Georgiera

Georgiera edo kartveliera[1] Georgiako hizkuntza ofiziala da. Herrialde horretan, biztanleen % 83ren lehen hizkuntza da, eta beste 500.000 bat lagunek mintzatzen dute Georgiatik at. Georgiar alfabetoaz idazten da. Alfabeto horrek hiru aldaera ditu: asomtavruli, nuskhuri eta mxedruli.

Georgiera
ქართული ენა  ქართული‎
Datu orokorrak
Hiztunak3.700.000 (2014)
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
ibero-kaukasoar hizkuntzak
Kartveliar hizkuntzak
Karto-Zan (en) Itzuli
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiahizkuntza eranskaria, SOV hizkuntza, hizkuntza ergatiboa, adjective-noun (en) Itzuli, hizkuntza sintetikoa eta postposizioa
Kasu gramatikalaknominatiboa, ergatiboa, genitiboa, datiboa, instrumentala, bokatiboa, transformative case (en) Itzuli eta adverbial case (en) Itzuli
AlfabetoaMxedrulia, Georgian Braille (en) Itzuli, Asomtavruli (en) Itzuli, Nuskhuri (en) Itzuli eta Mkhedruli (en) Itzuli
Aurrekariaantzinako georgiera
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1ka
ISO 639-2geo kat
ISO 639-3kat
Ethnologuekat
Glottolognucl1302
Wikipediaka
Linguasphere42-CAB
ASCL4902
Linguist Listgeor
IETFka

Kartveliera izena ere ematen zaio, georgiera eta hizkuntza hego-kaukasoarrak nahasiz, kartveliar hizkuntza hego-kaukasiar guztiei emaniko izena baita.[erreferentzia behar] Georgiera hizkuntza horien erreferente literario ia bakarra da, hala ere. Kivrulia, juduek hitz egiten duten aldaera, 20.000 lagunek mintzatzen dute Georgian, eta 65.000k handik kanpo (Israelen, batez ere).

Gaur egungo hizkuntzalaritzan oinarrigabetzat baztertu da dene-kaukasoar hizkuntzen hipotesia, georgiera euskararen jatorri berekotzat jotzen zuena.

Ezaugarriak

Zortzi kasuko deklinabidea du: nominatiboa, ergatiboa, datiboa, genitiboa, instrumentala, adberbiala, lokatiboa eta bokatiboa, izen, adjektibo eta izenordeekin erabiliak. Halaber, postposizioak darabiltza. Plurala eta singularra atzizki batekin adierazten dira, kasua markatzen duten izenetan. Ez dago genero gramatikalik. Aditzek subjektuarekin, objektu zuzenarekin eta zehar objektuarekin batera komunztadura egiten dute: oso sistema konplexua dute eta iragankorra eta iragangaitza bereizten dira. Aditz-formak orainaldia, aoristoa eta perfektua dira.

Hitzen ordena oso askea da eta SAO, SOA eta OSA moldeak ditu (S = subjektua; A = aditza; O = objektua). Denera, bost bokal ditu eta 29 kontsonante-fonema, ejektiboak barne. Kontsonanteak elkarren segidan metatzea arrunt-arrunta da: adibidez, მღვდელი (mghvdeli, «apez») eta მწვრთნელი (mcvrt'neli, «entrenatzaile»).[2]

Hiztegia

Eratorpena oso emankorra da: erro batetik abiatuta, eta aurrizkiak zein atzizkiak itsatsita, izen eta adjektibo berriak sortzen dira. Horrela -kart- errotik ondoko hitzak datoz: Kartveli («georgiar»), Kartuli («georgiera») eta Sakartvelo («Georgia»).

Bertako abizen askotako amaieran atzizki berezi bat agertu ohi da: -dze («seme», Georgiako mendebaldean), -shvili («ume», Georgiako ekialdean), -ia (Georgiako mendebaldean, Samegrelo), -ani (Georgiako mendebaldean, Svaneti), -uri (Georgiako ekialdean), etab. Garai bateko nobleziarekin lotzen du -eli amaierak (frantsesezko de, alemanezko: von edo polonierazko -ski partikulek egiten duten modu berean).

Hogeian oinarritutako zenbakitze-sistema du, euskararenaren antzera. 20 eta 100 arteko zenbaki bat adierazteko, euskaraz bezala, lehen hitzak adierazten du zenbat aldiz metatu behar den hogei, eta gero hemeretzi arteko adierazpena. Horrela, 93 adierazteko ოთხმოცდაცამეტი erabiltzen da (otkh-m-ots-da-tsamet'i, hitzez hitz «lau-hogei-hemeretzi»).

Hiztegi garrantzitsuenetako bat «Georgieraren hiztegi argitzailea» da (ქართული ენის განმარტებითი ლექსიკონი, kartuli enis ganmart’ebiti leksik’oni), zortzi liburukik eta 115.000 hitzek osatua, 1950 eta 1964 artean sortua.

Adibide bat

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren lehen artikulua georgieraz:

ყველა ადამიანი იბადება თავისუფალი და თანასწორი თავისი ღირსებითა და უფლებებით. მათ მინიჭებული აქვთ გონება და სინდისი და ერთმანეთის მიმართ უნდა იქცეოდნენ ძმობის სულისკვეთებით.

  • Transliterazioa:

q'vela adamiani ibadeba tavisupali da tanasts'ori tavisi ghirsebita da uplebebit. mat minich'ebuli akvt goneba da sindisi da ertmanetis mimart unda iktseodnen dzmobis sulisk'vetebit.

  • Itzulpena:

Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.[3]

Erreferentziak

  1. 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-14).
  2. Aboutgeorgia.net
  3. «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ospatzeko Euskal kanpaina» www.jusap.ejgv.euskadi.eus 2011-10-28 (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).

Kanpo estekak

Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.