Katalaingo Kristo Santuaren baseliza

Katalaingo Kristo Santuaren baseliza Nafarroa Garaiko Orbaibar ibarreko Garinoain udalerriko Katalain herri hustuan kokatutako XII. mendeko kristiau eliza bat da. Erromaniko estiloa ditu. Herrigunetik kanpo eta ekialdera dago, AP-15 autobidea zubi batez gainetik igaro eta Orisoain udalerrira doan errepidearen bazterrean dago, Garinoaingo herrigunetik kilometro batera. Nafarroako kultura ondasuna izendatua dago. Baselizaren ondoan beste eraikuntzen aztarnak ikus daitezke.[1]

Katalaingo Kristo Santuaren baseliza
Kultura ondasuna
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaGarinoain
Koordenatuak42°36′09″N 1°37′37″W
Map
Ondarea
BICRI-51-0008303

    Historia

    XII. mendeko eliza propioaren jabegoa zen, monasteriolo batekoa, eta titularrek, Jimeno eta Miguel Garinoain, 1207an, Orreagako kolegiatari eman zioten. XIII. mendearen hasieratik kabildo horren egoitza izan zen eta, ziur aski ere, pelegrinoen aterpetxea.[2]

    Deskribapena

    Espezialistek Loarre-Lobarreren eragina ikusi dute eliza honen estiloan, Orbaibarren beste eraikin erlijiosoetan bezala.[3]

    XII. mendearen erdialdean eraiki zen. Fatxada nagusia, erdi-puntuko hiru hutsune dituen kanpai-horma batez errematatua dago. Horietako bietan kanpaiak daude. Behealdean portada ikus daiteke. Fuste eta kapitel ornatuak dituzten zutabeetan bermatuta dauden erdi-puntuko arku leunez osatutako portada da. Arkuen azpian tinpanoa dago eta, bere gainean, teilatutxo bat ikusten da. Teilatutxo honen behealdean, xake-formako irudiekin eta hagaburutxoekin ornatutako erlaitza dago. Teilatuaren gainean, itsututa dauden hiru gezi-leiho irekitzen dira. Erdikoa, zutabeetan bermatuta dagoen baketoi batez babestuta dago eta, albokoak, bi arkiboltez markoztatuta daude. Baselizaren nabearen atzealdean gorputz angeluzuzen bat altxatzen da. Linterna batez dago koroatuta

    Katalain

    Vianako Printzea Erakundeak, Katalaingo monumentu gunea berriztuko zuela iragarri zuen 2008an. Katalain Garinoaingo herri hustua da, eta bertan estilo erromaniko berantiarreko eliza, monasterioa, etxea eta landetxea daude, denak XIII. mende eta XV. mendea bitartean eraikiak. Eliza 1981. eta 1984. urteen artean berreraiki zen eta Vianako Printzea Erakundeak gainontzeko eraikinak ere berriztuko omen ditu.

    Gunea berritzeko lanek 200 000 euroko aurrekontua izango dute eta 2009an Izarbeibarko sei herrik, Katalainen gune osorako azpiegitura eta zerbitzuak ezartzeko proiektu komuna aurkeztu zuten Espainiar estatuko gobernuak emandako diru-laguntzei esker. Horrela, Garinoain, Leotz, Oloritz, Orisoain, Puiu eta Untzueko Udalek, plagintza hortako diru-laguntzak batu eta 140 000 euro biltzea lortu zuten, Mairagako mankomunitatearen barnean Gobernuari laguntza eskatuz.

    Galeria

    Erreferentziak

    Ikus gainera

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.