Katmanduko ibarra
Katmanduko ibarra (nepaleraz काठमाडौँ उपत्यका) Nepalgo hiriburua den Katmandu dagoen ibarra da, aspalditik Tibet eta Indiaren arteko bidean dagoena eta 130 monumentutik gora dituena, asko hindu eta budistentzat sakratuak. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendaturiko zazpi toki ere baditu.
Katmanduko ibarra1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | iii, iv, vi |
Erreferentzia | 121 |
Kokalekua | Nepal |
Eskualdea2 | Asia-Pazifikoa |
Izen ematea | 1979 (III. bilkura) |
Luzapen urtea | 2006 |
Arriskuan | 2003-2007 |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Historia
K.a. III mendetik aurrera populatua izan dela dirudi. Esaten denez Patan hiriaren inguruan dauden lau estupa Ashoka errege handiaren alaba zen Charumatik eraiki arazi zituen.
Kirat dinastiako erregeenak dira ibarreko lehenengo idatziak. Beren palazioaren aztarnak Patanen bertan daude. 464 urtean Licchavi dinastia zen agintean eta ondoren newaria zen Malla dinastia iritsi zen. 1768an Shah dinastiako Prithvi Narayan Shah errege gurkhak konkistatu bazuen ere, Katmanduko ibarreko biztanleak nagusiki newariak dira, eta beren hizkuntza mantentzen dute. 60. hamarkadan tibetar errefuxiatu ugari iritsi ziren eta estupa handien inguruko (Boudhanath, Swayambhunath...) auzoetan sartu ziren.
2015eko apirilaren 25ean lurrikara handia izan zen eta Katmanduko ibarrean txikizio handia eragin zuen. 6.000 pertsona inguru hil ziren eta eraikin historiko ugari behera erori ziren.
Geografia
Mendiz inguraturiko ibar zabala da. Iparraldean Shivapuri mendiak daude, 1600 metrotako altuera hartzen dutenak (ibarreko lurrak baino 300 metro gehiago). Katmanduko ibarrak 570 km²ko azalera du eta Bagmati ibaiak zeharkatzen du ipar-ekialdetik hego-mendebaldera. Bagmati Gunean sarturik dago eta Katmandu, Lalitpur eta Bhaktapur distritoetan banatzen da.
Ondasun nabarmenak
UNESCOk Gizateriaren Ondare izendaturiko zazpi tokiak dira aipagarrienak, noski.
- Katmanduko Durbar plaza
- Patango Durbar plaza
- Bhaktapurko Durbar plaza
- Boudhanath estupa
- Swayambhunath estupa
- Pashupatinath tenplua
- Changu Narayan tenplua