Katariñe Puxana

Katariñe Puxana Larrinaga (Bilbo, 1908ko azaroaren 25a - ?) Emakume Abertzale Batza emakume abertzaleen elkarteko kide, EAJren Abandoko udal batzarreko afiliatua eta Jose Antonio Agirreren gobernuko Ogasun Saileko mekanografoa izan zen.[1] Espainiako Gerra Zibilaren garaian, 1936ko abuztuan, mekanografo lanean aritu zen orduko Defentsa Batzordea deiturikoan, Finantza Departamentuan, Pedro Albisu zuzendari nagusiaren aginduetara. Urte hartako urriaren 7an, Jose Antonio Agirre lehendakari zela, Euskal Autonomia Erkidegoko Behin-behineko Gobernua eratu zenean, Finantza Saila Ogasunekoa bihurtu zen, eta Pujanak Eliodoro de la Torre sailburuaren aginduetara lan egin zuen 1937ko ekainaren erdialdera arte.

Katariñe Puxana
Bizitza
JaiotzaBilbo, 1908ko azaroaren 25a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Heriotzaezezaguna (115 urte)
Jarduerak
Jardueraktypist (en) Itzuli eta Funtzionarioa
Enplegatzailea(k)Unquinesa
Eusko Jaurlaritza
KidetzaEmakume Abertzale Batza

Bilbo frankisten esku erori zenean, leial jokatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta Santanderrera ihes egin zuen. Abuztuaren 22an, Marvia itsasontzian ontziratu zen Ribadesellan, Bordelera josteko asmoz. Handik Baionara joan eta Euzkadiko Gobernuaren Ordezkaritzan lan egin zuen 1937ko urrira arte; orduan, Bartzelonara bidali zuten, bere lana egiten jarraitzeko. Han, Manuel de Irujoren bulegoetan lan egin zuen, haren aginduetara, Ogasun Sailetik kobratzen jarraitu zuen arren.

Gerrak aurrera egin ahala, 1938ko azaroan beste lekualdatze bat bizi izan zuen. Baionara itzuli eta Gizarte Laguntza Saileko Francisco de Arreguiren aginduetara lan egin zuen 1940ko ekainera arte. Naziek Frantzia okupatu zutenean, Euzkadiko Gobernuko buruzagi guztiak kanporatu zituzten, eta berak Marseillan zegoen Eliodoro de la Torreren aginduak jasotzen jarraitu nuen, Gizarte Laguntzako departamentutik geratzen zenarentzat.

1940ko abuztutik 1941eko azarora arte, Euzko Jaurlaritzaren ordezkaritzan aritu zen lanean, baina inolako ordainsaririk jaso gabe, eta iraun ahal izateko, puntuzko lanak egin behar izan zituen.

Abenduan Baionatik Bilbora itzuli zen, Penintsulan sartzeko zeuden zailtasun handiak gaindituz, baina ezinezkoa gertatu zitzaion lanpostu bat aurkitzea, erakunde frankistek sistematikoki eragotzi baitzioten. Aldi baterako lan batzuetan aritu ondoren, oposizio batzuk atera zituen 1943ko maiatzean, eta administrari laguntzaile postu bat lortu zuen orduan Unión Química del Norte de España (Unquinesa) izeneko enpresan, Barakaldoko fabrikan. 1966ko otsailean, enpresa itxi egin zen eta Katariñe erretiroa hartu zuen lehen mailako ofizialaren kategoriarekin. Oso pentsio txikia geratu zitzaionez, 1984an, Eusko Legebiltzarrera jo zuen laguntza eske, Euzkadiko Gobernuarentzat lan egin izanaren eskubideak erreklamatzeko.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz)DEIA egunkaria (2020-10-11), Iban Gorriti: "Catalina Pujana, la mecanógrafa exiliada que reclamó su dignidad"
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.