Ken Zazpi
Ken Zazpi Jon Mikel Arronategik eta Eñaut Elorrietak 1996an Gernikan (Bizkaia) sortutako musika taldea da. Orduan, Bi eta bat aurrerapen abestia kaleratu zuten urte hartako Aurtengo GORakada, 1 bilduma diskoan (Gor diskoetxearena), Ken Zazpi izenburuarekin.
Ken Zazpi | |
---|---|
Ken Zazpi kontzertuan | |
Datuak | |
Musika mota | rocka power popa |
Instrumentuak | gitarra, baxua, trikitia, teklatua |
Urteak | 1996 - gaur |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Elkar-argiak (gaur egun) Gor Diskak Oihuka |
Taldekideak | |
Eñaut Elorrieta Jon Mikel Arronategi Igor Artzanegi Beñat Serna Iñaki Zabaleta Jon Fresko | |
Informazio gehigarria | |
http://www.kenzazpi.com/ | |
2000. urte arte ez ziren lanean serio hasi. Urte horretan, gaur egun taldea osatzen duten taldekideak batu eta maketa bat grabatu zuten Muxikan, Jose Alberto Batizen laguntzarekin. Grabaketa hura Iñaki Uohoren etxean egin zuten.
Taldea
Jon Mikel Arronategik eta Eñaut Elorrietak sortu zuten Ken Zazpi, 1996ko udazkenean, Gernikan (Bizkaia). Biak herriko beste bi talde ezagunetan aritzen ziren orduan: Jon Mikel Exkixuko baxu jotzaile, eta Eñaut Lugarriko abeslari. Gor diskoetxearen Aurtengo gorakada bildumaren lehen aleak eman zuen Ken Zazpiren berri 1997an, "Bi eta bat" abestiaren bidez. Baina 2000. urtera arte ez zioten taldeari behar bezalako arreta eskaini. Orduan gainontzeko taldekideak batu ziren -Igor Artzanegi (baxua), Beñat Serna (gitarra), Iñaki Zabaleta (teklatuak) eta Jon Fresko (bateria)- eta lehenengo maketa grabatu zuten Muxikan (Bizkaia), Iñaki Uoho Platero y Tú taldeko gitarristaren estudioan eta Jose Alberto Batizen (Akelarre, Tapia eta Leturia Band, Fito & Fitipaldis...) laguntzarekin.
Estreinako lana 2001ean kaleratu zuten, Atzo da bihar (Gor), eta arrakasta itzela izan zen. Guztira 20.000 ale baino gehiago saldu ziren, eta taldea Euskal Herrian oso ezaguna egin zen. "Zenbat min" abestiak ate asko ireki zizkion, baita Lugarri taldearen "Ezer ez da betiko" abestiaren birmoldaketak ere. Gainera, beste bi bertsio dakartza diskoak, Pennywise ("Larrun") eta Muse ("Irri bat") taldeenak. Bi urte eman zuten lan hura zuzenean aurkezten, eta 2003ko apirilean Bidean (Gor) argitaratu zuten. Aurrekoa baino soinu gogorragoa du, rockzaleagoa, baina Ken Zazpiren musikaren esentzia den melodia albo batera utzi gabe. Esan daiteke aurrerapausoa izan zela bigarren diskoa, taldea bere potentzialean sinesten hasi zen eta kontzertu asko eskaini zituen, "nahi adina", taldekideen hitzetan. Gor diskoetxearen arabera, disko hartatik 18.000 ale saldu ziren.
2005ean zuzeneko disko akustiko bat grabatu zuten Andoaingo Garate estudioan, publikoaren hurbiltasuna sentituz. Gelditu denbora (Gor, 2005) diskoak Ken Zazpiren soinua moldatzeko balio izan zuen, eta beste mota bateko apainketak lantzeko: «Guretzako erronka berri bat izan da. Aurreko bi diskoekin nolabaiteko soinu propioa finkatu genuen eta akustiko izate honek erosotasuna aparte utzi eta motibazioa berpiztu digu zentzu guztietan. Beste tinbre batzuk bilatu ditugu, perkusioarekin, mandolinarekin... Agian, aurreko diskoko "Ilargia" eta "Haizea" kantuekin esploratu genuen bide hori azken muturreraino eraman dugu». Disko horri esker Katalan Herrietan oso ezagunak egin ziren, eta horregatik bi kantu katalanez grabatu zituen Eñaut Elorrietak, "La lluna" ("Ilargia") eta "Poema dels oprimits" ("Zapalduen olerkia"), hango merkaturako espresuki egindako berrargitalpen batean. Disko hark marka guztiak apurtu zituen Euskal Herrian eta agertoki berrietara heldu zen taldea, ohikoak zituen herrietako plaza eta aretoetan aritzeaz gain Arriaga, Gaiarre eta Principal antzokietan eta Kursaalen jo baitzuen.
Disko horren biraren barruan, 2006. urtean Katalunia-Euskadi futbol partidako atsedenaldian aritu ziren, 70.000 pertsonaren aurrean, Bartzelonako Camp Nou futbol zelaian. Gainera, besteak beste Amaral, Sidonie eta Bunbury artistekin Sopa de Cabra kataluniar taldearen omenezko diskoan parte hartu zuten, "Instant del temps" abestia moldatuta.
2007an, eta diskoetxez aldatu ostean (Gor utzi eta Oihukarekin sinatu zuten), bueltan etorri zen Ken Zazpi, Argiak deituriko lanarekin. Rafa Sardina ekoizlearen gidaritzapean grabatu zuten Los Angelesen (AEB), eta beraien aburuz, brit-pop, power-pop eta rockaren ukituak ditu. "Gustuko dugu kanpoko musika entzutea eta, dudarik gabe, hemengoa ere bai. Bai kanpoko zein bertako eraginak izatea osasungarria da, beti ere eragin horrek jaten ez zaituen bitartean. Zure nortasuna eta izatea indartzeko balio dute, baina, dudarik gabe, berezko zerbait izan behar da" (2). Ekoizpen aldetik ez du aurrekoen antzekotasun handirik, askoz landuago da eta euskal talde gutxik lortu ahal duten soinua du. Argi gama ezberdinez beteriko diskoa da, Ken Zazpiren pertsonalitate anitzean sakontzen duena.
Disko hori Durangoko Plateruena kafe antzokian aurkeztu zuten lehen aldiz zuzenean, Euskal Liburu eta Disko Azoka egiten ari zen egunetan hain zuzen ere. Gero, Euskal Herrian zehar jarraitu zuten bira, berriz ere Arriaga antzokian eta Kursaal auditorioan joz, besteak beste. Bira Donostiako Viktoria Eugenia antzokian amaitu zuten 2009ko urtarrilaren 3an, eta kontzertu hura grabatu egin zuten Zazpi urte zuzenean diskoan argitaratzeko. Horrekin batera, taldearen ibilbidea irudiz jasotzen duen dokumentala osatu zuten DVDan argitara emateko. Lana plazaratzeko autoekoizpenera jo zuen Ken Zazpik, Argiak Diskak zigilua sortu baitzuen.
2010. urtean kaleratu zuen taldeak bere hurrengo lana, Ortzemugak begietan izenburu iradokitzailearekin. Argiak diskoaren modura, Rafa Sardina soinu-ingeniariaren laguntza baliotsua lortu zuen talde gernikarrak, Oihuka diskoetxea utziz Elkar taldera pasatzeko. Soinu berriak bilatzeari ekiten dio Ken Zazpik disko horretan, eta pieza batzuek kutsu sinfoniko nabarmena dute. Joseba Sarrionandiaz gain, Uxue Alberdi, Jon Maia eta Maialen Lujanbio bertsolarien ekarpena agertzen da diskoan, hainbat abestiren testuetan.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin disko bat grabatu ostean (2014an), taldeak orain arteko bere azken lana kaleratu zuen 2015ean, Phoenicoperus izenekoa. Gorabehera batzuk gainditu ondoren (5 urte pasatu baitzituzten taldekideek konposizio berririk egin gabe) disko horrekin -fenix hegaztiaren antzera- Ken Zazpi indarberrituta itzultzen da musika mundura. Disko berriak estilo berria ekartzen du ere, brit-pop musikatik aldentzen da eta esperimentazioari bide berriak irekitzen dizkio.
Kantu denak Ken Zazpik sortu, ekoitzi eta moldatzen ditu. Hitzak Jon Mikel eta Eñautek egiten dituzte eta Joseba Sarrionandia idazlearen kolaborazioak ere izan dituzte. Musika estilo aldetik rocka eta power-popa jorratzen dute, eta hitzei dagokienez, konpromiso hitzak dira, beraiekiko eta beren inguruarekiko konpromisoa, eguneroko kezkak eta egoerak eta sentimendu sakonak deskribatuz.
Taldekideak
- Eñaut Elorrieta: ahotsa eta gitarra
- Igor Artzanegi: baxua eta ahotsa
- Beñat Serna: gitarra
- Iñaki Zabaleta: teklatua
- Jon Fresko: bateria
- Jon Mikel Arronategi: ahotsa eta gitarra
- Ruben Caballero: Kitarra
Diskoak
- Atzo da bihar (GOR Diskak, 2001)
- Bidean (GOR Diskak, 2003)
- Gelditu denbora (akustikoa, GOR Diskak, 2005)
- Argiak (Oihuka, 2007)
- Zazpi urte zuzenean (Argiak diskak, 2009)
- Ortzemugak begietan (Elkar argiak, 2010)
- Ken zazpi & Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (Elkar argiak, 2014)
- Phoenicoperus (Elkar, 2015)
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Ken Zazpi» artikulutik hartua da. Artikulu hark Xabier Doncel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.