Katuxa jauregia

Katuxa jauregia Laudioko jauregi barrokoa da. Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun izendatu zuen 2005ean[1].

Katuxa jauregia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaLaudio
Koordenatuak43°08′00″N 2°58′15″W
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVII. mendea
Arkitektura
EstiloaArkitektura barrokoa
Ondarea
19
    Katuxa jauregiaren kokapena Laudion (Gardea auzoan).

    Deskribapena

    Jauregia XVII. mendeko bizitegi-eraikin barrokoa da, hasiera batean eranskinik gabekoa zen eta itxura ederra du, soila, apaingarri gutxirekin eta handia. Harriz egina dago, bao dintelatuekin, solairuen eta fatxaden tratamenduan hierarkia jarraituz eta osaera zainduz. Fatxada nagusian sarrera, harrera aurreko espazio gisa dagoen atariak edo portaleak babesten du. Eraikinaren planta nahiko angeluzuzena da, eta bolumena ia kubikoa. Lau isurkiko estalkiak zeramika-teila makurrak ditu eta harlanduzko eskantzuak. Beheko, lehen eta estalkipeko solairuak ditu.

    Kanpoaldea

    Katuxa jauregia XX. mendearen hasieran.

    Fatxada nagusia ipar-ekialdera begira dago, Nerbioi ibairantz, beraz oso ondo ikus daiteke. Fatxada laua, simetrikoa eta ardatz zentralekoa, hareharrizko harlanduz egina oso-osorik. Osaera ordenatua du, baoz osatutako lau ardatz bertikalekin, eta solairuak argi eta garbi hierarkizatuak. Beheko solairuak erdian portale ederra du. Portale hori, hareharriz egindako fuste toskanarrezko erdiko zutabe batek bereizitako erdi-puntuko bi arku dobelatuz osatuta dago. Arkuen alboetako ertzetako abiaburuan molduradun listelek biltzen dituzte. Plano berean, arkuen alboetan leiho dintelatu bana daude, irtengunerik gabe, bertikal samarrak eta klaustro erako burdin-lana dutenak. Bao horien leihoburuak hondatuak daude. Portalean sortutako barruko espazioak sei metro inguruko sakonera du, barruko materiala harlangaitz-horma da, eta atzealdeko horma nagusian dagoen jauregirako sarrera nabarmentzen da, arku zuzena du eta angeluetan irtenguneak. Lehen solairua etxeko oin nagusia da eta besteak baino altuagoa da. Beheko eta lehen solairuen arteko linearen banaketa eta marka bezala, fatxadako hormataletik pixka bat irteten diren moldurez osatutako inposta horizontala azaltzen da. Lehen solairuan lau hegalkin-balkoi daude bao dintelatuekin eta burdin-landuzko karelekin. Atariaren gaineko erdiko bi baoek balkoi bakar batera ematen dute, alboetako biek berriz balkoi bana dute, eta beheko solairuko baoen ardatzean daude. Balkoi horiek hormigoizkoak dira eta gorago deskribatutako inpostaren jarraitutasuna eteten dute. Bertikalean, atariko zutabeari jarraitzen dion ardatz nagusian, eta lehen solairuko baoak baino gorago, armarri bat dago. Armarriak kuartel bakarra du, eta sustraiak agerian dituen zuhaitza ikus daiteke. Enborraren alde bakoitzean otso bana daude eta hostotzan animalia bat. San Andresen gurutzeek orlatzen dute, eta kasket eta hornidurez zigilatua dago. Teilatupeko solairuak lau bao karratu txiki ditu, adierazitako ardatz bertikalen bukaeran. Halaber, erlaitzaren errematea bozel-erdia baino zerbait gehiago duen inposta sinple batekin markatuta dago. Estalkiko harburuak pixka bat landurik daude, soka-itxura eman nahi duten hainbat linearen kurba-formekin. Teilatu-faldoitik ez da elementurik irteten. Aurrealdeko fatxada honen inguruan, zirkulu-formako ebakidurako kubo edo dorretxo txiki bat dago alboko eraikin baten zati gisa; beste muturrean, berriz, antzeko beste baten hondakinak izan daitezkeenak ikusten dira.

    Alboetako fatxadak bigarren mailakoak dira, harlangaitzez eginik daudelako, inpostarik edo dekorazio garrantzitsurik ez dutelako, eta teilatu-hegaletako lantzelana kalitate txikikoa delako. Hormetako emokadura gehiena aske dago. Baoak dintelatuak dira eta inguruan harlandua dute. Fatxada horietan ere neurri batean erregulartasuna ematen da eta solairuen artean alde nabarmenak ikusten dira. Bietan, beheko solairuan bao gutxiago eta txikiagoak dituzte. Lehen solairuan, bi aldeetan, baoak handiagoak dituzte, asko balkoi lautu bezala, eta teilatupeko oinak bost bao txiki karratu eta erregularrak ditu. Hego-mendebaldeko alboko fatxada pixka bat ordenatuagoa dago, baoen bost ardatzekin, eta lehen solairuko bao guztiak balkoi lautuak dira. Hala ere ordena hori apurtu egiten da fatxadaren erdian, kanpoko eskailera eta eraikinari erantsita hegalkin-harrera daudelako. Fatxadaren ezkerraldean eta honekin elkarzut, beheko solairua eta teilaz egindako bi isurkiko estalkia duen eraikina dago. Ipar-ekialdeko fatxadaren lehen solairuan lau bao besterik ez daude eta diferenteak dira; bi ertzetakoek balkoi-lautuaren itxura dute. Beheko eta lehen solairuen artean leiho bat dago. Leihoak klaustro erako burdin landua eta harlanduzko karela ditu, eta bat dator jauregiaren barruko eskaileraren gorputzarekin. Fatxada honen garrantzia murriztu egin da, jauregitik oso hurbil hainbat eraikin egin dituztelako.

    Atzealdeko fatxada, bere eskuinaldean eraikinari erantsitako zatiak eta erdialdean, kanpoaldetik, dagoen eskailerak baldintzatzen dute. Eranskina, zeramikazko teila makurrak dituen hiru isurkiko estalkia, eta harlanduzko eskantzuak eta baoak dituen harlangaitzez eraikitako beheko eta lehen solairuz osatutako eraikina da. Kanpoaldeko eskailera harri-hormazkoa da eta teila-isurialdeak estaltzen du. Eskaileraren azpian jauregirako sarrera dintelatua dago. Teilatupeko solairuko eskuinaldean hiru leihotxo besterik ez daude.

    Barnealdea

    Beheko solairuan barrualdeko banaketa, portaletik heltzen garen atondo txiki nagusi baten inguruan antolatzen da. Sartu eta atondoaren ezkerraldean, eskailera nagusiko nukleoa dago. Eskailerak bi zati ditu, hormen artean doa eta eskuaira osatzen du. Lehen zatiko mailak harrizkoak dira eta bigarren zatikoak egurrezkoak. Eskailburuak harrizko zola du eta ertz-ganga txiki bat du gainean. Atondotik bertatik korridore zuzen bat ere irteten da; honek, sarrera eta jauregiaren atzealdeko fatxadan dagoen sarrera lotzen ditu. Beraz, solairuaren erdian korridore nagusia dago eta alboetan bi hormarte; bertan ukuiluak egongo lirateke. Lehen solairuan etxebizitza dago, eta eskaileratik gora heltzen garen espaziotik, fatxada nagusian dauden gela lerrokatuetara heltzen gara. Hauek, jauregiaren zona garrantzitsuena osatzen dute. Atzealdean, berriz, sukaldea dago. Solairu honetako zola, buztin errez egindako zeramika da. Egitura-sistema zur-solairuzkoa da, eta estalkiak zurezko egitura du. Egitura hori honako elementu hauek osatzen dute: txarrantxa-habe horizontalak dituzten hormarteek, irtengune-mihiztadurek eta zenbait beso txikik. Bizkar-habea eta beste hainbat habe, zeharka zubi eta txarrantxa moduan finkatzeko erabiltzen dira

    Erreferentziak

    1. (Gaztelaniaz) Izendapena EHAAn

    Kanpo estekak


    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Euskal Wikiatlasa
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.