Kerman Lejarraga
Kerman Lejarraga Arana (Morga, Bizkaia, 1992ko otsailaren 19a - ) Euskal Herriko boxeolaria da. 2013. urtean jauzia eman zuen profesionaltasunera Bilboko La Casilla areto zaharrean eta orduz geroztik bere errekorra 33-2-0 zenbakietan dago. Alegia 36 borroketatik 34 irabaziak ditu eta soilik 2 galduak. Bere 34 garaipenetatik 26 KO bitartez izan da.
Kerman Lejarraga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Morga, 1992ko otsailaren 19a (32 urte) |
Herrialdea | ![]() |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | boxeolaria |
Altuera | 175 zentimetro |
WBAko welter pisuko nazioarteko titulua edo garaikurra nahiko gazte irabazi zuen, 2016-ean, 24 urte zituela. Hura izan zen maila profesionalean bere lehenengo titulua.
Europako (EBU) txapelduna izan da bi aldiz welter pisuan (2018. urtean lortuta bere lehenengo Europako EBU gerrikoa). David Avanesyan izan da Kerman Lejarraga bere karrera profesionalean mendean hartu duen lehena eta bakarra (2019. urtean), eta beraz, bere 27-0-0 zein menderatu gabeko errekor garbia hautsi zuena.
2019. urtean, Avanesyaren aurkako borroka eta aste gutxira, superwelter pisura igo zen eta orduz geroztik superwelter pisuan aritzen da. 2021-eko irailaren 11-an pisu horretako Europako (EBU) titulua irabazi zuen Dylan Charrat boxeolari frantziarraren aurka. Titulu berri honekin Kerman Euskal Herriko boxeo historiara pasa da, pisu maila ezberdinetan (welter eta superwelter) Europako titulua irabazten duen lehenengo euskal boxeolaria izanik, lehena eta momentuz bakarra ere.
2021-ko abenduak 3-an, Bilbao Arenan, bertan borrokatu barik 2 urte pasa ondoren, superwelterko bigarren EBU titulua irabazi zuen defentsa boluntario batean. Modu horretan, historiara pasa zen beste arlo batean ere, EBU Europako titulu gehien irabazi duen euskal boxeolaria bilakatu zen Kerman, lau gerrikoekin.
2023an boxeoari agur esan zion 31 urterekin.
Boxeo estiloa
Kerman Lejarraga boxeolari ortodoxoa da, jotzea asko gustatzen zaion boxeo era oldarkorra edo erasokorra du. Boxeolari erasotzailea da, oso jo indartsua du eta beti ere aurrera egiten du ring gainean, bere estatistikek erakusten duten KO bidez irabazitako kopurua horren adierazle garbia da. Irabazi dituen borroka guztien %75 baino gehiago bide azkarretik izan da, puntuetara iritsi gabe.
Jab edo ezker zuzen oso ahaltsua du, distantzia hartzeko erabili beharrean mina eragiten duten horietakoa. Jab intimidagarriaz gain ezker gantxo birrintzailea du, bere KO bidezko garaipen asko gibel aldean eta gorputzan emandako esker gantxoaren bidez lortu ditu.
Entrenatzaileak
Txutxi Del Valle izan da bere karrera profesionalean denbora gehien egondako entrenatzailea. Profesional mailan hasi zenetik (2013) 2021. urtera arte bere ring bazterrean egon da entrenatzaile lanak egiten, 8 urte luzez. 2021. urteko udaran Ibon Larrinaga boxeolari prefesional eta entrenatzaileak hartu zituen Kermanen entrenatzaile ardurak, ordutik hona Kerman Lejarragaren entrenatzailea da Ibon Larrinaga.
Taldea eta Gimnasioa
Kerman Bilbon dagoen Mampo Gym gimnasioan eta Faduran entrenatzen du. "MGZ boxing promotions"-ekin eman du bere karreraren zatirik handiena. Entrenatzaile eta prestatzaile taldea aldatu zuenetik aurrera bere babesle nagusia ere aldatu du. "Boxing Management" da orain bere babesle edo bultzatzaile nagusia. Honekin batera [1] Lou Di Bella bultzatzaileak ere eramaten du bere karrera Ameriketan, harekin Ameriketan borrokak egiteko kontratu bat sinatu ostean.
2018. urtean Basque Team fundazioan ere sartu zen, Euskal Herriko goi mailako kirolariak batzen eta bultzatzen dituen fundazioan.
Pisu maila
Welter pisuan urte luzez borrokatu ostean 2019. urtean superwelter pisura igo zen, ordutik hona pisu horretan lehiatzen da.
- 2013-2019: Welter (-66,7 kg)
- 2019-tik aurrera: Superwelter (-69,9 kg)
Borroka eta borrokaren prestakuntza garaitik at, bere pisu normal eta naturalean, 80-84 kg artean mugitzen da.
Beste kirolak
Kerman Lejarraga txikitatik hasi zen kontaktuzko kirolak praktikatzen, boxeora saltoa eman aurretik judoa eta kick-boxinga praktikatzen egon zen. Kick-boxinga praktikatzen ari zela bere ukabilkaden ahalmena ikusita boxeora jauzia ematea erabaki zuen.
Futbolzale eta Athleticzale sutsua da, bere tatuajeak eta ringera askotan Athleticeko elastikoarekin igotzea horren erakusle dira.
Tituluak
- Munduko Boxeo Elkarteko (WBA) welter pisuko nazioarteko gerrikoa: 3 aldiz
- Espainiako welter pisuko gerrikoa: 1 aldiz
- Europako (EBU) welter pisuko gerrikoa: 2 aldiz
- Munduko boxeo kontseiluko latindar superwelter pisuko gerrikoa: 1 aldiz
- Europako (EBU) superwelter pisuko gerrikoa: 2 aldiz
Errekor profesionala
36 borroka | 34 irabazi | 2 galdu |
KO bidez | 26 | 2 |
Erabaki bidez | 8 | 0 |
Berdindu | 0 |
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Kerman Lejarraga firma co Lou Di Bella para debutar en Estados Unidos. (Noiz kontsultatua: 2018-01-08).
Kanpo estekak
- Kerman Lejarraga BOXRec-en
- https://as.com/masdeporte/2019/09/29/polideportivo/1569709002_772543.html
- Kerman Lejarraga, munduko txapelketarako bidea egiten. Naiz 2022/05/20