordenatuak | 51°42′27″N 8°31′50″W |
Altuera | 10 metro |
Demografia | |
Biztanleria | 5.281 (2016) |
Bestelako informazioa |
Historia
1601-1602 bitartean Kinsaleko gudua jazo zen, bertan espainiarrak (irlandarren aliatuak) eta britainiarrak borrokatu ziren. Azken hauek irabazi zuten. 1677an britainiarrek Charles Fort gotorlekua eraiki zuten herritik 3 kilometrotara, Kinsaleko kaia babestu asmoz. Aurrez, 1602an, James's Fort altxatua bazegoen badiaren beste aldean.
Frantziar edo espainiar itsasuntziek Kinsalera sartzeko aukerarik izan ez zezaten gotorleku bien artean kate erraldoi bat lotu zuten etsaia inguratzean urpean katea teinkatu eta ontziak geldiarazteko.
Itsagintzarekin loturiko beste gertaera bat ere izan zen Kinsaleko badian, izan ere 1915eko maiatzaren 7an alemaniarren U-Boot urpekuntzi batek RMS Lusitania erasotu eta urperatu zuen. Bizirik atera zirenak Kinsalera iritsi ziren eta berreskuratutako gorpuak bertako epaitegian izan ziren.
Ondasun nabarmenak
Herria bera ederra da, etxe koloretsuzko kale estuek osatzen baitute, denak dendaz eta jatetxez josita daudelarik. Aipagarria da besteak beste Main Street.
- Charles Fort eta James's Fort gotorlekuak.
- Desmond gaztelua: 1500 inguruan eraikia.
- San Multose eliza.
- Old Market House: antzinako epaitegia gaur egun museoa da.
Ekologia
2005ean Kinsale izan zen Trantsizio herria proiektua abiarazi zuen lehen herria mundu mailan. Rob Hopkins izan zen proiektua proposatu zuena, bertan herritarrei ematen zaie aldaketa klimatikoaren eta petrolioaren gailurrari eusteko kontrola. Herritarrek erabakitzen dituzte beraz arazo ekologiko hauei aurre egiteko jarraitu beharreko bideak. Gaur egun lehen munduko zortzi herrialdetan daude trantsizio herriak.
Bidezko merkataritza
2005ean Kinsale Irlandako bigarren herria izan zen bidezko merkataritzari zegokionean.
Iruditegia
- San Multose eliza.
- Old Market House etxea.
- Kalea.
- Kalea.
- Kalea.
- Asgard ontzia Kinsalego portuan.
Kanpo estekak
- Kinsale udalerriko udal webgunea (Ingelesez)