Keler
Keler garagardoa ekoizten duen enpresa bat da, baita haren garagardoek jasotzen duten izena ere. Enpresa 1872an sortu zen Donostian, Gipuzkoako hiriburuan, Benedikt eta Klaus Kutz anaien eskutik. Kelerren zaporea ezaguna da mundu osoan. Lehiaketarik onenetan nabarmentzen da eta nazioarteko 30 sari baino gehiago ditu.[1]
Historia
Benedikt Kutz garagardogintzako maisua Donostia hiriburura iritsi zen 1867an eta huraxe izan zen gaur egun arte iraun duen Euskal Herriko garagardo-tradizioaren sorrera. Ulm hirian sortu ziren Benedik eta haren anaia Klaus. Hiria gaur egun Baden-Württembergeko Land-ean dago, baina garagardoen munduan are ospetsuagoa den Alemaniako beste Land batekiko mugakidea da: Bavaria. Benedikt garagardogintzako maisua izan zen Ulm-en, gero Estrasburgo hirian eta, ondoren, Parisen. 1867an, Estatu Batuetara iristeko asmoa zuen, baina Juana Ygarzabal donostiarrarekin (gerora haren emazte bihurtuko zenarekin) maitemindu eta patua erabat aldatu zitzaion. 1870ean, Klaus (Luis) anaia Donostiara iritsi zen eta hura ere Ygarzabal ahizpetako batekin ezkondu zen. Elkarrekin, 1872an, Cervecería de Strasburgo y Fábrica de hielo garagardotegi ospetsua sortu zuten Ategorrieta auzoan, gaur egun Ulia (auzoa) denean, Donostian. Huraxe izan zen gerora Keler fabrika bihurtuko zenaren aitzindaria.
1888an, Kutz anaiak dagoeneko ondo finkatuta zeuden Euskadin, eta Bartzelonako Erakusketa Unibertsalean (1888) beren garagardoa aurkeztea erabaki zuten. Bertan, garagardo ospetsu hark zilarrezko domina eskuratu zuen. Kutz familiaren ospea asko zabaldu zen ordutik eta historian zehar nazioarteko 30 sari baino gehiago eskuratu ditu markak. 1890ean haien proiektu nagusi bihurtuko zena eraiki zuten Antigua auzoan. Huraxe izan zen, hain zuzen ere, enpresaren ikur nagusia XX. mendeko 80ko hamarkadan eraitsi zuten arte. Enpresa sortu zuten anaiak hil zirenean, haien semeek, Juan eta Teodorok (Benediktenak) eta Ramonek (Klausenak) aurrera jarraitu zuten enpresa-dinastiarekin.
1982an, enpresa Donostiatik Nafarroako Arano herrira eraman zuten. 1993an, Cruzcampo enpresak erosi zuen Keler; horren ondorioz, enpresa Irlandako Guinness (Guinness Brewing Worldwide) taldearen esku geratu zen. Izan ere, hark kontrolatzen zuen 1991tik Espainiako Cruzcampo enpresako akzioen % 98.
1999an, Aranoko fabrikazio-lantegia Herbehereetako Heineken (Heineken International Heineken Españaren bidez) enpresaren esku geratu zen. Ondoren, 2000an, gauza bera gertatu zen enpresako gainerako atalekin. Damm garagardo-taldeari saldu zizkioten. Ordutik, handitu egin da Keler markaren presentzia Espainiako hiri nagusietan (Madrilen eta Bartzelonan, adibidez), baina oraindik ere presentzia handiena Euskadin du. Gainera, enpresa oso ezaguna da bertako taldeei ematen dien babesagatik (Real Sociedad taldeari, adibidez).
Errezeta
Kelerrek errezeta bakarra du, malta eta arto kopuru handiagoarekin, intentsitatea eta zaporea nabarmentzeko. Lupuluaren neurri egokiak mingostasun atsegina ematen dio. Zapore horri esker da berezia eta nazioarteko 30 sari baino gehiago lortzera iritsi da.
Erreferentziak
- «Keler - Donostia 1890» Keler - Donostia 1890 (Noiz kontsultatua: 2021-09-17).
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Keler