Kastro

Kastroa[2][3] edo gazteluzaharra [4] historiaurreko gotorleku mota bat da. 300 eta 600 metro arteko garaieran egoten dira sarritan, haranen arteko igarobidea militarki kontrolatzeko. Eremu akademikoan herri harresitua edo herri gotortua, herri gotortu garaia terminoak maiz erabiltzen dira.[5]. Bestalde, eremu gotortuk, esparru edo barruti gotortuk (edo sinpleki barrutia)[6] zehaztasun gutxiago duten izenak dira. Gunea topatu denean, baina ikerketak egin ez direnean eta beraz, ezin bada haren funtzioa eta erabilia izan zen garaiak zehaztu, horrelako terminoak erabil daitezke. Dena den, izen guztiak ez dira sinonimoak, barruti gotortu bat, erromatar gotorleku militar bat (castrum) izan baitaiteke, Bizkaiko Ilunzar, adibidez.

Artikulu hau historiaurreko gotorlekuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gaztelu (argipena)».
Dorseteko Maiden gaztelua, Europako kastrorik handienetariko bat[1].
Abarratea (Aiherra) hiru mailako gaztelu zahar bat da, Lapurdi eta Nafarroa Behereko igarobidea zaintzen duena.

Eskuarki Erromatar Garai Aurrekoa izan ohi da, nahiz eta batzuk erromatartze garai hasieran iraun zuten eta ondorengo garaietan eraikitako adibideak ere badauden, Erdi Arora iritsi arte. Europan agertu ohi dira, Brontze Aroa eta Burdin Aroan eraiki zirelarik.

Izena

Ipar Euskal Herrian "gazteluzahar" izena ematen zaie gotorlekuei[4] toponimian eta Hego Euskal Herrian, muru[7], harresi esanahiarekin. "Kastro" hitza toponimian dauka jatorria ere bai, latinezko castrum hitzetik dator gotorleku militarra esan nahi duelarik, eta gaztelu hitza eman zuena. Toponimian zenbait lekutan izen hori mantendu da, Castrourdiales (Kantabria), Ojacastro (Errioxa), eta Galiza eta Asturiaseko castro edo castru ugarietan. Euskal herrian adibide bakan batzuetan gorde da, hala nola, Erdi Aroko Puñikastro-Malpika (gaur egungo Araban)[8] kasu edo Bilboko Kastrexana.

Azkenik, literatura zientifiko-akademikoan, arkeologia idazlanetan, eta dibulgaziozko lanetan, zein hedabideetan, beste izen batzuk ere erabiltzen dituzte maiz, hala nola, Burdin Aroko herri harresitu[9] edo herri gotortu[10] herri gotor[11], gotorleku[12] eta barruti[4] edo esparru itxi edo gotortua[13].

Erabiltzen den beste izen bat oppidum da (oppida pluralean), baina ezin dira bi kontzeptuak nahastu oppidumak handiak izaten dira, Europa ez mediterraneoan hirien aurrekariak dira eta Galian, adibidez, nahiko zabaldu ziren. Bere inguruko beste herrixkak eta lurraldea antolatzeko guneak ziren. J.I. Jiménez Chaparrok, adibidez, oppidum bakarra identifikatzen du Bizkaian, Arrolakoa, eta bakara ere Gipuzkoan, Intxur[14]. Julio Zesarrek erabili zuen lehenengoz Galiako herri nagusi batzuk aipatzeko baina gaur egun kontzeptua asko zabaldu da.

Gaztelu zaharrak eta toponimia

Sarri, "gaztelu zahar" hauek beste lekuetako herri gotortuak baino txikiagoak izaten dira eta mendi edo mendixkari izena ematen diote. Hauek dira ohikoenak:

  • Gaztelu(a)
  • Gazteluzahar(ra) edo Gazteluzaharre(a)
  • Gaztelu-mendi(a)
  • Gaztelu-gain(a)
  • Gaztelu-harri(a)
  • Kurku(a) ("biribila")
  • Mokorreta ("mokorra")
  • Murua, hainbat kastroen toponimian. Bereziki Gipuzkoan eta Nafarroan.

Kronologia

Europako zenbait kastro Neolito berantiarrekoak badira ere, gehienak geroagokoak dira:

Mendebaldeko eta erdialdeko Europako eskualde zeltikoetan eraiki zituzten erromatar konkistara arte. Julio Zesarrek Burdin Aro berantiarreko galiar gotorleku handiei oppida izena eman zien. Ordurako nagusienak gotorlekuak baino, hiri txikiak ziren eta erromatar hiri bilakatu ziren.

Erromatar garaietan ez ezik Erdi Aroan ere erabili zituzten. Hain inportanteak ziren zenbait eskualdetan ezen bere garaietako ezaugarri nagusi bilakatu baitziren, adibidez, Galizian, Portugalen eta Asturias mendebaldean, orduko kulturari izena eman zioten, kastroen kulturari hain zuzen ere.

Ezaugarriak

Tipologia

Kastroak hesiz babestutako gotorlekuak ziren, gailurraren inguruko eremua mugatzeko. Egun, hesien arrastoak baino ez dira ageri, sakonera gutxiko lubakiak baino ez. Gainera, bertako landareak garaiak badira, bertatik ikusezinak dira. Horregatik, airetik dira batez ere ikusgai, lurrean eratutako landaredi aldaketa eta itzalak direla-eta.

Hiru mota daude:

  • Esparru mailakatuak: mailak mendiko maldan daude zulatuak, zelaiguneak osatuz, agian antzina zuresiz babestuak zeudenak.
  • Lurrezko hesiekin: ugarienak dira eta bertan lubakietako lurra aurrealdean pilatu da babeslekua eratzeko.
  • Harrizko hesiekin: garaienak (600 metrora) eta urrienak dira.

Babes lerroaren kopurua aldakorra da, 1etik 7ra (Landibarreko Gaztelu Zaharra).

Eraikitzaileak

Eraikuntza datak ez dira ezagunak, baina oro har Brontze Aro amaierako edo Burdin Aro hasierako talde militarrek eraiki zituztela uste da, ziur aski harrespila ehorzketa gisa ekarri zituzten berberak.

Batzuetan, antzinako eraikitzaile hauek jentilekin edo euskal mitologiako beste izakiekin identifikatzen dira herri sinesmenean. Horrela, Altzain (Zuberoa) gotorlekuak Maide korralea izena du, Maide izakiena, alegia.

Erabilera

Herri gotortu horietariko asko, bizileku eta ekoizpen leku ziren, etxe multzo ondoan nekazaritzarako eta abereak zaintzeko gune zabalek horrela adierazten baitute.

Erabilerari jarraiki, zenbait gaztelu, hala nola Mauleko gaztelua edo Lüküzekoa, gaztelu zaharren gainean eraiki ziren.

Hedapena

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko kastroen zerrenda»

Kastroak Europa osoan zabaldu ziren:

Erreferentziak

  1. English Heritage. Maiden Castle. .
  2. Hiztegi Batua. Kastro. .
  3. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Kastro. .
  4. Gaudeul, Francis: "Enceintes de type protohistorique du Pays basque francais". Isturitz. 7, 1997, 59-81.
  5. Peñalver Iribarren, Xabier, 1952-. ([2003]). Burdin Aroko herri harresituak Gipuzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Zuzendaritza Nagusia ISBN 84-7907-422-1. PMC 433439911. (Noiz kontsultatua: 2020-05-03).
  6. (Frantsesez) Blot, Jacques. (1990). «Âge du Fer en Pays Basque» Munibe 42: 181-187..
  7. Muru-Astráin. (Noiz kontsultatua: 2023-09-16).
  8. Domenech, Mª Carmen Chorda. (2019-03-23). «Genealogia del Señorio de Baztan y de Valduerna. (Navarra). España).» Genealogia Universal de los Pueblos hasta la Edad Moderna (Noiz kontsultatua: 2020-05-03).
  9. Peñalver Iribarren, Xabier, 1952-. ([2003]). Burdin Aroko herri harresituak Gipuzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Zuzendaritza Nagusia ISBN 84-7907-422-1. PMC 433439911. (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  10. (Gaztelaniaz) ««La gente de la Edad del Hierro no vivía ni atrasada ni aislada»» El Diario Vasco 2009-02-23 (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  11. Lartzanguren, Edu. «Burdin Aroko umetxo baskoi baten gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadik Nafarroan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-01).
  12. Fortificaciones en la Edad del Hierro : control de los recursos y el territorio. (1a edición. argitaraldia) ISBN 978-84-944018-6-2. PMC 929824079. (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  13. (Frantsesez) Casaubon, Jakes. (2002). «Le toponyme iri et sa relation avec d’anciens lieux fortifiés» Munibe (Antropologia-Arkeologia) (Aranzadi) 54: 125-139..
  14. (Gaztelaniaz) Cepeda-Ocampo, Juan José; Unzueta Portilla, Miguel. (2020). «Poblados fortificados de la Edad del Hierro en Bizkaia. Un balance de la investigación de campo» 100 años de investigaciones arqueológicas en Bizkaia (1918-2018) (Bizkaiko Foru Aldundia).
  15. Ayán Vila, Xurxo. (2008). A Round Iron Age: The Circular House in the Hillforts of the Northwestern Iberian Peninsula. 6 UW System Board of Regents, 913 or. ISSN 1540-4889..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.