Katharine Graham
Katharine Graham (New York, 1917ko ekainaren 16a - Boise, Idaho, 2001eko uztailaren 17a) estatubatuar kazetaria eta hedabideen enpresaburua izan zen.
Katharine Graham | |
---|---|
(1975) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Katharine Meyer |
Jaiotza | New York, 1917ko ekainaren 16a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Boise, 2001eko uztailaren 17a (84 urte) |
Hobiratze lekua | Oak Hill Cemetery (en) |
Heriotza modua | istripuzko heriotza: zaldi gainetiko erortzea |
Familia | |
Aita | Eugene Meyer |
Ama | Agnes E. Meyer |
Ezkontidea(k) | Phil Graham (1940 - 1963) |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Chicagoko Unibertsitatea Vassar College (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | argitaratzailea, idazlea, kazetaria, enpresaburua, editorea, argitaletxea eta arte bildumagilea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia |
Estatu Batuetako berreraikuntza ekonomikoaren oinarri nagusietako bat izan zen Eugene Isaac Meyer aberatsaren alaba zen. Politika Zientzietako ikasketak egin zituen Chicagoko Unibertsitatean. 1940an, Philip Leslie Graham legelariarekin ezkondu zen. Urte batzuk geroago, Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Philip Leslie Graham Washington Post egunkariaren zuzendari bihurtu zen. Handik aurrera, senar-emazteak buru-belarri murgildu ziren egunkariko langintzan. 1963an, Graham hil zenean, Katharine Grahamek hartu zuen senarraren lekukoa. Washington Post Companyko zuzendari gisa, egunkariko ildoa aldatzen saiatu zen, eta bi eskakizun egin zituen: batetik, jarrera politiko zabalagoa hartzea, eta, bestetik, informazio-iturriak berrikustea, edozein gai argitara atera baino lehen. 1960ko hamarraldiaren erdialdean, Benjamin Bradleek egunkariko zuzendaritza bere gain hartu zuenean lortu zen hori guztia. 1973an, Newsweek aldizkaria erosi zuen, eta baita Bowater Mersey Paper Company paper-fabrika ere, taldeko egunkariak eta kazetak paperez hornitu ahal izateko. Mugimendu handiko urteak izan ziren haiek, eta, besteak beste, egunkariak Pentagonoko paperen eta Watergate kasuen berri eman zuen. 1979an, Katharinek bere seme Donalden eskuetan utzi zuen egunkariaren zuzendaritza, ez ordea Washington Post Companyrena, ez behintzat 1991. urtera arte. 1998an, biografia onenaren Pulitzer Saria irabazi zuen bere Historia pertsonala liburuarengatik; urte hartako liburu salduenetako bat izan zen Estatu Batuetan.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.