Karlos Mahoma

Karlos Agirreurreta Rodriguez, ezizenez Mahoma (Arrasate, 1959 - Bilbo, 2003ko urriaren 14a) RIP punk musika taldearen abeslari nagusia izan zen.

Karlos Mahoma

Bizitza
JaiotzaArrasate, 1959
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaBilbo, 2003ko urriaren 14a (43/44 urte)
Jarduerak
Jarduerakautobus-gidaria eta abeslaria
KidetzaRIP
Genero artistikoapunk
Musika instrumentuaahotsa

Hastapenak

Mahoma ezizena umetatik zetorkion, San Viator ikastetxean, gelan ipuin bat irakurri zutenetik: berak bezala Carlos izena zuen bizargin bati buruzkoa zen, Mahoma ezizena zuena.[1]

Hasieran, musika taldeak Doble Zero izena zuenean, Karlos inguruan ibiltzen zen beste lagun askorekin batera; haiek baino bost urte zaharragoa zen, eta ibilgailua zuenez, garraioan laguntzen zien.[2] Artean, taldea Portuk, Julek, Txerrak eta Mallabik osatzen zuten. RIP izena hartu eta gutxira, Mallabi abeslaria soldadutzara joan behar izan zen; orduan sartu zen Mahoma bere partez abestera.[1]

RIP taldean abeslari

Laster, Karlosen dohaiak nabarmendu ziren: bere presentziak, jarrerak eta abesteko era grinatsuak taldekideen eta publikoaren onespena jaso zuten. Horretara, Mallabi soldadutzatik itzuli zenean, RIPeko kideek aukeratu beharra izan zuten: biek abesten jarraitzeko saiakerak egin zituzten arren, azkenean Karlos geratu zen.[2]

Mahomaren ekarpena ez zan abestera mugatu: RIP taldearen errepertorioaren konposatzaile nagusia Portu izan bazen ere, Karlosek ere zenbait letra egin zituen. Kantuen moldaketak denen artean egiten zituzten.[1]

80ko hamarkadaren erditik aurrera, taldekide guztiak heroinarekin engantxatuak izan ziren. Honek taldearen gainbehera ekarri zuen, ia guztiz gelditu arte. Halere, RIP taldea ez zen ofizialki sekula desegin.

RIP-en itzuleren arduradun nagusia Karlos izan zen. Izan ere, 1991ean, Arrasate Press aldizkariaren jaialdi batean Minxoriak taldeak jo behar zuen; hainbat bertsioen artean antolatzaileek RIP-en kanturen bat sartzea pentsatu zuten, eta Mahomari kantatzea proposatu zioten. Berak, orduan, taldekide ohiekin nahiago zuela erantzun zuen; eta berriro biltzeko konbentzitu zituen. Hori lehen itzulera izan zen, 1995 arte iraun zuena. Handik urte gutxira berriro gauza bera gertatu zen: jendeak Karlosi RIP-en bertsioetan abestea proposatu, eta honek taldekide orijinalak nahiago zituela.[2]

Bizitza pertsonala

Mahoma ezagutu zuten guztiek diotenez, maitekorra, adeitsua eta jendearekin traturako dohai berezikoa zen. RIPeko beste taldekideak lotsatiagoak zirenez, ezaugarri hau are nabarmenagoa zen.

RIP-ez gain, 1990 hamarkada amaieran Karlos Elkorobarrutia izeneko “koru-talde ganberroan” ibili zen; txikiteoan eta kantuan aritzen ziren.[2]

1998an Bilbon lanean hasi zen autobus gidari bezala, eta bertara bizitzera joan zen. Lineako autobusetan aritu zen, baita bidai berezietan Europa osoan zehar eta Afrika iparraldean.[3]

RIP taldeak diskografikekin izan zituen arazoetan (Discos Suicidasekin bereziki), Karlos izan zen nagusiki erreklamazioetan aritu zena.[1]

Azken urteetan, Mahoma Bilboko Kafe Antzokian kontzertuak ikustera joaten zen; Zuberoako kantuekiko ere zaletu zen, eta Bilbo inguruko mendietan ibilaldiak egiten zituen. Euskara ere ikasten aritu zen.[2]

Heriotza

2003ko urrian, 44 urte zituela hil zen Mahoma. Itxuraz, dutxa hartzen zegoela ondoezak eman zion;[4] etxean bakarrik zegoen. Auzokide batek abisua eman zuen, etxean argia egon arren mugimendurik ez zuelako sumatzen; orduan aurkitu zuten gorpua. Hileta elizkizuna egin zitzaion, eta lagunen aldetik omenaldia Besaiden, Porturi eginiko leku berean; harrezkero, urte bitik behin, kontzertu/omenaldiak egin izan zaizkie biei.[2]

Erreferentziak

  1. BARANDIARAN, Iker. (). «Mahomari elkarrizketa» Putz.
  2. URIACH, Judit. ALONSO, Fernando. 2018. Larga vida a R.I.P. Ed. Tóxico Records + El Lokal. Associació cultural El Raval. Barcelona. ISBN: 978-84-09-04339-2
  3. Goienkaria, 2001-IV-20.
  4. Destruye Fanzinea, 14 zkia (2004ko urtarrila).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.