Kimberella

Kimberella Ediacararra garaian bizi izan ziren fosilen genero bat da. Espezie bakarra ezagutzen da, Kimberella quadrata[1].

Kimberella
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
Generoa Kimberella
Wade, 1972
Kimberella-ren interpretazio artistikoa.
Kimberella quadrata.

Etimologia

Kimberella izena Mr. John Kimber fosil biltzailearen omenez ezarri zitzaion. Kimber Australia erdialdera 1964 urtean egin zuen espedizio batean hil zen. Hasiera batean Kimberia izena ezarri zitzaion[2] baina dagoeneko dordoka azpigenero baten izena zenez Mary Wade paleontologoak Kimberella izena proposatu zuen 1972an[3].

Aurkikuntza

Kimberella generoko aurreneko fosilak Australian aurkitu ziren, 1959 urtean, garaiari izena ematen dion Ediacara aztarnategian. Errusia iparraldeko Itsaso Zuriaren ertzean dagoen Ust’ Pinega formazioan aurkitu dira beranduago[1]. Duela 555 eta 558 milioi urte arteko estratuak dira[4].

Deskribapena

Dagoeneko 1000 aletik gora aurkitu dira, garapen fase desberdinetan daudenak. Hondar finetan aurkitu dira gainera eta Kimberellaren barne eta kanpo anatomiari eta lokomozioari buruzko informazio ugari atera ahal izan da[5].

Itxura obalatua du. 15 cm.tako luzera, 5-7 cm-tako zabalera eta 3-4 cm-tako altuera dute ale handienek, txikienek aldiz 2-3 mm baino ez[4]. Bizkarrean tegumentu bat du, mineralizatu gabeko "oskol" bat alegia. Tegumentua fexiblea zenez estutu eta luzatzeko gaitasuna zuen mugitzerakoan. Kimberellaren gorputzak ez du segmentaziorik baina errepikatzen diren unitateak badaude. Unitate bakoitzak muskulu dortso-bentral sendoak eta zeharkako arinagoak ditu, mugimendua egitea ahalbidetzen diotenak. Zakatzen funtzioa beteko zuen arnas aparatu sinple bat ere nabaritzen zaio[4].

Bizimodua

Sakonera gutxiko ur oxigenatutan bizi zen. Oso poliki mugitzen zen eta mikroorganismoak janez elikatzen zen[6]. Sexu bidezko ugalketa izango zuela uste da.

Taxonomia

Garai hartako beste fosilekin gertatzen den antzera zaila da Kimberella generoko fosilen eta gaur egungo izaki bizidunen arteko antzekotasunak aurkitzea. Hasiera batean knidarioen taldean sartu zuten, marmokaren antza hartu zioten. 1997an ordea simetria bilaterala zuela antzeman zuten[7] eta radularen (moluskuen mihia) arrastoen antzekoak aurkitu zituzten fosilen inguruan, horregatik moluskuen taldean sartzea iradoki zen[8][9].

Kimberellaren sailkapena argitzea oso garrantzitsua da ondoren etorriko zen Kanbriarreko leherketa ulertzeko, izan ere Kimberella moluskua edo gutxienez protostomioa bada, protostomio eta deuterostomioen lerroak duela gutxienez 555 milioi urte banatuko baitziren, uste zena baino arinago[8].

Erreferentziak

  1. Fedonkin, M.A.. (2007). The Rise and Fall of the Ediacaran Biota New data on Kimberella, the Vendian mollusc-like organism (White sea region, Russia): palaeoecological and evolutionary implications. .
  2. Glaessner, M.F.; Wade, M.. (1966). The late Precambrian fossils from Ediacara, South Australia. Palaeontology. 9 (4):, 599 or..
  3. Wade, Mary. (1972). Hydrozoa and Scyphozoa and other medusoids from the Precambrian Ediacara fauna, South Australia. Palaeontology. 15:, 197–225 or..
  4. Fedonkin, M. A.; Simonetta, A.; Ivantsov, A. Y.. (2007). «New data on Kimberella, the Vendian mollusc-like organism (White Sea region, Russia): palaeoecological and evolutionary implications» Geological Society, London, Special Publications 286 (1): 157–179.  doi:10.1144/sp286.12. ISSN 0305-8719. (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  5. (Ingelesez) Ivantsov, A. Yu.. (2009-12-14). «New reconstruction of Kimberella, problematic Vendian metazoan» Paleontological Journal 43 (6): 601.  doi:10.1134/S003103010906001X. ISSN 1555-6174. (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  6. (Ingelesez) Droser, Mary L.; Runnegar, Bruce N.; Gehling, James G.. (2014/03). «Scratch Traces of Large Ediacara Bilaterian Animals» Journal of Paleontology 88 (2): 284–298.  doi:10.1666/13-054. ISSN 0022-3360. (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  7. «Wayback Machine» web.archive.org 2012-09-16 (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  8. (Ingelesez) Davidson, Eric H.; Erwin, Douglas H.. (2002-07-01). «The last common bilaterian ancestor» Development 129 (13): 3021–3032. ISSN 0950-1991. PMID 12070079. (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  9. (Ingelesez) Benjamin M. Waggoner; Fedonkin, Mikhail A.. (1997-08). «The Late Precambrian fossil Kimberella is a mollusc-like bilaterian organism» Nature 388 (6645): 868–871.  doi:10.1038/42242. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.