Kartilago-ehun

Kartilago-ehuna ehun lotzaile mota espezializatu bat da. Kondrozito izeneko zelulek eta oso espezializatuta dagoen matrize estrazelularrak osatzen dute. Matrize estrazelular hau da hain zuzen ere kartilagoaren ezaugarri berezien erantzulea, hau da, zurruntasuna eta malgutasunarena. Beste ehun lotzaileak ez bezala abaskularra da, hots, kartilago-ehunaren barnean ez da odol hodirik sartzen, ezta linfa edo kiriorik ere.

Kartilagoa mikroskopio fotonikoan behatuta.

Kartilagoari kirrikirri, kurruska edo kirrizka ere deitzen zaio.[1][2]

Ezaugarriak

Ebakin freskoetan gai formagabe baten antzeko itxura du, zulo txiki ugarirekin. Gai hau kondrozitoek sintetizatu eta metatzen dute.

Kondrozitoek jariatutako makromolekulek ematen dizkiote kartilagoari kimika- eta egitura-ezaugarriak, esaterako, trakzioaren aurkako erresistentzia, pisua banatzeko gaitasuna eta apurketa ekiditea. Erresistentzia ezaugarri hau kolagenoan datza gehienbat.

Elastikotasuna presio mekaniko baten ondoren oinarrizko itxura eta ehundura berreskuratzeko gaitasuna da. Honen erantzuleak elastina eta proteoglukanoak dira.

Kartilagoak oso laster hazteko gaitasuna du, eta, halaber, sendotasun handiko ehuna da. Bi ezaugarri horiek umekiaren hezurdura eratzeko ehun egokia egiten dute. Hezurdura gehiena kartilago moduan eratzen da hasieran, eta, ondoren, hezur-ehunak ordezkatzen du. Beraz, kartilago-ehunak hezur-ehuna eratzeko molde gisa jokatzen du. Gainera, hezur luzeen hazkuntza beti kartilagoaren presentziaren menpe dago organismoaren hazkuntzan zehar.

Kartilago-motak

Hiru kartilago-ehun mota daude:

  • Kartilago hialinoa. Ugariena da eta kartilago-ehunaren eredu gisa azaltzen da. Zintzur-hesteko kartilagozko eraztunetan, sudur, laringe, bronkio, saihets mutur eta giltzaduren gainazaletan dago. Hezur-ehunaren eraketan molde gisa jokatzen duena da.
  • Kartilago elastikoa. Kartilago hialinoak baino malgutasun handiagoa du. Histologikoki aurrekoaren antzekoa da baina matrize estrazelularrak zuntz elastiko finen sare dentso bat azaltzen du. Eustakioren tronpan, laringean, epiglotisan eta kanpo-belarrian aurki daiteke.
  • Kartilago haritsua. Fibrokartilagoa ere deitzen zaio. Ehun lotzaile trinko eta kartilago hialinoaren arteko ehuna da. Matrizean kolageno-zuntz asko ditu, ehunari itxura haritsua ematen diotenak. Zenbait giltzaduratan aurki daiteke: orno arteko diskoetan, meniskoan...

Erreferentziak

  1. «cartílago» Labayru Hiztegia (Labayru Hiztegia) (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  2. «ADOREZ Bilaketa: cartilago» www.bostakbat.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.