Kate-transferentzia
Polimeroen kimikan kate-transferentzia esaten zaio prozesuan gertatzen den erreakzio berezi bati zeinetan hazten ari den polimeroaren zentro aktiboa beste molekula bati transferitzen zaion[1].
- P• + XR' → PX + R'•
Kate-transferentziaren ondorioz lortutako polimero-kateak laburragoak dira teorian izan behar zuketena baino, hots, pisu molekular txikiagokoak dira. Berez gerta daiteke edo kate-transferentziako agente baten bidez sortzea eragin daiteke. Kate-transferentzia gerta daiteke adizio-polimerizazio mota guztietan.
Zentro aktiboaren transferentzia egin dakioke hasarazleari, monomeroari, polimeroari edo disolbatzaileari.
Ondorioak
Gorago esan bezala kate-transferentziaren ondorioa izaten da polimero-kateak laburragoak izatea. Zein punturaino laburtuko diren hiru faktoreren arteko harremanen menpe izango da: transferentzia-abidura (Ktr), polimerizatze-abidura (Kp) eta erreakzioaren berraste-abiadura (Ka). Ondorengo taulan laburbiltzen dira gerta daitezkeen kasuak[1]:
Kasua | Kp - Ktr erlazioa | Ka - Kp erlazioa | Eragina-mota | Abiduran eragina | Pisu molekuiarrean eragina |
---|---|---|---|---|---|
1 | Kp >> Ktr | Ka ≈ Kp | Transferentzia arrunta | Eraginik ez | Txikiagotzea |
2 | Kp << Ktr | Ka ≈ Kp | Telomerizazioa | Eraginik ez | Asko txikiagotzea |
3 | Kp >> Ktr | Ka < Kp | Abiadura txikitzea | Txikiagotzea | Txikiagotzea |
4 | Kp << Ktr | Ka < Kp | Kate-transferentzia degradatzailea | Asko txikiagotzea | Asko txikiagotzea |
Kate-transferentzia motak
Kate-transferentziak hainbat modutan pasa daitezke. Zentro aktiboarekin erreakzionatzen duen molekularen izaeraren arabera sailkatzen dira.
- Transferentzia-agente bati. Transferentzia-agenteek gutxienez lotura kimiko ahul bat izaten dute transferentzia-erreakzioa errazten duenak. Tiolak izaten dira agente tipikoak.
- Transferentzia monomeroari. Horrelakoak gertatzen dira hazten ari den polimero-kateak atomo bat erauzten duenean monomerotik. Hortaz hazteari lagatzen dio eta kate berri bat sortzen da. Katioi-polimerizazioetan eta eraztun-irekierazko polimerazazioetan usu gertatzen dira.
![](../I/Termination_-_chain_transfer_-_monomer.png.webp)
- Transferentzia polimeroari. Horrelakoak gertatzen dira normalean ingurunean polimero asko pilatu denean. Adibidez, erradikal-polimerizazioetan pasatzen da ia monomero guztia kontsumitu denean. Horrelakoetak polimero adarkatuak formatzen dira. Dentsitate txikiko polietilenoaren ezaugarriak oso sentikorrak dira egoera honekiko, esaterako.
![](../I/Termination_-_chain_transfer_-_polymer.png.webp)
- Transferentzia disolbatzaileari. Disoluzio-polimerizazioetan disolbatzaileak transferentzia-agente gisa joka lezake. Disolbatzaile geldo bat aukeratu ezean oligomeroak erdiesten dira.
![](../I/Termination_-_chain_transfer_-_solvent.png.webp)
Erreferentziak
- Iruin, J.J. & Elortza, J.M.. (1988). Kimika fisiko makromolekularra. Udako Euskal Unibertsitatea, 98-117 or. ISBN 84-86967-01-5..