Kike Turmix
Enrique Vitoria Kormenzana, ezizenez Kike Turmix bezala ezagunagoa, (Deba, 1957ko ekainaren 24a – Madril, 2005eko urriaren 17a) rock abeslari eta musika sustatzailea izan zen.[1]
Kike Turmix | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1957ko ekainaren 24a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 2005eko urriaren 17a (48 urte) |
Heriotza modua | : gibeleko minbizia |
Familia | |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria, enpresaburua eta kazetaria |
Kidetza | The Pleasure Fuckers (en) |
Genero artistikoa | punk garage rock |
Musika instrumentua | ahotsa |
Jatorri debarra
Debako familiarekin lotura estua zuen. Aita, Isidro Vitoria, Debako danborradako danbor nagusia izan zen; Txema Vitoria anaia matematikaria eta pailazoa zuen;[2] eta beste anaia apaiza eta Derioko Apaizgaitegiko nagusia izan zen. Bere lehen musika taldea ere bertan izan zuen, "Dessakato" izenekoa.[3]
Bilbotik Madrilera
Gaztetandik Bilbon bizi izan zen. Debako zentral nuklearraren proiektuaren aurka aritu zen[3] eta POUM alderdian militatu zuen; gero punk mugimenduan sartu zen.[4] Bere lehen taldea "Kike Turmix y los Pasapurés" izan zen; baina 1981an N-634 taldea osatu zuen. 1982an Madrilera joan zenean, N-634 taldeak bilduma pare batean parte hartu zuen: “¿Punk? ¿Qué Punk?” ('Soy un loco anarquista, soy un loco antifascista' eta 'Masacre en Beirut' kantuekin) eta “Navidades Radioactivas” (DRO) ('Manzana sobre manzana' kantuarekin).[5][6]
DJ eta sustatzaile
N-634 taldeak iraupen gutxi izan zuen, baina Turmixek garage-rock giroan ospea lortu zuen, Malasaña auzoko tabernetan musika jartzen,[5] edo sustatzaile bezala.[1] Movida Madrileñaren sasoian “Los 20 Lácteos” fanzinea argitaratu zuen,[5] eta La Edad de Oro TB saioarekin kolaboratu zuen. Bere kontaktu ugariei esker, kontzertu asko lotu zituen: Hot Pants (Manu Chaoren lehen taldea) ekarri zituen Madrilera, eta Eskandinabiako rock talde mugimendua “deskubritu” zuen (Nomads, Hellacopters, Turbonegro, Backyard Babies...). Sustatze-lanetaz gain, bere enpresak (Safety Pins) talde askoren diskak ere argitaratu zituen,[1] Marga emaztearen parte hartze esanguratsuarekin.[5]
The Pleasure Fuckers
1988an, The Pleasure Fuckers taldearekin eskenatokietara itzuli zen; Europa eta Amerika osoan kontzertuak ematen ibili ziren, eta sei disko grabatu zituzten, 1999an desegin arte.[5]
Undergroundaren ikurra
Madrilgo undergroundaren ikur bihurtua, Matador (1986) edo ISI/DISI (2004) bezalako pelikuletan kameoak egin zituen. 2000 inguruan Ruta 66 aldizkariarekin kolaboratu zuen.[1]
Euskaltasuna
Bizimodua Madrilen izan arren, Euskal Herriarekin harremana mantendu zuen, bai familiarekin baita musika munduan ere: RIP eta Eskorbuto taldeei disko konpartitua grabatzea ahalbidetu zien (Zona Especial Norte, 1984);[7][8] eta Eskorbutokoak lege antiterrorista pean atxilotuak izan zirenean, haien aldeko gestioetan aritu zen.[9] Bere euskaltasuna agerian eramateko zalea zen;[10] eta Euskal Diaspora Taldeko partaide aktiboa izan zen.
Heriotza
Azken urteetan, osasun arazoei estuasun ekonomikoak gehitu zitzaizkion; azkenik, garapen bizkorreko are-minbizi batek heriotza ekarri zion, 48 urte zituela.[1]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2005-10-18). «Kike Turmix, cantante y promotor de la movida» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
- «Txema Vitoria (payaso). Domingo de baño y pintxos en la playa de Deba. El Correo» www.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
- «Rebelion. Kike Turmix se quema» www.rebelion.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
- ZARATA, Iñaki. 2005. Fallece en Madrid Kike Turmix, agitador rockero nacido en Deba. El Diario Vasco, 2005-X-19.
- (Gaztelaniaz) «Kike Turmix, gogogan zaitugu. - Tortuga» www.grupotortuga.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
- Www.nuevaola80.com. «Se fueron. Obituario Nuevaola80: Kike Turmix» Se fueron. Obituario Nuevaola80 (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
- ARTEAGA, Josu. 1995. RIP: un pogo contra el SIDA. El Tubo 65:10.
- URIACH, Judit. ALONSO, Fernando. 2018. Larga vida a R.I.P. Ed. Tóxico Records + El Lokal. Associació cultural El Raval. Barcelona. ISBN: 978-84-09-04339-2
- (Gaztelaniaz) «Eskorbuto, de su «Maldito país, España» al «A la mierda el País Vasco»» Jot Down Cultural Magazine 2014-01-16 (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
- Faibistes. (2011-02-21). «Me Teneis Contento: Kike Turmix» Me Teneis Contento (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).