Kaxmirko gatazka
Kaxmirko gatazka Kaxmirren 1948an hasitako gatazka da, gaur egun dirauena. 2000. urtetik aurrera, bake prozesuaren bidez gatazka baretu bazen ere 2008an gatazka berpiztu egin zen. Gatazka honen ondorioz, India eta Pakistan etsaituta egon dira.
Kaxmirko gatazka | ||||
---|---|---|---|---|
Indiak Jammu eta Kaxmir beretzat nahi du, 1947ko akordioetan oinarrituta. Pakistanek ere beretzat eskatzen du bertako biztanleria musulmana delako. Txinak Shaksam Harana eta Aksai Chin eskatzen ditu. | ||||
Data | 1947ko urriaren 22a - gaur egun | |||
Lekua | Kaxmir | |||
Koordenatuak | 34°02′00″N 74°40′00″E | |||
Egoera | bizirik dauden gatazkak
| |||
Gudulariak | ||||
| ||||
Buruzagiak | ||||
| ||||
Indarra | ||||
| ||||
Galerak | ||||
|
Kaxmir
Indiak zuen Kaxmirren eremu handiena, % 43. Pakistanen esku zegoen % 37, Azad Kaxmir deitutako eremua. Eta Txinarena zen beste % 20 ingurua. Indiak eta Pakistanek eurentzat aldarrikatzen zuten eskualde osoa.
Pakistanek biztanle gehienak musulmanak zituelako eta Indiak berea izatea egokitu zitzaiolako kolonia ohia zatitzean aldarrikatzen zuten lurraldea eurentzat. Egoera horretan bi joera zeuden: Pakistanera batu nahi zutenak, eta Kaxmir herrialde burujabea nahi zutenak. Bestalde, Indiari lotuta jarraitu nahi zuten hinduek.
Testuingurua
1846an, Erresuma Batuak India azpikontinentea kolonizatu zuen, eta Kaxmir eta Jammu estatua maharajaren esku utzi zuen. 1947ko abuztuaren 15ean India bi estatutan banatzearekin (India eta Pakistan) lotuta dago zuzenean. Izan ere, banaketa hori zela-eta, Indiako 554 protektoratu (edo [[printzerri) bi herrialdeetako bati elkartu behar izan zitzaizkion. Gehienek beren gizarte-, erlijio- eta geografia osaketaren arabera hartu zuten erabakia, baina hiruk aukeratzeko zailtasunak izan zituzten. Haietako bi, Hyderabad eta Junagadh, gatazka labur baten ondoren, Indiaren parte izatera behartu zituzten. Kaxmirko arazoa, ordea, konpontzeko geratu zen.
Britainiarrek alde egindakoan, Hari Singhe maharaja Kaxmir eta Jammur estatuaren independentzia mantentzen saiatu zen baina gehiengo musulmana matxinatu eta borrokak piztu ziren. Pakistanek Paxtum tribuko taldeak bidali zituen Srinagar, printzerriko hiriburua erasotzera. Eraso horri aurre egiteko, maharajak laguntza eskatu zion Indiari. Indiak errefortzu militarrak bidali zituen, maharajak Kaxmir Indiako Batasunean sartzea onartzearen truke.
Indiako tropak iritsi zirenean, 1948ko urtarrilaren 1ean, Nazio Batuek esku hartu zuten, eta gatazka bukatu egin zen, kontrol-lerroa eta su-eteneko lerroa ezartzeari esker. Su-eteneko lerroak ezarri zuen Indiak lurraldearen bi heren kontrolatuko zituela (ekialdeean) eta beste herena Pakistanek kontrolatuko zuela (ipar-ekialdean). Horrez gainera, NBEk Jammun eta Kaxmirren erreferenduma egitea gomendatu zuen. Indiak uko egin dio, behin eta berriz.
1947etik aurrera India, Pakistan eta Txina artean zatituta dago. Ordutik bost gerra jasan zituzten Kaxmirren. Denak Pakistanen eta Indiaren artekoak izan ziren, 1962ko Txina eta India artekoa izan ezik.
Gatazka
Gatazkak hainbat aldi izan ditu. 2000. urtean bake prozesua abiatu zen, baina 2008n egoera berriz gaiztotu zen[2].
Kaxmirreko herri mugimendua
1930eko hamarkada hasieran Kaxmirren Abdullah jekea buru zuen herri mugimendua sortu zen, zeinak izaera politikoko eta ekonomikoko aldarrikapenak egiten zituen gehien bat. Abdullah jekeak Musulmandar Konferentzia (1932) sortu zuen, beranduago, Kaxmir konferentzia nazionala (1939) izena hartuko zuena, taldea jekeak nahi zuen izaera progresista eta modernoarekin akorde egote aldera, edozein izaera sektariotik aldenduz. Kaxmir konferentzia nazionala distribuzio sistema zaharkituaren aurka eta gobernuak zuen klase gailenduaren aldeko jarreraren aurka aritu zen. Ildo beretik jarraituz, erreforma politikoa eta gobernu arduratsua exijitu zituen. Zentzu sozialean Gandhi eta Nehruren Indiako Kongresu nazionalaren exijentzak eta Kaxmir konferentzia nazionalak egiten zituenak oso antzekoak ziren.
Hasiera batean Hari Singh maharaja edozein erreforma politikoren kontra agertu bazen ere, azkenean, eta herri mugimenduek beregan izan zuten presioak bultzatuta, 65 kidek ostatutako asanblada legegilea (1934) osatu zuen, horietako 35 kide maharajak berak izendatuak zirelarik, eta gainerako 30ak herriak hautatu zituelarik (kontuan izan behar da garai hartan herriaren %8 inguruk soilik zeukala bozka eskubidea). Ondoren, Ministro Kontseilua (1939) sortu zen. Kaxmir konferentzia nazionala ordura arteko lorpenekin pozik zegoen: estatu asanbladako hauteskundeetan modu arrakastatsuan parte hartu zuten, eserleku ugari lortuz. Gainera, ministro kontseiluan haien ildoko kide bat jartzea lortu zuten, eta azkenik, maharajarekin nolabaiteko kooperazioa erdietsi zuten.
Bigarren Mundu gerra amaitu ondoren, Hari Singh maharajak Ramachandra Kak izendatu zuen lehen ministro, zituen politika kontserbadore, sektario eta zatitzaileengatik ezaguna. Gertaera horrek nolabaiteko tentsioa sortu zuen garaiko eszena politikoan, eta ondorioz, Kaxmir konferentzia nazionaleko Ministro Kontseiluko kide bakarrak 1946. Urtean ministro karguari uko egin zion. Peathick Lawrence-ek burututako Kabinete misioa-k (1946) Indiako asanblada konstituziogile-ra Kaxmireko ordezkariak bidaltzea helburu zuen, buruzagiekin nolabaiteko hurbilketa lortze aldera. Ramachandra Kak-ek Kabinete misioa sortu izanaren errepresalia gisa Kaxmir konferentzia nazionala-ren sortzaile izan zen Abdullah jekea atxilotu zuen, eta atxiloketa horren ondorioz manifestazio eta protesta ugari piztu ziren lurralde osoan zehar.
Indiako independentzia legea eta lehen gerra Indiar-Pakistana Kaxmirren harira: 1947-1949
1947an Britaina Handiako parlamentuak (alderdi Laboristako Clement Attlee buru zuela) Indiako independentzia legea argitaratu zuen. Lege goraberatsu horrek bi estatu bereizi zituen: Pakistan eta India. Indiako independentzia legearen arabera indiar estatu bakoitzeko gobernariak soilik zuen Indiako estatura batu, Pakistaneko estatura batu, edo batarekin zein bestearekin “itxaron hitzarmena” sinatzea erabakitzeko eskumena. Kaxmirreko kasuan azken hitza Hari Singh marahak hinduak zuen. Alde batetik, Indiar estatuan atxikitzeak Kaxmirreko egoera politikoa nahasiko zuen, populazioaren zati handiena musulmandarra zelako, eta aspalditik zegoelako bor-borrean musulmandarren eta hinduen arteko tentsio erlijiosoa. Beste aldetik, Pakistaneko estatuari atxikitzeak maharajaren boterea arriskuan jar zezakeen Abdullah jekearen mesedetan. Azkenean, Kaxmirreko Hari Singh marahak “itxaron hitzarmena” sinatu zuen 1947ko abuztuaren 12an. Egoera konplexu horrek Indiaren eta Pakistanen arteko tentsioa areagotu zuen, eta ondorioz, 1947. urtetik eta 1949.urtera iraungo zuen estreinako gerra Indiar-Pakistana piztu zen. Pakistanek Kaxmirri lehengai hornitzaileak eta komunikazio bide oro moztea erabaki zuen, bertara espedizio militarrak egitearekin batera. Egoera horren aurrean, eta tentsioa apalduko ez zelakoan, Hari Singh marahak hiriburutik alde egin zuen, Kaxmir Indiar estatura atxikitzeko eskaera egitearekin batera (1947).
1947 - 1948: lehen gatazkak
1947an, maharajak Indiara jo zuen eta laguntza militarra eskatu matxinadari aurre egiteko. Laguntzaren truke, Indiaren esku utzi zuen maharajak lurraldea, gehiengo musulmanaren nahiaren aurka. 1948. urtean amaitu zen gerra, NBEk su-etena bultzatu zuen arte. Orduan ezarri zuten egun indarrean jarraitzen duten bi herrialdeen arteko muga. NBEk Pakistani agindu zion borrokatzera bidalitako militanteak erretiratzeko, eta Indiari kaxmirtarren geroa erabakiko zuen herri galdeketa antolatzeko. Biek eskatutakoa ez zuten bete.
1948 - 1965: Txinaren esku hartzea
1962an Txina sartu zen Kaxmirgo gatazkan. 1948tik 1953ra, Abdullah izan zen gobernuko agintaria. Honen eginkizunik esanguratsuena nekazaritza eraberritzea izan zen. 1953an, bere kide politikoen artean tentsioa areagotuz joan zen eta honek bere bukaera suposatu zuen. Abdullahren ondorengoak, Bakshi Ghulam Mohammaek, hau kartzelaratu zuen, Kaxmir estatu independiente egin nahi izanagatik, edo gutxienez Indiara batu nahi izateagatik. Kaxmir-eko gatazkan lehen gutxi ez baziren, hirugarren esku hartze bat egongo zen: Txina. Ekialdeko Asiako estatuko eta Indiako armaden artean borrokak sortu ziren muga inguruan. Txinatarrak nagusitu ziren eta Aksai Chin izango zen eremua konkistatu zuten. Horrez gainera, Txinaren nagusigoak Pakistanek bere kontrolpeko Kaxmirren zati bat ematea ekarri zuen.
1965 - 1989: Indiaren eta Pakistanen arteko gerrak
Beste bi gerratan borrokatu ziren India eta Pakistan Kaxmir bereganatzeko, 1965ean eta 1971n. Simlako akordioarekin amaitu zuten azkena, eta bi herrialdeen arteko auzi guztiak NBEren bitartez konpontzeko konpromisoa hartu zuten. Bi potentzien artean sinatutako beste akordioak (Simlako akordioa esaterako) ez zuten bete, eta liskarrak etengabeak izan ziren mugaldean. Bi herrialdeak banatzen zituen muga, 2003ko su-etena arte batez ere, munduko gunerik arriskutsuenetarikoa eta militarizatuena izan zen. Ia egunero borrokaldiak izan ziren bi armadetako mugazainen artean.
1980ko hamarkadaren amaieran gatazkak beste norabide bat hartu zuen. 1987an, Konferentzia Nazionala Indiari loturiko alderdiak irabazi zituen bozak Kaxmirren. Iruzur salaketa eta protesta ugari izan ziren, baina gobernua jazarri egin zitzaien, eta politikari musulmanen atxiloketekin erantzun zuen.
1989 - 2000: borroka armatua
Gertaera hauek borroka armatuaren txinparta piztu zuten. Atxilotutako politikari horietako batzuk talde armatuak eratu zituzten gero, eta 1989an ekin zioten borrokari. Orduan gertatu zen JKLF Jammu eta Kaxmirren Askapen Frontea erakunde laikoaren eta beste hainbat talde armaturen sorrera. Askotariko taldeak sortu ziren, ikuspegi politiko askotarikoak. Talde batzuk, JKLFk esaterako, Kaxmirren independentzia eskatzen zuten. Beste batzuk, Pakistanera batzea. Hala ere, talde guztiek zuten helburu Indiaren agintetik askatzea.
Konferentzia Nazionala alderdiko kideak eta Indiako Gobernuaren interesak zituzten jomugan. Islamabaden babespeko hainbat talde islamistek ere bat egin zuten borroka horretan. Matxinatuei aurre egiteko presentzia militarra areagotu egin zuen New Delhik, Kaxmir munduko herrialderik militarizatuenetakoa bilakatu arte; Indiako armadaren soldaduen erdiak zeuden han.
JKFL izan zen borroka armatuaren talderik nabarmenena, baina Indiako informazio zerbitzuek eta armadak ahulduta, 1994ean uko egin zion borrokari. Ordutik Pakistanen babespeko talde islamistak izan ziren erresistentzia armatu nagusia. Sobietarren Afganistango okupazioa bukatuta, 1990. urtetik aitzina muturreko talde islamista ugari sartu ziren Kaxmirren.
Bestalde, oposizio osoa Alderdi Guztiak Hurriyat Konferentzia (APHC) koalizioan batu zen 1993an, baina uko egin zioten Kaxmirko hauteskundeetan parte hartzeari.
Kaxmir hartzeko azken ahalegina 1999. urtean egin zuen Islamabadek. Pakistango soldaduak beste talde armatuen laguntzarekin Kaxmirren sartu zituen, eta, neguko baldintza zailak baliatuta, mendiko hainbat gune hartu zituzten. Errepidea blokeatu, eta Kaxmir ibarraren eta Ladakh hiriaren arteko komunikazioa eteten saiatu ziren. Indiak erantzun egin zuen, eta bi herrialdeen arteko eskala handiko borrokak piztu ziren. Tentsio horrek bi potentzia nuklearren arteko gerrak suntsipen handiko armak erabiliko zituzten beldurra eragin zuen nazioartean, eta, AEBen presiopean, Pakistango armada erretiratu egin zen.
2000 - 2008: bakea lortzeko saiakerak
Bakea lortzeko saiakerak 2000. urtean hasi ziren. Hizbul-Mujahideen orduko talde armaturik handienak su-etena iragarri zuen, baina negoziazioek ez zuten aurrera egin. 2003. urtean, mugan su-etena hitzartu zuten Indiak eta Pakistanek, eta elkarrizketei ekin zieten.
2008an, lehen aldiz 60 urtean, blokeoa kendu, eta bi herrialdeen artean salerosketak egin zituzten. Nahiz eta borrokek jarraitu, eta urtero muga zaintzen duten soldaduen arteko tiroketak egon, erasoak gutxitu egin zituzten talde armatuek eta Indiako armada, eta hildakoen kopuruak behera egin zuen. APHC koalizioko hainbat buruk ere bide baketsuen alde egin zuten, koalizioa zatitzea ekarriz.
2008 - gaur egun: gatazkaren berpizkundea
Egoera hobetzen hasi zela uste zen arren, 2008an bertan, Indiako Gobernuak landa eremu babestu bat eman zien hindu erromesei. Bertan, protesta jendetsuak eta hinduen eta musulmanen arteko gatazkak jazo ziren. Hori gutxi ez balitz, Bombayko erasoen bi gobernuen arteko tentsioa igotzea suposatu zuen. Argia eta Berria egunkariek gertutik jarraitu dute gatazka honen nondik norakoak. Komunikabide hauen esanetan, koordinatutako hainbat eraso egon ziren hotel eta eraikuntza ezberdinen aurka. 3 eguneko sufrimendua izan zen; 155 hildako eta 327 zauritu ekarri zituen. 2010ean, Indiako soldaduen presentziaren aurkako protestak izan ziren eta Poliziaren errepresioarengatik 112 lagun hil ziren.
2014an, New Delhik (Indiak) Kaxmirren eremurik handiena zeukan, % 43. Pakistanen esku, ordea, % 37 zegoen. Eta azkenik, Txinaren esku, geratzen dena, hots, % 20 inguru.
2018ko apirilean, Indiaren aurkako manifestazioak egon ziren, eta bertako Poliziak, independentziaren aldeko dozena bat militante hil zituen. Horrez gainera, ziento erdi zauritu baino gehiago egon ziren.
2019ko abuztuan, Indiak, Kaxmir eskualde autonomoak zeukan estatus berezi bat kendu zion. Tentsioa areagotzen joan zen herrialdean, komunikabideak, errepideak eta abar blokeaturik zeuden eta Kaxmir itxita. Mobilizazioak, etxeratze aginduak, poliziak kaleetan… egoera latza zegoen. Hori gutxi ez balitz, koronabirusa etorri zen eta egoerak okerrera egin zuen. Pandemiaren aitzakiarekin, Indiako Gobernuak herritarrak etxera bidali zituen; kaleetako tentsioa baretzeko aukera paregabea izan zen. Urte bete igaro da ordutik eta gaur egungo egoera lehen zena baino okerragoa da: bizi baldintzek okerrera egin dute, giza eskubideak urratzen ari dira, indar poliziala eta neurriak are gogorragoak dira eta egoera ekonomikoa negargarria da. Etorkizunera begiratzea zaila egiten da.
Historiaren joanean ikusi ahal izan den legez, gaur egun ere bi joera ikus daitezke: batetik, Kaxmirren independentzia nahi dutenak, eta bestalde, Pakistanera batu nahi dutenak. Hala ere, oraindik ez da egin Nazio Batuen Erakundeak agindutako erreferendumik herrialdearen etorkizuna zein izango den erabakitzeko.
Biktimak
Indiaren errepresioz atxiloketak, torturak, sexu erasoak, desagertzeak eta ustezko militanteen exekuzioak egon ziren. Halaber, Indiak bultzatuta talde armatuen ekintzaileek musulmanen aurkako erasoak egiten zituzten zigorrik jaso gabe.
1989. urtean Indiaren menpeko Kaxmirren gehiengo musulmana matxinatu geroztik, 100.000 lagun inguru hil ziren. Gainera 8.000 desagertu ziren. Gainera, 2011n 2.730 gorpu aurkitu zituzten Kaxmirren lurperatuta. NBEren arabera, milioi bat eta erdi lagunek ihes egin zuten Pakistanen menpeko Kaxmirrera 1989. urtetik. Indiako Kaxmir barruan lekualdatutakoak milioi erdi inguru ziren.
Giza eskubideen urraketak
Pakistanen menpeko Azad Kaxmirren ere salatu zituzten giza eskubideen urraketak. Kazetariak eta gobernuaren aurkako ekintzaileak jazartzea egotzi zioten Islamabadi.
Erreferentziak
- Paul Kapur. 2012. Debating Nuclear Stability in South Asia. Columbia University Press. ISBN:978-0231143752. 27–28 orrialdeak
- Adrian Garcia, «Hiru erraldoik harrapatuta», Berria, 2014-07-23