Karlos del Olmo
Karlos del Olmo Serna (Barakaldo, Bizkaia, 1958 - ) euskal idazlea da. Itzultzaile eta interpretea da Donostiako Udalean 1993az geroztik.
Karlos del Olmo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Barakaldo, 1958 (65/66 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea Deustuko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania ingelesa Irlandako gaelera italiera katalana latina |
Jarduerak | |
Jarduerak | itzultzailea, idazlea, interpretea eta antzerkigilea |
Lantokia(k) | Donostia eta Euskal Autonomia Erkidegoa |
Enplegatzailea(k) | Donostiako Udala |
Kidetza | Udako Euskal Unibertsitatea Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea Senez (aldizkaria) |
Idazlea
Antzerkia jorratu du gehienbat bere sorkuntza-lanetan. Hain zuzen ere, birritan irabazi du Toribio Altzaga Saria: 1998an Jon gurea, Parisen hatzana lanarengatik, eta 2001ean Aldi joana, Joana antzerki lanarengatik. 2002an, Elurrezko eskeletoa ere argitaratu zuen. 2012an, berriz, Bi komedia eta erdi, eta Tragedia emea antzerki-lanek ikusi zuten argia (Hiria). Narratibari dagokionez, berriz, Innis Fodhla, amonaren ipuin irlandarrak ipuin-bilduma argitaratu zuen 1995ean (2012an berrargitaratua), Henrike higanota 2004an (del Olmok berak gaztelerara itzulia), eta Hiltzaile Ilegorria, zeinari esker irabazi baitzuen Irun-Kutxa euskarazko nobela saria.
Irakaslea
EHUko Maisu Eskolan egin zituen ikasketak lehenengo, eta Euskal Filologian lizentziatu zen gero Deustuko Unibertsitatean. Itzulpen Masterra egin zuen EHUn, eta zinpeko itzultzaile ere bada. Aurretik Muskizko ikastolan zein Gabriel Aresti euskaltegian irakasle lanetan eta Barakaldoko Antzerki Lantegi Iraunkorreko zuzendaritzan aritua dugu. 1993. urtetik landa Donostiako udaletxeko itzultzaile dihardu.[1]
Itzulpengintzaz eta literaturaz eskolak eman ditu UEUn, EHUn eta beste hainbat erakundek antolatutako ikastaroetan. Bestalde, artikulu ugari idatzi du euskal itzulpengintzari buruz.[2][3]
Itzultzaile eta interpretea
EIZIE elkarteko lehendakari izan zen 2003tik 2005ra bitarte, lehenago idazkari nagusia ere, eta elkarte horren hainbat proiekturen eragilea. Adibidez, Senez itzulpen-aldizkariaren zuzendaria da 2006az geroztik, aldizkarian literatur itzulpengintzaz idazten du ere.[4] 31 eskutik blogeko parte hartzaileetako bat izan zen hilero artikulu ba idatzi zuen 2013tik 2016ra bitarte.[5]
Lanak
Nobela
- Jentilen kronikak: zazpiherritik itsasgorrietara (2002, Dakit argitaldaria). Euskal mitologian oinarritua.
- Azken hugonotea (2003, Hiria).
- Henrike higanota (2004, Hiria). Henrike III.a Nafarroakoa da protagonista. Frantziako Henrike IV.a ere izan zena.
- Hiltzaile ilegorria (2004, Kutxa). Polizia-nobela honek Irun Kutxa saria jaso zuen. Polizia-generoko lana da, Erdi Aroko dokumentu bati buruzko ikerketa filologikoa egin zuten, hilketa bati eta Euskal Herriko lehendakariaren aurkako atentatu-saiakera bati buruzko ikerketarekin.[6]
Haur eta gazte literatura
- Innis Fodhla: amonaren ipuin irlandarrak (1995, R&B)
Antzerkia
- Jon gurea, Parisen hatzana (1999, BBK - Euskaltzaindia). Jon Mirande idazlea protagonista duen lan honek Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga Saria jaso zuen.[7] Jon Mirande Ayphasorhok (1925-1972) bere buruaz beste egin aurreko ustezko azken orduak modu dramatizatu eta poetiko batean berreraiki gura izan zuen egileak.
- Aldi joana, Joana (2001, BBK - Euskaltzaindia). Nafarroako erregina izan zen Joana Albretekoa protagonista duen lan honek ere Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga saria jaso zuen.[7] Aktore-talde batek antzezlan bat aurrera ateratzeko duen zailtasuna erakusten da obran.
- Elurrezko eskeletoa (2002, Hiria). Obrako protagonistak Bergamín eta Unamuno dira.
Saiakera
- Egungo euskal antzerkiaren historia. Jon Batti Kortazar Uriarte, Karlos Del Olmo Serna, Iñaki Aldekoa Beitia (2013, UPV-EHU)
Itzulpenak
- Izuaren eskifaia (La tripulació del Pànic). Pau Joan Hernàndez.
- Sumendiaren azpian (Under the volcano). Malcolm Lowry. Literatura Unibertsala saila.[8]
- Marcial Agirre eskultorea. Larraitz Arretxea Sanz eta Mikel Lertxundi Galiana.
« | Itzultzea berridaztea da, beraz, itzultzea idaztea da, itzultzailea ere bada idazlea. Itzulpengintza neurri handi batean teknika da, baina baita artea ere. Ekintza moduan gauza komun asko dituzte idazteak eta itzultzeak. | » |
—Karlos del Olmo[9] |
Sariak
- 1998: Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga antzerki-saria irabazi zuen, Jon gurea, Parisen hatzana obrarekin.[10]
- 2000: Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga antzerki-saria irabazi zuen, Aldi Joana, Joana[11]
- 2004: Euskarazko Nobelaren Irun-Kutxa Saria lortu zuen., Hiltzaile ilegorria polizia-generoko lanarekin.
Erreferentziak
- Karlos del Olmo Nor da Nor euskal itzulpengintzaren datu-basean.
- Karlos del Olmo-ren Inguma datu-basean (> 75 erreferentzia)
- «Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Karlos del Olmo: �mundua gaur egun mundua da itzulpengintzari esker�» uberan.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-17).
- Karlos del Olmo-ren ekarpenak Senez aldizkarian
- Karlos del Olmo-ren artikuluak 31 eskutik blogean
- «Olmo Serna, Karlos del - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-17).
- «BBK-Euskaltzaindia literatura sariak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-20).
- Sumendiaren azpian liburuaren fitxa Literatura Unibertsala sailean
- «Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Karlos del Olmo: mundua gaur egun mundua da itzulpengintzari esker» uberan.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-20).
- (Ingelesez) Ezkerra, Estibalitz. (2001-06-23). «Iaz saritutako lau lanak argitaratuko dituzte Euskaltzaindiak eta BBK-k» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (Berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2020-10-17).
- Olabarri, Iñigo. (2000-12-10). «Arana, Del Olmo, Madariaga eta Juaristi garaile BBKren sarietan» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus): 46. (Noiz kontsultatua: 2020-10-17).
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Karlos del Olmo Auñamendi entziklopedian
- Karlos del Olmo literaturaren zubitegian
- Karlos del Olmo EIZIEko Nor-Da-Nor aurkibidean
- Karlos del Olmo dakit argitaldarian
- Karlos del Olmo-ren erreferentziak Inguma datu-basean
- Karlos del Olmoren artikuluak 31 eskutik blogean
- Karlos del Olmo, Hitzen Uberan webgunean, Euskal itzultzaile aitzindariei buruzko saioaren kronika