King Mafrundi

King Mafrundi, 1994an sortutako Reggae, afrikar musika eta karibetar musika talde lapurtarra zen. Euskara, mandinga, wolofera eta ingelesa entzuten ahal dira haien diskoetan. Haien kantetan hainbat gai lantzen dira, tartean arrazismoa, Malcolm X, apartheida eta bestelako gai sozialak.

King Mafrundi
Datuak
JatorriaBiarritz (Lapurdi)
Musika motaReggae
Urteak1994 - 1998
Produkzioa
Diskoetxea(k)Esan Ozenki
Taldekideak
Jimmy Arrabit
Alain Michel
Matthieu Haramboure
Philippe Bouthemy
Jean-Marc Halsouet (Xano)
Frédéric Chambon
Informazio gehigarria
Badok: king-mafrundi Musicbrainz: 9f47a10e-6447-462c-b48d-f59d9d148959 Musikasten: king-mafrundi Edit the value on Wikidata

Afrikar eta reggae musikak uztartu zituen 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jimmy Arrabit bateria jotzaileak (Itoiz) sortu zuen, Ipar Euskal Herrian bizi ziren Senegal, Afrika Erdiko Errepublika eta Guadalupe Uharteko musikari batzuekin batera. Horregatik, euskaraz ez ezik, wolofera eta mandinga hizkuntzetan ere kantatzen zuten. Bi disko argitaratu zituzten desegin aurretik.

Taldea

Jimmy Arrabit (Donaixti, Nafarroa Beherea, 1954) Itoiz pop taldeko bateria jotzaile ohiak jarri zuen martxan King Mafrundi. Kuban egon eta gero afrikar musika lantzeko gogoak bultzaturik, harremanetan jarri zen Ipar Euskal Herrian finkaturiko etorkin afrikarrekin, eta han topatu zituen, 1994an, osatu nahi zuen talderako musikariak[1]. Lehen kontzertuak 1995ean eman zituzten, baina berehala batzuek taldea utzi zuten, eta musikari berriak sartu ziren. Hurrengo urtean, kantu bat egin zuten Arrosan (Nafarroa Beherea) egiten zen Euskal Herria Zuzenean jaialdi sortu berrirako, Itxaro Borda idazlearen hitzak musikatuz. Abesti hartan, Fermin Muguruzak kolaboratu zuen, eta hilabete batzuk geroago, Esan Ozenki diskoetxeak taldearen lehen diskoa argitaratu zuen: King Mafrundi (1996)[2]. King Mafrundiren estreinako lana grabatu zuten, Arrabitekin batera, musikari hauek: Homs Diakhate-Toure senegaldarrak (ahotsa), Le'o Adama-Tamboux Afrika Erdiko Errepublikakoak (baxua), Stephane Gourcq frantziarrak (perkusioak), Philippe Bouthemy kanboarrak (teklatuak) eta Alain Michel Guadalupe Uharteko jatorria duen paristarrak (gitarra, ahotsa). Alain Michel etorri berria zen Euskal Herrira, Bordelen hiru skinheadek emandako jipoiak ospitalera eraman ostean. Baionan ongi hartua sentitu zen. "Elkartasun gehiago ikusten dut hemen, gazteen artean arrazakeria gutxiago. Baionara etorri nintzenean, taberna askotan Afrikako eta afrikarren argazkiak ikusten nituen hormetan. Beharbada Euskadin ere etnia txiki bat dagoelako" (1).

Estudioan sei taldekide izan arren, zuzenekoetan bost aritzen ziren, Diakhate Toure abeslariak maiz arazoak izaten baitzituen muga pasatzeko. Irunen (Gipuzkoa) bizi zen, eta taldearen entseatzeko lokala Hendaian (Lapurdi) zegoen. Paperik ez zuelako aitzakian, poliziak entseguetara joatea eragozten zion senegaldarrari. Hortaz, Alain Michelek hartu zuen abeslariaren rola taldean.

Taldekideetako batzuek pairatzen zuten egoerak eragina izan zuen King Mafrundiren kantuetan; zehazki, euskaraz, woloferaz eta mandingaz abestutako kantuetan jorratutako gaiak aukeratzeko orduan: arrazakeria, bazterketa, herrialde txiroen zapalkuntza... Musika aldetik, ez zen reggae talde soil bat; afrikar musikaren eragin handia baitzuen; esate batera, Senegalgo kantu tradizionalarena ("Afrika itzala").

1997an hamabi kontzertuz osaturiko bira egin zuen taldeak Italian zehar, Erroman eta Milanen jo zuen, besteak beste; Herrialde Katalanetako U-Zona Reggae jaialdi entzutetsuan parte hartu zuen; Bartzelonan eta Madrilen diskoa aurkeztu zuen; eta Euskal Herriko hainbat tokitan ere aritu zen.

Taldeari egindako harrera gozoak ez zuen eragotzi beste behin taldeak kidez aldatu behar izatea. Hain zuzen, Adama Tamboux baxu joleak eta Stéphane Gourcq perkusio joleak utzi zuten taldea, eta Matthieu Haramboure (baxua, Txakun taldean aritutakoa), Jean Marc Halsouet (gitarra) eta Frederic Chambon (perkusioak) batu ziren. Talde horrek grabatu zuen King Mafrundiren bigarren diskoa, Diah! (Esan Ozenki, 1998), reggae eta musika afrikarraz gain, Kubako musikaren eragina nabarmenagoa izan zen ("Hasta siempre", Carlos Pueblaren kantu ezagunaren moldaketan sumatzen da hori, eta "Habana" kantuan). Melodia ederrak, lelo itsaskorrak eta erritmo bero eta dantzagarriak harilkatu zituzten bigarren lan horretan ere.

Taldeak ez zuen luze iraun; bigarren diskoa kaleratu eta gero, berehala banandu zen, eta nork bere bidea jarraitu zuen. Jimmy Arrabitek hainbat talde eta abeslarirekin kolaboratu du (Sustraia, Petti, Triki Traka...), eta, gaur egun, Arrabit Trio hirukotea gidatzen du, piano eta kontrabaxu jotzaile banarekin; Philippe Bouthemyk funk eta disco musikako diskoak kaleratu ditu Magoo izenpean; Matthieu Haramboure Magoo, Doktor Deslaï, Triki ta Ke eta Gu Gira taldeetan aritu da baita Xabi San Sebastian abeslariarekin; Jean Marc Halsouet bere lehen ambient musikako diskoa kaleratu du Xano izenpean.

1999an Korrikaren 11. ekitaldiko "1 eta 1 hamaika" kantuan parte hartu zuten Joxe Ripiaurekin batera.

Taldekideak

  • Jimmy Arrabit - Bateria.
  • Matthieu Haramboure - Baxua.
  • Philippe Bouthemy - Teklatuak.
  • Jean Marc Halsouet - Gitarra.
  • Alain Michel - Gitarra eta ahotsa.
  • Frédéric Chambon - Perkusioak.

Diskografia

Kolaborazioak

  • Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan (1997, Esan Ozenki)
  • Korrika 11 (1999)

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Afro-Vascos – La Factoría del Ritmo. (Noiz kontsultatua: 2021-07-05).
  2. (Gaztelaniaz) Cubillo, Igor. (1998-06-23). «Este verano Esan Ozenki apuesta por el "reggae" de King Mafrundi» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-07-05).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.