Kinesia
Kinesia edo gorputz-jarrera eta gorputz aurpegi-adierazpena, ukimen-jokabidea, janzkera, keinuak eta abar aztertzen dituen jakintzaren adarra da. Hizkuntza bidezko komunikazioaz gain gertatzen diren gorputz jarrera eta keinuen adierazpenaz arduratzen da. Komunikazio mota honen bidez bidaltzen dugun mezuak, askotan, kontra egiten dio hizketa bidezko komunikazioaren bidez bidalitakoari. Halakoetan, zintzoagotzat jotzen da gorputz-hizkuntzaren bitartez komunikatzen dena.
Aurpegi adierazpena, begien mugimendua, gorputzaren jarrera eta gorputzatalen keinuak dira komunikazio mota horren elementu nagusiak:
- Aurpegi-adierazpena: aurpegia gorputz atalik mugikorrena eta malguena dugu, eta hitzik gabeko komunikazio gehien ematen duena da. Horren bitartez emozioak adierazten dira, batez ere: poza, ulermena, interesa, etsipena...
- Begirada: Begiak aurpegiko elementurik higikorrenak dira, eta besteen hitzei arreta jartzen diegula adierazten dute. Horretaz gain, elkarrizketaren txandak maneiatzen dituzte, eta ondorioz jarrerak eta emozioak ere ematen dituzte jakitera. Hitz egiten dugunean, bestearen begiradari denboraren %40an eusten diogu; entzuten dugunean, aldiz, % 70ean.
- Gorputzaren jarrera: Pertsonak besteekiko harremanetan duen egoera adierazten du, tentsioa, interesa, asperdura... Adibidez, besoak gurutzatzeak jarrera defentsiboa adierazi ohi du, zangoak banatzeak jarrera oldarkorra.
- Keinuak: kontzienteki zein inkontzienteki eginak, ahozko komunikazioaren lagungarri izan ohi dira. Burua astintzea (ezeztatzeko edo etsipena adierazteko), esku ahurra erakustea (gelditzea eskatzeko, lasaitasuna eskatzeko), sorbaldak altxatzea (ezjakintasuna edo errugabetasuna adierazteko), hatzaz seinalatzea... Horrez gain, eskuen eta besoen mugimendua inkontzienteki erabiltzen da askotan puntu nagusiak nabarmendu eta elkarrizketaren erritmoa markatzeko, baina baita hitza eskatu edo emateko ere.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.